Edukira joan

Itzulpengintza

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Itzulpen-lana» orritik birbideratua)

Rosetta harria

Itzulpengintza lehen hizkuntza batean (sorburu hizkuntza) idatzitako testu bat (iturri edo jatorrizko testua) aztertzean eta bigarren hizkuntza batean (xede hizkuntza) birsortzean (helburu testua) datzan prozesua da.

Itzulpengintza betidanik egokitu izan zaio gizakiari, azkenaldian bai ordenagailuz lagundutako itzulpena (OLI euskarazko sigletan eta CAT ingelesezkotan), bai itzulpen automatikoa (IA euskaraz eta MT ingelesez) asko garatu badira ere.

Itzulpegintza aztertzeaz arduratzen den zientzia itzulpen ikasketak dira.

Oro har, bi korronte nagusi daude hitzaren etimologiari dagokionez. Hizkuntza askok, esate baterako ingelesezko "translation", frantsesezko "traduction" eta gaztelaniazko "traducción" hitzek[1], latinezko translātiō eta traductĭo, -ōnis hitzak dituzte oinarri eta "toki batetik bestera eramatea" edo "zeharkatuaraztea" esan nahi dute; kasu honetan, testu bat hizkuntza batetik bestera eramatea[2].

Aldiz, beste hizkuntza askotan —euskaraz, eslaviar hizkuntza batzuetan eta germaniar hizkuntza batzuetan kasu— latinezko kontzeptuen kalkoa egin, esanahia mantendu eta nork bere hizkuntzara ekarri du terminoa, adibidez alemanez "übersetzen" (beste ertzera pasatzea). Antzinako grezieraz bazeuden itzulpengintzari erreferentzia egiteko zenbait termino, μεταφορά (metaforá), μετάθεσις (metáthesis) eta μετάφρασις (metáfrasis), baina beste esanahi batzuk dituzte gaur egun.

Itzulpengintzaren helburu nagusia iturri edo jatorrizko testua eta xede testuaren artean harreman bat sortzea da, betiere hizkuntzen arteko desberdintasunak kontuan izanda. Hau da, amaieran testu biek, funtsean, mezu berbera izatea. Esan bezala, kontuan izan behar da hizkuntza bakoitzaren testuingurua, sorburu hizkuntzaren gramatika arauak, idazkera, esaerak, etab. Itzulpengintza eta interpretazioa bereizteko desberdintasun nagusia komunikazio motan datza. Itzulpengintza idazketari atxikitzen zaio; interpretazioa, berriz, hizketari (ahozkotasunari) edo keinuei. Bestela esanda, itzulpengintzak idatzizko ideiak itzultzen ditu hizkuntza batetik bestera, baina interpretazioak esandako ideiak edo keinuak (keinu hizkuntza) transferitzen ditu hizkuntza batetik bestera. Interpretazioa[3] itzulpengintzaren azpi mailatzat har daitekeen arren, praktikan oso desberdinak dira.

Idatzizko itzulpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idatzizko itzulpena jatorrizko hizkuntzan idatzitako testuaren esanahia interpretatzea eta xede-hizkuntzan esanahi bera transmitituko duen baliokide bat sortzea da. Itzultzean, kontuan hartu behar dira, besteak beste, testuinguru kulturala, bi hizkuntzen arteko desberdintasun sistemikoak, alfabeto eta idazkera sistema desberdinak, esapideak, etab. Martín Lutero itzultzailearen garaitik aldarrikatzen da egokiagoa dela "hobeto dakizun hizkuntzara" itzultzea eta, aldi berean, hizkuntza jakitea ez dela itzulpen ona egin ahal izateko gaitasun nahikoa, hizkuntzaz gain itzultzen ere jakin behar dela.

Testu idatziak hizkuntza naturalean itzultzea gizakiak egin izan ohi duen jarduera da. Hala ere, gaur egun, prozesu hori automatizatzeko ahaleginak egiten ari dira, itzulpen automatikoaren bidez, edo gizakiak egindako itzulpenak tresna informatikoak erabiliz (ordenagailuz lagundutako itzulpena - CAT) osatu egiten dira.

Ahozko itzulpena: interpretazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aldibereko interpretearen kabinako lan tresnak Europar Batasuneko Justizia Auzitegian.

Ikus: hizkuntza-interpretazio artikulua.

Interpretazioaren historia[4] luzea eta emankorra da, funtsean ahozkoa izan baitzen itzulpengintzan landu zen lehen alorra. Interpretazioaren mugarriei erreparatzen badiegu, oso entzutetsua izan zen Nurembergeko epaiketetako interpretazioa[5] eta gaur egun Europar Batasunean egiten den interpretazioa erreferente handia da.

Aldibereko interpretazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aurkezlea eta keinu hizkuntzako interpretea Taipei 101 Run Up 2007-ko prentsaurrekoan.

Aldibereko interpretazioan, interpreteak ahal bezain laster itzultzen du mezua sorburu hizkuntzatik xede hizkuntzara. Bitartean, hizlariak jatorrizko hizkuntza horretan hitz egiten jarraitzen du. Ahozko interpreteak bere lana kabina intsonorizatu batean egiten du eta bertatik hizlaria ikusten du, baita entzungailuen bitartez entzun ere. Halaber, mikrofono bat du eskura mezua helarazteko. Hartzaileek entzungailuen bitartez jasotzen dute interpretazioa xede hizkuntzan. Keinu hizkuntzetako interpreteak, aldiz, hizlariaren albo batean egon ohi dira zutik eta beltzez edo kolore lauez jantzita, hartzaileak aldi berean hizlaria eta interpretea ikusi ahal izateko. Aldibereko interpretazioa da keinu hizkuntzako interpreteek gehien erabiltzen duten interpretazio modua. Aldi bereko interpreteek hizkuntza konbinazio bera duten bikoteetan lan egiten dute eta txandakatu egiten dira adostutako denbora tarte baten ondoren lanean jardun ondoren.

Gai honetaz ez dakitenek aldibereko itzulpengintza eta aldibereko itzultzailea terminoak erabiltzen dituzte aldibereko interpretazioa edo aldibereko interpretea erabili ordez, itzulpengintza terminoa idatzizko hizkuntza-bitartekotzari erreferentzia egiteko erabiltzen dela aintzat hartu gabe.

Esan osteko interpretazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan ostekoan interpreteak idazketa-sistema berezi batean idazten du jaso berri duen diskurtsoa eta, ondoren, oharrak erabiltzen ditu hizlariaren hitzak xede hizkuntzan birsortzeko. Iraganean, interpretazio kontsekutiboa edo esan ostekoa zen interpretazio mota bakarra; orain, berriz, gero eta arraroagoa da, batez ere teknologia garatzeak aldi bereko interpretazioa (kabinan) hedatzea ahalbidetu baitu. Esan osteko interpretazioa ez da praktikoa bilera eleaniztunetan; izan ere, interprete bakoitzak bere denbora behar du jatorrizko testua xede hizkuntzan birsortzeko eta horrek berekin dakar bilera nabarmen luzatzea.

Patricia Stöcklinek, esan osteko interpreteak, Gari Kasparoven hitzaldiaren oharrak hartzen ditu.

Esan osteko interprete profesionalek 10-20 minutuko diskurtsoak itzul ditzakete. Itzulpenak ezin du jatorrizkoa baino denbora gehiago hartu, ezta jatorrizkoaren iraupenaren % 75 baino gutxiago ere. Hain diskurtso luzeen erreprodukzio fidela, neurri handi batean, interpretearen aurretiko formazioaren eta trebetasunaren mende dago, baina baita sorburu testuaren egituraren mende ere.

Gaur egun, interpretazio kontsekutiboa edo esan osteko interpretazioa batez ere goi-mailako bileretan edo elkarrizketa konfidentzialetan erabiltzen da[6], interpretazio mota honetan interprete bakarrarekin aski baita eta aldi bereko interpretaziorako, aldiz, bi edo gehiago behar dira. Aldibereko interpretazioari eta esan osteko interpretazioari, batzuetan, hitzaldi interpretazioa (conference interpreting, ingelesez) deitzen zaio, baina gogoan izan behar da interpreteak hitzaldietan ez ezik beste egoera askotan ere interpretatzen duela.

Interpretazio xuxurlatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interpretazio xuxurlatuan (chuchotage, frantsesez), interpretea xede hizkuntzako entzuleria txiki baten ondoan eserita edo zutik geratzen da, eta hizketa-gaiaren aldibereko interpretazioa xuxurlatzen die. Interpretazio modalitate hau burutzeko ez da ekipamendu berezirik behar. Giza talde bateko zati handienak sorburu hizkuntza hitz egiten duenean erabiltzen da, eta soilik gutxiengo batek ez dakienean (3 pertsona baino gehiago ez izatea da egokiena).

Loturazko edo aldebiko interpretazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan osteko interpretazioak hizlari bat eta hartzaile asko izatea eskatzen du. Loturazko interpretazioa, berriz, bi pertsona edo gehiagoren arteko elkarrizketa batean esaten dena elkarri helaraztean datza. Hitzaldi labur baten ondoren egin daiteke, esan osteko forman edo chuchotage modalitatean (interpretazio xuxurlatua). Oharrak hartzeaz gain (eta hori ere ez da beti egiten), ez da ekipamendu berezirik behar.

Errele bidezko interpretazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errele bidezko interpretazioa (relay interpreting, ingelesez) egiten da sorburu hizkuntzatik xede hizkuntzara zuzenean itzultzeko gai den interpreterik ez dagoenean baina bi hizkuntza horiek hirugarren hizkuntza batekin lotu ditzakeen interpreteren bat badagoenean. Kasu horretan, interpreteak mezua sorburu hizkuntzatik hirugarren hizkuntzara itzultzen du, eta, jarraian, beste interprete batek hirugarren hizkuntzako mezua xede hizkuntzara itzuliko du.

Sarri, hirugarren hizkuntza hori edo errele-hizkuntza komunikazio egoera gertatzen ari den tokiko hizkuntza izaten da. Adibidez, Italian egindako kongresu batean, baliteke alemanetik arabierarako interpreterik ez egotea, baina bai aleman-italiera eta italiera-arabiera hizkuntza konbinazioak dituzten interpreteak.

Ikusizko itzulpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusizko itzulpenean interpreteak ozenki irakurtzen du sorburu hizkuntzan idatzitako dokumentua, baina unean bertan itzultzen du xede hizkuntzara, xede hizkuntzan idatzita balego bezala. Ikusizko itzulpena ohikoa da osasun-arloan eta arlo judizialean.

Itzulpengintzaren profesionalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Profesional onek ezaugarri hauek dituzte:

Itzultzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzultzaile ona eleanitza (gutxienez, elebiduna) izateaz gain, kulturanitza (gutxienez, bikulturala) ere bada. Izan ere, hizkuntza bat ez da perpausak sortzeko gramatika eta sintaxi arauen bilduma soila, baizik eta konnotazio eta erreferentzia kulturalen sistema interkonektatu bat ere bai. Guzti hori menperatzea, Mario Pei hizkuntzalariaren hitzetan, "ia-ia bizitza osoko lana da".

Zinpeko itzultzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legezko balioa edo baliozkotzea eskatzen duten titulu, dokumentu, ziurtagiri eta abarren itzulpen ofiziala egiten duten profesionalak dira. Zinpeko itzulpenaren helburua hizkuntza desberdinetan idatzitako bi dokumenturen legezko baliokidetasuna lortzea da. Tokiko araudiek horretarako baimendutako pertsonek (hots zinpeko itzultzaileek) soilik egin dezakete itzulpen mota hau eta herrialde batetik bestera asko aldatzen dira zinpeko itzultzaile bilakatzeko betebeharrak. Herrialde batzuek autoaitortutako ahalmena baimentzen dute, baina gehien-gehienetan itzultzailea Estatuak ofizialki izendatu behar du.

Cortés eta Malintxe

Batzuetan, interpreteek historia bera balditzatu dute. Adibide horietako bat Malintxe da, Malintzin, Malinalli eta Marina izenez ere ezagutzen dena, Mexikoko Golkoko kostaldeko XVI. mende hasierako emakume nahua. Neskatoa zenean, Xikalangoko maia-esklaboen trafikatzaileei saldu edo entregatu zitzaien eta esplotatzaileen hizkuntza ikasi zuen. Hori dela eta, etxetik zekarren nahuatl hizkuntzaz gain yukatango maia ikasi zuen gaztetan. Urte batzuen buruan, 1519an, Mexikoko konkista abiarazi zuen Centlako gudua galdu ostean, Tabascoko maiek 19 emakume eman zizkieten espainiar inbaditzaileei, tartean Malintxe bera, urrezko pieza batzuekin eta estalki batzuekin batera. Espainiarrek Mexiko konkistatzerakoan funtsezko rola jokatu zuen Malintxek, hasiera batean bereziki Hernán Cortés inbasore espainiarraren interprete gisa egindako lanagatik. Malintxek nahuatl eta yukatango maia hizkuntzen artean egiten zituen itzulpenak eta gero Jerónimo de Aguilarrek (espainiar konkistatzailea, Karibe itsasoan hondoratu eta bizirik iraun ondoren zortzi urtez maien artean bizi izan zena, eta gero Cortések Cozumel uhartean aurkitu zuena) yukatango maia hizkuntzaren eta espainieraren arteko itzulpena egiten zuen. Hala, hiru hizkuntza eta bi interprete erabilita, espainiarren eta mexiken arteko kontaktu guztiak egin ziren, Malintxek berak gaztelania ere ikasi zuen arte, orduan berak bakarrik egiten baitzuen hiru hizkuntzen arteko interprete lana. Interprete gisa egin zuen zerbitzuaz harago, Malintxe espainiarren aholkulari eta bitartekari aritu zen eta bertakoen ohitura sozial eta militarrei buruzko informazioak berebiziko garrantzia izan zuen inteligentzia eta diplomazia lanetarako eta, hedaduraz, Mexikoren konkistaren lehen zatirako. Gainera, Cortések ezkontide aukeratu zuen eta elkarrekin izan zuten semea, Martin, lehen mestizotzat hartu ohi da.

Aurrez aurreko interpreteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interprete hauek fisikoki presente, in situ, daudenak dira. Komunikazio egoeran parte hartzen duten alderdi guztiak leku berean daudenean interpreteak ahalbidetu egiten du dagokion hizkuntza konbinazioaren arteko komunikazioa. Interprete hauek, gehien gehienetan, zerbitzu publikoetan, diplomazian, akademian eta hitzaldietan egiten dute lan. Zeinu hizkuntzetako interpreteak ere aurrez aurreko interpreteak dira gehienetan.

Bideo bidezko interpreteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Video Remote Interpreting (VRI) edo Video Relay Service (VRS), hau da bideo bidezko interpretazioa, oso ohikoa da zeinu hizkuntzetako interpreteen egunerokoan. Ahozko hizkuntza baten eta zeinu hizkuntza baten arteko interpretazioa egiteko erabili daiteke (adibidez, osasun edo justizia alorrean euskara eta LSEaren arteko komunikazioa ahalbidetzeko) edo bi zeinu hizkuntza desberdinen arteko zubi lana egin dezake interpreteak (LSE eta ASL zeinu hizkuntzen artean, esate baterako).

Telefono bidezko interpreteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Telefono bidezko interpretazioa" edo "teleinterpretazioa" izenez ere ezagutzen da interprete hauen lana. Telefono bidezko interpretazioa ingurune komunitarioetan zein hitzaldi edo konferentzietan erabil daiteke aurrez aurreko interpretazioaren ordez, hain zuzen ere, zerbitzua behar den tokian interpreterik ez dagoenean.

Zuzentzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testu zuzentzaileek, historikoki, testuak berrikusi eta akats tipografiko, estilistiko zein linguistikoak identifikatzen eta zuzentzen jardun dute. Gaur egun ere hori da zuzentzaileen egiteko nagusia eta azken hamarkadetan tresna ugari garatu dira lanbide honetako zenbait zeregin automatizatzeko (esate baterako, testu editoreek duten zuzentzaile ortografikoa). Askorentzat lanbide ezezaguna bada ere, oso ohikoa da itzulpena egin ondoren testua zuzentzailearen esku uztea ahalik eta helburu testu egokiena lortzeko[7]. Ingelesez proof-reading deitzen zaio zuzenketa prozesuari eta proof-reader zuzentzaileari.

Itzulpengintzaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rosetta harria hurbiletik.

Itzulpengintza oso jarduera zaharra da[8]. Idatzizko itzulpengintzako lehen ebidentzia idatzietako bat Rossetta Harria da, non testu bera egiptoar hieroglifiko, egiptoera demotiko eta grezieraz ematen den. Itzulpenak hieroglifiko egiptoarren esanahia argitzeko balio izan zuen.

Euskal itzulpengintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzultzaileen Prestakuntzarako Ikastaldiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1976an hasi eta 1980ko urrira bitarteko epean, hau da, Donostiako Itzultzaile Eskolak bere ateak zabaldu arte, bost ikastaldi antolatu ziren euskal Herriaren gune desberdinetan (Arrasate-Ustaritz-Arantzazu-Iruñea) itzulpengintzaren inguruan kontzientzia sortzeko eta lehen ezagupen teorikoak eskaintzeko. Xabier Mendigurenek, gerora, SENEZ aldizkarian horrela deskribatu zituen ikastaldiok:

  1. Lehendabiziko bi ikastaldiak programaz eta irakaslegoz berdintsuak izan zirelarik, batera aipatzeari deritzogu egokien. Lehena 1976.eko uztailean antolatu zen Arrasateko Lanbide Eskolan, CIM-AHIZKE hizkuntz irakaskuntzarako zentruaren babespean eta hamar egunez 30 ikasleko kopurua batzea lortu zuen.
  2. Ikastaldi hau berau errepikatu zen Ustaritzen Udako Euskal Unibertsitatean urte bereko udan. 1978-1979 ikasturtean zehar, J.R. Etxebarriak beste ikastaldi bat eman zuen berrogei orduz Santuxun itzulpenari buruz, eta neurri handi batean aurrez Arrasaten erabilitako programaz baliatu zen edukin teoriko eta praktikoak antolatzerakoan.
  3. Kronologiari dagokionez Santutxukoa baino lehen ospatu bazen ere aurreko hiruekin programaz homogenotasunik ez duelako orain aipatuko dugun ikastaldia 1977ko irailean egin zen Arantzazun. Eliza Ebanjelikoak Euskara Batura Biblia osoa itzultzeko asmoa adierazi zuelarik katoliko eta ebanjelikoz osoturiko taldean-talde bat eratu eta itzulpen-lana garantiaz burutzeko ikastaldi bat antolatu zuen. Ikastaldi teoriko-praktiko hartan, alde batetik sistematikoki eman zen Itzulpenaren Teoria, Biblia itzultzerakoan aurkitzen diren zailtasunak bereziki argituz, Nida-Taberen joera soziolinguistikoaren ikuspuntutik; irakaslea Prof. Doktor Hans Peter Rüger, Tubingako Unibertsitatekoa izan zen gai honetan, eta bestetik, Mendoza jauna, Bibliaren espainolezko itzulpenen arduradunak, Bibliaren Itzalpen herritarrak gaia azaldu zuen.
  4. 1980ko udan eta Iruñean, berriro UEU-ren marko barruan, beste ikastaldi bat antolatu zen itzulpenaren alderdi teoriko praktiko eta profesionalak jarraitzeko. UZEI eta sortzear zegoen Itzultzaile Eskola izan ziren programaren prestatzaile.

Itzultzaile Eskola

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979 urtearen azken aldera, Euskaltzaindiak, Juan San Martin, bere jagon-sailburuaren bitartez, Xabier Mendigureni eskatu zion Itzultzaile Eskola bat sortzeko aurre txosten bat presta zezala. 1980ko martxoaren 28an jarri zuen eskaturiko aurre proiektua Euskaltzaindiaren eskuetan. "Itzulpenaren Mundua eta Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola" zuen izenburua eta hiru atal nagusitan banaturik zegoen:

  1. Itzulpena Munduan
  2. Itzulpena gurean
  3. Itzultzaile Eskolaren zuinak

Hasiera hartan Itzultzaile Eskolaren jardun eremua itzulpen arruntak egiten irakastera, hau da, itzulpen espezializatuak aurresuposatuko lukeen kultura orokor mailako itzultzaile prestakuntza eskaintzera mugatu zen, eta honela geratu zen finkaturik ElOPE (Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola) deituaren helburu nagusia: "Euskara eta gaztelaniazko hizkuntz ezagupenak eta literatur historiak, autoreen obrak aztertu eta testu pragmatiko eta literario orokorrak bi zentzutan idatziz itzultzeko gaitasuna ikasleei eskuratzea".

1980an sortu zen Donostiako Itzultzaile Eskola, aurre proiektua aurkeztu eta berehala eman baitzuen ontzat Euskaltzaindiak Eskola abiaraztea. Urte horretan, beraz, ireki zituen ateak Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak behin-behinean Arbideko Dorreetan utzi zizkion geletan. Hona hemen 30 pertsonetako lehen ikaslego hark lau irakasleren eskutik ikasi zituen ikasgaien zerrenda:

  • Euskara eta Euskal Literatura.
  • Gaztelania eta Erdal Literatura.
  • Linguistika Orokorra eta Estilistika.
  • Itzulpen Teoria eta Praktika.
  • Euskal-Itzulpenaren historia eta testu-konparaketarako metodologia.

Lehen promozioaren prestakuntzarako bi ikasturte programatu ziren (1980-1982) eta lehen urtearen ondoren ikaslegoaren banaketa bat egin zen bakoitzak erakusten zuen gaitasun-mailaren arabera; bigarren urtean itzulpen-praktika soila egitera mugatu ziren bi taldeok. Bi urteotako lanen ebaluazioa eginik, gutxienezko gaitasun-mailara iritsi zirenei agiri bat eskuratu zien Eskolak; bere garaian Eusko Jaurlaritzak sortuko zuen Diplomaz baliokidetuko den agiria.

Lehen promozio honetako ikaslegoa aski heterogenoa geratu zen bai adinez, jatorriz eta aurre-prestakuntza mailaz, nahiz eta sarrerako baldintza gisa denei Euskaltzaindiaren D titulua (garai bateko EGA edo C1) eta C.O.U. ikasketa-maila eskatu. Bestalde, irakaslegoarentzat ere urte esperimentala gertatu zen, Euskal Herrian ez baitzegoen era honetako irakaskuntzak beharrezkoak dituen baldintzak eta teknikak bil zitzakeen beste esperientziarik, arestian aipatutako ikastaldi laburren jarraibideaz aparte.

Ikasgai desberdinen programei zegokienez, lehen urteko behin behinekotasuna gaindituz, edukiak hobeki egitarautu eta dosifikatu ziren maila guztietan. Ahalegin honen fruitu dira 1983-1984 ikasturterako argitaratuko diren hiru liburuak:

  • Itzulpen-teoriazko ezagupenak.
  • Itzulgaiak: testu pragmatiko eta literarioak.
  • Euskal Itzulpenaren Antologia I.

Oro har, azken bi ikasturteek izaera akademiko trinkoagoa izan zuten, bai klaseetako jardunean, bai urtean zehar burutu ziren lan eta azterketetan. Horretarako garrantzizkoa izan zen Eskolako Liburutegiaren laguntza eta irakaslegoaren gero eta dedikazio osoagoa (aurrekontu mugatuak eskaintzen zituen ahalbideen barruan). Garai hartan itzulpen lanetan ari zirenak izan ziren eskola hartako irakasle eta gerora euskal itzultzaile ospetsuak izango ziren batzuk eskola horretan aritu ziren ikasle, nahiz eta bazegoen bere kasa trebaturiko anitz ere.

1982ko lehen hiruhilekoan "Birprestakuntza-Ikastaldiak" jarri ziren martxan. Eguneroko ikasketa formalak burutzeko aukerarik ez zuten itzultzaile profesional eta irakasle askok eskatzen zituzten beren lanarekin uztargarriak izan zitezkeen ikasketak eta Itzultzaile Eskolak, garrantzi handikoa zeritzon eskari horri erantzuri nahirik, bataz beste 50 orduko iraupena zuten jardunaldi teoriko-praktikoak antolatu zituen UZEI-rekin lankidetzan. Ikastaldi hauek itzulpen tekniko eta literarioari buruzkoak izan ziren eta partaidetza handia izan zuten. Bestalde, Itzultzaile Eskolak parez-pare antolatu zituen ingelesetik euskararako itzulpen-mintegiak ere eta bi urtetan parte hartu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak IRALEren bitartez bere eskumenean zeuden irakasleentzako antolatzen zituen Birprestakuntzarako Ikastaldietan.

Lehen promozio honen prestakuntzak derrigor izan zituen muga eta hutsuneak ikasle-irakasleen arteko harreman estu eta lankidekorrari esker gainditu ziren neurri handi batean, denek kontzientzia argia baitzuten beren pausoen aitzindari-balioaz. Balantzea positiboa izanik, bigarren promozio bati begira zenbait aldakuntza eginbeharra nabarmendu zen eta, batez ere, hirugarren urte batera ikasketak hedatzea, bi urte gutxiegitzat jo baitziren beharrezko azpiegitura linguistikoz ikaslea hornitzeko.

1981-1984 bitartean aritu zen bigarren promozioa formatzen. Aurreko urtean bildutako esperientziaren gainean eta nabarmendu ziren hutsuneak bete nahirik, ikasturte berrirako Eskolaren estatusa sendotzea eta bere ekintza hedatzea eta Sakontzea erabaki zen. Eskolak nahitaezkoa zuen egoitza iraunkorra eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako gestioei esker, Martuteneko Lanbide Hezkuntzako Ikastetxean lortu zuen kokalekua.

Aldi berean, Itzultzaile Eskolaren irakaskuntza unibertsitate mailan jartzeak zituen zailtasunak kontuan harturik, Lanbide Heziketako FP2-ren marko barruan legezko nortasuna bilatzeari ekin zitzaion eta 1982-1983 ikasturtean lortu zen Itzultzaile Eskola "arautu gabeko irakas-zentro" gisa onartua izatea.

1984an SENEZ aldizkaria sortzea erabaki zen. Eduki akademikoari dagokionez, gero eta ikaslego tipikoagoa etorriko zela aurrikusiz —eta halaxe gertatu zen— azpiegitura linguistikoaren ahultasuna indartu beharrak eraginik, prestakuntza epea bi urtekoa izan ordez hirukoa izatea erabaki zen. Honela, bada, hobeki dosifikatu ahal izan ziren hiru urtetan zehar hasieran bi urtetan bakarrik ikasten ziren ezagupen teoriko-praktikoak. Gaztelania eta euskaraz gainera, hirugarren hizkuntza baten irakaskuntza ezartzea ere beharrezkotzat jo zen eta horrela sartu zen ingelesa hiru ikasturterako. Ingelesaren ezagupen maila egokia zutenentzat zuzenean ingelesetik euskarara itzulpenak burutzeko mintegi bat ere antolatu zen.

1989-1990 ikasturte amaieran itxi zituen ateak Donostiako Itzultzaile Eskolak. Dena den, aipatzekoa da beste eskola bat ere izan zela, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren ekimenez sortua eta Donostiakoak adina urtez jardun zuena; eskola hartan hainbat itzultzaile juridiko-administratibo prestatu zen.

EIZIEren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
EIZIEren logotipoa

1987an sortu zen Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, EIZIE. Donostiako Itzultzaile Eskolako irakasleak izan ziren abiarazle nagusiak eta bi helburu nagusi zituzten: batetik, profesionalen eskubide eta interesak kolektiboki babesteko elkargunea sortzea eta, bestetik, indarrak pilatzea gizartean aintzat hartu zedin sektorean egindako lana.

1988an Elkartearen osaera-biltzarra egin zen eta 60 itzultzaile inguru bildu ziren. Bertan elkartearen estatutuak onartu zituzten, sorrera-helburuak oinarri harturik:

  • Euskal itzultzaileei babes juridikoa eman eta lan baldintzak hobetzen saiatu.
  • Bai euskarara bai euskaratik egiten diren itzulpenen kalitatea zaindu.
  • Euskarara era guztietako lanak itzul daitezen lan egin.
  • Itzultzaileen formazioa hobetu.

Itzultzaileen babes juridikoari dagokionez, literatura lanen itzultzaileena bereziki, EIZIEk lehenengo unetik bertatik onartu zituen 1976ko UNESCOren Batzar Orokorrak itzultzaileen babes juridikorari buruz egin zituen gomendioak, alegia: jabetza intelektualaren eskubidea, testuen aldaezintasuna, itzultzailearen publizitatea egilearenaren proportzionala izatea eta honenarekin bat etortzea, etab. Gure artean oraindik konponbiderik eman ez zaien arazoak ditugu horiek, ordea.

1990. urtetik aurrera, hau da euskal itzultzaileentzako formazio arauturik egon ez zen urte horietan, EIZIE saiatu zen lanean ziharduten itzultzaileen prestakuntza teorikoaren hutsuneak nolabait betetzen. Horretarako ikastaroak eta mintegiak antolatu zituen, eguneroko lanarekin zerikusia zuten era askotako gaiak aztergai harturik. Ikastarook, Elkartearen gainerako jarduerak bezalaxe, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta beranduago CEDROk (Centro Español de Derechos Reprográficos gaztelaniaz edo Eskubide Erreprografikoen Espainiako Zentroa euskaraz), urtero emandako diru-laguntzen bidez finantzatu ziren.

Jarduera horien artean aipagarriak dira Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian antolatzen dituen udako ikastaroen barruan itzulpengintzari buruz Elkarteak antolatu dituen hainbat ikastaro, Euskal Herriko zein Espainiako eta Europako profesional eta ikerlariek parte hartu izan baitute horietan, hala nola, Amparo Hurtado, Agustín García Calvo, Miguel Sáenz, Francesc Parcerisas, Marta Xirinachs, Antonio Argüeso, Eva Koberski, Zlatá Kufnerová, Radivoie Konstantinovic, etab. Lehenengo ikastaroa 1990. urtean antolatu zen “Itzulpengintza eta interpretaritza komunikazio eta normalkuntza tresna gisa” izenburupean; bigarrena handik bi urtera antolatu zen, eta Literatura sorkuntza eta itzulpena izan zen aztergai; hirugarrenaren izenburua, berriz, “Itzulpengintza Administrazioan eta Justizian” izan zen. Hiru ikastaro horietan aurkeztu diren txostenak eskuratu nahi dituenak, SENEZ aldizkarian aurkituko ditu argitaraturik jatorrizko hizkuntzetan.

Hona EIZIEren ekimenez argitaratutako material esanguratsuenen zerrenda kronologikoki antolatuta:

  • 1989az geroztik dago martxan "Literatura Unibertsala" bilduma eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailarekin lankidetzan kudeatzen da. Bildumarako itzulpenak lehiaketa publiko bidez hautatzen dira. Horretarako, itzuli nahi diren obren zerrenda bat plazaratzen du EIZIEk, eta itzulpen-lehiaketa antolatzen. Itzulpen-lehiaketa horren emaitza gisa, obren itzulpenak argitaratzeko esleipenak egiten dira.
  • 1998an argitaratu zen herri hizkeraren lokuzio hiztegi bat CD-ROM euskarrian.
  • 1999an euskal itzulpenen lehenengo katalogoa argitaratu zen, 6.793 sarrera baino gehiago dituena. Katalogaturik dagoen liburu zaharrena 1561ekoa da, eta berriena, berriz, 1997koa.
  • 2000. urtean literatura unibertsalari buruzko irakas-unitatea osatu zuen EIZIEk, bigarren hezkuntzako irakasleei zuzendua, ez baitzegoen material didaktikorik euskaraz, eta euskarara itzulita zegoen literatura unibertsaleko lanen erreferentziak bildu ziren bertan.
  • 2001-2002 ikasturtean literatura unibertsalari buruzko mintegi bat antolatu zuen irakasleentzat. Mintegi horretan irakasleek eskoletan erabil zitzaketen lanen irakurketa egin zen, eta bertan parte hartu zuten lan horiek itzuli zituzten itzultzaileek, itzulitako lanari eta egileari buruz hitz eginez, lan horiek eskolan nola erabili azalduz, etab.
  • 2004 eta 2014 bitartean "Idazlea Itzultzaileen lantegian" itzulpen tailerra antolatu zuen EIZIEk urtero euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginean. Horren bitartez, zenbait helburu lortu ziren, hala nola literatur itzulpengintza eta itzultzaileen lana sustatzea, euskal literatura atzerrian ezagutarazten laguntzea, sorburu hizkuntza euskara duten literatur itzultzaileen zerrenda osatzea eta abar. Argitalpen ugari zor zaizkio tailer honi, hala nola Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria liburuko pasarte batzuk poloniera, bulgariera, estoniera eta lituanierara itzultzea edo Joseba Sarrionandiaren Hamabi poema liburuko zenbait olerki esloveniera, errusiera, eta lituanieraz irakurri ahal izatea.
  • 2005etik aurrera "Itzultzaile Aitzindariak" izendatutako proiektuaren babespean argitaratu dira, besteak beste, Bingen Ametzaga itzultzeailearen eskutik William Shakespeareren "Uda gau bateko ametsa" 2015ean edo Juan Mari Lekuonak itzulitako Clara Janés poetaren "Enblemak" liburua 2010ean.
  • 2010. urtean "Urrezko Biblioteka" sortu zen EIZIEk ikusirik Literatura Unibertsala bildumako lehen 100 izenburuak eskuraezinak zirela; beraz, obra horiek paperezko liburu forman berreskuratzeko plangintza diseinatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin lotutako lankidetza-hitzarmenaren bitartez eta Elkar argitaletxeari esleitu zitzaion liburuok argitaratzeko lana, lehiaketa publiko bidez. Aspaldi itzulitako obrak direnez eta bitarte horretan euskarak berak hainbat gauza finkatu dituenez, orraztuak eta zuzenduak berrargitaratzen dira itzulpenok.
  • 2017. urtean "Demagun ehun urte barru" argitaratu zuten EIZIEk eta Donostia 2016k elkarlanean. Donostia2016k karta zurietako bat eman zionean Anjel Lertxundik sei idazle eta itzultzaile –Javier Cercas, Karlos Cid, Marie Darrieussecq, Adan Kovacsics, Miguel Sáenz eta Raul Zelik– bildu zituen Donostian, hizkuntza ez-hegemonietako literaturaren eta bere etorkizunaren inguruan gogoeta egitera, globalizazioaren eraginpean dagoen testuinguru kulturalean. Topaketa horien iritzi-trukearen ondoren, nork bere inpresio eta bizipenak jaso zituen "Demagun ehun urte barru[9]" liburua osatzen duten testu banatan. Idatzi guztiak euskaraz eta gaztelaniaz daude jasota, eta Darrieussecq-en eta Zelik-en jatorrizkoak ere erantsita daude (frantsesez eta alemanez, hurrenez hurren). Sei testu horiez gain, Anjel Lertxundiren eta Harkaitz Canoren saio bana biltzen ditu liburuak.

Aipatu behar da EIZIEk ikastaro eta mintegietan erabili duen material gehiena argitaratu duela eta webgunean duela.

Gaur egun 180 bazkide baino gehiago ditu EIZIEk eta sortu zenetik etengabe jardun du itzulpengintzaren eta itzultzaileen alde lanean. Bazkide gehienak Euskal Herriko administrazio erakundeetan aritzen dira lanean edo itzulpen enpresetan bestela, beren zerbitzuak bereziki Administrazioari edo, gero eta gehiago, era guztietako enpresei eskaintzen dizkietela. Horrez gainera, literatura itzultzaile talde txiki bat eta interprete talde are txikiago bat ere badaude. Bestalde, Elkarteak itzulpenari eta terminologiari buruzko SENEZ aldizkaria[10] argitaratzen du urtean behin. Hasieran Itzultzaile Eskolak argitaratzen zuen aldizkaria, baina hura itxi zenean Elkarteak hartu zuen bere gain aldizkariaren ardura.

Elkartearen historia labur bezain biziaren berri ematen duen liburuxka[11] argitaratu zuen EIZIEk 2002. urtean, CEATL (Conseil Européen des Associations de Traducteurs Littéraires frantsesez eta AISBL European Council of Literary Translators' Associations ingelesez) erakundearen urteko batzarra Donostian egin zela eta.

Itzulpengintza eta interpretazioko Unibertsitate Ikasketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurretik aipatutako itzultzaile eskolak itxi egin ziren 90. hamarkadan eta ixteko bi arrazoi nagusi izan ziren: alde batetik, eskola horietan ematen ziren tituluak ezin homologa zitezkeen garai hartako inongo ikasketa arauturekin, eta beste alde batetik, bazirudien Euskal Herriko Unibertsitateak oso denbora gutxiren buruan jarriko zuela martxan Itzulpengintza eta Interpretazio Lizentziatura. Baina lizentziatura hori ez zen 2000-2001 ikasturtea arte sortu, eta Gasteizko Filologia Fakultatean ematen zen itzulpengintza masterrak bete zuen, nolabait, hutsune hori; baina, zoritzarrez, lizentziatura sortzearekin batera desagertu egin da masterra. Master horrek lehen aipatutako bi eskolek itzultzaileen formazioan utzitako hutsa bete zuen hasieran; unibertsitate pribatu batek ere, Deustuko Unibertsitateak hain zuzen ere, bi itzulpen master antolatu zituen (bat euskaraz eta ingelesez bestea), baina urte gutxira emateari utzi zitzaien. Gauzak horrela, beraz, euskarara eta euskaratik itzulpenak egiteko gai izango ziren lehenengo lizentziadunak ez ziren 2005. urtera arte iritsiko.

Aipatu bezala, euskarazko itzulpengintza eta interpretaritza lizentziatura ez zen 2000. urtera arte martxan jarri, alegia, Hego Euskal Herrian erakunde autonomikoak sortu zirenetik eta euskara koofizialtzat hartu eta administrazioan eta hezkuntzan erabiltzen hasi zenetik hogei urte igaro ziren arte. Atzerapen hori oso kezkagarria izan da, izan ere, euskarari koofizialtasuna ezagutzeak itzultzaile eskaera handia ekarri baitzuen berekin, eta eskaera hori, gainera, gizartearen beste alor askotara zabaldu da euskarak azken hamarkada hauetan bizi izan duen berreskuratze edo biziberritze prozesuaren[12] ondorioz.

Itzulpengintza ikasketek euskal itzulpengintzaren egoera goitik behera baldintzatzen ez badute ere, kontuan hartu behar da euskararen erabileraren normalizazio prozesua –zeinaren baitan Eusko Jaurlaritza, eta maila apalagoan Nafarroako Gobernua, ahalegin handiak egiten eta are milioi gehiago gastatzen ari den– itzulpenaren bidez burutu ahal izan eta izango dela maila handi batean. Beraz, nabarmena da, euskararen egoera soziolinguistikoa dela eta, itzultzaileen premia duela euskararen normalizazioak; horrez gainera, hizkuntzak berak bizi duen egokitze prozesu etengabeari aurre egiteko itzultzaile horiek beren lanen kalitatea bermatu behar dute eta hizkuntzaren normalizazio prozesuaren ezinbesteko tresna dira, gainera. Horregatik guztiagatik, EIZIEren iritziz "gure itzulpen lizentziaturak oso gogoan hartu behar ditu komunitate elebidun baten behar bereziak, hizkuntzetako bat lehen azaldu den mailako normalizazio prozesu batean sarturik dagoela kontuan harturik bereziki". Horrez gainera, ikasketak ezinbestekoa dira euskararen itzulpenean sortzen diren arazo bereziak era zientifikoan, bai hizkuntzalaritzaren ikuspegitik bai ikuspegi soziolinguistikotik, aztertuko dituzten espezialistak eta ikerlariak prestatzeko.

2000. urtean Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Itzulpengintza eta Interpretazio Lizentziatura sortu zuen eta gaur egun "Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua" eskaintzen du Gasteizeko campuseko Letren fakultatean. Ikasketok 4 ikasturteko iraupena dute eta 240 ECTS kreditu barne biltzen ditu ikasketa planak[13]. Proba baztertzaile bidez aukeratzen dira urtero eskainitako 60 plazak beteko dituzten ikasleak.

Itzulpengintzaren rola informazioaren gizartean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza batetik bestera itzulitako informazioaren kantitate eta kalitateak, neurri handi batean, baldintzatu egiten du hizkuntzen arteko trukea eta kultura arteko komunikazioaren intentsitatea. Horren gain, historiak erakutsi digu ideien zirkulazioak eta hedadurak ez duela lotura kuantitatibo zuzenik hiztun gehien duten hizkuntzekin.[14] Zehatzago esanda, hizkuntza baten hiztun kopurua ez da iragarle ona hizkuntza horretan sortutako (edo hizkuntza horretan zirkulatzen duen) mezu batek gero mundu osora zabaltzeko duen gaitasuna zenbaterainokoa izango den jakiteko. Horren haritik, David Crystal hizkuntzalariaren arabera, «hizkuntza bat hizkuntza global bilakatzeko arrazoiak zerikusi txikia du hizkuntza hori hitz egiten duen pertsona kopuruarekin; aitzitik, askoz ere lotura handiagoa du hiztun horien identitatearekin». Ikuspegi horretatik, beraz, elebidunen eta itzultzaileen sareak berebiziko garrantzia hartzen du informazioaren gizartean.

Luzaroan ezin izan da munduko hizkuntzen egoera erlatiboa aztertu horretarako daturik ez zegoelako eta, gaur egun ere, ez da batere erraza horrelako datuak lortzea. Hala ere, Mark Davisek berak (Unicode Partzuergoko presidentea eta sortzailea, hau da, idazketa erabiltzen duten konputagailu eta interfaze mugikor guztietarako karaktereak kodetzeko estandarrak sortzen dituen erakundearen burua) behin eta berriz adierazi du itzultzaile sarea ehuntzearen garrantzia. Duela gutxi arte ezin izan da, halaber, hizkuntzen arteko elkartrukeen sare globalaren egitura kuantitatiboki aztertu, baina hori errazagoa da gaur egun, bai Wikipedia edo Twitter bezalako elkartruke globalerako «espazioek» datu-base ireki handiak eratu dituztelako, baita Interneten hitz egindako hizkuntzen proportzioa hobeto ezagutu dezakegulako ere.[15]

XIX. mendetik aurrera gertatutako gizarte eraldaketa sakonek —eta itzulpengintzaren alorrerean, nagusiki globalizazioaren eta jabetza intelektualeko egile-eskubideen zein itzulpenenen inguruko araubideak eratzearen eraginez— ekarri dute, gaur egun, zenbait hizkuntza eta kultura «behar bezala» itzultzea, baina ordainetan beste hizkuntza askoren desagertze prozesua nabarmen bizkortu du eta, are gehiago, baita hizkuntza batzuk desagerrarazi ere.

Egile batzuen ustez larrialdi egoerari aurre egiteko moduetako bat informazio sare berriak eratzea eta hizkuntza trukerako nazioarteko sistemak sortzea da[16], ingelesa are nagusi eta zentralago bihurtu ez dadin[17]. Ingelesaren hegemonia kultural-linguistikoa poliki-poliki gainditzeko proposamenetako batzuk dira Interneten itzulpen automatikorako (IA) softwarea hobetu eta orokortzea edo editore sare kolektiboak sustatzea, adibidez Wikimediaren ikuspegi berritzaileak erakutsi baitu Wikipedian itzulpenak errazten dituela.

2014an, Estatu Batuetako eta Frantziako talde batek Sareen Zientzia erabilita mapak sortu zituen[18] munduan informazioak eta ideiek nola zirkulatzen zuten behatzeko. Jatorrizko mezuaren hizkuntzaren arabera, hizkuntza hori hitz egiten den herrialdeetako batez besteko BPGaren arabera[19], lehen itzulpenen hizkuntzaren arabera eta informazioa transmititzeko erabilitako medio edo hedabideen arabera (liburuak, Wikipedia, Twitter...) egin zen azterketa. «Mapa» hori sortzeko ikertzaileek, alde batetik, literatura-itzulpenari buruzko datuak aztertu zituzten (mila hizkuntzatan baino gehiagotan argitaratutako liburuen 2,2 milioi itzulpen oinarri hartuta) eta, bestetik, hizkuntzak trukatzeko munduko sare nagusiak aztertu zituzten, hots:

  1. Twitterreko txio elebidunak: azterlan horretarako hautatutako 550 milioi txio (Twitterreko argitalpen), 17 milioi erabiltzaile eta 73 hizkuntzatan oinarritu zen lana. Hori datu-base irekiari esker lortu ahal izan zen, txio bat hizkuntza bati lotzeko eta txioak hizkuntza-komunitate batekin edo gehiagorekin lotzeko aukera ematen duelako Twitterrek.
  2. Wikipediako orrien bertsioak aztertu ziren hainbat hizkuntzatan (Wikipediako boten itzulpen lana kontuan hartu gabe) datu-base irekia dutelako (DBpedia).

Horna azterketaren ondorio nagusiak:

  • Interfazeetan erabilitako hizkuntzen artean dagoen hierarkia nabarmena da, nahiz eta aztertutako medioaren artean ñabardura esanguratsuak egon.
  • Espero bezala, ingelesa da beste hizkuntzen arteko interfaze-funtzioa bere gain hartzen duena eta, aldi berean, hizkuntzarik garrantzitsuena eta eraginkorrena munduan ideia edo informazio bat zabaltzeko (ingelesa ardatz nagusia da mapara ekarritako sareetan). Bigarren mailan, bereziki Wikipedian, frantsesak, alemanak eta errusierak antzeko funtzioa betetzen dute. Ondoren, hirugarren mailako hub txikiagoen konstelazioa dator, adibidez, gaztelania eta, oso atzetik, tamilera, portugesa edo txinera; guzti hauek ezohiko hizkuntzak dira mundu mailan ideiak zabaltzeko, nahiz eta hiztun kopuruari erreparatuta oso esanguratsuak izan. Ingelesa ez bezala (ideia-sare globaletan ia leku guztietan hitz egiten dena), mandarinera, hindia eta arabiera isolatuta daude hizkuntzen arteko informazio truke-sarean eta horrek esan nahi du hizkuntza horietako komunikazioak beste hizkuntza batzuetako hiztunengana gutxiago eta beranduago iristen direla, nahiz eta hirurek oso hiztun kopuru handiak izan[17].
  • Sare globaleko hizkuntza-arteko informazio-trukerako sareko nodo edo adabegi nagusiei dagokienez, literatura-itzulpenek eta Wikipediako hizkuntza-arteko sistemak (283 hizkuntza 2014ean eta 326 hizkuntza 2022an[20]) Europako hizkuntzak (eta japoniera itzulpenetarako) balioesten dituzte oraindik ere, baina Twitterrek garrantzi handiagoa ematen die (ingelesaren ondoren) aurreko bi truke-sareetan nagusi ez diren hizkuntzei (malaysiera, portugesa, gaztelania, filipinera, nederlandera eta arabiera). Literatura-itzulpenen sarea egonkorragoa eta formalagoa da. Aldiz, Wikipedia bizkor ari da eboluzionatzen, egituratze bidean dago, eta Twitterren eredua erabat desberdina da, gaur egungo gertaerekiko oso erreaktiboak diren mezu laburretan oinarritzen da.
  • Galbidean dauden hizkuntzetako edo hiztun gutxi dituzten hizkuntzetako hiztunek beren mezuak munduan zehar zirkula dezaten nahi badute beste hizkuntza batzuekin zeharka konektatuta egon ohi dira hub baten bidez (hub hori handia edo txikia izan daiteke). Twitterrek ideiak zirkulazioan jarri ditzake elkarrengandik hurbil dauden hizkuntza-taldeen barruan (adibidez, filipineratik koreerara malaysieraren bidez); ingelesera itzultzeak, berriz, ideia baten hedapena erraztuko du, esate baterako 75milioi hiztun dituen turkieratik mezu bat pasa nahi bada Indian 35 milioi hiztun dituen malabarera hizkuntzara.
  • Pertsona eta erakunde elebidunak edo eleaniztunak, beraz, informazio eta ideien transmisio-sarean garrantzi handiko nodo edo adabagi rola jokatzen dute. Internetek eta Wikipedia zein Twitter bezalako fenomenoek hizkuntza-arteko trukean duten zeregina zabaldu dute, baina informazioa zirkularazteko duten gaitasuna are handiagoa da erabiltzaileak menderatzen duen hizkuntzetako bat ingelesa bada.
  • Hala eta guztiz ere, badira ezohikoak diren edo azaleratze bidean dauden fenomeno batzuk ere: adibidez, nederlanderak hiztun «gutxi» ditu (27 milioi inguru, adibidez arabierak dituen 530 milioi hiztunen aldean), baina herbeheretar asko eleaniztunak dira eta oso aktiboak Interneten[17].
  • Aztertutako erabiltzaileek elite moduko bat osatzen dute, Interneten alfabetatuak eta aktiboak dira eta. Hala ere, nahiz eta hizkuntza bateko edo gehiagotako hiztun gutxi batzuk soilik ordezkatu, elite horrek botere eta erantzukizun «ez proportzionala» du, borondatez edo nahi gabe bere arrastoa uzten duelako urrutiko beste hizkuntza, kultura eta herri batzuetatik itzultzen eta transmititzen dituen mezuetan. Beraz, botere eta erantzukizun «ez proportzionala» dute ingeles hiztunek gaur egun, haien mezuek urrutitik eta azkar zirkulatzeko aukera handiagoa baitute.
  • Jatorriz hizkuntza askotan idatzitako eta arabierara itzulitako testuen itzulpen-tasa txikia oztopo handia da «kanpoko» ezagutza hedatzeko.
  • Dokumentu asko ingelesera (edo bitartekari ona den hizkuntzetako batera) itzultzea sustatzen duen herrialde, erakunde edo pertsona bat hobeto ezagutaraziko da. Beraz, informazioaren gizartean, sare sozial eta kulturalen garaian, abantaila handia da Interneten beste hizkuntzekin oso ondo konektatuta dagoen bigarren hizkuntza bat aukeratzea informazioa ahalik eta gehien zabaldu nahi bada.
  • Ingelesa hitz egiten ez duen eta bere kulturatik kanpo ideiak zabaldu nahi dituen edo ideia berriak eskuratu nahi dituen pertsona batentzat oso erabilgarria da ingelesa bigarren edo hirugarren hizkuntza gisa aukeratzea; aldiz, ingelesa hitz egiten duen pertsona batek onura gehiago aterako dio gaztelania, frantsesa edo alemana ikasteari txinera edo hindia ikasteari baino (nahiz eta azken biek hiztun askoz gehiago izan), bere ideiak idatziz zabaltzeari dagokionez.

Ezin da alde batera utzi aztelan honetan landutako idatzizko komunikazioaz gain kultura-transmisioak ahozko hizkuntza ere barne hartzen duela, bai tokian-tokian egindakoa bai urrutikoa (telefonoz edo Skype, Jitsi, Zoom edo dena delako medioaren bidez), eta horrek ideia eta informazio jakin batzuen hedapena bizkortu lezakeela.

Ikus EIZIE Elkarteak euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteentzako zuzeneko estekekin egindako lan-tresna erabilgarrienen bilduma eta hizkuntza-baliabideen bilduma.[21]

Ordenagailuz lagundutako itzulpena (OLI)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordenagailuz lagundutako itzulpena (OLI euskarazko sigletan) edo CAT (computer-assisted translation, ingelesez) gizaki batek helburu testu bat ordenagailu programa baten laguntzaz sortzen dueneko itzultzeko modua da. Modu horretan, makinak gizakiari laguntza baino ez dio ematen. Horrek itzultzaileari lagungarri zaizkion programak barneratzen ditu.[22][23]

Itzulpen automatikoa (IA)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpen automatikoa edo MT (Machine translation, ingelesez) hizkuntza teknologiaren garapenean zinez lagundu duen diziplina da. Martin Kay-ren esanetan: "Itzultzeko makinak lortzeko desioak hizkuntzalaritzako, filosogiako, matematikako nahiz informatikako zenbait aditu nagusiren arreta piztu du. Itzulpen automatikoak, gainera, anitz zaletu porrokatu modu liluragarrian erakartzen ditu".

Itzulpengintza automatikoa lehen hizkuntza batean idatzitako testu bat aztertu (iturri testua) eta beste hizkuntza batean idatzitako testu berbera (helburu testua) ordenagailuz sortzen duen itzultzeko modua da.

Hala ere, egia da itzulpen automatikoak giza laguntza behar duela, esaldiak aurrez eta ondoren editatzea behar baitu.

Itzulpengintza automatikoa vs. ordenagailuz lagundutako itzulpengintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biak funtsean ia berdinak izan arren, itzulpengintza automatikoa ezin da ordenagailu bidezko itzulpengintzarekin erratu. Automatikoan, makinak garrantzia du; bestean, ordea, itzultzaileak, berak hartzen baititu itzulpenari dagozkion erabaki guztiak.

Horren itzultzeko prozesua itzulpengintza arruntaren berbera da eta itzultzerakoan, arazo berak izaten ditu.

Itzulpen prozesua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpengintzaren pausoak —hala idazkiak itzultzean nola hizketa interpretatzean— bi izaten dira, ordena honetan:

  1. Iturri testuaren esanahia ulertzea.
  2. Esanahi hori bera xede testuan ematea.

Itzultzaileak, lehenik, «itzulpen unitateak» identifikatu behar ditu (testuaren segmentuak). Itzulgaia hitz bat izan daiteke, esaldi bat edo gehiago. Ondoren, iturri testuaren esanahi osoa ulertzen du; itzultzaileak testuaren edo mintzaldiaren osagai guztiak interpretatu eta aztertu behar ditu. Gero, esanahi hori bera xede hizkuntzan eman behar du. Prozesu horretarako, nahitaezkoa da iturri eta xede hizkuntzen gramatika, semantika, sintaxia eta esaerak jakitea, bai eta hizkuntza bi horien erabiltzaileen kultura ere.

Gatazkak itzulpengintzan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzulpengintza, berez, oso prozesu zaila da, eta horretaz gain, itzultzaileak are arazo gehiago aurki ditzake.

Iturri testuarekin arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Itzulpenean zehar jasandako aldaketak.
  • Testu ilegalak.
  • Testu amaigabeak.
  • Eskas idatzitako testuak.

Hizkuntza arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Dialektoak eta neologismoak.
  • Azaldu gabeko akronismoak edo laburdurak
  • Erritmoa, puntua edo poesia terminoak.

Arazo "itzulgaitzak"

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza batzuetan sarri agertzen dira beste hizkuntza batean baliokiderik ez duten hitzak, batzuetan bere horretan itzulezinak. Arazo horrek hitzak asmatzea dakar. Itzultzaile batek badaki ama bezalako hitzak zelan diren beste hizkuntzetan eta kasu horretan, hitz batetik bestera itzultzen du. Hala ere, sarri gertatzen da aurkakoa: hizkuntza bateko terminoak ez du baliokiderik eta beste hizkuntzakoa hartzen da, ingelesezko rafting edo jogging hitzekin gertatzen den moduan. Horren eragina hizkuntzak kutsatzea da. Adibidez, jatetxe frantses bateko ingelesezko menuan pâté de foie gras platera fat liver paste itzultzea ez da itzulpena, azalpen argia baino. Benetan, foie gras pâté jarri beharko litzateke.

Hitz arrunten arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Itzultzeko zailenak diren hitzak laburrenak dira: adibidez, Ingelesezko to get aditzak edozein hiztegitan zazpi zutabeko esanahiak ditu. Horrela, zaila egiten da esanahi horietako zein aukeratzen jakitea.
  2. Aspektu kulturalak: adibidez, ingelesezko bread (ogia) hitz arrunta da baina, beste kultura batzuetan, kultur desberdintasunaren ondorioz, beste zerbait izan daiteke (adibidez, Asiako hainbat herrialdetan oinarrizko janaria arroza da, ez ogia).
  3. Zehaztasun maila desberdinak: adibide argia dugu inglesezko there hitza: euskaldunontzat, batzuetan hor aditzondoa da, baina urrun egonez gero, han ere bai.

Datu estatistikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez daukagu munduan itzulitako testu kopuruari buruzko estatistika zehatzik, bereziki literatura grisean egindako edo sare tradizionaletatik igaro gabe Internet bidez banatutako itzulpen geroz eta ugariagoei buruzko daturik. Hala ere, itzulpengitzari buruzko zenbait datu estatistiko lortzeko ondoko iturriak kontsultatu daitezke:

Munduan gehien itzulitako dokumentua Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala da Errekorren Guinness Liburuaren arabera, 1999an lortu zuen lehen izendapena 298 hizkuntzara itzulita zegoela frogatu zuelako, 2009an errekorra gainditu zuen 370 hizkuntzara itzuli ondoren eta 2016. urtean berriro ere gainditu zuen errekorra testua 501 hizkuntzara ekarrita[26]. 2022an GEEAUk 538 itzulpen zituen[27].

Munduan gehien itzuli diren liburuen artean honako hauek daude:

Kontinente eta herrialde bakoitzean itzulpen gehien dituen liburuen mapa[40] osatu zuen Preplyk 2021ean.

Frantzian, 2000-2010 urteetan, urteko 70.000 titulu ingurutik, % 10etik 13ra itzulpenak dira. Beraz, frankofonoek gutxi gorabehera 7.000 eta 9.100 atzerriko izenburu artean dituzte eskura, frantsesera itzulita eta urtero argitaratuta[41].

Erreferenteak itzulpengintzaren alorrean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus Wikipediako Itzultzaileak kategoria.

Euskal itzultzaile, interprete eta zuzentzaile ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus Wikipediako Euskal Herriko Itzultzaileak kategoria.

Euskal itzulpengintzari buruzko lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Fabio., Vélez,. (2017). Antes de Babel : una historia retórica de la traducción. Comares ISBN 978-84-9045-471-8. PMC 974708458. (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  2. Tatarkiewicz, Władysław; Kasparek, Christopher. (1980). «Aesthetic Perfection» Dialectics and Humanism 7 (4): 145–153.  doi:10.5840/dialecticshumanism19807412. ISSN 0324-8275. (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  3. Pöchhacker, Franz. (2016). Introducing interpreting studies. (Second edition. argitaraldia) ISBN 978-1-317-30441-8. PMC 936040253. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  4. (Gaztelaniaz) Puerta, Beatriz. (2017-04-12). «Historia de la interpretación» Lema Traductores (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  5. Gaiba, Francesca. (1998). The origins of simultaneous interpretation : the Nuremberg Trial. Ottawa University Press ISBN 978-0-7766-1719-0. PMC 144080321. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  6. Legvold, Robert; Palazchenko, Pavel; Korchilov, Igor. (1997). «My Years with Gorbachev and Shevardnadze: The Memoir of a Soviet Interpreter» Foreign Affairs 76 (4): 160.  doi:10.2307/20048161. ISSN 0015-7120. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  7. JOHN., WILSON,. (2018). IMPORTANCE OF THE PROOF-READER.. OUTLOOK Verlag ISBN 3-7326-6160-1. PMC 1032022878. (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  8. Translators through history. (Rev. ed.. argitaraldia) John Benjamins Pub. Co 2012 ISBN 978-90-272-7381-9. PMC 797915951. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  9. Itzultzaileak: Joxan Elosegi, Petra Elser, Gerardo Markuleta, Edorta Matauko, Bego Montorio, Jon Muñoz, Koro Navarro, Egileak: Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Javier Cercas, Karlos Cid, Marie Darrieussecq, Adan Kovacsics, Miguel Sáenz, Raul Zelik. (2017). Demagun ehun urte barru. ISBN 978-84-697-2314-2..Demagun ehun urte barru
  10. «SENEZ aldizkaria» EIZIE (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  11. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE). .Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE)
  12. Garabide. «Euskararen berreskuratzea liburu bilduma» Garabide (Noiz kontsultatua: 2022-04-12).
  13. «Kredituak eta irakasgaiak» UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  14. Karttunen, Frances E.; Crosby, Alfred W.. (2006). «Empires of the Word: A Language History of the World (review)» Journal of World History 17 (2): 225–228.  doi:10.1353/jwh.2006.0039. ISSN 1527-8050. (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  15. Daniel., Pimienta,. (2009). Twelve years of measuring linguistic diversity in the Internet : balance and perspectives. United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization PMC 606612530. (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  16. Morris, Michael A.. (2004-10). «Words of the world: The global language system» Language in Society 33 (04)  doi:10.1017/s0047404504244050. ISSN 0047-4045. (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  17. a b c (Ingelesez) «Want to influence the world? Map reveals the best languages to speak» www.science.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  18. Ronen, Shahar; Gonçalves, Bruno; Hu, Kevin Z.; Vespignani, Alessandro; Pinker, Steven; Hidalgo, César A.. (2014-12-15). «Links that speak: The global language network and its association with global fame» Proceedings of the National Academy of Sciences 111 (52)  doi:10.1073/pnas.1410931111. ISSN 0027-8424. (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  19. «UTN #13: GDP by Language» www.unicode.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  20. (Ingelesez) «List of Wikipedias - Meta» meta.wikimedia.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  21. (Gaztelaniaz) «Herramientas gratuitas de traducción» qabiria.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-12).
  22. (Ingelesez) «Anaphraseus. Anaphraseus is a CAT (Computer Aided Translation) tool, set for OpenOffice/LibreOffice Writer, similar to famous Wordfast. It works with the Wordfast Translation Memory format (*.TXT), and supports text segmentation.» SourceForge (Noiz kontsultatua: 2022-11-12).
  23. «OmegaT - Librezale.eus» librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-12).
  24. «Index Translationum - World Bibliography of Translation» portal.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  25. (Ingelesez) «Translation statistics» CEATL (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  26. (Ingelesez) «OHCHR | New record: Translations of Universal Declaration of Human Rights pass 500» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  27. (Ingelesez) «OHCHR | About the Universal Declaration of Human Rights Translation Project» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  28. «Our Impact | Wycliffe Bible Translators» www.wycliffe.org.uk (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  29. Saint Exupéry, Antoine de. (2001). Printze txikia. Elkarlanean ISBN 84-8331-749-4. PMC 907368468. (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  30. «Ibinagabeitia Proiektua / Euzko-Gogoa 1/2 (1959ko urtarrila-otsaila)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  31. Collodi, Carlo. (D.L. 1987). Pinotxoren abenturak. Elkar ISBN 84-7529-418-9. PMC 433982767. (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  32. 1826-1890, Collodi, Carlo. (2011). Pinotxoren abenturak. Alberdania ISBN 978-84-938368-8-7. PMC 796309682. (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  33. «Ibinagabeitia Proiektua / Maiatz 10 (1985-abendua)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  34. Lao-tse. (2007). Dao de jing. Ibaizabal ISBN 978-84-8394-091-4. PMC 433824650. (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  35. «Tao te king» Booktegi (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  36. Carroll, Lewis. (D.L. 1989). Aliceren abenturak lurralde miresgarrian. Pamiela ISBN 84-7681-092-X. PMC 435433945. (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  37. Carroll, Lewis. (2004). Alizia haurrentzat. Pamiela ISBN 84-7681-407-0. PMC 434331945. (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  38. «Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian» Booktegi (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  39. «Palacio Sáenz de Vitery, José - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  40. (Ingelesez) «World Map of the Most Translated Books by Country» preply.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).
  41. Sapiro, Gisèle. (2008). «Chapitre 3. Situation du français sur le marché mondial de la traduction» Translatio (CNRS Éditions): 65–106. (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  42. Lertxundi, Anjel. (2019). Itzuliz usu begiak : itzulpena eta sorkuntza ispilu jokoan. (1. argitaraldia: 2019ko urria. argitaraldia) ISBN 978-84-9868-542-8. PMC 1235954731. (Noiz kontsultatua: 2022-05-05).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]