Edukira joan

Neolitoa

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Neolito» orritik birbideratua)

Neolitoa (grezieratik νέος, néos, berri eta λίθος lithos, harri edo Harri Aro Berria) Harri Aroko azken aroa da, Mesolitoaren (edo Epipaleolitoaren) eta Brontze Aroaren artekoa. Aldi hartan errotik aldatu zen gizakiaren bizibidea, harrapari huts izatetik ekoizle izatera. Horren ondorioz, gizakiak bizileku finkoak hartu zituen, eta lehen hiriak sortu ziren.

Neolitoa Ekialde Hurbilean (Nilo, Eufrates eta Tigris ibaien artean) sortu zen duela 9.000 urte inguru, eta handik hedatu zen Europan, Afrikan eta Asian zehar. Euskal Herrian orain dela 5.000 urte inguru izan zen Neolitoa.

Neolitoa Europan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Neolitoa azaltzen duen bideoa.
Neolito amaierako ontzi zeramikoa. Bretañako museoa

Neolitoko kultura Ekialde Hurbiletik hedatu zenez gero, berandu iritsi zen Europara. Hala, Ekialde Hurbilean, Indian eta Txinan Brontze Aroan sartu ziren unean (K.a. 2500. urte inguruan) Europan Neolitoan bizi zen gizakia. Zenbait tokitan, gainera, abeltzaintza lehenago sartu zen nekazaritza baino eta horregatik askoz urriago dira garai hartako herrien aztarnak. Bestalde, Europan hasieran ez zen herri iraunkorrik sortu: luberriak egin, lurra lantzeko prestatu eta emankortasuna galtzen zuenean, leku hura utzita beste lurralde batzuen bila joaten ziren bihia ereitera.

Neolitoko aztarna zaharrenetakoak orain dela 6.000 urte ingurukoak dira Europan. Garai hartako harrizko hilobiak aurkitu dira Italian. Iberiar Penintsulan orain dela 4.500 urte inguruko zeramika puskak aurkitu dira Cova de l´Or izeneko haitzuloan (Alacanten). Neolitoaren bukaeran eta Brontze Aroaren hasieran agertu ziren Europan monumentu megalitikoak: zutarriak, harrespilak eta trikuharriak batez ere.

Neolitoa Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Neolito eta Kalkolitoa Euskal Herrian»

Neolitoa K. a. III. milurtekoan iritsi zen Euskal Herrira, agian zelten inbasio batekin batera. Batzuen ustez, garai honetan antzinako ilargia eta Mariren gurtza alde batera utzi zen eta eguzkia eta Urtzi pertsonaiak agertu ziren .[1]

Trikuharria Bilarren (Araba)

Neolitoaren ezaugarria lehenengo aldiz nekazaritza eta abeltzaintza agertzea izan zen. Euskal Herrian garia, artatxikia, oloa... agertu ziren eta txakur, zaldi eta ardiak etxekotu ziren. Bi bizimodu horien agerpenarekin jendartea bi zatitan banatu zen: mendietan abeltzainak bizi ziren (hasieran), batez ere lur komunaletan oinarritzen zena, eta, beste aldetik, nekazaritza (geroago agertu zena), jabetza pribatuan eta sedentarismoan oinarritzen zena.[1]. Horrekin bi kultura bereizi ziren: alde batetik megalitismoetan oinarritutakoa, hasiera batean trikuharriekin eta gero harrespil eta zutarriekin. Bestetik lehenengo herriak sortu ziren, etxebizitza finkoekin. Brontze Arora arte ez zen errotu aldaketa.

Aldi hartan gizaki abeltzainak, artzain bihurturik, haitzuloetan jarraitu zuen bizitzen; garai hartako aztarnak (aizkorak, geziak, etab.) aurkitu dira Fuente Hoz (Araba), Los Husos (Araba) eta Marizuloko (Gipuzkoa) leizeetan. Hego Euskal Herrian aurkitu dira Neolito bukaera aldeko edo Brontze Aroaren hasierako herrixka batzuen aztarnak ere: ezagunena La Hoyako herrixka da (Guardian, Araba), orain dela 2.000 urte inguru eraiki bide zena. Halaber, monumentu megalitiko ugari (zutarriak, harrespilak eta trikuharriak) dira Euskal Herrian zehar; leku horiek artaldeentzako larreak diren tokietan daude, Aralar eta Urbasako mendietan, esaterako. Antzinako oroitarri haiek Neolitoko kulturaren adierazgarri dira eta lehen artzain haien sinesmenen adierazpide.

Aztarnategi nagusienak hauek dira:

Herriko Barra
Zarautz, Gipuzkoa. Orain dela 6.000 urteko nekazaritza aztarna aurkitu zen bertan, ezagutzen den zaharrena[2].
Kobaederra
Kortezubi, Bizkaia. Nekazaritza eta abelazkuntzako aztarnak.
Peña Larga
Kripan, Araba. Zeramikaz gain abereak agertu dira.
Los Cascajos
Urantzia, Nafarroa. Herrixka oso bat aurkitu da, nekazaritzan guztiz sartua.

Horretaz gain ehundaka trikuharri eta bestelakoak daude Euskal Herrian, batez ere Pirinio aldean eta Aralar mendilerroan. Beste batzuk, ordea, lautadetan daude.

Sakontzeko, irakurri: «Iraultza neolitiko»

Bizileku finkoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizibide berriak hala eskatzen zuelako gizakia bizileku jakin batzuetan kokatu zen, lurra landu eta uztak zaindu ahal izateko. Hala, Paleolitoko gizaki ehiztari ibiltaria lurrari lotua geratu zen, eta lehen herriak sortu ziren. Lehenbiziko herriak eta hiriak Ekialde Hurbilean sortu ziren K.a. 6000. urte inguruan. Herrixkak handituz joan ahala, hiri bilakatu ziren. Adibidez, Jerikok, K.a. 6000 inguruan eraiki zenak, 2.000 biztanle inguru zituen: harresiz inguratutako lehen hiria da; etxeak adreiluzkoak ziren eta hormak igeltsuzkoak. Garai hartako beste hiri aipagarri bat Çatal-Hüyüc da (Turkia).

Herri bat eraikitzeko gizakiak talde handi samarretan bildu zirenean, lanaren banaketa eta espezializazioa sortu ziren. Hala, batzuek lurrak landu eta beste batzuek etxeak eta ontziak egiten zituzten. Aberastasuna ere hainbat moduz banatu bide zen, garai hartako aztarnategietan aurkitu diren arrastoetan etxe batzuk besteak baino handiagoak eta sendoagoak baitira. Lanaren banaketarekin batera, trukea (merkataritzaren aitzindaria) agertu zen: uztak behar baino gehiago ematen zuenean, bihia beste zerbaiten truke aldatu ohi zen; eskulangileek ere zerbaiten truke egiten zuten lan seguruenik. Gatza izan zen, agi danean, merkataritzaren lehen gaia. Hiriak sendotuz joan ahala, harresiz inguratu eta gotorleku bilakatu ziren, hango aberastasuna babestearren. Bestalde, ordea, merkataritzarekin hiriak beren artean harremanetan hasi bide ziren eta nolabaiteko lotura sortu zen haien artean. Garai berean sortu zen jabego pribatua.

Produkzioaren ugaritzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiak antzinatik ezagutzen zuen landareen zikloa, lurreko fruituak bildu eta janez elikatzen zenez. Era berean, ezagutzen zituen animalien ohiturak ere, haiekin batera bizi izan baitzen sortu zenez geroztik. Hala, duela 9.000 urte inguru, lurralde emankorretan (Nilo ibaiaren inguruan eta Eufrates eta Tigris ibaien artean) bizi zen gizakiak laboreak lantzen ikasi zuen. Hasieran, bihiak erein zituen: garia, zekalea eta artatxikia batez ere. Halaber, lihoa lantzen zuen ehunak eta arropak egiteko.

Geroago, orain dela 7.000 urte inguru Txinan eta Indian arroza ere ereiten zen. Ameriketan, bestalde, orain dela 5.000 urte artoa ereiten zen . Mexikon, Tehuacan haranean aurkitu dira artoaren aztarna zaharrenak eta, horrekin batera, babarrun, txile eta kalabazarenak. Perun orain dela 3.000 urte erabiltzen zuten kotoia.

Fruituak biltzetik lurra lantzera igaro zen bezala, halaxe igaro zen gizakia ehiztari izatetik animaliak heztera. Orain dela 13.000 urte inguru zakurrak heziak ziren eta ehizan laguntzen bide zioten gizakiari. Duela 8.500 urte inguru ehiztari batzuk artzain bihurtu eta ardiak, ahuntzak eta behiak zaintzen hasi ziren Ekialde Hurbilean, Txinan eta Indian. Geroago, zerria, astoa, zaldia eta gamelua ere hezi zituzten. Dena dela, oso poliki gertatu bide zen, eta aurrerapen horiek ez zituzten baztertu aurreko denboretan ekonomiaren oinarriak izan ziren beste alorrak, alegia, gizakiak ehizan, arrantzan eta fruituak biltzen jarraitu zuen. Neolitoko bizibide berri haien harira tresna, lanabes eta teknika berriak sortu ziren premia berriei erantzuteko.

Tresna berriak: gurpila, lanabesak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neolitoan harria lantzeko modu berri bat asmatu zen: harria leuntzea. Harriari forma berriak eman eta tresna berriak asmatu zituen gizakiak: lurra lantzeko aitzurrak, harria leunduz egindako aizkorak, igitaiak, labanak eta beste asko. Era berean, zeramika asmatu zen. Paleolitoan gizakiak nolabaiteko ontziak egiten bazituen ere, Neolitoan hasi zen zeramika garatzen, eta era askotako ontziak asmatu ziren eginkizun berezietarako.

Bi arrazoi nagusik bultzatuta sortu eta indartu zen zeramika. Alde batetik, gizakia leku jakin batean finkatu eta etxe eta herri iraunkorrak eraiki zituen labore lurren inguruetan; hala, garai hartan asmatu ziren lurrezko adreiluak etxeak eta bestelako eraikuntzak egiteko; orobat, beroa jasateko eta isurkariak gordetzeko ontziak ere egiten hasi ziren. Bestetik, gizakiak uztak gordetzeko premia izan eta horretarako ontziak egiten hasi zen. Gizakia taldean bizitzen hasi zelarik, lanbide eta gizarte harreman berriak sortu ziren haren ondorioz: adibidez, lan espezializatua sortu zen eta trukeak (merkataritza) funtsezkoak gertatu ziren gizarte antolaketa berrian.

Neolitoaren amaiera eta lehen zibilizazioen sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialde Hurbilean, ibai handien inguruko lur emankorretan (Nilo, Tigris eta Eufrates ibaien inguruan), eraiki ziren lehenengo hiriak. Gerora, hiriak handitu ahala, harresiz babestu eta lehenengo armada iraunkorrak sortu ziren haiek babesteko. Hiriak beren artean harremanetan hasi ziren dela merkataritzaren bidez, dela indarrez. Modu horretan, lehen hiri elkarteak edo zibilizazioak agertu ziren K.a. 3500. urte inguruan. Eufrates eta Tigris ibaien artean Mesopotamiako zibilizazioa sortu zen, Nilo ibaiaren inguruan Egiptokoa eta Indo haranean, berriz, Indoko kultura. Halaber, Txinan Hoang Ho eta Yangtze ibaien inguruan sortu ziren zibilizazio guneak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b "Euskal Herriko historia". Gaiak argitaletxea. 1. atala.
  2. Altuna, J.; Cearreta, Alejandro; Edeso, J.M.; Elorza, M.; Isturiz, J.M.; Mariezkurrena, K.; Mujika, Jose; Ugarte, F.M.. (1993-01-01). «El yacimiento de Herriko-Barra (Zarautz, País Vasco) y su relación con las transgresiones marinas holocenas» El Cuaternario en España y Portugal 2: 923–942. (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]