Edukira joan

Juan Gorriti

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Gorriti

San Telmo Museoan (Edurne Koch, 1996)
Bizitza
JaiotzaOderitz, 1942 (81/82 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakeskultorea, margolaria eta zurgina

Juan Gorriti Goldazarena (Oderitz, Larraun, 1942) artzain, eskultore, zurgin eta margolari nafarra da, Jorge Oteiza eta Remigio Mendibururen dizipulua besteak beste.[1] Zurgin bezala hasi zen lanean eta zurgintzat du bere burua. Arribeko Batzarre etxean ditu lantegia, bizilekua eta erakusketa areto txiki bat, Mallope galeria.[2] Bere lanak landa-eremu euskalduneko elementuak ditu ardatz; lurra, sua, haizea, ura eta “laugarren dimentsioa” (denbora) jorratuz. Haren zigilua obra koloretsuak dira, izan ere, "Gorriti urdina" kontzeptua berak eman du.[1]

Txikidanik, basozain baten semea izanik, Larraun eta Araizko bailaren artean ibili zen. Bertan, baserriko lan praktikoak aurrera eraman zituen, ingurumena ustiatuz.[3] Nekazari zein abeltzainez inguratuta hazi zen. Gaztetik ahultzen duen eritasun ezezagun bat dauka. Betidanik ekintza artistikoak egin ditu, hasiera neurri txikian bazen ere (marrazkiak, collageak etab.).[3]

Arte munduan Remigio Mendiburu eta Jorge Oteizaren eskutik murgildu zen, 70. hamarkadan.[4] Geroztik, artea modu ezagunean jorratu du.

Eskola Eskultore Euskaldunaren parte da, izan ere, bere prozesu artistikoan Euskal Herriko antzinako historiara jo du, batez ere historiaurrera, gizarte horren jatorria eta garapena irudikatzeko.[1]

Honez gain, gaur egungo bizilekuan, Arribeko Batzarre etxean, hartu-eman artistiko eta kultural handia sustatu du, Mikel Laboa eta Gaizka Zubizarreta bezalako sortzaileak gonbidatuz.[1]

Azkeen urteetan Malloetako parajean erakusketa asko egin ditu, bere obrak Aralarreko parajean jakingurekin partekatuz.

Sorkuntza artistikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Gorritiren artelanak naturan eta hura ustiatu duen gizartean oinarritzen dira. Aipaturiko bost elementu naturalak bere lanan isladatzen ditu, ingurune biotiko zein abiotikoa irudikatuz. Zenbaitetan abstrakzioaren bidez irudikatzen ditu.

Adibidez, "Txalaparta" (1990) zizelkatutako forma abstraktuek hostoak gogorara ekartzen dituzte. Besteetan benetako ondare natural materiala baliatzen du, esaterako, ahuntz baten garezurra, "Sorginak" (2019) pieza bezala. Askotan, natura lanaren erdigunean dago ("Txantxangorriren kutxa",1997).[2] Honez gain, natura edertzeko apaingarria da: "Zizeilu" (urterik gabe) aulki sendoak ezkerreko muturrean ilargi bat du eta eskuinekoan, eguzki bat. Gainera, erdialdean landare bat du, eta haren adarrak alboetara hedatzen dira.

Hauei kolore biziak gehitzen dizkie, bakoitza bere sinbolismoarekin. Nagusiak oinarrizko koloreak dira, hauen artean “Gorriti Urdina” desberdinduz.

Adibidez, "Behi Urdina" (2014) lanan eskulturaren tonu urdin argia zeruarekin uztartzen da. Bestalde, "Txantxangorriren kutxa" (1997) obran, egurrezko kaxa laukizuzenaren atzeko planoa kolorez josita dago. Atzeko aldean, begi forma bat nagusi da, urdin eta horia. Inguruan, berdea eta gorria ere erabili dira, kolore biziak. Honela, izakien bizkortasuna eta aniztasuna isladatzen ditu.[2] Honez gain, Gorritirentzat tindatutako egur beltza garrantzitsua da bizitzaren muga zein iluntasuna adierazteko, "Zizeilu"-ren egur tindatua honen kasu.[2]

Estiloa- teknika eta materiala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estiloari dagokionean, maiz teknika mistoa baliatzen du- hots, zura, altzairua eta margo akrilikoa nahasten dituena. Haren lana collage, eskultura abstraktu eta altzariz osatuta dago. Bere testuinguruko material artifizial desberdinen eskutik motibo begetal eta aberetiarrak sortzen ditu.[2] Lantegiko forma zurrunak basoko forma malguekin uztartzen ditu.[2]

Aipaturiko "Sorginak" (2019) Gorritiren teknika mistoaren adibide osatua da. Estatua bitxiak material ugari nahasten ditu. Beheko aldean, egurrezko xafla batetara itsatsitako burnizko euskarri bat du. Izakiaren hankak lastozko zutabe zikina eta busti bat dira. Benetako gona eta alkandora “arruntak” daramatza, baina olioz margotu direla dirudi. Oihal bustien efektua dute. Gonatik esku txuri erraldoi bat ateratzen zaio, pubisaren tokian. Lepoa ere lastozkoa du, urdina eta bustia, benetako anatomia dirudi. Figuraren aurpegia apurtutako bi adar erraldoik koroatutako ahuntz garezurra da.

Honela, ehundura adigarriak lortzen ditu: “Pareta zuhaitzarekin"-n (1997) hurritzeko pareta makilekin sostengatu da, otzara bat bezala. Apaintzeko, koloreztatutako karea erabili da.

Galeria irekiaren teoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arte ederren Akademia historikoaren hertsitasunari dagokionez, Gorriti galeria irekiaren alde mintzatzen da, obren ingurumenak haiengan aldaketak eragitea utziz.[1] Aralarko bazterrak aintzat hartzen dituen artelana da, gizarteak honekin duen harremanak eta ekosistemaren erritmoa zein prozesuak isladatzen dituena. Sortzeko prozesuan, Pirinioetako eta Euskal Herriko harrespilak aztertu eta imitatu ditu.[1] 5. elementuari dagokionez, denborak eta ingurumenak piezak herdoilduko dituela kontuan hartzen du.[5] Esaterako, "Cromlech 1" (2019) obra larre batean ezartzeko eraiki zen.

Artearen helburua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artearen helburuarekin jarraituz, “barneko umea”ren askatasun artistikoa goresten du, araurik gabeko prozesu sortzailea.[3] Interpretatze arrazionalaren aurrean, zentzumenek sorrarazitako sentsazioak goresten ditu.[1]

Etnografiaren gordailua izateaz gain, biztanleariari herriarengandik jaso duena itzultzen dio. Gorritik industrializazioko makinaria berriak baztertutako bizimodu bat ezagutu du, eta honen fruituak artelan bilakatzen ditu.[1] Esaterako, "Baserriaren Argia"-n (1995), hormako zuloaren atzean ezarritako bonbilak garai bateko baserrien txirotasuna erakusten du, bonbila batekin bi gela argitu behar izaten zirenean.[6] Obrak modu dinamikoan ulertzen ditu, aldatu daitezkeela kontuan hartuz.[7] Horregatik, hainbatetan artelanak haurrei utzi dizkie, margotuak eta birrasmatuak izan daitezen.[3]

Gorritirentzat muga artistaren irudimenan dago, materiala bizirik dagoen zerbait da eta tradizioa kontuan hartzen du.

Izpiritualtasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haren lanak abertzaletasunarekin harremana du, baita mistizismoarekin ere. Izan ere, herri euskaldunaren arbasoen omenez lana egiten du[1], eta mitologia ardatzat dauka: "Sorginak" eta "Totem 1 eta 2" (2019) honen adibide dira.[1] Berraragiztatzeaz mintzo da, aitzindarien bizipenak eta ezagutza jasoko balitu bezala.[8]

Aipatutako Remigio Mendiburuk, 1980. urtean, lehendabiziko Korrikaren lekukoa diseinatu zuen. Lekukoak 6 mezu ezberdin eraman zituen. 1990ean eskultorea hil zenean, lekukoa Donostiako San Telmo museora eraman zuten. Mendiburu hil zenean, orduko bere diszipuloari, Juan Gorritiri eman zioten enkargua lekuko berria egiteko. Honela maisuak ikasleari pasa zion lekukoa.[9] AEK-k dohaintzan eman zion jatorrizko lekukoa San Telmo Museoari eta egun, bertan ikusgai dagoena baino ez da kontserbatzen; museoaren erakusketa iraunkorrean dago. Errepidean, aldiz, Juan Gorritiren lekukoa dabil eskuz esku.[10]

1996an Araitz zatiak erakusketa egin zuen Donostiako San Telmo Museoan; 1999an, besteak beste, Oroimenak bilduma aurkeztu zuen Hondarribian eta urte berean Donostiako Ekain galerian eskulturak ez ezik, baserriko bizimodua islatzen zuten marrazkiak ere erakutsi zituen. 2000. urtean, bere Baserriaren Argia eskultura hautatu zuten emakume baserritarren omenezko irudi.

Honez gain, hezkuntza esparruan lan handia egin du, eskolak bisitatuz eta bertako ikasleekin artea eginez.[3] Eredu desberdinetako ikasleekin egin du lan, artea eta bizikidetza elkartuz. Proiektu komunalak aurrera eramaten ditu, emaitza zuzenean hormetan utziz, margo zipriztin eta pintzeladaz.[3]

Bere lana Europako hainbat erakusketatan ikusi da: Euskadi, Paris, Barzelona, Madrid, Alemania eta Galesen besteak beste. Azkenekoetako bat “Gaztarri Erakusketa”, Azkuen (Araiz, Nafarroa) izan zen, 2019ko udan.[1] Bertan musika, kirol, sukaldaritza, dantza, poesia eta arte eszenikoetako pertsona entzutesuek parte hartu zuten.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j k l Zubizarreta Hernandez, G., [San] (Ed.). (2019). Araitz Bailaratik Iruñeko Gotorlekura & Desde el Valle de Araitz a la Ciudadela de Pamplona.
  2. a b c d e f Aristi, P. & Mitxausenea Kultur Etxea. (1997). Juan Gorriti : [exposición celebrada en la Casa de Cultura Mitxausenea, Lekunberri, 1-31 Agosto 1997]. Nafarroako Liburutegia, Iruñea, Nafarroa.
  3. a b c d e f CP Remontival IP. (s. f.). GORRITIREN OBRA LANTZEN : MURALAREN BIDEAN. En Consejo Escolar Educación Navarra. Remontival Ikastetxea. https://consejoescolar.educacion.navarra.es/web1/wp-content/uploads/2018/05/GORRITI-LANKETA-PROPOSAMENA-TXOSTENA.pdf
  4. Asins, E., & Jauregi, K. (s. f.). Jorge Oteizari omenaldia bat gutxiago / Juan Gorriti ; [textos, Elena Asins y Koldobika Jauregi]. Nafarroako Liburutegia, Iruñea, Nafarroa.
  5. Urgell, M. (2020). Denbora Eskultorea: Desarrollo creativo de un documental. Universitat Pompeu Fabra, Grado en Medios Audiovisuales. Bartzelona. (2023). Hemendik berreskuratua: https://repositori.tecnocampus.cat/bitstream/handle/20.500.12367/447/Urgell%2cMaria_TFG.pdf?sequence=1&isAllowed=y.
  6. Aristi, P. & Mitxausenea Kultur Etxea. (s. f.). Juan Gorriti : [exposición celebrada en la Casa de Cultura Mitxausenea, Lekunberri, 1-31 Agosto 1997]. Nafarroako Liburutegia, Iruñea, Nafarroa.
  7. Urgell, M. (2020). Denbora Eskultorea: Desarrollo creativo de un documental. Universitat Pompeu Fabra, Grado en Medios Audiovisuales. Bartzelona. (2023). Hemendik berreskuratua: https://repositori.tecnocampus.cat/bitstream/handle/20.500.12367/447/Urgell%2cMaria_TFG.pdf?sequence=1&isAllowed=y
  8. Bideoak, G. (2023, 20 febrero). Entrevista a Juan Gorriti [Vídeo]. Vimeo. https://vimeo.com/22385374
  9. Lanas, L. M. (2008). Remigio Mendiburu en su etapa final: la década de los ochenta. Ondare: cuadernos de artes plásticas y monumentales, 26, 335-351. http://hedatuz.euskomedia.org/7415/
  10. EITB. (2022, 10 abril). Juan Gorriti Korrikaren lekukoaren egilea da [Vídeo]. EITB. https://www.eitb.eus/eu/kultura/korrika/bideoak/osoa/8779515/bideoa-juan-gorritik-sortu-du-korrikaren-lekua/

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]