Edukira joan

La Hoya

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 42°33′54″N 2°35′11″W / 42.565°N 2.5864°W / 42.565; -2.5864
Wikipedia, Entziklopedia askea

La Hoya
La Hoyako bizilekuaren irudiak, Guardian(Araba)
Datuak
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGuardia
Koordenatuak42°33′54″N 2°35′11″W / 42.565°N 2.5864°W / 42.565; -2.5864
Map
Azalera4 ha
Historia
GaraiaLehen Burdin Aroa, Bigarren Burdin Aroa eta Azken Brontze Aroa
UzteaK. a. II. mende
Garaia(k)K. a. XV. mendetik k. a. III. mendera
KulturaZeltiberiarrak[1], beroiak[2]
Indusketa
Indusketa datak1935-egun
ZuzendariakAlejandro Sampedro Martínez et al
Altitudea620 m

La Hoyako oin biribileko etxe baten maketa. La Hoyako bizilekuaren irudia, Binasperin (Araba)
Goian, La Hoyako oin biribileko etxe baten maketa. Gasteizko Arkeologia Museoa. Behean, Hoyako bizilekuaren irudia, Binasperin (Araba)
Brontzezko irudia, La Hoyako maila zeltiberiarrean aurkitua, Binasperin (Araba). Gasteizko Bibat Museoa.

La Hoya izenez ezagutzen den herrixka edo aztarnategia, eta Euskadiko Ondarearen [oh 1] Guardia udal-barrutian (Araba) dago, herri horretatik 700 bat metrora, lehen El Torreon zeritzan leku edo muinoan.

Ezaguna da ondo gorde delako eta bata batean jasan zuen eraso bortitz baten aztarnak gorde direlako bertan. Herriak bere unerik distiratsuenean jasan zuen eraso, sute eta erorketak merkatu egun bateko jarduera bizia "izoztu" zuen, eta egun horretako hondakinak lurperatuta baina osorik egon ziren aurkitu ziren arte[3]. Herrian une horretan zeudenen gorpuen hezurduren aztarna ugari aurkitu dira[4].

1984an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendapena eman zion[5].

Aurkikuntza eta ikerketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrixka edo aztarnategi hori Alejandro Sampedro Martínezek aurkitu zuen, 1935ean. Lurra lantzerakoan, zeramika asko agertzen zela ikusirik, indusketak egiten hasi zen, eta antzinako herrixka baten aztarnak aurkitu zituen azpian. Hark Carlos Sáenz de Tejadari eta Alvaro Gortazarri jakinarazi zien aurkituen berri, eta horiek, indusketa sakonagoak egin ondoren, txosten bat atera zuten. Haiek jarri zioten La Hoya izena. Urte horiez gero ere indusketa asko egin da: 1950ean, Domingo Fernández Medrano, Máximo Ruiz de Gaona eta Basilio Osaba aritu ziren lan horretan; Gratiniano Nieto, handik bost urtera, eta Arabako Arkeologia Institutuko zenbait kide, Armando Llanos zuzendari zutela, 1973an. Dena den, parterik zaharrena ia ukitu gabe dago oraindik. Hala ere, La Hoya oso ezaguna da gaur, eta ez bakarrik Euskal Herrian.

Ezaugarri fisikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain arte egin diren azterketen arabera, lau hektarea inguru hartzen zuen herriak. Inguruko zelaiak baino 5 bat metro altuago dago, baina, 5 metro horietatik 3, mendeetan zehar pilaturiko hondakinez osatuak ditu. Harresiz inguratua zegoen, eta puska handia oraindik zutik da. Harresiaren oinean bada, halaber, saihetsik saihets igarotzen den aspaldiko bide bat ere; dirudienez, Guardia aldea Errioxarekin, Nafarroako mendebalarekin eta Kantabriako mendiekin lotzen zuen.

La Hoyako lehenbiziko biztanleak zein izan ziren, ez dago indusketa sakonagoak egin arte zuzen jakiterik. Dena den, K. a. XV. mendean hartua zegoen jada, eta jakitunek diotenez, Europako erdialdeko lehenengo taldeak Pirinio mendietatik barrena sarturik, inguruetan bizitzen jarri zirenerako, leku horretan zenbait mende bazeramaten beste batzuek.

Europako erdialdeko lehenbiziko talde horiek La Hoyara ailegatu eta urte batzuetara, beste talde batzuk iritsi ziren, K. a. XIII. mendean. Europako erdialdeko herriak ziren horiek ere. Azkeneko horiek Ebro ibaian gora sartu ziren, Aragoitik eta Nafarroatik barrena, jakitun batzuek diotenez, alde horietakoen antzeko etxe-egiturak (lauki-zuzenak) agertu baitira aztarnategiaren azpieneko mailan. Nolanahi ere, bertan lehendik bizi zirenekin bat egin, eta geroztik beroi izenez ezagutu den herria osatu zuten horiek.

K.a. V. eta IV. mendeen bitartean, berriz, herri zeltak heldu ziren hegoaldetik, eta, indarrez edo bestela, La Hoya harturik, bertakoekin bat egin zuten horiek ere.

Kristo aurreko IV. eta III. mendeen artean, talde batek La Hoyako (Guardia, Araba) herrixkari eraso egin zion, eta herritar asko hil. Su eman zioten herriari, erraustuta gelditu zen dena, eta hala kontserbatu delako aurkitu dituzte sarraskiaren aztarna ugari —baita kalean bertan hildako gizon-emakume zein umeen gorpuak ere; batzuk, gorputz-atalen batzuk moztuta—.

Garairako oso garatua zegoen La Hoyako herri harresitua, kaleak eta espaloiak ere bazituen, merkataritza zentro inportantea zen, eta etxebizitza batzuek denda gisa irekitzen zituzten ateak kalera. Merkatu egun batez egin zuten erasoa, eta pentsatzen da La Hoyaren indar komertziala suntsitu nahi izan zutela; eta ez oso urrutiko herriren bat izan behar zuela erasotzaileak[6].

Zernahi dela ere, erromatarrak iritsi baino lehen gertatu zen hori, I. mendea baino lehen, alegia, ez baita horien mende egonda izango zen adina erromatarren aztarna aurkitu.

La Hoyak ere bazuen (badu), garai bereko beste bizigune askok bezala, bere harresia. Aurkitu diren harresi-atalen eta aztarnen arabera, hiru alditan egin zen gutxienez. Hasierakoak habez eta hesolaz egina zuen parte bat, mendebalekoa, eta harriz eraikia, ekialdekoa. Biak garai berekoak diren ala ez, ez da jakin ahal izan oraindik. Horiek baino eremu zabalagoa hartzen zuen gero eraiki zutenak. Honetan ere bi alde bereiz daitezke: ekialdeko parte osoa eta iparraldearen parte bat hartzen zuena, eta mendebaleko alde guztia eta iparraldearen parte bat hartzen zuena. Bi horma-errenkada ditu lehenengoak, harriz eta karez eginak biak, eta harri soilez betea, hormatik hormarako tartea. Teknika hobea nabari da bestean, zeltak sartuz gero eraiki bide zenean. Harri handiz eta horiei harri txikiagoz altxagarria ezarriz egina dago hori. Alde batzuetan, azpiko harkaitzari zimenduz erantsiak ditu oinarriak. Garai horretako harresia nahiko osorik dago oraindik. Leku batzuetan 3 metrorainoko altura du. Hegoaldeko partean bakarrik ez da harresi-aztarnarik aurkitu, baina, horma-barruti triangeluar bat agertu da, harresietako sarrera nagusia zaintzen zuen dorrearena edo, agian.

Herriaren egituran ere bi alde bereiz daitezke: zeltiberiarren garaiari dagokiona, bata, eta horiek sartu baino lehen zuena, bestea. Zeltiberiarren garaian zer egitura zuen nahiko argi ikusten da aztarnategian, izan ere, hori baita gehien induskatu eta aztertu dena. Garai horretako herriak lau haizetara begira zituen kale nagusiak eta horien perpendikularrean edo sare-moduan antolatuak gainerakoak, alboetarakoak, alegia. Kale batzuk eta besteak ez ziren, hala ere, elkarren parean bukatzen edo hasten, kale nagusiaz bestaldean hurbilen zutena baino goraxeago edo beheraxeago baizik. Bestalde, baziren horietan alde batetik bestera zikindu gabe igarotzeko harri handi zabal batzuk ere, tarteka. Etxebizitzak, berriz, oinez lauki-zuzenak nahiz trapezoideak ziren, 16 metro inguru luze eta 5,50 metro inguru zabal. Hiru gela ohi zituzten, hesi modura gurutzatutako adaxkaz eta buztinez edo ohol hutsez banatuak.

Gela nagusia beste bien artean zuten, eta aurkitu diren aztarnen arabera, gela horretan, horma nagusiaren kontra, sua egiteko lekua. Harrizko oina zuten horma horiek. Oinetik teilatura bitartekoa, aldiz, habez eta buztinezko adreiluz bete ohi zioten etxeari. Teilatua bera habe txikiz eta belar edo ihiz estalia zuten; erlaitz zabalekoa eta bi isurkikoa gainera, gehienek. Erlaitz zabala izateak eta espaloietan agertu diren zenbait aztarnek, bestalde, biztanleek egunaren parte handi bat kalean ematen zutela adierazten dute.

Tamalez, zehaztasun gutxiago eman daiteke antzinako herriari eta etxeei dagokienez, aztertu ere, ez baita behar adina aztertu hori, ez sakonean ez zabalean.

La Hoyako zeramikazko kutxak –barrurantz zein kanporantz egindako ildaskez apainduak–. Gasteizko Arkeologia Museoa

Etxeei buruz zenbait datu eman daiteke, hala ere. Bi alde bereiz daitezke antzinako herrian. Alde bateko etxeek horma zuzenak edo elkarri buruz angeluak eratuz lotzen zirenak zituzten; biribilean edo biribil samar eratuak, aldiz, beste aldekoek.

Gainontzean, horma nagusiak era bertsuan eraikiak zituzten zeltiberiarren garaikoek eta besteek, harrizko zokaloa oinean eta hesolaz edo habez eta buztinez betea, zokalotik gorakoa.

Zeltiberiarren garaikoetan ez diren bi elementu bereiz daitezke antzinako herrian ziren etxeetan. Esan bezala, harrizko zokaloak edo horma-oinak zituzten, baina zeramika-puska handi batzuk ere sartu ohi zituzten horietan; etxe-barruetako zorua ere, bestetik, buztinezkoa zuten, buztin zanpatu gogorrez eratua eta gorriz pintatua.

Kultura materiala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Hoyako jendeak garai batzuetan eta besteetan zer bizimodu egiten zuen jakiteko garrantzi handia dute, halaber, zer ontzi- eta tresneria-mota erabiltzen zituzten aztertzeak ere. Molde, itxura, kalitate eta apaingarri-mota askotako ontziteria agertu da, baina agertu direnen artean, bi ontzi- edo zeramika-mota bereiz daitezke: antzinakoa edo aztarnategiko azpieneko mailan agertu dena eta gaineko mailan agertu dena. Aski zeramika zarpaila da azpieneko mailakoa, buztin ilun edo beltzez eta, pitza ez zedin, harri-koskorrak nahastuz egina; eskuz edo motel jiratzen zen tornuan moldatua eta hala-holako labeetan errea, berebat, oso kontuz landu eta leundutakorik ere azaldu den arren.

Egituraz, oin eta lepo estukoak eta gerri eta aho zabalekoak dira horiek. Soka itxurako edo behatzak buztinean sakatuz egindako apaingarriak dituzte. Esan bezala, agertu da finago landutakorik ere; oro har, ontzi txikiak dira azkeneko horiek, edalontzi gisa erabiltzen zituztenak agian.

Teknika hobea nabari da gaineko mailakoetan. Ageri denez, bizkor jiratzen zen tornua erabiltzen zuten ontziak egiteko eta egosi ere, aurreko garaian baino labe hobeetan eta buztina oxidarazten zuen sutan egosten zituzten.

Berezko kolorea horia ohi zuten, baina marra beltzez eta irudi geometrikoz apaintzen zituzten gero. Garai horretako ontzi eta tresneria asko agertu da: kopak, kazuelak, antoxinak edo orainago kutxen modura apaindutako zeramikazko kutxatilak, ehundegirako pisuak, txanpon gisa edo erabiltzen zituzten buztinezko bola txikiak, larruzko zakuak, labanak, eskuturrekoak, besteak beste. Horietako asko edo gehienak, bai buztinezkoak bai metalezkoak, bertan egiten zituzten, metala lantzeko moldeak ere agertu baitira.

Jan, berriz, garia, garagarra, basartoa, fruituak eta ezkurra, ardikia, behikia, txerrikia, eta orein-, ahuntz- eta basurde-haragia jaten zuten, batik bat. Jantziei dagokienez, ez da aztarnarik agertu, benetakorik behintzat, baina bai brontzezko gizon irudi bat, txanoz, jaka estu eta soineko-moduko batez jantzia. Irudi horietan, normalean erabiltzen zituzten jantziak irudikatu izango zituztela uste da.

La Hoyako armak Gasteizko Bibat museoaren arkeologia zatian.

La Hoyako biztanle haiek zer sinesmen-modu zituzten edo zer gauza gurtzen zituzten jakitea ere ez da lan erraza, izan ere, ez baita hori argi diezagukeen aztarna askorik.

Zenbait animaliari jaiera berezia ziotela esateko adina arrasto azaldu da, dena den: suge-irudiak, erabiltzen zituzten eskuturrekoetan; abelgorriak, hilarrietan eta jantziak lotzeko belarrietan; oreinaren adarrak, harresiaren oinarrietan.

Burezurrari ere jaiera berezia zioten, itxura denez. Hala adierazten du, bederen, etxe baten barruan aurkitu den burezurrak eta beste zenbait lekutan agertu diren burezur-puska landuek, nonbait apaingarri gisa edo erabiltzen zituztenek[7]. Zer sinesmen-modu zuten jakiteko hildakoei buruzko errituez baliatu nahi izanda ere, argibide gutxi lortuko genuke, ehortzitako gorpu batzuk azaldu diren arren, adin txikiko haurrenak baitira horiek, eta hilerririk ez baita orain arte aurkitu.

Etxe barruan eta horma nagusiaren ondoan ehortzirik agertu dira gorpu horiek. Zenbaiten iritzian, ohitura horrek eragin zuen kristautasuna sartzean indarrean iraun zuen beste ohitura bat, bataiatu gabeko haurrak, kanposantura gabe, baserriko itaxurraren parean ehorztekoa. Helduen bost gorpu bakarrik aurkitu dira guztira; herriak jasan zituen erasoetakoren batean hilak ote diren uste da, kalean agertu baitira bostak: lepoa eta eskuineko besoa moztuta, bat, eta, harrapa ez ziezazkieten edo, inguruan zerri batzuk zituztela, beste bi.

Jose Vicente Juanes Fuertes, proposatu du erasoa inguru horretako zelta taldeen arteko gerraren ondorioa izan zela[8].

Musealizatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun herriaren aztarnak bisita daitezke bertako hirigintza bertatik bertara ikusteko eta, bestalde, La Hoyako interpretazio zentroan garaiko herriaren horretako ezaugarriak eta eguneroko bizitza azaltzen ditu. Herrixkak II. Burdin Aroan zuen itxuraren maketa ikus daiteke, baita etxeen erreprodukzioa ere, benetako tamainan. Horren barruan gela guztiak eta aztarnategian topatutako objektuak ikus daitezke[9]. Azkenik, aztarnategian aurkitutako pieza batzuk Gasteizko Bibat museoan ikusgai daude.

  1. Euskadiko Kultura Ondarearen web datu basean "Hoya herria" izendatzen da. Ikusi: Hoya herria. euskadi.eus.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Llanos, Armando. (1975). «Excavaciones arqueológicas en el poblado de la Edad del Hierro de la Hoya, Laguardia (Álava)» Noticiario arqueológico hispánico (4): 273-288. ISSN 0211-1748..
  2. Llanos, Armando. (2005). Mil años en la vida en el poblado Berón de la Hoya, Laguardia-Álava. Nafarroako Foru Aldundia ISBN 84-7821-625-1..
  3. «La Hoya Herrixka - arabaturismo - web.araba.eus» alavaturismo.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
  4. (Gaztelaniaz) «N_20160817 Huella genética de La Hoya» UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2024-06-10).
  5. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria (EHAA) (Gasteiz: Eusko Jaurlaritza) 132 1984-08-4 (Noiz kontsultatua: 2023-05-14).
  6. Ansa, Mikel P.. «Kultura bat, bertsio asko» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  7. (Gaztelaniaz) Llanos Ortiz de Landaluze, Armando. (2007-2008). «El rito de las cabezas cortadas , en el poblado de La Hoya (Lagaurdia, Álava)» Veleia 24-25: 1273-1281. ISSN - 2095 0213 - 2095..
  8. (Gaztelaniaz) Juanes Fuertes, jose Vicente. (2021). «El ataque al poblado de La Hoya (Laguardia-Álava, España)» Casamayor Mancisidor, Sara; Portero Hernández, Rodrigo eta Álvarez Fernández, Esteban (arg). La violencia en la historia (Ediciones Universidad de Salamanca): 91-105. ISBN 9788413115085..
  9. «La Hoya» web.araba.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]