Edukira joan

Orion (konstelazioa)

Koordenatuak: Zeruko mapa 05h 30m 00s, +00° 00′ 00″
Wikipedia, Entziklopedia askea
Orionis» orritik birbideratua)

Orion 
Datuak
LaburduraOri
GenitiboaOrinis
SinbologiaEhiztaria
Eremua594 gradu karratu (26. maila)
Izar kantitatea
(magnitudea < 3)
81
Izarrik distiratsuenaRigel (β Ori) (itxurazko magnitudea )
Konstelazio mugakideakGemini, Taurus, Eridanus, Lepus (konstelazioa) eta Monoceros
Behaketa
Igoera zuzena5 h
Deklinazioa+5°
Ikuspen onena 21:00etan (9 PM): Urtarrila
+85° eta −-75° latitude bitartean ikusgai.
Artikulu hau konstelazioari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Orion».

Orion edo Ehiztaria[1][oh 1]latinez: Orionkonstelazio nabarmenena da. Zeru-ekuatorean kokatuta dago, eta beraz, munduko edozein lekutatik ikus daiteke. Konstelaziorik handienetakoa eta distiratsuenetakoa da, eta errazen antzeman daitekeenetakoa. Izenak Orion greziar mitologiako ehiztari bati egiten dio erreferentzia. Orion Eridanus ibaia konstelaziotik hurbil dago, bere bi ehiza-txakur Canis Major eta Canis Minorrekin, Taurusen kontra borrokan. Batzuetan Lepus (erbia) ehizatzen ere irudikatu izan da. Bere izarrik distiratsuenak Rigel (Beta Orionis) eta Betelgeuse (Alpha Orionis) dira, eta ezaguna da bertan dauden nebulosa nabarmenak direla eta.

Orion ez da sailkatzen ipar zein hego hemisferioko konstelazioen artean, baizik eta ekuatore zerutiarreko konstelazioen artean, bi hemisferioetan kokatuta baitago, eta bere erdi bat Ipar zein Hego Polotik ikus daitekeelako.

Zeruan duen garrantzia dela eta, antzinako herri askok mitoak sortu zituzten Orion konstelazioaren inguruan. Arabiarrek eta greziarrek, batez ere, zezen bat hiltzen zuen ehiztari gisa irudikatu zuten, gutxienez arma bat eskuan zuena. Bere azpian txakurrak zituen, bata handiagoa, bestea txikiagoa. Scorpiusek hil zuela ere aipatzen da. Orionen erdian dauden hiru izarrek osatzen duten gerrikoa, eta bertatik eskegitzen den ezpata, ohikoa da konstelazioaren irudikapen askotan.

Orion Euskal Herritik ikusita.

Orionek muga egiten du Taurusekin ipar-mendebaldean, Eridanusekin hego-mendebaldean, Lepusekin hegoaldean, Monocerosekin ekialdean eta Geminirekin ipar-ekialdean. 594 gradu koadro estaltzen ditu, 88 konstelazioetatik hogeitaseigarrena tamainan. Konstelazioaren mugak Eugène Delportek jarri zituen 1930ean, 26 aldeko poligono batek mugatuta. Koordenatu sistema ekuatorialean igoera zuzena 04h 43.3m eta 06h 25.5m artean dago, deklinazioa 22.87º eta -10.97º artean kokatzen den bitartean[2]. Nazioarteko Elkarte Astronomikoak 1922an erabakita, konstelazioaren hiru letrako laburdura "Ori" da[3].

Orion ikusgai egoten da zeruan urtarriletik martxora gaueko lehen orduetan, neguan Ipar Hemisferioan eta udan Hego Hemisferioan[4]. Tropikoetan (Ekuatoretik 8º baino gutxiagora) konstelazioa zenitetik igarotzen da.

Maiatza eta Uztaila artean (uda Ipar Hemisferioan, negua Hego Hemisferioan) Orion egunean zehar ateratzen da, beraz ezin da ikusi latitude gehienetan. Hala ere, Antartikako neguko hilabeteetan Eguzkia horizontetik behera dago baita eguerdian ere. Izarrak (eta beraz baita Orion ere) ikus daitezke eguerdiko orduetan, oso baxu Iparraldean. Hego Poloan bertan, Amundsen-Scott estazioan, Rigel 8º baino ez da igotzen horizontetik, eta Orionen Gerrikoa bere inguruan dago. Hego Hemisferioko udan, Orion ikusgai egoten denean, konstelazioa ezin da ikusi Antartikan eguzkia ez delako sartzen[5][6].

Ekuatoretik gertu dauden herrialdetan (Kenya, Indonesia, Kolonbia, Ekuador) Orion buruen gainean egoten da Abenduan gauerdian eta ilunabarrean otsailean.

Beste izarrak aurkitzeko laguntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Orion erabiltzen inguruko beste izar batzuk aurkitzeko

Orion oso erabilgarria da inguruko beste izar batzuk topatzeko. Gerrikoa hego-ekialderantz luzatuz gero SiriorekinCMa) egiten da topo; ipar-mendebalderantz luzatuz gero, AldebaranTau). Bi sorbaldekin egindako lerrotik ekialdera dago ProcyonCMi). Rigeletik Betelgeusera doan lerroak Castor eta PolluxGem eta β Gem) aurkitzen ditu. Gainera, Rigel Neguko Hexagonoaren parte bada. Sirio eta Procyon Neguko Hirukiaren eta Hexagonoaren parte dira.[7]

Orionen zazpi izarrik distiratsuenek harea-erloju baten itxura duen asterismoa edo forma osatzen dute zeruan. Rigel, Betelgeuse, Bellatrix eta Saiph izarrek laukizuzen bat osatzen dute, eta erdian hiru izar daude, Alnitak, Alnilam eta Mintaka, Orionen Gerrikoa deitzen dena osatuz. "Gerriko" horretatik jaisten beste hiru izar txiki daude, Orionen Ezpata deitzen dena, baina hiru horietatik erdikoa ez da izar bat, Oriongo Nebulosa baizik.

Izar hauetako gehienak urdin bero super-erraldoiak dira, eta "gerrikoko" zein "ezpatako" izarrek Orion OB1 Elkartea osatzen dute. Bere distira gorria dela eta, Betelgeuse nabarmentzen da, baina talde beretik ihes egindako kide bat izan liteke.

Izar nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Izarretara distantzia eta magnitudea
Betelgeuse624 au (+0,42)
Rigel772 au (+0,18)
Bellatrix245 au (+1,64)
Mintaka916 au (+2,20)
Alnilam1.342 au (+1,69)
Alnitak800 au (+1,88)
Saiph650 au (+2,07)
Meissa1.042 au (+3,47)
  • Betelgeuse (Alpha Orionis) izarren sailkapenean 1M-motako izar gorri supererraldoi bat da (kalkulatzen da Jupiterren orbitaren tamaina izan dezakeela[8]), bere bizitzaren amaierara iristen ari dena. Oriongo bigarren izarrik distiratsuena da, eta izar aldakor erdierregular bat da[9]. Konstelazioan ehiztariaren "eskumako sorbalda" da (ikusleari begira egongo balitz), eta izena ere arabierazko "Orionen sorbalda" hitz elkarketatik dator (إبط الجوزاء Ibṭ al-Jauzā’)[10]. Gaueko zeruko hamaikagarren izarrik distiratsuena izan ohi da, baina aldatu da, hamargarren izatetik 23. izatera 2019ko amaieran[11][12]. Bere bizitzaren amaieran supernoba leherketa bat eragingo duela pentsatzen da, Lurretik ikusiko dena, agian Ilargia bera baino distiratsuagoa eta egunean zehar ere ikusi ahal izango dena. Hurrengo 100.000 urtetan zehar gertatuko dela kalkulatzen da[13].
  • Rigel (β), B-motako izar urdin supererraldoi bat da, konstelazioko izarrik distiratsuena eta gaueko zeruko seigarren izarrik distiratsuena. Betelgeuse bezala, Rigelek metal astunak fusionatzen ditu bere nukleoan, eta laster (denbora-eskala astronomikoan) super-erraldoi fasea amaituko zaio, supernoba bat sortuz edo bere kanpoko geruzak askatuz eta nano zuri batean bilakatuz. Orion ehiztariaren ezkerreko hanka da[14], eta izenak ere 'hanka' esan nahi du arabieraz (الرجل (al-Rijl), 'oina')[15].
  • Bellatrix (γ), konstelazioko hirugarren izarrik distiratsuena da, Orionen ezkerreko sorbalda. Gaueko 27. izarrik distiratsuena da. B-motako erraldoi urdin bat da, txikiegia supernoba batean lehertzeko. Bere distira handia tenperatura oso altuen ondorioa da, eta ez bere tamainarena[16]. Izenak, latinez, "emakume gerlaria" esan nahi du eta, horregatik, "Amazona izarra" izenez ere ezaguna da[17]. Oriongo konstelazioko izar nagusien artean gertuena da, 244,6 argi urtera.
  • Mintaka (δ) Orionen Gerrikoko izarren artean distirarik txikiena duena da (eta hala ere lehenago agertzen da izendapenean). Bere izenak "gerrikoa" esan nahi du. Izar anitzez osatutako sistema bat da: B-motako erraldoi urdin bat dago eta oraindik handiagoa den O-motako sekuentzia nagusiko izar bat. Mintaka sisteman izar bitarrek elkar eklipsatzen dute, batak bestea estaltzen duenean distira galduz. Orionen Gerrikoan iparraldeenen eta mendebaldeenen dagoen izarra da[7].
  • Alnilam (ε) izarrak, arabieraz, "perla sorta" esan nahi du (النظام al-niẓām)[7]. B-motako urdin supe-erraldoi bat da; gerrikoko beste bi izarrak baino bi aldiz urrunago dago Eguzkitik, baina bere distira dela eta, ia magnitude berbera du. Alnilamek masa oso azkar galtzen du, bere tamaina erraldoia dela eta. Oriongo izar nagusien artean urrunena da, 1.344 argi urtera.
  • Alnitak (ζ), "gerrikoa" (النطاق an-niṭāq), Oriongo Gerrikoko ekialdeenen dagoen izarra da. Izar-sistema hirukoitz bat da, nagusia super-erraldoi urdin bero bat, O-motako izarrik distiratsuena zeruan.
  • Saiph (κ), Orionen eskuineko oina da. Betelgeuse, Rigel eta Bellatrix izarrekin batera, Orionen laukia osatzen du. Rigelen distantzia antzekoan dago, baina askoz ahulago ikusten dugu. "Erraldoiaren ezpata" esan nahi du, (سیف الجبّار', saif al jabbar).
  • Meissa (λ) Orionen burua da, eta izar anizkoitz bat da 3,33ko magnitude bateratua dutenak. "Distiratsua" esan nahi du (Al-Maisan)[18].

Espazio sakoneko objektu nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Orion konstelazioan espazio sakoneko objektu interesgarri ugari daude.

Orionen gerrikotik zintzilik, haren ezpata dago. θ1 eta θ2 Orionis izar multzoa dago, Trapezioaren kumulua deituriko gunea, Orion Nebulosarekin (M42). Oso objektu ikusgarria da, begi hutsez ikusita izarra ez den zerbait dirudiena. Prismatikoekin gas argitsua, jaiotzen ari diren izarrak eta hautsa ikus daitezke. Trapezioaren kumuluan jaio berriak diren izar asko daude, horietako batzuk nano marroiak; guztiak daude gutxi gora behera 1.500 argi-urteko distantziara. Izena trapezoide bat sortzen duten lau izar distiratsuengatik dator, baina argi gehiena distiratsuenetik dator, ehunka mila urte batzuk dituena. Chandra X-izpi behatokia erabilita ikusi da tenperatura oso altuak dituztela eremu honetan, 60.000 Kelvin inguru, eta oraindik izarak sortzen ari direla inguruko nebulosan[19].

M78 (NGC 2068) Orionen dagoen beste nebulosa bat da. 8.0ko magnitudea du, eta bere hegoaldean dagoen Orion Nebulosa baino pixka bat apalagoa da; hala ere, gutxi gora behera distantzia berdinera dago, 1.600 argi-urte inguru. Teleskopiotik behatuta kometa bat dela eman dezake. M78k elkarrekintza du V351 Orionis izar aldakorrarekin, oso tarte gutxitan ikus daitekeen distira aldaketak direla eta. NGC 1999 konstelazio honetan dagoen beste nebulosa interesgarri bat da, Orion Nebulosatik gertu hau ere. 10.5eko magnitudea du eta 1.500 argi-urtera dago[20] . V380 Orionis izar aldakorra NGC 1999ren barruan dago. IC 434, edo Zaldi Buru nebulosa, beste nebulosa famatu bat da, ζ Orionisetik gertu. Zaldi baten buruaren antza duen hauts ilunezko hodei bat du, eta hortik datorkio izena. 6.400 argi urtera dagoen NGC 2174 igorpen-nebulosa bat da[21].

Nebulosa hauez gain, Orion teleskopio txiki batekin behatuz gero, beste objektu nabarmen batzuk ikus daitezke, hala nola M43 eta M78, edo Iota Orionis eta Sigma Orionis izar anizkoitzak. Teleskopio handiago batekin Barnard begizta edo NGC 2024. Nebulosa guzti hauek Oriongo Hodei Konplexu Molekularraren parte dira, gugandik 1.500 argi-urtera dagoena eta ehunka argi-urteko zabalera duena. Gure galaxian ikus daitekeen izar-formazio gunerik aktiboenetako bat da.

Konstelazioaren eremuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orionen Gerrikoa konstelazioaren barruko asterismo ezagun bat da. Hiru izar distiratsuk osatzen dute: Zeta (Alnitak), Epsilon (Alnilam) eta Delta (Mintaka). Alnitak Lurretik 800 argi urtera dago eta Eguzkia baino 100.000 aldiz distiratsuagoa da; bere erradiazioaren zatirik handiena ultramorea da, giza begiak ikus ezin dezakeena[22]. Alnilam 1.340 agi urtera dago eta 1,7ko magnitudea du, baina bere argi ultramorea Eguzkiarena halako 375.000 aldiz da[23]. Mintaka 915 argi urtera dago eta bere magnitudea 2.21 da. Eguzkia baino 90.000 aldiz distiratsuagoa da eta izar bikoitza da: euren artean 5,73 eguneko orbita osatzen dute[24]. Ipar Hemisferioan Orionen Gerrikoa gauez ondo ikusten da urtarrilean, gaueko 9ak aldera, gutxi gora behera meridiano lokaletik gertu dagoenean. Alnitaketik hegoaldera Sigma Orionis dago, bost izarrek osatutako sistema anizkoitza, 1.150 argi urtera eta 3,7ko magnitudearekin. Mintakatik hegoaldera Eta Orionis izar sistema laukoitza dago[25].

Orionen Ezpata deitzen den asterismoan Orion nebulosa, Messier 43 nebulosa, Korrikalariaren nebulosa eta Theta Orionis, Iota Orionis eta 42 Orionis izarrak daude.

Ehiztariaren Burua deitzen den eremuan hiruki txiki bat dago. Hirukiaren goiko izarra Meissa da, 08 III mota espektraleko izar urdin erraldoi bat, 3.54eko itxurazko magnitudearekin. Phi-1 Orionis eta Phi-2 Orionis dira hirukiaren oinarria. Eurengandik gertu dago FU Orionis izar gaztea.

Orionek makil bat darama irudikapen batzuetan, Betelgeusetik iparraldera. Mu Orionis da ukondoa[oh 2], Nu Orionis eta Xi Orionis makilaren eskulekua eta Chi1 Orionis eta Chi2 Orionis makilaren amaiera. Chi1en ekialdean Mira motako U Orionis erraldoi gorri aldakorra dago.

Beste aldean Orionen ezkutua dago. Bellatrixetik mendebaldera sei izar daude, denak Pi Orionis izenarekin ezagunak: π1 Ori, π2 Ori, π3 Ori, π4 Ori, π5 Ori eta π6 Ori.

Urtero, urriaren 20 inguru orionidak euren unerik gorenera iristen dira. Geminisetik duen mugatik etortzen dira, eta 20 bat meteoro ikus daitezke ordu batean. Ozar-izar hauek Halley kometaren ondorio dira.[26]

Historia eta mitologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orion konstelazioaren lehen irudikapen ezaguna Aurignac kulturako mamut bolizko grabatu bat da, 1979an Alemaniako Ach bailaran aurkitua. Arkeologoek uste dute orain dela 32.000 eta 38.000 urte inguru egin zela[27][28][29]. Orionen irudia argi agertzen da munduko kultura askotan, eta mito asko ditu berari lotuta. Gaur egun ere Orion erabiltzen da sinbologian.

Antzinaroko Ekialde Hurbila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sumertarrentzat Gilgamexen epopeia eta Orion loturik zeuden. Anu jainkoak Gilgamex hiltzeko Gugalanna zezena bidali zuen. Gilgamexek hau hil zuen, eta sumertarrek Orion eta Taurus konstelazioak horrela lotu zituzten. Orioni URU AN-NA izena ematen zioten, "Zeruko Argia". URU AN-NA bera Gilgamex zen, aizkora batekin eskumako eskuan eta ezpata batekin bere gerrikoan[30].

Brontze Aroko Babiloniar izar katologoak Orion MULSIPA.ZI.AN.NA deitzen zuen (𒀯𒉺𒇻𒍣𒀭𒈾)[oh 3], "Artzain zelestiala" edo "Anuren artzaina" - Anu zeruko erresumen jainko nagusia da[31]. Babiloniar konstelazioa sakratua da Papshukal eta Ninshuburentzat, "Jainkoen mezulari" papera betetzen duten bi jainko txikiak. Papshuklan oinez dabilen hegazti batekin lotzen da iruditegian eta Babiloniako mugarrietan, eta izarren mapan oilar baten itxura du, Orionen irudiaren atzean dagoena. Orion konstelazioak, beraz, bi irudiak biltzen ditu, hegazti zein gizaki formekin.[32]

D61N14G1A40

Antzinako Egipton Orionen izarrak jainkotzat hartzen ziren, Sah izenekoa. Orion Sirius baino lehenago agertzen denez zeruan, eta Siriusen orto heliakoa Eguzki egutegi egiptoarraren oinarria zenez, Sah oso gertu zegoen mitologian Sopdetekin, Siriusen pertsonifikazio jainkotiarra. Sopdu Sah eta Sopdeten semea zen. Sah askotan Osirisekin sinkretizatzen da, Sopdet Osirisen emazteko mitologikoarekin lotzen den bitartean, Isis. Piramideetako Testuetan, K. a. XXIV. mendekoak, Sah da hildako faraoiek hartzen duten bizitzaren-osteko jainkoetako baten forma[33].

Armeniarrek euren patriarka legendarioa eta herriaren sortzailea den Hayk Orionekin lotzen zuten. Armenieraz egindako Bibliaren itzulpenean Orion Hayk bezala itzultzen da[34].

Bibliak hiru aldiz aipatzen du Orion, eta jatorrizkoan "Kesil" (כסיל, literalki, eroa) bezala agertzen da. Hala ere, hau etimologikoki lotuta egon daiteke "Kislev" hitzarekin, Hebrear egutegiaren bederatzigarren hilabetea (Azaroa-Abendua), eta hau, aldi berean, hebreerazko K-S-L erroarekin lotuta egon daiteke, "kesel, kisla" hitzetan bezala (כֵּסֶל, כִּסְלָה, itxaropena, positibotasuna), hau da, neguko eurien itxaropena. Hala agertzen da Jb 9:9 ("Bera da Hartzaren eta Orionen sortzailea"[oh 4]), Jb 38:31 ("Nork askatuko du Orionen gerrikoa?"[oh 5]) eta Am 5:8 ("Bera izan zen Pleiadeak eta Orion sortu zituena"[oh 6]).

Antzinako Aramen konstelazioa Nephîlā′ gisa agertzen da, eta Nefilim herria Orionen ondorengoa zela esaten zen[35].

Greziar eta erromatar mitologian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Orion (mitologia)»

Greziar mitologian, Orion, ehiztari erraldoi eta naturaz gaindiko indartsu bat zen, Euryaletik jaioa, Gorgona bat, eta Poseidon (Neptuno), itsasoaren jainkoa[36]. Mito batek Gaiak Orionen aurka duen amorrua kontatzen du, Lurreko animalia guztiak hilko zituela esatera ausartu zena. Jainkosa amorratua, Orion, eskorpioi batekin bidaltzen saiatu zen. Hau, Scorpius eta Orion konstelazioak, aldi berean, zeruan sekula ez egotearen arrazoia bezala ematen da. Hala ere, Ophiuchus, sugearen eramaileak, Orion berpiztu zuen antidoto batekin. Esaten denez, arrazoi horregatik dago Ophiuchus konstelazioa Scorpius eta Ehiztariaren artean[37].

Konstelazioa agertzen da Horazioren Odatan (3.27.18), Homeroren Odisean (5. liburua, 283. lerroa) eta Iliadan eta Virgilioren Eneidan (1. liburua, 535. lerroa).

Arabiar astronomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabiar astronomiari zor dizkiogu Orionen izar ia guztien izenak (Bellatrix izan ezik), izan ere Erdi Aroko arabiar astronomia oso garrantzitsua izan zen[38]. Orionen antzinako izena al-Jawza’ zen, "anaiak", eta gaur egun izen hori Gemini konstelazioa izendatzeko erabiltzen dute arabiarrek. Uste denez, hasiera batean Orionen Gerrikoa bakarrik izendatzeko erabiltzen zen izen hori. Denborarekin, hiru izar horien goiko eta beheko beste bi izarrak eskuak eta oinak identifikatzeko erabili ziren[39].

Arabiar kondaira zahar batek kontatzen du al-Jawza’ izeneko emakume baten eta Suhayl izeneko gizon baten arteko maitasun istorioa. Gizonezkoa ibaiaren beste aldean bizi zen, bere bi ahizpekin (ash-shi’rayan). Ezkontza iritsi zen gauean al-Jawza’ hilda zegoen; bere bizitza arriskuan zegoela ikusita, Suhaylek hegoaldera egin zuen eta bere bi ahizpetako batek ibaia gurutzatu zuen berarekin elkartzeko. Hortik aurrera ahizpa horri ash-shi’ra al-‘abur (Gurutzatu zuen Shi'ra) izena eman zioten eta besteari ash-shi’ra al-ghumaysa’. Kondaira honi lotutako izarrak dira Orionen Gerrikoko erdikoa (al-Jawza'), Canopus (Suhayl), Sirius (ash-shi’ra al-‘abur) eta Procyon (negarrez geratu zena).[39][40]

Denborarekin, al-Jawza' hedatuko zen bi esku, bi oin, buru bat eta ilea izan arte. Beranduago bi eserleku eta arku bat jarri zioten. Izar guzti horiek gaur egungo inguruko konstelazioen parte dira. VIII. mendean greziar astronomia testuak itzuli ziren arabierara, eta al-Jawza’ izena Gemini konstelazioari eman zioten, izen berria jarriz Orioni: al-jabar, "erraldoia".[39]

Asiako antzinaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dunhuang izar atlasaren zati bat.

Txinan Orion zen Ilargiaren hogeita zortzi jauregietako bat (Xiu; 宿). Shen (參) bezala ezagutzen da, literalki "hiru" Orionen Gerrikoari erreferentzia zuzena. 參 txinatar karaktereak (shēn) jatorriz Oriongo konstelazioa adierazten zuen, (txinera tradizionalez: 參宿; txinera sinplifikatuz: 参宿; pinyinez: shēnxiù; Shang dinastiaren bertsioan, orain dela hiru milurteko, gainean Orionen gerrikoaren errepresentazioa ziren hiru izarrak agertzen ziren, buru baten gainean[41] (ikus en:wkt:參).

Rig Vedan Orion konstelazioa Mriga gisa agertzen da, oreina[42]. Esaten da aurrean zein atzean dituen bi izar distiratsuen pareak ehizan ari diren txakurrak direla, eta erdian dauden hiru izarrak oreina, ezpatatzat hartu ohi duguna oreinkumea izanda. Folklorean Mrigari Harnu deitu ohi zaio, eta abesti asko daude berari buruz. Malaysian Orionen Gerrikoari Bintang Tiga Beradik deitzen zitzaion, "Hiru Izar Anaiak". Indian Nataraja edo dantzari kosmikoa deitu zaio, Shivaren avatarra[43].

Europako folklorea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Henrike Knörrek jasotako izarren euskal izenen arabera, Orion "soldadua" deitu izan da Euskal Herrian.[44]

Hungariar tradizioaren arabera, Orion Íjász arkulari magijoa da. Azken urteetan berraurkitutako mitoen inguruan, antzina hungarieraz Nimrod deitzen zen, ehiztari handia, Hunor eta Magor bikien aita. "π" eta "o" izarrak (goian eskubian) sega izango litzateke. Orionen Gerrikoari "Epailearen makila" deitzen zitzaion (Bírópálca)[45].

Eskandinaviako tradizioan Orionen Gerrikoa Friggen gorua zen[46]. Finlandian gerrikoari eta azpiko izarrei Väinämöisen viikate (Väinämöinenen sega)[47]. Alnilam, Alnitak eta Mintakak osatutako asterismoarentzat beste izen bat Gerrikoa zen, eta azpian zituenak, beste tradizio batzuetan bezala, Kalevaren ezpata (Kalevanmiekka).

Siberian, Txuktxientzat Orion ehiztari bat zen; Aldebaran berak botatako gezi bat izango litzateke, Mendebaldeko ohituretan bezala[48].

Espainiar tradizioan, eta hedaduraz Hego Amerikako herri askotan Orionen Gerrikoaren izarrei Hiru Mariak deitu izan zaie. Hego Amerikan ere Errege Magoak deitzen zaie izar hauei[49].

Mexikoko ipar-mendebaldeko Seri herriak Oriongo gerrikoari Hapj deitzen zion, ehiztari bat adierazten zuen izena. Gerrikoaren erdian dagoen izarra zauritutako orein bat izango litzateke euren kondairetan[50].

Lakota natibo amerikarrentzat Tayamnicankhu (Orionen gerrikoa) bisonte baten bizkarrezurra da. Orionen laukizuzen handia, bisontearen saihetsak dira; gertu dagoen Taurusko Pleiadeen izar kumulua, bisontearen burua da, eta Sirius, Canis Maiorren, Tayamnisinte bezala ezagutzen dena, bere isatsa da. Lakoten beste mito batek, Orion, Eskuaren Konstelazioa izenekoaren behealdeko erdia, bere berekoikeriagatik jainkoen zigor bezala erauzi zuen buruzagi baten besoa irudikatzen zuela aipatzen du. Bere alabak, bere besoa zerutik berreskura zezakeen pertsonarekin ezkontzeko eskaintza egin zuen, eta, beraz, Izar Eroria gerlari gazteak (bere aita izar bat zen eta bere ama gizakia zen), bere besoa itzuli eta bere alabarekin ezkondu zen, jainkoen eta gizateriaren arteko harmonia sinbolizatuz belaunaldi gazteenaren laguntzarekin. Hatz erakuslea Rigelek irudikatzen du; Orion Nebulosa hatz lodia da; Orionen Gerrikoa eskumuturra da; eta Beta Eridani izarra hatz txikia da[51].

Lakandonentzat Orionen gerrikoaren izar nagusiak pekari bat dira (k'éékèn)[52].

Orionen zazpi izar nagusiek Heiheionakeiki polinesiar konstelazioa osatzen dute, umeek soka bat eskuetan korapilotuz egin ohi duten jokoaren antzekoa.

Lehen aipatu den bezala, konstelazioa Horazioren Odatan, Homeroren Odisean eta Iliadan eta Virgilioren Eneidan aipatzen da.

J. R. R. Tolkienek sortutako munduan Orion Menelvagor da, Sindarin hizkuntzan "Zeruko Ezpataduna" esan nahi duena, Legendariumen aipatzen denez[53].

Harry Potter sailean Bellatrix Lestrange hil-jalea agertzen da, Oriongo izarraren izena duena[54]. Regulus Blacken aitaren izena ere Orion da. Familia horretako kide gehienek izar-izena dute (Draco Malfoy, Regulus Black, Andromeda Tonks...).

René Char poeta frantsesaren obran askotan agertzen da Orion[55]:

«

Orion,
Pigmenté d'infini et de soif terrestre,
N'épointant plus sa flèche à la faucille ancienne,
Les traits noircis par le fer calciné,
Le pied toujours prompt à éviter la faille,
Se plut avec nous
Et resta.
Chuchotement parmi les étoiles.

»


Philip Glassen Orion albuma Orion konstelazioa bi hemisferioetatik ikus daitekeena erabiltzen du metafora gisa. Los de la Nazza taldeak ere Orion deitzen den album bat dute.

Metallica taldearen Master of Puppets albumean, pieza-instrumental bati Orion izena jarri diote.

Stellardrone artistaren Invent the Universe albumak The Belt of Orion izeneko pista bat du. Sabrina Claudioren Confidently Lost albumak Orion's Belt abestia dakar.

Gérard Manseten La Mort d'Orion albumak konstelazioko izarrei buruzko abestiak ditu. Mikel Markezen abesti batean Betelgeuse izarra aipatzen da.

Winter's Tale filma Orion konstelazioa duen zeruaren plano batean ireki eta ixten da. Konstelazio hori hainbat aldiz aipatzen da kontakizunean.

Stargate filmean, irakasleak zaindari batek irakurritako egunkariari esker aurkitzen du erantzuna izarren atearen sinboloei buruz. Egunkariaren atal astrologikoak Orion konstelazioa aipatzen du.

Ridley Scotten Blade Runner filmean (1982an argitaratua), Roy Batty erreplikatzaileak, Rutger Hauerek interpretatua, Orion konstelazioa aipatzen du, "malkoak euritan" amaiera eszena ospetsuan.

Barry Sonnenfelden Men in Black filmean (1997an argitaratua), Tommy Lee Jonesek eta Will Smithek interpretatutako agenteak galaxia baten bila dabiltza "Orionen gerrikoan". Amaiera gozoak agerian utziko du "gerriko" hitzaren inguruko hitz-jokoa zela.

Firminyko San Pedro elizako nabe nagusian, 1960ko hamarkadan Le Corbusierrek diseinatu eta XXI. mendearen hasieran amaitua, argia Orion konstelazioa marrazten duten kupulan sartzen da (Le Corbusierrek ez zuen definitu horman zer konstelazio agertu behar zuen).

Orionen korrelazio teoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Orionen Gerrikoaren izar nagusien eta Gizako piramideen arteko korrelazioa.

Orion korrelazioaren teoria (edo Giza-Orion korrelazioaren teoria)[56], egiptologia alternatiboan bazterreko hipotesi bat da.

Teoria honek proposatzen du korrelazio bat dagoela Gizako piramide-multzoko hiru piramide handienen kokapenaren eta Orion konstelazioko Orion Gerrikoaren artean, eta korrelazio hori hala pentsatu zutela Giza piramide-multzoaren jatorrizko eraikitzaileek. Orionen izarrak, Osirisekin erkatzen ziren, pizkundearen eta bizitzaren jainkoa, antzinako egiptoarrek hil ondorengo mitologian (ikus gorago)[57][58][59]. Teoriaren bertsioaren arabera, Orion konstelazioaren koadroa osatzeko piramide gehigarriak sar daitezke, eta Nilo ibaia ere sar daiteke Esne Bidearen galaxiarekin bat egin dezan. Teoria lehen aldiz 1989an argitaratu zen Discussions in Egyptology, 13. liburukian. 1994an bestseller baten objektu izan zen, The Orion Mystery[60]; baita BBCren dokumental baten objektu ere, The Great Pyramid: Gateway to the Stars (1994ko otsaila), eta New Age liburu batzuetan agertzen da[61][62].

Urtzi Ihitza euskal idazleak ere Euskararen jatorria aurkitua liburuan teoria sasizientifiko baten bidez defendatzen du euskaraz Oriondik datorrela, eta korrelazioa egiten du Euskal Herriko hainbat udalerriren (Oion, Orio...) eta konstelazio horren posizioen artean[63][64].

Animazio honetan ikus daiteke orain dela 50.000 urte eta hemendik 50.000 urtera non egongo diren Orionen izarrak.

Orion zeruko ekuatorean dago kokatuta, baina ez da beti horrela egongo, Lurraren ardatzaren prezesioaren ondorioak direla eta. Orion, ekliptikaren hegoaldean dago, eta soilik zeruko ekuatorean egoten da ekaineko solstizioari dagokion ekliptikaren puntua, Geminiren eta Taurusen mugatik gertu dagoelako, Orionen iparraldean. Prezesioaren ondorioz Orion hegoalderago mugituko da eta 14.000 urterako Orion hain egongo da hegoaldean ezen Britainia Handiko latitudetik ikusezina izango dela[65].

Aurrerago, Orionen izarrak pixkanaka urrunduko dira konstelaziotik, berezko mugimenduaren ondorioz. Hala ere, Orionen izar distiratsuenak Lurretik distantzia handira daude eskala astronomiko batean, Sirius baino askoz urrunago, adibidez. Beste konstelazio gehienak, nahiko gertu dauden izarrez osatuak, konfigurazio berrietan distortsionatu ondoren, Orion ezagutzeko modukoa izaten jarraituko du, bere izar batzuk izan ezik; izan ere supernoba bezala leher daitezke, Betelgeuse adibidez, hurrengo milioi urtean uneren batean lehertuko dela aurreikusten dena[66].

  1. Euskaltzaindiaren 173. arauak honako hau gomendatzen du: "Euskaraz, konstelazioen izenak adierazteko, komeni da nazioarteko formak —latinezko grafia— erabiltzea, hainbat komeniago testuak zenbat eta teknikoago edo jasoago izan. Nolanahi ere, latinezko izenen itzulpenak edo egokitzapenak ere —azalpen-izenak— erabil daitezke, bigarren mailan, testu didaktikoetan edo azalpen gisa".
  2. Orion konstelazioaren irudikapenean duen besoa ez da nahastu behar Orionen Besoarekin, Esne Bidean Orion konstelazioko elementuak zein Eguzki-sistema barnebiltzen duen besoa.
  3. MUL (𒀯) hitzak konstelazio edo izar esan nahi du zerrendan.
  4. Euskarazko itzulpenean, zein konstelazio den benetan ziurra ez denez, Berak sortzen ditu konstelazio eta zeruko izar-multzo guztiak bezala agertzen da
  5. Euskarazko itzulpenean Lot al ditzakezu zuk izar-multzoak edo konstelazioen loturak aska
  6. Euskarazko itzulpenean:

    Jainkoa da
    izar-multzoak
    sortu dituena,
    iluna egunsenti
    eta eguna gau beltz
    bihurtzen duena;
    itsas urak biltzen
    eta lur gainera isurtzen dituena.
    Jauna du izena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Konstelazioak (88 konstelazio ofizialak)» 173. Astroen izenak. Euskaltzaindia, 21 or..
  2. «International Astronomical Union | IAU» www.iau.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  3. (Ingelesez) Russell, Henry Norris. (1922-10). «The New International Symbols for the Constellations» PA 30: 469. ISSN 0197-7482. (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  4. Ellyard, David, 1942-. (2008). The southern sky guide. (3rd ed. argitaraldia) Cambridge University Press ISBN 978-0-511-48026-3. PMC 348348722. (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  5. «Learning the Stars Downunder» www.dibonsmith.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  6. «Skymaps.com - Publication Quality Sky Maps & Star Charts» skymaps.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  7. a b c Staal 1988, 61 orr. .
  8. (Ingelesez) ESO. «Size comparison: Betelgeuse and the Sun» www.eso.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  9. «AAVSO: Variable Star of the Month, Alpha Ori» web.archive.org 2009-01-22 (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  10. The Oxford English Dictionary. (2nd ed.. argitaraldia) Clarendon Press 1989 ISBN 0-19-861186-2. PMC 17648714. (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  11. (Ingelesez) «Waiting for Betelgeuse: What's Up with the Tempestuous Star?» Universe Today 2019-12-26 (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  12. «BETELGEUSE» www.astro.wisc.edu (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  13. CNN, Ryan Prior. «A giant red star is acting weird and scientists think it may be about to explode» CNN (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  14. «rigel» web.archive.org 2009-02-22 (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  15. Campbell, Mike. «Meaning, origin and history of the name Rigel» Behind the Name (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  16. «Bellatrix» web.archive.org 2009-02-22 (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  17. «BELLATRIX» www.astro.wisc.edu (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  18. Richard Hinckley Allen. (1963). Star names. Dover Publications (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  19. Wilkins, Jamie, 1981-. (2006). 300 astronomical objects : a visual reference to the universe. Firefly Books ISBN 978-1-55407-175-3. PMC 64080101. (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  20. Levy 2005, 99–100 orr. .
  21. Levy 2005, 107 orr. .
  22. «Alnitak» stars.astro.illinois.edu (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  23. «Alnilam» stars.astro.illinois.edu (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  24. «Mintaka» stars.astro.illinois.edu (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  25. «Orion» www.astro.wisc.edu (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  26. Jenniskens, Peter. «Comet and meteoroid orbits» Meteor Showers and their Parent Comets (Cambridge University Press): 58–68. ISBN 978-1-316-25710-4. (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
  27. Rappenglück, Michael. (2003-01-01). «The anthropoid in the sky: Does a 32,000-year old ivory plate show the constellation Orion combined with a pregnancy calendar?» Uppsala Astronomical Observatory Reports (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  28. «UNESCO Astronomy and World Heritage Webportal - Show entity» www3.astronomicalheritage.net (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  29. (Ingelesez) 'Oldest star chart' found. 2003-01-21 (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  30. (Ingelesez) Christoforou, Peter. (2017-03-28). Orion Constellation Myths of Sumer, Babylon and Egypt -. (Noiz kontsultatua: 2020-01-07).
  31. «Figure 8: Bird scratches.» dx.doi.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  32. White, Gavin, author, artist.. Babylonian star-lore : an illustrated guide to the stars and constellations of ancient Babylonia. ISBN 978-0-9559037-4-8. PMC 908408564. (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  33. Wilkinson, Richard H., author.. The complete gods and goddesses of ancient Egypt. ISBN 0-500-05120-8. PMC 51668000. (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  34. «History of Armenia by Vahan Kurkjian • Chapter 8» penelope.uchicago.edu (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  35. Peake's Commentary on the Bible. Routledge 2001 ISBN 0-415-26355-7. PMC 47126726. (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  36. «Star Tales – Orion» www.ianridpath.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  37. Staal 1988, 61–62 orr. .
  38. Saliba, George.. (1994). A history of Arabic astronomy : planetary theories during the golden age of Islam. New York University Press ISBN 0-8147-8023-7. PMC 35666761. (Noiz kontsultatua: 2020-01-07).
  39. a b c (Ingelesez) «Whose stars? Our heritage of Arabian astronomy» www.planetary.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-07).
  40. Vafea, Flora. SIRIUS’(AL-῾ ABŪR) PROPER MOTION AS RECORDED IN THE ARABIC STAR MYTHOLOGY.. .
  41. Han yu da zi dian. (Chu ban. argitaraldia) Jian hong min 87 ISBN 957-813-478-9. PMC 719321806. (Noiz kontsultatua: 2020-01-08).
  42. (Ingelesez) Holay, P. V.. (1998). «Vedic astronomers» BASI 26: 91. ISSN 0304-9523. (Noiz kontsultatua: 2020-01-08).
  43. Srinivasan, Sharada. (2004-09-01). «Shiva as 'cosmic dancer': On Pallava origins for the Nataraja bronze» World Archaeology 36 (3): 432–450.  doi:10.1080/1468936042000282726821. ISSN 0043-8243. (Noiz kontsultatua: 2020-01-08).
  44. Borrás Knörr, Henrike. (2001). «Astronomy and Basque Language» Fontes linguae vasconum: Studia et documenta 33.88: 403-416..
  45. Toroczkai-Wigand, Ede.. (1988). Öreg csillagok.. Műszaki Könyvk ISBN 963-10-8208-3. PMC 165508284. (Noiz kontsultatua: 2020-01-16).
  46. Schön, Ebbe, 1929-. (2004). Asa-Tors hammare : gudar och jättar i tro tradition. Hjalmarson & Högberg ISBN 978-91-7224-082-7. PMC 795178730. (Noiz kontsultatua: 2020-01-16).
  47. www.ursa.fi (Noiz kontsultatua: 2020-01-16).
  48. Staal 1988, 63 orr. .
  49. (Gaztelaniaz) «Tres Reyes Magos en el cielo esta noche» El Nuevo Dia 2013-01-06 (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  50. Hill, Kenneth C.. (2007-07). «Comcáac quih yaza quih hant ihíip hac: Cmiique iitom – cocsar iitom – maricáana itom = Diccionario seri – español – inglés: Con índices español – seri, inglés – seri. Compiled by Mary  Beck Moser, and Stephen A.  Marlett. Hermosillo, Sonora: Editorial UniSon and Plaza y Valdés Editores, 2005. Pp. 1 + 943.» International Journal of American Linguistics 73 (3): 367–370.  doi:10.1086/521732. ISSN 0020-7071. (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  51. «Lakota Myth about Constellation of The Hand - Windows to the Universe» www.windows2universe.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  52. Pérez, Patrick, 1962- .... (DL 2005). Petite encyclopédie maya : l'environnement des Lacandons de Lacanjá, Chiapas, Mexique. L'Harmattan ISBN 2-7475-9304-5. PMC 470493989. (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  53. «The Encyclopedia of Arda - Swordsman of the Sky» www.glyphweb.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  54. Rowling, J. K. (1965- ). (2002). Harry Potter eta suaren kopa. (1. argit. argitaraldia) Salamandra ISBN 84-8331-926-8. PMC 863163126. (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  55. Char, René (René Émile), 1907-1988.. (cop. 1975). Aromates chasseurs. Gallimard ISBN 2-07-029362-9. PMC 898864271. (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  56. Bruce, Alexandra.. 2012 : science or superstition : the definitive guide to the doomsday phenomenon. ISBN 978-1-934708-28-6. PMC 318876937. (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  57. The Oxford essential guide to Egyptian mythology. Berkley Books 2003, ©2002 ISBN 0-425-19096-X. PMC 52488347. (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  58. Mackenzie, Donald A. (Donald Alexander), 1873-1936.. (1978). Egyptian myth and legend : with historical narrative notes on race problems, comparative beliefs, etc.. Bell Pub. Co ISBN 0-517-25912-5. PMC 3965786. (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  59. «Orion» www.constellationsofwords.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  60. Bauval, Robert, 1948-. (1994). The Orion mystery : unlocking the secrets of the pyramids. Heinemann ISBN 0-434-00074-4. PMC 30033829. (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  61. (Ingelesez) Gilbert, Adrian. (2001). Signs in the Sky: The Astrological & Archaeological Evidence for the Birth of a New Age. Three Rivers Press ISBN 978-0-609-80793-4. (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  62. Coppens, Filip.. (2004). The Canopus revelation : the stargate of the gods and the ark of Osiris. Frontier Pub. ISBN 1-931882-26-6. PMC 56508297. (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  63. «Euskararen jatorria aurkitua - IKAS Euskal Pedagogia zerbitzua» www.ikas.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  64. «Nondik gatoz euskaldunok? Badu bere teoria Urtzi Ihitza...Orion etab.» Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2020-01-18).
  65. «TalkTalk Webspace is closing soon!!» www.talktalk.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-01-07).
  66. (Ingelesez) «Earth may soon have a second sun» io9 (Noiz kontsultatua: 2020-01-07).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]