Tjalling Koopmans
Tjalling Koopmans (Graveland, Herbehereak, 1910eko abuztuaren 28a - New Haven, Connecticut, 1985eko otsailaren 26a) estatubatuar ekonomista izan zen, sortzez holandarra.
1975ean Ekonomiako Nobel Saria jaso zuen, Leonid Kantorovitx errusiarrarekin batera, ekonomia-baliabideak banatzeko eta erabiltzeko moduaz egindako lanarengatik. Koopmansek metodo bat azaldu zuen baliabideak ahalik eta kosturik txikiena sortuz erabiltzeko. Hori egiteko, materialak lortzeko eta garraiatzeko kostuaren eta produktuaren azken prezioaren arteko kostua lotzen zituen ekuazioak asmatu zituen. Koopamnsek matematika eta fisika ikasketak egin zituen Utrechteko eta Leideneko unibertsitateetan. 1940an Estatu Batuetan jarri zen bizitzen, eta British Merchant Shipping Missionentzat lan egin zuen. Eskolak eman zituen Chicagoko Unibertsitatean (1944), eta bi urte geroago Estatu Batuetako herritartasuna lortu zuen. 1955ean ekonomia-eskolak ematen hasi zen Yale Unibertsitatean. Bi urte geroago Three Essays on the State of Economic Science (Ekonomia zientziaren egoerari buruzko hiru saiakera) liburua argitaratu zuen. 1961etik 1967ra ekonomia-gaien ikerkuntzarako Cowles Fundazioko zuzendari izan zen, Yalen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]