Edukira joan

Kalkolitoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kalkolitoa (antzinako grezieratik: khalkos «kobrea», eta lithos «harria»), Kobre Aroa edo Eneolitoa (latineko aeneus «kobrezko, brontzezko» + grezierako lithos «harria»)[1] giza kulturaren garapenaren aroetako bat da, non gizakia kobrezko lanabesak erabiltzen hasi zen. Hau da, Kalkolitoan hasi zen gizakia metalezko lanabesak erabiltzen. Kalkolitoa da Neolitoaren hurrengo aroa, eta Brontze Aroaren aurrekoa. Izan ere, Neolitoko azken garaietako harrizko eta hezurrezko tresneriaren eta Brontze Aroan sortzekoa zen metalezko industriaren garapenaren arteko trantsiziozko alditzat jo ohi da Kalkolitoa. Kalkolitoan, urrearen, zilarraren eta kobrearen ustiapena bigarren mailako artisauen esku zegoen, tresneriaren oinarrizko materialak harria eta hezurra baitira.

Kalkolitoa askoz lehenago izan zen Ekialde Hurbilean Europan baino. Anatolian, Mesopotamian, eta Ekialde hurbilean, VI. mendekok dira kobrezko lehen tresnak. Mesopotamian, Hassuna eta Samarra kultura kalkolitokoak dira eta Sirian, Tall Halafekoa. Europan kobrearen erabilera ez zen asko zabaldu, eta eztainuarekin galdatzeko ahaleginak oso goiz hasi ziren. Beraz, Kalkolitoko kultura eta lehen Brontze aroak bereiztea zaila da.

Oro har, Mendebaldeko Europan, Kalkolitoak K.a. 2500tik K.a. 1800 arte iraun zuen. Hasiera batean, kobrearen eskulangintzaren hedapena Egeo Itsasotik etorri zen, Danubioko salerosketarako bideari esker. Eta prozesu hori ere mugatua izan zen. Atlantikoko kostaldean, esaterako, brontzea etorri baino lehenagoko metalezko ekoizpen zabala urrezkoa izan zen. K.a. 1800 eta K.a. 1600 bitartean, kobrea eta eztainua galdatuz brontzearen metalurgia sortu zuen, metalezko benetako lehendabiziko garaia.

Kalkolitoa Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Neolito eta Kalkolitoa Euskal Herrian»

Angel Armendariz arkeologoak, ohartarazten zuen, ez dela erraza neolitoko eta kalkolitoko materialak bereiztea. Aurkitzen diren hondakinen artean, kobrezko tresnak oso exkaxak dira, eta gainera, ez du ematen kobrearen sarrerak, hasieran, aldaketa teknologiko-kultura sakonak ekarri zituztenik, are gehiago, kobrezko objektu horietako batzuk, inportaziozkoak izan baziren. Ikerlari horrentzat, aro berria hau hasten da, Kantauri aldeko hasierako Kalkolitoan berezkoak diren ukitu leuneko geziak agertzen direnean, edo hobe, gezi mota horiek ohikoak bihurtzen direnean. Horiek agertzen hasten direnean, oraindik ez dago kobrerik, baina bai, lurperatze kolektiboen (trikuharrien) ugalketa gertatzen da, hedapen demografiko batek eraginda, seguruenik. Garai horren hasiera, K.a. III. milurtekoan erdialdean legoke[2].

Muskizeko Pico Ramosen aurkitutako Kalkolitoko gezi-puntak. K.a. III. milurtekoa. Koban 104 gorpu aurkitu dira, euren hilobiratze-hatuekin. Bizkaiko Arkeologia Museoa

Geroago, 4200/4100 BP-an (K.a. 2.250-2.150) kobrezko lehengo objektuak eta kanpai formako zeramika agertuko da[2].

Euskal Herrian kobrea lantzen hasi zen gizakiak artzaintzan ziharduen oro har eta aztarna ugari utzi zituen bizi zen leizeetan eta harpeetan, hala nola hileta oroitarrietan (trikuharrietan). Euskal Herrian kobrezko lehen tresnak eztenak, aizkorak, sastakaiak, gezi puntak izan ziren. Sail eder bat agertu zen Gobaederrako leizean (Erriberagoitia, Araba). Jaso dira, halaber, garai hartako kobrezko apaingarri batzuk (eskumuturreko batzuen zatiak, eraztunak, lepoko batzuen hondarrak).

Kalkolitoak K.a. 1200. urtearen ingururaino iraun zuen Euskal Herrian; orduan hasi zen brontzearen erabilera nagusitzen. Kalkolitoan funtsezko aldakuntzak izan zituen Euskal Herrian: beterrietan lehen laborariak azaldu ziren (Santimamiñe, Jentiletxeta, Sorginaren Txabola, Jaizkibel, Isturitze...), hegoaldeko (Millaresko kultura) eta ipar-mendebaleko (zelta indoeuroparrak) herriekiko harremanak areagotu ziren, eta, oro har, euskal gizartearen kultura ezaugarriak eta bereizgarriak itxuratu ziren. Bestalde, kobrearekin batera, beste metal batzuk ere lantzen hasi ziren, aleazioetan batzuk (eztainua, beruna, zilarra), eta hutsik besteak (urrea, zilarra)[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Eneolitoa. Lur hiztegi entziklopedikoa» www.euskadi.eus (Eusko Jaurlaritza. Kultur Saila) 2011-07-18 (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
  2. a b Armendariz, Ángel. (1997). «Neolítico y calcolítico en el País Vasco Peninsular.» Isturitz (Kantabriako unibertsitatea) 7: 23-36..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]