Haxemi Rafsanjani
Akbar Haxemi Rafsanjani (persieraz: اکبر هاشمی رفسنجانی, Akbar Hāshemī Rafsanjānī; Bahreman, Persia, 1934ko abuztuaren 25a - Teheran, 2017ko urtarrilaren 8a) irandar erlijio-gizona eta politikaria izan zen. Irango Islamiar Errepublikako presidentea izan zen 1989-1997 bitartean.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Qom hiri santuko eskola musulmanetan egin zituen ikasketak, eta Khomeiniren ikasle izan zen 1950etik aurrera. Khomeiniren ordezkaria izan zen Iranen, hura erbestean bizi izan zen bitartean (1964), eta aiatolah izendatu zuen bere burua. Xahren aurkako iraultzaren ondoren, Iraultzako kontseiluko kide izan zen (1979), eta Irango Islam Alderdi Errepublikarraren sortzaileetako bat.
Irango legebiltzarreko lehendakari izan zen 1980etik 1989ra bitartean, armadako buruzagi nagusi 1988tik 1989ra, eta konstituzioa berrikusteko batzordeko lehendakariorde 1989an. Khomeini hil zenean, Errepublikako presidente hautatu zuten (1989-1997). Kanpo politikan Khomeinirena baino politika neurtuagoa bideratu zuen, eta ez zen sartu Golkoko Gerran (1990-1991).
2007an, Aditu Batzordearen Lehendakari izendatu zuten (batzorde horrek aukeratzen du Irango buruzagi gorena). Baina 2011n, Mohamed Reza Mahdavi Kani kontserbadoreagoa aukeratu zuten postu horretarako Rafsanjaniren ordez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Haxemi Rafsanjani |