Nabarrismo
Nabarrismoa Nafarroa Garaiaren interesak eta nortasun desberdina babestea beste helbururik ez duen doktrina edo mugimendu politikoa da. Egungo testuinguru politikoan, UPNk babesten duen posizio politikoari deitu ohi zaio nabarrismoa, Nafarroa gainerako euskal lurraldeetatik espresuki bereizten duena. Alde horretatik, Nafarroaren egitura administratibo-politikoaren iraupena aldezten dute, beste euskal lurraldeekin lotuko dituen egitura berririk sortu gabe.
Nabarrismo hori, espainiar nazionalismoarekin identifikazio teoriko handikoa, XX. mende hasieran hasi zen umotzen Diario de Navarra egunkariaren eta Victor Praderaren teoria katoliko tradizionalisten inguruan, Espainiako monarkiari biziki atxikia. 1932an, euskal abertzaletasunarekiko harremanak hautsi zituen, Lizarrako Euskal Herriko estatutuaren kontra indar berezia eginez eta Espainiako Errepublikaren kontrako estatu kolpea antolatzen parte hartuz. 1936an hasita, diktadura erregimenaren Nafarroako erakundeetan hartu zuen gorputz instituzionala, ikuspegi ideologiko nazional-katoliko batez.
Politikan joera hori gailendu den arren, bada gizarte multzo bat eta talde nabarristak, nafartzaleak, Nafarroak historikoki Euskal Herrian izan duen protagonismoa eta haren euskal estatu izaera babesten duena. Arturo Kanpionek adierazi du ildo hori: euskaltzalea eta euskal abertzaletasunarekin harreman handikoa. Egun, batzuetan, Nafarroaren ikuspegi politiko progresista bati lotuta ageri da, euskal abertzale izan edo ez.
Nabarrismo eskuindar espainolista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroa Garaiaren nortasuna Espainiaren barnean garatu eta Euskal Herriko beste lurraldeetatik bereizi nahi duen jarrera politikoa da.[1] Nabarrismo ezagunena da hau, egun bereziki Nafar Herriaren Batasuna (UPN) eta Nafarroako Alderdi Popularra (PP) alderdien inguruan harilkatua. 2011 arte existitutako Nafarroako Demokraten Elkargunea (CDN) nabarrista zen, ñabardurak ñabardura, eta, azken hamarkadetan, Nafarroako Alderdi Sozialista hor kokatu da, Nafarroa Garairako Foru Hobekuntza erregimenaren epelean. Ideologiaz, neurri desberdinetan espainiar nazionalistak eta euskal abertzaletasunaren aurkari sutsuak, historikoki eskuinera lerratuak eta muturreko katolizismoaren aldekoak.
« | Nabarrismo foruzale katolikoa espainiar nazional-katolizismoaren tokiko bertsioa da... Garcilaso, Pradera, Esparzaren nabarrismoa, frankistak, eta, demokraziaren garaian, Uranga (Ollarra), Aizpún eta Del Burgo, beti egon da Nafarroako gizarteko eskuinari eta sektore kontserbadoreari atxikia, espainiar nazionalismo eta nazional-katolizismoaren zerbitzutan. | » |
—Juan Cruz Alli[2] |
Sustraiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendeko historian, jarrera politiko honen kide nagusiak Raimundo García García "Garcilaso", Víctor Pradera, Eladio Esparza, Jesús Aizpún, eta Jaime Ignacio del Burgo izan dira. Nabarrismo espainolistak 1841eko Lege Hitzartuan bilatu nahi izan ditu bere erroak. Hala ere, jarrera hori ere XX. mendeko bilakaera bat izan da, nabarrismo espainolistaren hainbat aldezle garrantzitsuk gaitzetsi egin baitzuten 1841eko konponbide hori, edo onartu bederen nafar herriak haserre edo traiziotzat hartu zuela (Jose Maria Iribarren).[3] 1841etik aurrera, Nafarroa Garaiak, alde batetik, eta mendebaldeko euskal lurraldeek, bestetik, hartu zituzten bide desberdinek bi eredu politiko adierazi zituzten: lehena Espainiako probintzia izateko ia asimilatua, baina ezohiko estatus baten jabe; bigarrena, berriz, aurreko egitura instituzionalari atxikia.[4]
1865 ingururako, Nafarroa Garaiko eskola katoliko tradizionalista berezi bat identifika zitekeen, Espainiako beste euskal lurraldeekin lankidetzan aritu eta hurbiltzearen aldekoa eta foruzalea; liberalismoaren eta separatismoaren kontrakoak ziren, «"nabarrismoko eskola banandu bat", teokrazian oinarritua», progresistek deitu ziotenez.[5] Gamazadak, 1893-1894. urteetan, 1841eko probisioak hausten zituen Gamazo Espainiako ogasun ministroaren erabakiaren kontra harrotu zituen nafarrak; ondorioz, 1841eko Foruak Eraldatzeko Legea nafar identitatearen ikur bihurtu zituen askorentzat.[4] XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran nabarrismoaren zati handi batek identifikazio oso nabarmena zuen euskaltzaletasunarekin. Joera eskuindar erreakzionarioek eta katolikoek ontzat ematen zuten euskozaletasuna. Are, hori izan zen Diario de Navarra egunkariak izan zuen posizioa sortu berritan (1903).[6] Nafarroako Aldundiak Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza sortzen parte hartu zuen, baita Euskalerriaren alde aldizkaria ere, eta euskal unibertsitatearen proiektuan lan egin zuen.[7] Bat zetozen joera horrekin Raimundo Garcia Garcilaso, Victor Pradera, Rafael Aizpun, Julio Ruiz de Alda, Joaquin Beuntza eta abar, guztiak ere kontserbadoreak, katolikoak eta espainiazaleak, baita Eusko Ikaskuntzako kideak ere.[7]
Haietako asko karlistak ziren, edo karlismotik ateratakoak. Urte gutxiren buruan, ordea, jarrera aldatuz joan ziren, eta euskal asmo politikoekin mesfidati agertzen hasi ziren. Euskal Herria bai, baina subjektu pasibotzat hartuta. Floren Aoizek, historialari eta ezker abertzaleko bozeramaile izandakoak, euskal lurraldeen arteko polarizazio batean aurkitu du horren arrazoia. Garapen industrial bizkorraren epelean, nekazaritzan oinarritutako nafar lurjabeek eta kazikeek errezeloz ikusten zuten Bizkaiko eliteek hartutako nagusitasuna eta lurralde horren demografia hazkundearen indarra. Bizkaian ideia berriak ere puri-purian ziren, eta nafar jauntxoek arriskugarritzat zeuzkaten berrikuntza horiek guztiak. 1917tik aurrera, beste euskal lurraldeetara baino, jauntxo horiek Madrilera joan ziren babes bila, baita euskal lurraldeen arteko edozein batasuni gogor egin ere;[8] izan ere, langile mugimendu laikoaren eta euskal zein katalan nazionalismoaren goraldiak indar handiz piztu zuen Espainia aberri mehatxatuaren ideia, eta nafar eliteek bat egin zuten osoki harekin.[9]
« | Euskal lurraldeak berdinak dira denak, baina ikara eragiten dit batasunak, orduan Bizkaiarena izanen baita hegemonia. Eta, Bizkaian [euskal] nazionalistak nagusi direnez, haiei lotuta egonen ginateke denak. | » |
—Víctor Pradera Diario de Navarran, 1919ko urtarrilaren 6a[8] |
Artean, nabarrismo honen gehiengoak Espainiako Bigarren Errepublikaren garai arte euskal abertzaletasunarekin harreman nahiko ona izan zuen, baita helburu askotan bat egin ere; izan ere, biek ere foruzaletasunean eta karlismoan zuten jatorria neurri txiki edo handiagoan. 1931n, ordea, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko Lizarrako Estatutua zela eta, tradizionalisten barruan zatiketa handi bat izan zen, eta buruzagi batzuek Nafarroa politikoki Euskal Herriko beste lurraldeetatik aparte uztearen alde egin zuten (Iruñea, 1932). Karlismotik kanpora, Rafael Aizpunen Unión Navarra alderdia Lizarrako Estatutuaren alde agertu zen, Nafarroa Madrilgo eta Espainiako politikatik kanpora uztea hobe zelakoan, baina Espainiaren batasuna auzitan jarri gabe eta Nafarroaren egitura instituzionala kolokan jarri gabe, gero haien posizioa aldatu bazuten ere.[10]
Espainiako Gerra Zibilaren hasieran, matxinoen estatu guztiko abangoardia osatu zuten, adibidez, Ignacio Baleztenak 1936ko estatu-kolpeari atxikimendu karlista erabaki zuen Emilio Molarekin 1936ko uztailaren 12an. Karlistak eta falangistak elkarrekin lehiatu ziren Nafarroan agintea eskuratzeko, tentsio handiz batzuetan. Frankismoko karlistek, baina, ez zioten uko egiten Nafarroaren euskaltasunari. 60ko hamarkadan, Nafarroako frankismoko eliteek botere-banaketa egin zuten Nafarroako Aldundiaren inguruan, eta Nafarroako familia ezagunek posizioak hartu zituzten orduan, tartean Jaime del Burgo (Kultura Departamendua) eta Jaime Ignacio del Burgo semea (Industria Departamendua). Hurrengo hamarkadetako Nafarroako erregimenaren zutarriak ezarri zituzten orduan.[11]
Nafarroarako Hobekuntza erregimena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1977an, Nafarroako Aldundiko hainbat buruzagik bat egin zuten UCDrekin. 1977ko hauteskundeetan, Hego Euskal Herriaren estatutua sortzearen aldeko alderdientzako bozkak kopuruz irabazle atera arren, UCDk atera zituen diputatu gehiago. 1978an, UCDko zenbait buruzagik uko egin zioten Eusko Kontseilu Nagusi sortu berrian sartzeari, ezta aukera hori irekita uzteari ere. Ate hori erabat itxi behar zelakoan, UCDk onartutako Espainiako Konstituzioko Laugarren Xedapen Iragankorrari uko egiteko sortu zen Unión del Pueblo Navarro. Nabarrismo horren sortzailea Jesús Aizpun izan zen, 'foruen berrezarpen osoa'ren aldeko iritzi sutsukoa, baita Nafarroako estatusaren ustezko izaera itundu tradizionalaren zalea ere.[oh 1]
Nafarroa Garaia bereizita geratu zen gainerako lurraldeetatik, Amejoramiento edo Hobekuntzaren bitartez (LORAFNA ere deitua). Antolamendu administratibo eta politiko hori ez zen erreferendum bidez berretsi ahal izan, nabarrismoaren (espainolistaren) aldezleek horretarako hauxe argudiatuta: ez zela horren beharrik, ordu arteko erregimena egokitu egin zutelako, eta ez berri bat sortu. Aldiz, eragile nabarrista horiek berek gehiengo kualifikatuak erreklamatu zituzten beste euskal lurraldeekin erakunde bat osatzeko, erakunde berri bat sortzen ariko liratekeelako.[12] Jaime Ignacio del Burgok bat egin zuen UPNrekin, baita Euskadiko Alderdi Sozialistako nafarrek (Victor Manuel Arbeloa) bide horretan haiekin bat egin ere 1982tik aurrera. Gabriel Urralburuk bide berari heldu zion, eta PSN sortu zuten PSEtik aparte.
« | Nafarroa euskal populuaren [Pueblo Vasco] parte funtsezkoa da... Are gehiago: nik esango nuke Nafarroa dela, ia bera bakarrik, euskal populua. | » |
— Jose Javier Uranga Ollarra, Diario de Navarra, 1980ko apirilaren 10a[13] |
Garai honetan, UPNk ez zuen, hala ere, nafar euskaltasunaren kontra jo zuzenean, ezta PSNk ere, baina UCDrekin batera, Euskararen Foru Lege murrizgarria onartu zuten, eta Nafarroa Garaiaren euskaltasun osoa bakarrik lurralde horren iparraldeari onartu. Patxi Zabaletak UPNren sorreran ez du ideologia jakinik identifikatzen, "euskal nazionalismoaren kontra egotea besterik ez". Garaikoetxeak dio PSEren Nafarroako adarrak men egin ziola "botere estamentuen eta batik bat komunikabide baten presioari", eta 'traizio' egin.[14] Denboraren poderioz, alderdi horietako buruzagiek ikuspegi oso kontraesankorrak hartzen joan ziren Nafarroaren euskaltasunari buruz, hasieran inondik ere zalantzan ez jartzetik 90eko hamarkadatik aurrera erabat ukatzeraino.[15]
« | Sabino Aranak asmatu zuen Euskal Herria terminoa, berehala laburtu eta Euzkadi bihurtu zen hori. | » |
— Jesús Aizpún, 1992[16] |
Juan Cruz Allí Nafarroako presidentea UPNtik atera zen (1995ean), besteak beste Nafarroan euskal gaiekiko alderdi horrek zuen jarrera baztertzailea gaitziritzita, eta CDNko buru bihurtu. Politikari horren ustez, 2000. urtearen bueltan, UPNk Euskararen Foru Legea hutsaldu egin zuen, hizkuntz lurralde mistoa erdal lurraldearekin parekatuz.[17][oh 2] EAErekin 1980ko hamarkadatik Nafarroa Garaiko eskuinaren eta PSNren ahotan zebilen EAErekiko organo komun iraunkorra sortzea 1995ean jarri zen abian, uda horretan Juan Cruz Allik, PSNko Otanok eta EAko Erraztik gobernua osatu zutenean. UPNko Miguel Sanzek, berriz, berehala erreakzionatu zuen, eta egitasmo hori eragozteko konpromisoa eskuratu zuen Espainiako presidente Jose Maria Aznarrengandik, Madrilera espresuki bidaiatuz.[18] Diario de Navarrak PSNren Suitzako banku kontu sekretu baten existentzia azaleratu zuen, eta gobernua berehala desegin zen, baita organo komun iraunkorraren egitasmoa deuseztatu ere.[18]Trukean, UPN-CDNren gobernua eratu zen, Miguel Sanzen buruzagitzapean, eta Yolanda Barcina Iruñeko alkatetzara heldu zen handik gutxira, biak ere Nafarroako euskaltzaletasunaren aurkakoak.
Euskaltasunaren bazterketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal aurrezki kutxak federazio solte batean elkartuta zeuden 1924tik. Bada, 90eko hamarkadan Nafarroako agintari berriek uko egin zioten beste euskal kutxekin bat egiteari, CAN bere aldetik aritzeko. Aldi berean, ordu arte ikusi ez bezala, euskal kultura eta euskaltzaletasunaren kontrako jarrera esplizitu eta ausart bat azaleratzen hasi zen UPN alderdian eta eskuinean. Iruñeko Udaleko Yolanda Barcinak eta UPNk auzoetako elkarte eta ekimenen kontra ekin zioten, tartean ere Korrika eta AEKri jarritako debekuak.[19] 2011-2015eko aldia bereziki polemikoa izan zen Nafarroan, haserrea handitu egin zen, UPN eta PSNrekin: CAN auzia, euskararen kontrako jazarpena, pribatizazioak.[19]
Nafarroako Hezkuntza Saileko arduradun berria, Jose Iribas, Barcinaren eskutik heldu zen gobernu lanetara, eta bere oinarri ideologikoen artean sartu zuen euskararen kontrako ekintza, eta berehala debekatu zituen 'Euskal Herria' izena aipatu edo Euskal Herriko mapak erakusten zituzten testu liburuak.[oh 3] Gero, kriminalizazio giro batek jarraitu zion, D ereduko irakasleak 'ETAzale' izateko susmopean jarriz, horretarako Guardia Zibilak ondutako txosten bat baliatuz, hainbat sindikatuk D ereduko irakasleen izen ona zikintzeko operaziotzat jo zutena. Bai hezkuntzan, bai giro euskaltzaleetan mobilizazioak harrotu zituen.[20]
2015eko ekainean, hamarkadatan PSNren babesaz Nafarroako gobernura heldutako nabarrismo espainiarzaleari lauko gobernu aurrerazale batek hartu zion errelebua, abertzaleen partaidetzaz eta, gehienean, euskaltzalea. UPN-PP oposiziora pasa berritan, estu hartu zuen gobernu berria, eta haren euskararen aldeko jarrera salatu. 2017ko udaberrian, Nafarroako gobernuak Euskararen Legea eraldatzeko asmoa plazaratu zuen, baita hainbat herrik legezko eremu euskaldunera sartzeko eskatu ere.
UPNk, berriz, Zizur zendea eremu mistotik ez-euskaldunera sartzeko erabakia bultzatu zuen maiatz hasieran, tokiko hainbat eragileren haserrearen erdian.[21] Ia aldi berean, UPN-PPko gobernuen arauz kanpoko kudeaketa kasuak azaleratu ahala eta Nafarroako Ikurren Legea baliogabetzearen kontra, UPNk, PPk eta Ciudadanosek manifestazio bat deitu zuten Nafarroako bandera aldarrikatzeko, eskuin muturreko sektoreen atxikimenduaz.[22] Are, PSNk bat egin zuen sektariotzat jotako manifestazioarekin.[23]
Nabarrismo euskaltzalea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gutxienena edo euskaltasunaren aldekoa, euskaraz nafarzaletasuna ere deitzen zaio; abertzaletasunarekin identifikatuta egon da neurri handi batean, baina eremu politiko zabalagoa hartuz: Nafarroa Garaiaren nortasuna Euskal Herriaren baitan garatu nahi duen jarrera politikoa da. 1876an Bigarren Karlistaldia amaitzearekin batera, kezka berezia piztu zen foruen eta Nafarroaren euskal identitatearen galerarekin. Gerra-legearen debekua gaindituz, euskal lurraldeetako hainbat euskaltzalek La Paz egunkaria sortu zuten Madrilen. Bada, haren itzalean garatu zen Nafarroako Euskal Elkargoa (Asociación Euskara de Navarra gazteleraz ezaguna) Arturo Kanpion lemazainetako bat izanik, baina zuzenean politikan aritzeari muzin egin zioten, gehiago kultura arloari erreparatuz. Gamazadak (1893-1894) askoren euskal-nafar sentimenduak bateratzea lortu zuen foruen inguruan;[4] eta Nafarroako lehenbiziko abertzaleak agertu ziren: Estanislao Arantzadi, Daniel Irujo eta Manuel Irujo aita-semeak, etab.
1903an sortutako Diario de Navarrak, beste katoliko eta tradizionalista ia guztiek bezala, euskaltasuna eta foruak aldarrikatzen zituzten, artean. Hurrengo hamarkadan, ordea, argi geratzen hasi ziren posizio desberdinak, kontzientzia politikodun nafar euskaltzaleen eta nafar euskaltzale espainolisten arteko tirabirak. Hala ere, 1917tik aurrera, hainbat euskal proiektu landu zituzten elkarrekin Nafarroako Aldundia oinarri hartuta: Eusko Ikaskuntza, Euskal Unibertsitatearen egitasmoa, Euskaltzaindia, etab. Nafarroako Diputazioak Espainiako lau euskal lurraldeen, "provincias hermanas" direlakoen aldeko adierazpenak egiten zituen. Artean, adostasuna zegoen mende hasieran Foruen Monumentua eraikitzeko eta bertako elementu euskaltzaleak hautatzeko.[24]
Aldiz, egitasmo zehatzen babeserako salbu, arrakalak zabaltzen ari ziren bi talde handiren artean. Karlismoan laster nabaritu ziren zatiketak: 1922ko Amaiurko oroigarriaren inaugurazioak hautsak harrotu zituen. Víctor Pradera eta beste tradizionalista batzuk kontra sutsuki, Kanpionen eskola euskal herrizaleari aurkajarriak;[4] karlista jaimistak, aldiz, oroigarriaren alde izan ziren (Ignacio Baleztenak, adibidez, inaugurazioan parte hartu zuen). 20ko hamarkadan, karlista jaimistek gertutasuna agertu zuten nafar euskal abertzaletasunarekin. 1923an, La Voz de Navarra egunkari nafarzale euskaltzalea sortu zen, foruzalea eta nafartasunaren euskal identitatea defendatzen zuena. Hala ere, bere irakurle multzoa aurkitu arren, ez zien itzalik egin ahal izan kopuruz Diario de Navarra eta El Pensamiento Navarro handiagoei. Liberalen kontrako hiru egunkariek polemikak izan zituzten sarritan, nafartasunaren hainbat gaitz elkarri leporatuz:
« | PAMPLONESES / Diario de Navarra ha sido el periódico más funesto de nuestro país. Desde que se publica, Navarra ha cambiado de fisionomía, perdiendo toda sensibilidad en sus cuestiones fundamentales. / Está entregado a la tendencia asimilista y castellanizante ofendiendo siempre a todo aquel que piensa en navarro (...). | » |
—La Voz de Navarra, 1930 aldera[25] |
1931ko ekainean, Euskal Herriko udalerrien bilkurak oniritzi orokorra eman zion Euskal Herriarentzako Sortarauari (Lizarrako Estatutuari), baita nafar ordezkariek ere. Haren alde kokatu zen Joaquín Beuntza, bat aipatzearren. Aldiz, berehala hasi ziren eragozpenak karlismoaren eta eskuinaren barrutik, nabarrismo espainolista deitutakotik: estatuaren proiektua zapuztuta geratu zen 1932an, Nafarroa kanpoan geratu zen. Karlista euskaltzaleak eta jaimistak uzkurtu egin ziren harrezkero, Manuel Fal Conde buruzagi karlista berriaren gerra logika gailendu ahala. Errepublikaren garaiko euskal nabarrismoan kokatzen dira ere ezkerreko hainbat pertsonaia publiko, tartean dela David Jaime Dean.[26]
Egun, Geroa Bai, EH Bildu eta Aralar alderdiek bere alde egin dute, orain dela gutxi arte Nafarroa Bai, eta abertzaleak ez diren baina ideologia ezkertiar edo aurrerakoia duten Batzarre, Nafarroako Ezker Batua edo Ahal Dugu alderdiek maiz Nafarroaren euskalduntasun kulturalaren alde egin dute, betiere. nafar gazteleradunen eskubideekin oreka mantenduz. Nabarrismoaren adar honek XX. mendearen amaiera arte Nafarroa Garaian indar apala izan arren, denboraldi honetan jatorrizko sustraietatik edateaz gain, ezker politiko, progresismoa eta laizismorako jauzia egin du. 2015eko hauteskundeetan, nabarrismo mota honen adierazletzat jo izan den koalizio zabal batek Nafarroako Gobernuko agintea hartu zuen. Gizarte-arloko mugimendu gisa, Nabarralde elkartearen inguruan harilkatzen da, elementu historizista handikoa eta, ekainean, nafar independentzia aldarrikatzen duen Noaingo guduko martxa antolatzen du Getze-Galarren.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Hala ere, Rodolfo Martin Villa espainiar ministro frankistaren 1979ko 121/79 Errege Dekretuak uko egin zion bere aurreko beste legeren indarrik onartzeari; ikus Zabaleta, P. (2016), 305-311. or.
- ↑ Allik beste euskal lurraldeekiko nortasun historiko desberdin bat identifikatzen du, besteak [Gaztelako] 'probintziak' izan diren neurrian, Nafarroa ez bezala. Gainera, defendatzen du inguruko beste lurralde batzuekiko (Aragoi, Errioxa...) antzekotasunak ere badituela.
- ↑ Iribasek 22 testu liburu debekatu zituen. 2011tik 2015era, Nafarroako hezkuntza komunitatea ia hilero atera zen kalera.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Berriaren Liburu Estiloa
- ↑ Hemen aipatua: Esparza, J.M. Aoiz, F. Zabaleta, P. (2016), 12. or.
- ↑ Zabalegi, José María Esparza. (2009-09-16). «Del Burgo: ¿ingenuo o perillán?» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
- ↑ a b c d Elorriaga, Ibai. (2014). «Nabarrismoaren bilakaera historikoa euskal-nafar batasunaren aurrean» Kondaira. UEU, 14-17 or. http://www.kondaira.eus/article/view/47/52.
- ↑ Elorriaga, Ibai. (2014). «Nabarrismoaren bilakaera historikoa euskal-nafar batasunaren aurrean» Kondaira. UEU, 6 or. http://www.kondaira.eus/article/view/47/52.
- ↑ Orzaiz, Ion, Senar, Joxerra. (2016). Nafarroa, orain ala inoiz ez. , 126 or. ISBN 978-84-9027-661-7..
- ↑ a b Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 39. or.
- ↑ a b Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 40-41. or.
- ↑ Elorriaga, Ibai. (2014). «Nabarrismoaren bilakaera historikoa euskal-nafar batasunaren aurrean» Kondaira. UEU, 25-27 or. http://www.kondaira.eus/article/view/47/52.
- ↑ Elorriaga, Ibai. (2014). «Nabarrismoaren bilakaera historikoa euskal-nafar batasunaren aurrean» Kondaira. UEU, 38 or. http://www.kondaira.eus/article/view/47/52.
- ↑ Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 37. or. Bezero-harremanetan eta nepotismoan oinarrituta, Senarrek eta Orzaizek adierazten dutenez.
- ↑ Elorriaga, Ibai. (2014). «Nabarrismoaren bilakaera historikoa euskal-nafar batasunaren aurrean» Kondaira. UEU, 75 or. http://www.kondaira.eus/article/view/47/52.
- ↑ Esparza Zabalegi, Jose Mari (2012), 119. or.
- ↑ Diario de Navarraren erreferentzia, itxura guztien arabera; ikus Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 50-51. or.
- ↑ Esparza Zabalegi, Jose Mari (2012), 116-126. or.
- ↑ Esparza Zabalegi, Jose Mari (2012), 121. or.
- ↑ Eizagirre, Ixiar. (2001). «Juan Cruz Alli; "Nafarroaren identitate plurala ezin da euskaratik ez gazteleratik soilik eraiki"» Argia (Donostia).
- ↑ a b Senar, Joxerra. «Eta Pandoraren kutxa ireki zen» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-10).
- ↑ a b Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 67-69. or.
- ↑ Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 71-72. or.
- ↑ Orzaiz, Ion. (2017). ««Ez dugu eskubiderik galdu nahi; are gutxiago, UPNren kasketaldi batengatik»» Berria (Andoain).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Irisarri, Andoni. (2017). «UPN, PPN y C's utilizan la bandera de Navarra para unirse a una marcha sectaria contra el Gobierno foral» Noticias de Navarra (Iruñea).
- ↑ Irisarri, Andoni. (2017). «El PSN se suma a la marcha sectaria contra el Gobierno» Noticias de Navarra (Iruñea).
- ↑ Elorriaga, Ibai. (2014). «Nabarrismoaren bilakaera historikoa euskal-nafar batasunaren aurrean» Kondaira. UEU, 23-25 or. http://www.kondaira.eus/article/view/47/52.
- ↑ Oses Larumbe, Elena (1988). La Voz de Navarra, un periódico vasquista. Príncipe de Viana (184). ISSN 0032-8472, 434. (20.) or.
- ↑ Esparza Zabalegi, Jose Mari (2016). 101. or.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Esparza Zabalegi, Jose Mari. (2016). Nuestro pueblo despertará. Txalaparta ISBN 978.84-16350-44-5..
- Esparza Zabalegi, Jose Mari. (2012). Euskal Herria kartografian eta testigantza historikoetan. Tafalla: Euskal Editorea SL ISBN 978-84-936037-9-3..
- Esparza Zabalegi, Jose Mari; Aoiz, Floren; Zabaleta, Patxi. (2016). Tres tristes trileros; Arbeloa, Del Burgo y Aizpún. Tafalla: Txalaparta SL ISBN 978-84-16350-64-3..
- Senar, Joxerra; Orzaiz, Ion. (2016). Nafarroa, orain ala inoiz ez. Elkar ISBN 978-84-9027-661-7..
Bibliografia osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) El corralito foral. Las tripas del navarrismo, al aire: un ecosistema al servicio del capital, (Iván Giménez, Pamiela, 2015).
- (Gaztelaniaz) Navarra como problema. Nación y nacionalismo en Navarra. Miguel José Izu Belloso, Editorial Biblioteca Nueva, Madrid, 2001.