Edukira joan

Johan Cruyff

Wikipedia, Entziklopedia askea
Johan Cruyff

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakHendrik Johannes Cruijff
JaiotzaBetondorp (en) Itzuli eta Amsterdam1947ko apirilaren 25a
Herrialdea Herbehereetako Erresuma
Lehen hizkuntzanederlandera
HeriotzaBartzelona2016ko martxoaren 24a (68 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: birikako minbizia
Familia
Ezkontidea(k)Danny Coster (en) Itzuli  (1968ko abenduaren 2a -  2016ko martxoaren 24a)
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaSunday school (en) Itzuli
Hizkuntzaknederlandera
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakfutbolaria, futbol entrenatzailea eta entrenatzailea
Ibilbidea
Taldeak Urteak J G
Amsterdamgo Ajax1964 / 1973240190
Herbehereetako futbol selekzio nazionala1966 / 19774833
Kataluniako futbol selekzioa1973 / 197620
Bartzelona Futbol Kluba1973 / 197814348
Los Angeles Aztecs1979 / 19792313
Washington Diplomats1980 / 19813012
Amsterdamgo Ajax1981 / 19833614
Levante Unión Deportiva1981 / 1981102
Amsterdamgo Ajax1985 / 1988
Bartzelona Futbol Kluba1988 / 1996
Kataluniako futbol selekzioa2009 / 2013
Feyenoord Rotterdam2024 / 19843311
 
Posizio edo espezialitateaerdilaria
aurrelaria
Pisua68 kilogramo
Altuera178 zentimetro
Jasotako sariak

johancruyff.com
IMDB: nm1095991 Musicbrainz: ee9b9962-c003-4b16-9dbc-843728b96967 Discogs: 678672 FIFA: 1043 UEFA: 36972 Find a Grave: 159961234 Edit the value on Wikidata

Hendrik Johannes Cruijff edo Johan Cruyff (Amsterdam, Herbehereak, 1947ko apirilaren 25a - Bartzelona, Katalunia, 2016ko martxoaren 24a) futbol entrenatzaile eta futbolaria izan zen. Historiako futbolari onenetakotzat jotzen da.

1974 eta 1978ko Munduko Futbol Txapelketan txapeldunordea izan zen Herbehereetako futbol selekzio nazionalarekin. Halaber, "Europako futbolaririk onena" izendatu zuten 1971, 1973 eta 1974an.

Halaber, UEFAko Txapeldunen Liga irabazi zuen 1971, 1972 eta 1973an Amsterdamgo Ajaxekin. Talde horretan hamar denboraldi egin ondoren, 1973an, FC Barcelonak fitxatu zuen; 1978an, Ameriketako Estatu Batuetako ligara joan zen: bertan hiru denboraldi eman zituen eta Espainiako Bigarren mailako Levante UD taldean ere aritu zen. 1981ean, berriro Herbehereetako ligara joan zen eta, bi denboraldi Ajaxen eman ondoren, bere azken urtea jokalari izan zen Feyenoord Rotterdamen.

1984an, jokalari gisan erretiratu zen, baina, 1985ean, Ajaxeko entrenatzaile izendatu zuten eta egun, Kataluniako selekzioko entrenatzailea da. Gainera, 2010ean, FC Barcelonak klubeko Ohorezko presidente izendatu zuen eta Kataluniako federazioarekin kolaboratu zuen kirol proiektuetan.

FIFAk XX. mendeko futboleko lau jokalari onenen artean izendatu du Cruyff; harekin batera Pelé, Diego Armando Maradona eta Alfredo Di Stéfano daude.

Hiru aldiz jaso zuen Urrezko Baloia (1971, 1973 eta 1974).

Hendrik Johannes Cruijff 1947ko apirilaren 25ean jaio zen Weidestraaten, Amsterdameko kanpoaldean, Ajax-en zelaitik gertu. Hermanus Cornelius Cruijff aitak fruta eta barazki denda bat zuen; ama, Petronella Bernarda Draaijer, etxeko lanetan aritzen zen eta dendan ere lagundu ohi zuen. Jopie deitzen zion Johani.

Umea beti zebilen baloiaren atzean eta Amsterdameko Ajax taldea berehala sartu zen bere bizitzan, batez ere, 10 urte zituenean, 300 haurren artean aukeratu zutenean. Ama garbitzaile lanetan ibiltzen zen klubean eta entrenatzaileagan eragin zuen Johanen ahalmenak estimatuarazteko ahaleginetan.

1959ko uztailaren 8an, bihotzeko batek aita hil zion eta 12 urteko haurra etxeko ekonomian lagundu beharrean aurkitu zen. Handik urtebetera, ikasketak utzi eta futbolean sartu zen buru-belarri eta, beste urtebete barru, bere bigarren aita izango zena ezagutu zuen, Ajaxen zelaia zaintzen zuena.

1968ko abenduaren 2an, Johan Danny Costerrekin ezkondu zen, Cor Coster enpresaburuaren alabarekin. Hiru seme-alaba izan zituzten: Chantal (1970eko azaroaren 16a), Susila (1972ko urtarrilaren 27a) eta Jordi (1974ko otsailaren 9a). Familia Bartzelonan bizi da. 1993an jaio zen Johan Cruyff-en lehen biloba, Jessua Andrea, Chantal alabaren eta Jesús Mariano Angoy atezain ohiaren semea. Geroago etorri zen Gianluca, bikotearen bigarren semea.

1991n, bihotzeko batek Barça alboratzera eraman zuen. Cruyffek asko erretzen zuen eta utzi beharrean izan zen; handik aurrera, Chupa Chupsa ahoan agertu da maiz. Tabakoaren aurkako kanpainetan esku hartu zuen behin baino gehiagotan.

Haur ezinduak kirolean bideratzen dituen Johan Cruyff Foundation elkartearen aitzindaria izan zen; halaber, Cruyff Academics International, Johan Cruyff Institute for Sport Studies, Johan Cruyff University eta Johan Cruyff Collegez arduratzen da. Kirolarekin zerikusia duten programak eskaini ditu Espainian, Herbehereetan eta Mexikon.

Birikako minbiziak jota hil zen Bartzelonan 68 urterekin.

Jokalariaren ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztira: 521 partida (293 gol)

Johan Cruyff 1974an

Rinus Michels entrenatzaileak ariketa fisikoa programatu zion, gorpuzkera ahula sendot zezan. Berehala sartu zen Ajax barneko lan guztietan, aldagelak zaintzen, zapatak garbitzen eta abarretan, azkenean jokalari taldean sartzea lortu zuen arte.

Hamazazpi urte zituen nederlandar Ligan debuta egin zuenean eta berak sartu zuen bere ekipoak markatu zuen gol bakarra. 1964ko azaroaren 15a zen eta GVAV Groningen aurka jokatu zuten. Hurrengo urteetan, Ajaxekin, sei Liga (Eredivisie), lau Kopa (Herbehereetako Kopa), hiru Europako kopa, Kontinenteen arteko kopa bat eta Europako Superkopa bat lortu zituen.

1965-1966 denboraldian, Cruyffek Ajax taldean leku garrantzitsu bat lortu zuen; denboraldi horretan, 25 partidutan, 23 gol sartu zituen eta Liga irabazi zuten. Hurrengo denboraldian, berak lehenengo aldiz bi txapelketa irabazi zituen urte berean (Liga eta Kopa) eta, hurrengoan, berriro ere, Liga irabazi zuten. Urteko jokalari herbeherear hoberena izendatu zuten azken bi urte haietan.

1969-1970 denboraldian, berriro bi txapelketa irabazi zituzten urte berean baina, 1970ean, lesio bat izan zuen eta denboraldi baterako zelaietatik urrundu behar izan zuen. Itzuli zenean, 1970eko urriaren 30ean, ezin izan zuen betiko 9 zenbakia eraman, Gerrie Mührenek hartuta baitzuen eta, jeneralean 11tik gorako zenbakiak ordezkoentzat baziren ere, 14 zenbakiarekin atera zen. Prentsak datu hori nabarmendu zuen, eta gazte bihurriak betiko bereganatu zuen zenbaki hura, geroztik izango zituen taldeetan.

Handik aurrera, Johan Cruyff erreferentzia esanguratsua izan zen futbolaren munduan.

1973-1974 denboraldian, Ajax taldea utzi zuen. Kluba Real Madril taldeari eskualdatzeko negoziatzen ari zen, baina berak ez zuen hara joan nahi izan, eta haren arerio nagusia zen FC Barcelonara jo zuen. Cruyffen eskualdatzea futbolaren historian ordu arte egindako garestiena izan zen —60 milioi pezeta— eta hilero 12.000 dolarreko irabazia eman zion kontratua izenpetu zuen.

Bartzelonan, idolo nagusia izan zen eta, haren etorrerarekin, 14 urtez irabazle izan ez zen taldeak bira handi bat eman zuen, ez baitzuen partidurik galdu denboraldi horretan, baita Liga eskuratu ere.

Taldean, besteak beste, Hugo Sotil, Carles Rexach eta Asensi jokalariak zebiltzan eta, 1974ko otsailaren 17an, irabazitik irabazira, 0-5 garaitu zuten Real Madrid Santiago Bernabéun. Denboraldiaren bukaeran, Cruyffek 24 gol sartuak zituen eta Atlético de Madridi Camp Noun sartu zion hark askoren gogoan dago oraindik.

Hurrengo bi denboraldietan, taldeak ez zuen titulurik irabazi, baina Johann Cruyff futbolari guztien artean nagusitzen ari zen izarra bilakatu zen.

1975-1976 denboraldian, Hennes Weisweiler entrenatzailearekin arazoak izaten hasi zen eta, haserrearen haserre, ekainaren 30ean, kluba utziko zuela adierazi zuen. Hala ere, futbolaria itzal handiko gizona zen eta publikoa haren alde zegoen nabarmen; horregatik, entrenatzaileak dimititu zuen eta Laureano Ruizek hartu zuen lan hori haren ordez.

Garai hartan Bartzelona eta kataluniar kultura barneratuta zituen erabat; bere hirugarren semeak Jordi izena zuen, adibidez. Horrek denak frankismoarekin arazoak ekarri zizkion, bera beti agertu baitzen erregimenaren aurka eta izen katalanak debekatuta zeuden artean.

1975ean, Brontzezko baloia jaso zuen eta kontinenteko hirugarren jokalari hoberena izendatu zuten. 1976-1977ko denboraldian 30 partida jokatu zituen eta 14 tanto markatu; Erregearen Kopan jokatutako 9 partidetan, berriz, beste 6 sartu zituen eta Europako Kopan jokatutako 7 partidetan, 5.

1977-1978 izan zen azken denboraldia Barçan eta Errege Kopa lortu zuten. Hamaika gol gauzatu zituen, baina zuzendaritzarekin zituen arazoek Espainiako futbola uztera behartu zuten.

Ameriketako Estatu Batuetako Futbol Liga (NASL)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso denbora gutxian egon zen geldi eta, 1979an, Los Angeles Aztecs taldeak fitxatu ondoren, maiatzaren 23an, debutatu zuen. 3-0 izan zen emaitza eta gol haietako bi harenak izan ziren. Hamsei gol 27 partidutan nahikoak izan ziren Ameriketako Estatu Batuetako Ligako jokalari onenaren saria jasotzeko.

Hurrengo denboraldian, 1980an, Washington Diplomatsekin fitxatu zuen eta hamar gol sartu zituen 27 partidutan. Berriro ere, Ligako Jokalari hoberena izendatu zuten.

1981ean, Espainiako Bigarren Mailan hasi zen jokatzen, hilabete batzuetan Levante UDn, baina Washingtonen bukatu zuen urtea.

Eredivisiera itzuli

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

34 urterekin, Ajax taldeak fitxatu zuen berriro. Bertan aritu zen hurrengo bi denboraldietan eta bi liga eta kopa bat irabazi zituen. Ajaxen eman zuen azken denboraldian, 1982-1983an, Cruyffek zeharkako penaltia ospetsu bilakatu zuen: zuzenean bota beharrean, Jesper Olsen lagunari bota zion, horrek itzuli egin zion eta Cruyffek markatu.

Denboraldi hartan haren bigarren aita izan zena galdu zuenez, ganoragabetuta ibili zen: Ajaxek ez zion kontratua berritu.

Berriro atera zitzaion alde bihurria eta Ajaxen aurkari nagusia zen Rotterdameko Feyenoordekin fitxatu zuen 37 urte zituenean. Bikoitza lortu zuen, Liga eta Kopa, eta Eredivisieko jokalari hoberena izendatu zuten. Garaipenez hornituta amaituko zuen jokalari bizitza.

1966ko irailean, Holandako selekzioarekin debutatu zuen Hungariaren aurka eta 2-2 berdindu zuten azken minutuan.

1976an, Eurokopan hartu zuen parte eta hirugarren geratu.

2008ko apirilean, Cruyffek 1977ko amaieran gertatutakoa argitu zuen; FC Barcelonako jokalaria izan zen garaian, bera eta familia bahitzeko saiakera izan zen. Gaizkile batzuk sartu zitzaizkien etxean eta bera eta emaztea aulki batean lotu zituzten, baita seme-alaben aurrean tiro egiteko mehatxatu ere.

Bere herriko selekzioan parte hartzeari utzi zionean, 48 partidu jokatuta zituen, 33tan kapitain izanik, eta 33 gol sartuta.

Entrenatzaile

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berehala itzuli zen berriro zelaira. 1984-1985 denboraldian, kirol zuzendari gisa sartu zen Ajax taldean eta hasieratik argi izan zituen ideiak. Epe luzerako proiektuari ekin zion eta kirol egitura eraldatzeari eman zion, bertako harrobia kontuan hartuz. 3-4-3 sistema erabili zuen, hiru defentsa ezarriz eta asko arriskatuz, baina erasoak arrakastatsuak izaten ziren. Urte horretan UEFAko txapeldunen Liga irabazi zuten. Sistema bera ezarri zuen beheko ekipoetan eta harrobi hartatik aterako ziren Ronald de Boer, Frank anaia, Edgar Davids edo Clarence Seedorf, 1995ean, Ajax Txapeldunen Liga irabaztera eraman zutenak. Proiektua hasi zuenak eraman beharko zuen haren ardura eta, 1985eko ekainaren 6an, Ajaxen entrenatzaile izateko izenpetu zuen. Bi denboraldi eta erdi eman zituen han, Europa osoa joko berritzale harekin liluratuz. Munduko entrenatzailerik hoberena izendatu zuten World Soccer Magazine aldizkarian. Ajaxek bi kopa irabazi zituen Herbehereetan eta Eurokopa ere bai, baina ez ligarik.

1988ko maiatzaren 4an, FC Barcelonak kontratatu zuen. Kluba berriro gaizki zebilen eta epe luzerako proiektua diseinatu zien, hainbat jokalari fitxatuta —hala nola Txiki Begiristain edo José Maria Bakero— taldea berrituz.

Hala ere, Bartzelonan izan zuen hasiera ez zen erraza izan. Cruyffen ustez, ezinbestekoa zen taldeak jokoaren eskema barneratzea. Bigarren urtean, 1989-1990 denboraldian, Michael Laudrup fitxatu zuenean, ingurukoek ez zuten gustuko izan.

Baina Cruyffek aurrera segitu zuen eta, azkenean, iritsi zen arrakasta. Ronald Koeman eta Hristo Stoitchkov fitxatu zituen eta 1990-1991ko liga irabazi zuten. Barça irabazlea jarri zen martxan eta Real Madriden nagusigoa amaitu.

1995-1996 denboraldia gogorra izan zen. Emaitza onak behar ziren eta Luis Figo fitxatu zuten. Arrakasta ez zen etorri, ordea, eta Cruyffen eta Núñez presidentearen arteko harremanak okerrera egin zuen: Cruyff bota zuten eta Rexach hartu. Haren lehenengo partiduan, Camp Nou pankartaz lepo agertu zen, herbeheretarrari eskerrak emanez.

2010ean, FC Barcelonak klubeko ohorezko presidente izendatu zuen eta Kataluniako federazioarekin kolaboratzen du kirol proiektuetan.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Johan Cruyff Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Johan Cruyff