Alice Munro
Alice Ann Munro, jaiotzez Alice Ann Laidlaw (Wingham, Ontario, 1931ko uztailaren 10a - Port Hope, Ontario, 2024ko maiatzaren 13a) Kanadar ipuin-idazlea izan zen, ingelesez idazten zuena. Gaur egungo ingelesezko literaturaren egile nabarmenetako bat da. 2013an Literaturako Nobel Saria jaso zuen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alice Munro Winghamen jaio zen, 1931an, Ontarioko probintzian, bere aitak, Robert Eric Laidlaw, azeri eta bisoiak hazten zituen etxalde batean. Ama, Anne Clarke Laidlaw (jaiotzez Chamney), eskola irakaslea zuen.
Bi urtez ingelesa ikasi zuen Western Ontarioko Unibertsitatean. Bertan ezagutu zuen James Munro. 1951an ezkondu ziren eta senar-emazteak Vancouverrera joan ziren bizitzera. 1963an, beren hiru alabak jaioak zirela, Victoriara aldatu ziren; bertan liburu-denda bat eduki zuen senarrarekin batera. 1972an dibortziatu egin zen eta Clintonen (Ontario) hartu zuen bizilekua. Ontariora itzulitakoan, bere unibertsitate ohiko idazle-egoiliar bihurtu zen. Kontakizun laburrak idatzi zituen zenbait aldizkaritarako eta irratirako, eta baita telebistarako testuak ere[1]. 1976an ezkondu egin zen, berriz ere, Gerald Fremlinekin.
Ibilbide literarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munro oso gazte hasi zen idazten, nerabe zelarik, eta 1950ean argitaratu zuen bere lehen kontakizuna, The dimension of a shadow, oraindik ingelesa eta kazetaritza ikasten ari zenean Western Ontario Unibertsitatean.
Argitaratu zuen lehenengo kontakizun-bilduma Dance of the happy shades (1968) izan zen eta Governor General saria irabazi zuen lan honekin. Obra arrakastatsu honen ondoren Lives of girls and women (1971) argitaratu zuen; elkarri lotutako istorioz osatutako liburua. 1974an Something I've been meaning to tell you (1974) istorio sorta argitaratu zuen.
1978an Who do you think you are? (1978) lana argitaratu zuen (Ameriketako Estatu Batuetan The beggar maid: stories of Flo and Rose izenburuarekin kaleratua). Hau ere elkarri lotutako istorioz osatutako obra bat da eta lan honekin, bigarren aldiz, Governor General's Literary Award saria irabazi zuen.
1979 eta 1982 artean Australia, Txina eta Eskandinavian zehar ibili zen, bere lana aurkezten eta irakurketa publikoak egiten. 1980ean Munro idazle-egoiliar izan zen Columbia Britainiarreko Unibertsitatean eta Queensland Unibertsitatean. 1982an The moons of Jupiter (1982) argitaratu zuen.
1980ko hamarkadaz geroztik Alice Munrok, gutxienez, ipuin-bilduma bat argitaratu du lau urtetik behin; azkenekoak 2001, 2006, 2009 eta 2012an. Munroren istorioen lehen bertsioak aldizkarietan agertu izan dira sarritan, hala nola, The Atlantic Monthly, Grand Street, Harper's Magazine, Mademoiselle, The New Yorker, Narrative Magazine eta The Paris Review.
2013ko urriaren 10ean Literaturako Nobel Saria jaso zuen, eta orduan "ipuin modernoaren arloko haren maisutasuna" azpimarratu zen[2]. Kanadako lehen emakumea da Literaturako Nobel Saria jasotzen duena, eta munduko hamahirugarrena.
Alice Munroren ibilbide profesionalean nabarmentzekoa da Douglas Gibson editorearekin izan duen harreman luzea. Gibsonek Macmillan Kanada argitaletxea utzi zuenean bere editorial propioa sortzeko (Douglas Gibson Books), Munrok, Gibsonekin lanean jarraitzeko, utzi egin zuen bere ordura arteko argitaletxea. Orduz geroztik bien arteko harreman profesionala mantendu egin da. 2011ean, Gibsonek bere memoriak argitaratu zituenean, Munrok idatzi zion sarrera eta, gaur egun ere, maiz azaltzen da Gibson Munroren ordez, azken honek, osasun arazoak direla-eta, ezin duenean agerraldi publikoetara joan.
Munroren ipuin-bildumak hamahiru hizkuntzatara itzuli dira, tartean euskarara. 2012an Nagore Tolosak Meettok argitaletxearen eskutik Munroren Too much happiness (2009) itzuli zuen euskarara, Zorion handiegia izenburuarekin. 2018an Isabel Etxeberriak Erein eta Igela argitaletxeen eskutik Hateship, Friendship, Courtship, Loveship, Marriage (2001) itzuli zuen euskarara Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak izenburuarekin.
Estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere lanen ezaugarri nabarmenetako bat xehetasun eta ñabardurei eskaintzen dien atentzioa da[3]. Bere pertsonaiak objektibotasun eta zehaztasun handiarekin erakusten ditu, sentimendu sakon eta konplexuak azalduz eta beren psikologian sakonduz; maiz idazle errealistatzat hartu izan da[4]. Teknika errealista hau James Agee eta Eudora Welty estatubatuar idazleek eragina da. Izan ere, Munrok berak onartu du hainbat emakume idazleen hasierako eragina: Katherine Anne Porter, Flannery O’Connor, Carson McCullers edo lehen aipatutako Eudora Welty. Eta bi gizonezko narratzaileena: James Agee eta bereiziki William Maxwell.
Munroren istorioetako asko Hurongo konderrian, Ontarion, kokatzen dira[5]. Eskualdeari lotutako ikuspuntua bere fikzioaren ezaugarrietako bat da. Herri txikiei buruzko bere istorioak Estatu Batuetako landa-hegoaldeko idazleen kontakizunekin alderatzen dira. William Faulkner eta Flannery O’Connorren istorioetan gertatzen den moduan, Munroren pertsonaiek, maiz, ohitura eta tradizio errotuei aurre egin behar diete, baina haien erreakzioa lasaiagoa izaten da, Estatu Batuetako hegoaldeko idazleek sortutako pertsonaiekin alderatuz gero. Bere pertsonaia maskulinoek gizon arruntaren funtsa jasotzen dute; aldiz, emakumezko pertsonaiak konplexuagoak dira.
Munroren lanak maiz kontakizun laburren idazle handienekin konparatu ohi dira. Bere istorioetan, Txekhovenetan bezala, tramak ez bide du garrantzi handirik eta “ez da askorik gertatzen”; izan ere, bere literatur mundua eguneroko bizitzan kokatzen da[6]. Bere idatzietan, bereiziki lehen istorioetan, maiz azaltzen den gaia da heldutasunera iristen den neskatilarena, familiarekin eta haurtzaroko hiri txikiarekin bakeak egiten dituena. Lan berriagoetan, Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak (2001) eta Runaway (2004) kasu, aldatu egin du bere ikuspuntua, helduaroan bakarrik dauden emakumeez eta zaharren nahigabe eta bizipenez aritzen da[7]. Bere estiloaren ezaugarria da pertsonaiek gertaera bat argitzen duen eta hari zentzua ematen dion errebelazio bat bizitzea[8].
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru aldiz irabazi du Governor General’s Award Saria (1968, 1978, 1986).
1998an Estatu Batuetako National Book Critics Circle Award saria irabazi zuen The love of a good woman lanagatik.
Espainian, 2005ean Javier Marías idazleak Premio Reino de Redonda saria eman zion, eta 2011an Premio Tormenta saria irabazi zuen Zorion handiegia liburuagatik.
2013an Literaturako Nobel Saria jaso zuen.
Gainera, beste sari hauek ere irabazi ditu: Giller Prize (1998, 2004), Rea Award, Lannan Literary Award, W. H. Smith Library Award, Man Booker International Prize, Marian Engel Award eta Premio Ennio Flaiano.
Munroren lanek egokitzapen diferenteak izan dituzte zineman: Martha, Ruth and Edie (1988), Edge of Madness (2002), Away from Her (2006), Hateship, Loveship (2013) and Julieta (2016).
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Istorio laburrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Dance of the Happy Shades (1968)
- Lives of Girls and Women (1971)
- Something I've Been Meaning to Tell You (1974)
- Who Do You Think You Are? (1978)
- The Moons of Jupiter (1982)
- The Progress of Love (1986)
- Friend of My Youth (1990)
- Open Secrets (1994)
- The Love of a Good Woman (1998)
- Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak (Hateship, Friendship, Courtship, Loveship, Marriage) (2001)
- Runaway (2004)
- The View from Castle Rock (2006)
- Zorion handiegia (Too Much Happiness) (2009)
- Dear Life (2012)
Istorio laburren bildumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Selected Stories (1996)
- No Love Lost (2003)
- Vintage Munro (2004)
- Alice Munro's Best: A Selection of Stories – (Toronto 2006) Carried Away: A Selection of Stories – (New York 2006)
- New Selected Stories (2011)
- Lying Under the Apple Tree. New Selected Stories (2011)
- Family Furnishings: Selected Stories 1995-2014 (2014)
Euskaratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zorion handiegia (Too much happiness) Meettok, 2012. Itzultzailea: Nagore Tolosa.
- Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak (Hateship, Friendship, Courtship, Loveship, Marriage) Erein, Igela, 2018. Itzultzailea: Isabel Etxeberria (2019. urteko Itzulpengintza arloko Euskadi Saria)[9].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Nola hasi zen Alice Munro istorioak asmatzen | Boligrafo gorria» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-25).
- ↑ Munro, Alice. (2018). Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak. Erein, Igela, 7 or. ISBN 978-84-9109-054-0..
- ↑ Hernáez Lerena, María Jesús. (1998). Exploración de un género literario, los relatos breves de Alice Munro. Universidad de La Rioja, 347 or. ISBN 978-84-694-0183-5..
- ↑ «Mónica Carbajosa: Alice Munro. El dominio del cuento- nº 46 Espéculo (UCM)» webs.ucm.es (Noiz kontsultatua: 2019-09-27).
- ↑ (Ingelesez) Doughty, Louise. (2012-11-25). «Dear Life by Alice Munro – review» The Observer ISSN 0029-7712. (Noiz kontsultatua: 2019-09-23).
- ↑ Munro, Alice. (2018). Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak. Erein, Igela, 9 or. ISBN 978-84-9109-054-0..
- ↑ Munro, Alice. (2018). Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak. Erein, Igela, 10-11 or. ISBN 978-84-9109-054-0..
- ↑ Lerena, María Jesús Hernáez. (2013). «Nobel de literatura para una escritora canadiense: Alice Munro» Fabula: revista Literaria (35): 60–62. ISSN 1698-2800. (Noiz kontsultatua: 2019-09-27).
- ↑ Astiz, Iñigo. «Juan Carlos Etxegoien 'Xamar' eta Isabel Etxeberria dira saiakerako eta itzulpengintzako Euskadi saridunak» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-10-18).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]