Txistu (musika tresna)
Txistu (musika tresna) | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | open flutes with internal duct with fingerholes (en) |
Hornbostel-Sachs sailkapena | 421.221.12 |
Jotzailea | txistulari |
Txistua Euskal Herriko haize instrumentua da, zehazki, hiru zuloko flauta.
Hiru zuloko flautak euskal herri-musikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko eskualde guztietan oso nabarmena da hiru zuloko txirulen presentzia aspalditik, izen, material, joera, estilo eta funtzio anitzekin. Bi dira nagusiki gurean ezagunak: txistua eta xirula. Bien artean, txistua da zabalduena eta aldaera gehien dauzkana. Xirula berriz, Zuberoako folkloreari oso lotua ageri zaigu azken garaietan, 1970eko hamarkadaz honantz zerbaitxo hedatu bada ere, eremuz nahiz erabileraz. Gaur egun bereiz agertzen dira txistua eta xirula, eta hala aurkezten dira hemen ere, baina historian atzera eginez gero ez da halako alderik. Funtsean hiru zuloko ahokodun flautak dira biak, egitura, joera eta funtzio bertsuak izan dituztenak, baina tradizioaren bi eremu ezberdinetan erabiliak, nork bere izaera hartua du alderdi askotan.
Afinazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun erabiltzen diren txistu eta xirulen arteko desberdintasun nabarmenena, egiturari dagokionez behintzat, hodien luzera izan daiteke: txistuak fa edo fa# tonalitateko transposizio instrumentuak izan ohi dira, eta xirulak berriz do tonalitatekoak (hodi laburragokoak).
XVIII. mendean berriz, txistu akademikoaren inguruan, silbotea izena hartu zuen flauta luzeagoa sortu zen, gaur sib edo si tonalitatetako transposizio instrumentua[1]. Eta jada XX. mendearen azkenetan, Donostiako Kontserbatorioko Grupo Experimental de Txistu izeneko taldeak beste tonalitate batzuetako hiru zulotako flautak aurkeztu zituen: txistu txiki edo txilibitu izenekoa sopranoen tesituran eta txistu handi edo silbote handi deitua baxuetan [2]. 2014an berriz, Silboberri Elkartea izan zen txistu baxu berria aurkeztu zuena Durangon emandako kontzertu batean, txistu arrunta baino zortziko tartea grabeago. Aitor Amilibia txistularia eta Jesús Alonso akustika irakaslea 1990eko hamarkadan hasi ziren txistuaren afinazioari buruzko ikerketak egiten eta hobekuntza nabarmenak lortu zituzten[3]. Ikerketa horiekin jarraituz, 2014an Aitor Amilibia eta Iñaki Imatzek lehen txistu baxuak egin zituzten.
Egitura eta jotzeko era
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txistua eta xirularen aldaera guztiek egitura berdintsua dute. Esku bakarrarekin jotzen den hiru zuloko flauta zuzena da, hiru zuloak hodiaren behealdean dituena: bi aurrean eta bat atzean. Hodiaren goialdean, ahoko tutu txikian putz eginda aire korrontea alakara bideratzen da, haren aurka lehertu eta hodiaren baitako aire-gorputza bibrarazita soinua sortzeko.
Txistuaren hodiak kanpotik gehienetan konikoa badirudi ere, barrutik tutu zilindrikoa du, beste flauta arruntek bezala.
Hiru zuloei hatz-jokoa eraginez tonuak eragiten dira, hots-hodiak ematen duen harmonikoen gaman oinarrituta. Txistuaren eskala osatzeko ez da erabili ohi lehen harmoniko edo oinarrizkoa (lehen erregistroa); beraz, bigarren harmonikotik hasita, hirugarrena bosteko tarte justura sortzen da eta, eskala diatonikoan, tarte hori osatzeko behar diren lau nota emateko nahikoa da hiru zuloren hatz-jokoa: lehen nota emateko zulo guztiak itxita, bigarrena zulo bat irekita, hirugarrena bi irekita eta laugarrena zulo guztiak irekita. Bosgarrena berriz zulo guztiak itxi eta erregistroa aldatuta sortuko da, hirugarren harmonikoari eraginda. Jarrera oso horiez gain, txistulariek eskala kromatikoak ere lortzen dituzte, zulo erdiak itxiz eta irekiz edota hodiaren amaierako muturra hatz txikiaz komeni den mailan itxita. Honela, txistuak bi zortziko tartetako eskala diatoniko nahiz kromatikoa osa dezake.
Eta gainera, txistulariak esku bateko txistuaz doinuak jotzen dituen artean, besteaz besotik zintzilik daraman danbolinaz erritmo oinarri eta jokoak eragiten ditu.
Materialak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txistuaren hodia zurezkoa izaten da gehienetan, eta dokumentazio idatziak dioenez, antzina ere hala izaten zen gehienetan. Txistuak egiteko bertako zur preziatuena eta erabiliena ezpela izan dela dirudi, baina zurak nekez irauten du mendetan barrena eta gutxi dira gorde diren txistu historikoak; horrek asko zailtzen du zehazki erabili izan diren zurak zeintzuk diren jakitea, besteak beste. XX. mendean Afrikatik ekarritako ebano eta granadillo zuren erabilera zabaldu zen, eta horietatik datorkie txistuei kolore beltz ezaguna. XX. mendearen bukaeraz gero material plastikoak ere erabiltzen dira, eta metalezkorik ere egin izan da.
Zurezko hodia babesteko eta apaingarritzat metalezko eraztunak izan ohi dituzte txistuek. Ahokoa eta alaka osatzen duen txapa ere metalezkoak izan ohi dira. Hodiaren bi muturretan metalezko eraztun zabalagoak izaten dituzte babesgarri, eta beheko muturraren babesgarriari erantsita, hatz nagiaz tresna heltzeko beste eraztun bat ere bai.
Zurezko txistuez gainera, hezurrez egindakoak ere ezagutu dira Euskal Herrian. Mariano Barrenetxeak Gorbeialdean hezurrezko txistuaren erabilerari buruzko informazioa bildu zuen[4].
Txistu izendapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun hiru zuloko flauta honen izen zabalduena txistua bada ere, badirudi berri samarra dela izendapen hori. XIX. mendera arte ez dago flauta hau txistu hitzaz ezagutu izanaren testigantzarik. Antza, gaztelerazko zenbait idatzitan agertzen omen da mende horretan[5]. Euskal literaturan berriz, agidanez, 1880ko hamarkadan hasten da erabiltzen txistu hitza adiera honekin, eta azkar batean hedatzen. Euskal literaturan topatu dugun txistu hitzaren lehenengo erabilera, flauta honi buruz ari dela, Antonio Arzaki zor diogu, Juan Iturralde Suiten La leprosa ipuinaren itzulpenean. Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zuen 1884an, X. Tomoan, Legenartsua izenburuz. Hala dio: “Mendien marmarizakiñ naasturik aize-bunbadak dakarzkite urrutian galtzen diran boza eta kanta penik gabeak, ujuju ta algara lasai pozez beteak, oekin elkar artzen dutela gero baño gero alderago entzuten diran txistu-ttunttun soñuak.”[6].
1909an Gasteizko txistulari bandarako oposizioen oinarrietan agertzen da lehenengoz, eta Donostian berriz 1922an, Isidro Ansorena “primer txistulari de nuestra banda de juglares” izendatzen duen udal erabakian[5]. 1927an sortutako txistularien elkarteak jada Asociación de Txistularis del País Vasco hartuko du izen ofizial, eta 1928an argitaratzen hasiko den aldizkaria ere Txistulari izango da.
XIX. mendearen azken aldera arte ditugun erreferentzien arabera, ordea, ohikoena danbolin, ttunttun eta horien eratorri edo erdarazko parekoak erabiltzea izan zela dirudi. Hiru zuloko flauta hutsa izendatzeko txilibitu eta honen eratorri txulubita dira agertzen direnak, baina gutxitan horiek ere. Sánchez Ekizaren arabera[7], XVIII. mendean gertatu ziren aldaketek eragina izango zuten musikari haiek beraien buru eta soinu-tresnei zieten begiramena ere aldatzean eta, besteak beste, bi-hiru ahotsetara taldeetan jotzen hasi eta musika idazteak ekarria izan zitekeen silbo 1º eta silbo 2º ahotsen arteko bereizketa egitera eraman zituena. Uste izatekoa da gaztelerazko silbo hitzaren parekotzat hartu zela txistu hitzaren adiera berria, jada Iztuetak aipatzen baitzuen XVIII eta XIX. mendeen arteko danbolin haietako batzuk nahiago zutela haien musikari izaera azpimarratu, danbolinaren irudiari flautarena gailenduz.
Danbolinteroaren figura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esku bateko ahokodun flautek badute beste ezaugarri bereizgarria: esku bakarraz jotzen direnez, beste eskua (eskuinekoa gehienean) bigarren soinu-tresnaren bat jotzeko erabil daiteke. Eta hala egiten da era honetako flautak erabiltzen dituzten tradizio ezberdin gehienetan: danborren familiako tresna izaten da ohikoena (zuzenean kolpekatutako menbranofonoa), baina harizko danborrak ere ezagunak dira (zuzenean kolpekatutako kordofonoak) eta bestelakorik ere erabili izan da, idiofonoak batik bat.
Euskal Herrian, txistulariek menbranofonoa erabili izan dute gehienbat, ttunttun edo danbolin izenekoa, eta xirulariek harizko danbor edo salterioa, hau ere ttunttun izenez ezaguna. Baina harizko danborrak Hegoaldean ere erabili izanaren testigantzak badira, baita kaskainetak eta bestelako soinu-tresnak ere, eta txistu nahiz xirula, danbor edo atabala lagun dituenetik, ohikoa da flauta hutsak jotzea, ttunttunen laguntzarik gabe. XVIII. mendetik bi txistu edo bi txistu eta silbotea gehi atabalaz osatutako taldeen moduko talde polifonikoak hedatu zirenetik, are ohikoagoa da bigarren eta hirugarren ahotsak jotzen dituztenak flauta hutsekin aritzea.
Danbolina eta txistua ia tresna bakartzat hartu izan dira askotan, ttunttuna eta xirula bezala. Hala, musikari hauek izendatzeko darabilgun txistulari hitza bera tradizio berri samarrekoa da. Danbolin eta ttunttun hitzak erabili izan dira gehiago, bai erritmoa ematen duten perkusio tresnak izendatzeko, baita, metonimiaz, hauek egiten duten musikari nahiz jotzaileei eurei deitzeko ere. Danbolina, ttunttuna, danbolinteroa edo ttunttuneroa, beraz, hiru zuloko flauta eta danbolina jotzen dituenaren izendapenak dira besteak beste, eta inoiz musikari talde osoarenak ere bai.
Horiez gain, eskualde eta garai desberdinen arabera, flauta hauek izendatzeko aldaera asko ezagutzen dira. 1801eko Humboldten idatzietan flauta honi euskaraz txilibituba eta gazteleraz silbo deitzen zitzaiela esaten da[8]. Juan Ignazio Iztuetak 1824an argitaratutako liburuan berriz, danbolin esaten zaie bi soinu-tresnak jotzen dituztenei, eta bereizi nahi dituenean txilibitu esaten dio flautari eta arratz danbolinari[9]. Txuntxunero, txulubitari, eta txistu-jole dira txistularia izendatzeko gure egunetara iritsi diren beste deitura batzuk, eta xirulari, txirulari, txülülari edo xirula jole Zuberoa eta iparraldeko beste batzuk. Hegoaldean, gutxienez XVII. mendetik eta XX. menderaino juglar hitza da erabiliena gaztelerazko dokumentazioan, zalantza handirik gabe, txistulari edo danbolinteroez mintzatzeko. Iruñeko sanferminetako musikarien kontratuen zerrenda historikoetan esaterako, juglare esaten zaie esku bateko flauta eta danbolin joleei 1874 arte, hortik aurrera txuntxunero hitz herrikoiagoa agertzen delarik XX. mendean ongi sartu arte.
Hedadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal herri musikaren historian gehien zabaldutako soinu-tresna txistua da seguru asko. Horren adibidea Jesus Ramosek dakar, XVIII. mendean Iruñeko festetara joandako mila musikari ingururen zerrenda aurkezten duenean[10]: jole gehienak Euskal Herriko eskualde desberdinetako txistulariak dira (Gipuzkoa eta Nafarroakoak horietan gehienak).
Gaur egun ere, Euskal Herriko ia lurralde eta eskualde guztietan badira txistulariak (Zuberoan salbu, han xirulariak direlarik). Ez dago txistularien errolda gaurkoturik, baina Euskal Herriko Txistulari Elkarteak 1.000 bazkide inguru dituela jakinda eta txistulari asko elkarte honetako kide ez direla kontutan hartuta, esan liteke milaka direla txistulariak Euskal Herrian.
Taldekatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historian barrena, txistularia bakarka aritu izan da gehienean musika jotzen. Izan ere, bi soinu-tresna aldi berean jotzearen abantaila handiena segur aski hori da, askotan orkestra minimoa deitu izan zaiona osatzen duela musikari bakar batek. Baina XIII. mendeko ikonografiatik abiatuta, txistulari edo danbolinek beste musikari batzuekin taldeak osatzeko joera eta gaitasuna izan dute. Hauek dira talde horietako batzuk:
- Jole bakarrekoak
- Txistua eta danbolina
- Txistua eta ttunttuna (salterioa)
- Txistua eta kaskainetak
- Bi jole edo gehiagokoak
- Txistu-danbolina eta panderoa
- Txistu-danbolina eta atabala
- Bi txistu-danbolin (bi ahotsetara)
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Soinu-tresna honen historia osatzeko dokumentazioa ugaria bada ere, gorabehera handiak ditu historiaren aldi ezberdinetan. Idatzi askotan irakur daiteke Izturitzeko leizean agertutako hezurrezko soinu-tresnetako bat historiaurreko txilibitu edo txistua dela, baina gaur egungo jakintzekin nekez eman daiteke ontzat hipotesi hori[11].
Lehen dokumentuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVI. mende arte oso urria da esku bateko flauta zuzenei buruz gorde den dokumentazioa. Aurreko mendeetarako ikonografia da informazio iturri nagusia (erretaula, estatua, monumentu eta margolanetan agertzen diren irudiak) eta hauetan ez da halako musikaririk agertzen ia XIII. mendera arte, ez Euskal Herrian, ezta beste inon ere[7]. Europan, halako irudietan zaharrentzat, Gaztelako Alfonso X Jakintsuaren Cantigas de Santa María kodizeko miniatura bat jotzen dute gaurkoz adituek, XII. mende amaierakoa. Euskal Herrian berriz, Zarrakazteluko Olibako Monasterioaren fatxada nagusiaren gaineko erlaitzeko iruditxoa jotzen du Aita H. Olazaranek[12].
XIV eta XV. mendeetako berri gutxi dugu. Nafarroako errege-erreginek euren gorteetan zerabiltzaten juglareen aipamenak badira, eta beti argi ez badago ere danbolinteroez ari direnik, XV. mendeko datuetan tamborin, juglar de tamborin eta antzekoak aipatzen direnean argitzen dira zalantza horiek.
XVI. mendetik aurrera Euskal Herri guztian barrena hasten dira agertzen flauta eta danbolindun juglare hauen aipamenak, izen batekin edo bestearekin: Tafallan 1507tik, Azpeitian 1515etik, Markinan 1519tik, Hernanin 1531tik, Balmasedan 1549tik, Portugaleten 1552tik, Elgoibarren 1558tik, Bilbon 1560tik, Lekeition 1571tik, eta abar.
Honek guztiak aditzera ematen du XIII. mendetik behintzat danbolinteroa eta haren musika ongi errotuta daudela herri mailan. Berpizkunde garaian ia Europa osoan zabaldua zegoen soinu-tresna pareak badirudi askotan atzera egin zuela XIV.etik aurrera. Beste herri batzuetan ere eutsi zitzaion (hor dira Provenzako galoubet et tambourin, Ingalaterrako pipe and tabour, Leon-Extremadurako gaita y tamboril, Kataluiniako flabiol i tamborí eta beste hainbat), baina Euskal Herrian beste bide batzuk hartuko zituen, herri mailako musikariekin batera, erakunde ofizialetako danbolintero ikasiaren irudia sortuz.
Hainbat funtzio
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorabeherak gorabehera, XX. mendearen erdi aldera arte, txistularia bere inguruko gizarteari erabat lotua ageri zaigu. Bere musikarekin herriaren bizian hartzen zuen parte: lana, festa, dantza, ospakizun sozial, eta abarren inguruko ekintzetan. Aita Donostiak aipatzen dizkigu horren adibide asko[13]:
- Kostaldeko herrietan baleak agertzen zirenean txistuarekin aritzen zen txistularia arrantzaleei abisatzen.
- Oiartzunen, 1749an, txistulariek jotzen zuten pilota frontoia eraikitzen ari ziren langileak beraien eginbeharrean animatzeko.
- Lekeition, 1573. urtean bederatzi hilabeteko izurria jasan zuten eta txistularia kontratatu bere musikarekin herriaren mina, goibeltasuna eta kezka samurtzeko.
- Ezteietan, ezkonberriek bizi behar zuten etxera arreoarekin egiten zuten joan-etorrian, txistularia izaten zen komitibaren buru.
- Baztanen XVIII. mendean txistulariak gidatzen zituen herritarrak, alkateak armen errebista egiten zuenean.
Eta halako adibide ugari aipa daitezke mendetan txistulariak bete dituen funtzio sozialak zein izan diren ezagutzeko. Horien denen artean ordea, datuak daudenetik eta gaur arte, bat izan da musikari hauen funtzio nagusia: dantzarako musika jartzea. Txistularien errepertorioan beste era askotako doinuak aurki badaitezke ere, dantzarakoak dira ugarienak: erromerietarako, plazarako, dantza erritualetarako…
Debeku eta zigorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baina dena ez da beti gozoa izan txistularientzat. Historian zehar etengabeak dira administrazio judizialek eta elizak txistulariei jarritako debeku eta zigorrak. Hauek, gehienetan dantza eta festari lotuak daude, eta txistularia erdiz-erdi harrapatu izan du garaian garaiko moral ofizialak. Adibide bat ematearren, Aita Donostiaren idatziei jarraituz, Inkisizio Santuak 1611.ean Hondarribian sorginei egindako epaiketan, Isabel de Arano izeneko salatariak aitortu omen zuen “Inesa de Gaxen, Frantzesa, Pedro de Sanzaren emaztea, tambolin jotzen ikusia zeukala”. Pierre de Lancre inkisidoreak idatzitakoen arabera, sorginen bilera edo akelarreetan ez omen zen txistu-danbolinen, salterioaren edo biolinaren musikarik falta izaten, eta hau da, sorgin ehizaren erdian, ezagutzen den emakume danbolintero baten lehen aipamena. Ez dakigu zergatik egin zuten haren aurka: emakumezkoek danbolina jotzea debekatua zutelako, danbolina jotzea bera bekatutzat zutelako, edo bi arrazoiengatik.
Danbolinteroei zitzaien mespretxua haien familietara zabaltzera iritsi zen. Hala, badakigu behin danbolintero baten semeari jaunartzea ukatu zitzaiola. Ofizioa utzi nahi ez zuen danbolinteroari, ukoaren zalantzarik ez uzteko instrumentuak hausteko ere eskatzen zitzaionari, absoluzioa ukatzen zioten zentsore eta konfesoreak ere baziren, Pazkoa ospatzen ere uzten ez zietenak. Konfesore hauetako batzuk soinu-tresnak sutan erretzea ere eskatzen zuten. Aita Fr. Ignacio de Aldekoa, Zarauzko frantziskotarren konbentuko misiolariak 1820an egin zuen kontsultatik dakigu hori. Arazoa Iruñera igorrita, don Juan José Fernándezek erabaki hura bertan behera utzi zuen, ofizioaren zilegitasuna ezartzen zuen ohiko dotrina ezarriz. (argitara gabea).
XX. mendean, frankismo garaian musika-tresnak jazarpenak ere ezagutu zituen. Esaterako, 1964ko abuztuaren 31n, txistua jotzeagatik, lau pertsonari isuna jarri zieten Sestaon. Herriko alkateak debekatu zuen instrumentuaren erabilera eta ondorengo lauek agindua desobeditu zuten: Luis Maria Igartua, Iñaki Urrutia, Iñaki Larrinaga eta Sabino Arana. Biharamunean, isuna ordaintzeari uko egiteagatik, kartzelan sartu zituzten laurak. Atxiloaldian torturatu egin zituzten. Auzokideek babesa erakutsi zieten, atxiloketengatik protesta eginez.[14]
Funtzioaren araberako ospea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dena ere ez zen gaitzespen, debeku eta zigorra nolanahi ere. Carmen Rodríguez Susok adierazten duen bezala: “El Padre Palacios, polemista contra los bailes en general, precisaba en 1791 una primera diferencia entre tamborileros al decir que «si se redujera su oficio a dar la alborada o acompañar a la Señora Justicia, enhorabuena; pero para bailar, y bailar así, no se puede consentir»”[15]. Txistulari edo danbolinteroek betetzen zuten funtzioaren arabera, haien ospea desberdina izan zitekeen. Rodríguez Susok hiru danbolintero mota bereizten ditu: batetik danbolintero autonomoa, bereziki dantzak jotzen eta festa pribatuetan aritzen zena, herri batean edo bestean festa jakinerako kontratatu zezaketena eta, oro har, agintari zibil eta erlijiosoek errezeloz ikusia. Bigarrenik danbolintero arlotea, kategoria are apalagokoa, erromeria, ezkontza eta ospakizun jakinetan, tabernetan… jotzeko bere burua eskaintzen zuena; behartsua eta alderraia, arriskutsutzat hartzen zuten askotan agintariek. Eta hirugarrenik soldatapeko danbolinteroa, lanbide honen elitea: bereziki agintari zibilek kontratatua (kontzejuek), hauekiko gertutasunak eta jornala izateak egonkortasuna, ospe hobea eta beste abantaila batzuk ematen zizkion, hala nola gizarte maila altuagoko musikariekiko harremanaz errepertorio berrietara errazago iritsi ahal izatea.
XVII. mendean jada ohikoak ziren soldatapeko danbolinteroak hiri askotan, eta badirudi XVIII.ean finkatu egin zirela kontratu haietako asko, hurrengo mendeetan udal danbolinteroa izenez ezagutuko zen irudia sortuz.
Ilustrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gainera, XVIII. mende hura ilustrazioaren garaia zen. Euskal Herrian ere eragin handia izan zuen mugimendu intelektual eta kultural hark, Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen pareko erakundeak sortzeraino. Herria eta aristokraziaren arteko banaketa hautsi gabe, herri kulturara zuzendu zuten begirada ilustratuek, eta pedagogiarako zuten grinaz, itxura berritu ere bai. Musikari garrantzia handia ematen ziotela gauza jakina da, ahalegin pedagogiko horretan bereziki, eta dantzari eta txistulariei arreta berezia eskaini zioten Bergarako Errege Seminariokoek[16]. Xabier Maria Munibe Peñafloridako Konteak berak eskolak ematen omen zizkion Azkoitiako danbolinteroari, berak sortutako zortziko eta kontradantzak joaraziz (Xabier Maria Munibe har daiteke txisturako lehenengo konposatzaile ezaguntzat). Gasteizko Baltasar Manteli danbolinteroaren irudia ere Adiskideen Elkarteari oso lotua agertzen zaigu. Aita Donostiaren esanetan, Mantelik Mozarten Il Flauto Magico operako Oh cara armonia gaiaren aldaerak bi txisturekin batera jo omen zitzakeen.
Txistularia eskolatzen hasi zen beraz, ilustratuen ekimenez, eta teknika eta errepertorio berriak lantzen, birtuosismoaz hitz egiten hasi daitekeelarik XVIII. mendeko elite berrietan. Jose Ignazio Ansorenak beste aldagai bat ere aipatzen digu[17], Euskal Herriko ilustratuek txistuari bultzada hori ematen eragina izan zezakeena. Danbolinteroen musika Europako beste herri askotan desagertzear zen garai hartan, Frantziako aristokrazian bestelako oihartzuna izan zuen XVII. mende bukaeratik: gortearen inguruko konposatzaileek inspirazio iturria bilatu zuten Proventza eta Okzitaniako flutet-tambourin joleengan, tambourin izeneko genero musikala sortzeraino. Honek eragingo zuen noski danbolinteroaren ospea berritzean, eta pentsatzekoa da Euskal Herriko ilustratuek txistuarekiko hartu zuten jarreran ere begiramen hark zerikusirik izatea, Frantzian jarria baitzuten arreta.
XVIII. mendean, beraz, badirudi iraultzatxoa gertatu zela danbolinteroen artean: soldatapeko danbolintero hura, udal txistulariz gainera, danbolintero ikasia bilakatzen ari zen. Bi ahotsetara jotzen hasi ziren (eta horrek soinu-tresnen egikeran ere eragina izan behar) eta mende amaieran hirugarrena agertzen hasi zen (silbotea). Errepertorio berriak ere zabaldu zituzten, modako kontradantza, kontrapas, minuet, bals eta zortzikoak.
XIX. mendea: instituzionalizazioa eta eskolatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendea Hego Euskal Herrian nahasia eta korapilatsua izan zen: frantsestea aurrena eta bi karlistada ondoren, hiru gerratek anabasa politiko eta ekonomikoa ekarri zuten, besteak beste. Danbolinteroek ere nozitu zuten hori, jakina.
Baina gorabehera askoren artean, danbolinteroen jardunak gorakada nabarmena bizi izan zuen 1800eko haietan. 1816an, berriro Sanferminak martxan, hamaika juglare izan ziren Iruñeko festetan jotzen, bost biolinista eta beste bost dultzainerorekin. Urduñak 1820tik izango zuen danbolintero funtzionarioa, eta Markinak 1828tik. Portugaletek bigarren danbolina kontratatu zuen 1846an. Hernanik, 1850ean hartu zuen bigarren txistua (silbo segundo), atabala eta lehenengo txistuarekin banda osatzeko[18]. Gasteizen, esan bezala, 1843an egin zitzaien danbolinteroei aurreneko kontratu iraunkorra, eta hiru urteko etenaren ondoren, 1873tik aurrera txistulari banda egonkorra izango zuten.
XIX. mendea amaitzerako, aurreko mendean abiatutako instituzionalizazio eta eskolatze prozesua sendotua zegoen, eta danbolintero haiek txistulari bilakatuak ziren. Izen handiko txistulariak eman zituen garai hark: Pedro Latierro eta Ignacio Ansola azpeitiarrak (azken hau ansolatarren dinastiako aurrena), Antonio Gomendio portugaletetarra, Francisco Maria Arzuaga Txango tolosarra (Bilboko txistulari), Jose Migel Jaurena gazteluarra, Teodoro Erauskin, Fernando, Ignazio eta Manuel Ansorena hernaniarrak, Eusebio Basurko mutrikuarra, Romualdo Gotxikoa legutioarra… eta beste asko, baina bereziki aipagarri dira Manuel eta Joxe Angel Dorremotz aita-semeak, almandoztar sonatuak, edo Javier Etxeberria Ezkirotzekoa, txistulari instituzionalez gainera, herrietan dantza eta festei musika jartzen jarraitzen zuen ttunttunero andanaren erakusle. Javier Etxeberria ijitoa zen, beste danbolintero asko bezala, 1845etik Iruñeko sanferminetara txistua jotzera joaten zen ttunttunero bakarretakoa 1911an hil zen arte, eta horregatik oso ezaguna Nafarroako hiriburuan.
Iparraldean ere ez zen badaezpadakoa izan XIX. mendea, eta euskal kulturak bizi zuen atzerakadari aurre egin nahian edo, Anton Abbadiak bultzaturik, 1851.ean Urruñan Lore-Jokoak antolatzen hasi ziren, bertso-olerki lehiaketak eta pilota ardatz zituzten ospakizunetan. 1879an, Arturo Campion buru zuen Nafarroako Euskara Elkargoa Abbadia jaunarekin batu zen Lore-Jokoek mugaz bestaldera egin zezaten, eta Elizondon ospatu ziren lehenengoz. Elizondoko Lore-Joko haietan ordea, Campionen eskariz, atal berria erantsi zitzaien ospakizunei: herri musikarien lehiaketak[1]. Lau danbolinterok hartu omen zuten parte lehenengo lehiaketa hartan, eta Doneztebeko Manuel Maltxo garaile suertatu. Handik aurrera asko ugaritu ziren Lore-Jokoak hegoaldean ere, eta txistulari edo danbolinteroen lehiaketa horien egitarauko parte izango zen: 1881ean Irunen, 1882an Bilbon, 1892an Donostian, 1896an Arrasaten, 1899an Aramaion, 1901ean Azpeitian, 1902an Oñatin… eta hauetako askok XX. mendean barrena jarraituko zuten, Euskal Jai edo Fiestas Euskaras izenez.
XX. mendearen hasieran, sozialismoaz gainera, euskal abertzaletasun berria hedatu zen azkar hego Euskal Herrian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez ere, eta txistularien artean eragin sakona izango zuen gerora. Askotan ikuspegi politiko erabat kontrajarrietatik, Nafarroako Euskara Elkargoaren ingurukoek, jeltzaleek, eta espainiar tradizionalistek (karlismoaren ondorengoek batez ere) maiz erabiliko zuten txistulariaren irudia sinbolo gisa (inoiz sozialistek ere bai, baina gutxiagotan). Liskar politikoaren erdian jartzeak arazo gordinak ekarriko zizkion txistuari ere, noski, baina batetik eta bestetik, txistularien jarduera XXI. menderaino biziberrituta iristeko ezinbestekoak gertatu ziren ekimen garrantzitsuak ere bultzatu zituen.
1918an, Eusko Ikaskuntza sortu berriak lehenengo kongresua ospaturik, beste askoren artean ondorio hau atera zuen herri musikaren egoerari buruz:
“6’gna. Baseŕitaren aŕtean gasterik asko dago txilibitua joten, erosteko ba’leuko, pozik ikasiko leukena. Duin diran gasteai txilibitua emon egin beaŕ litzakioe. Askotan oŕetariko gasteen batek eŕi aldien baten bere txilibituaz dantza-eraen bateri eutsen leyo ta beaŕ ba’da galtzen itxi ez. Aldundien lepotik emon beaŕ litzakez txilibituok.”[19]
Beste makina bat arazoren artean, txistugileak ere ez ziren asko garai hartan nonbait, baina Arantzako Ixkibo baserrira jotzen asmatu zuten Eusko Ikaskuntzakoek, eta 1919an jaso zuten lehenengo txistu sorta: Jose Migel Biurrarenak egindako ezpelezko 8 txistu. Honek, Isidro Ansorenak eta, batez ere, Teodoro Larraldek (arantzarra hau ere) ehundaka txistu egin zituzten 1919-1936 bitartean Eusko Ikaskuntzarentzat, honek Euskal Herri osoan barrena banatu zituenak txistularien jarduna suspertzeko asmoz[2].
1926 eta 1927an, Bilboko itsasadarraren inguruko zenbait txistularik Euskal Herri osora zabalduko zen elkartea osatzeko lan egin zuen. Sandalio Tejada izan zen honen lehenengo bultzatzailea. Bilboko El Perro tabernan astero biltzen hasi ziren eta Euskal Herriko txistulariekin harremanetan jartzen asmo horrekin: Manuel eta Joakin Landaluze Bilboko txistulariak, Martin Elola Begoñakoa, Demetrio Garaizabal Sestaokoa, Luis Lopez de Bergara Portugaletekoa, Segundo Atxurra Algortakoa, Benito eta Daniel Albeniz Areetakoak,… eta Tejada bera. Honela, 1927ko irailaren 20an sortu zen Euskal Herriko Txistulari Elkartea, Arraten ospatutako lehen batzarrean. 100 txistularitik gora kontatu zituzten batzar eta festa hartan. Eduardo Gorosarri izendatu zuten elkarteko lehenengo lehendakari eta, Iparraldean ez beste herrialde guztietan ordezkaritzak finkaturik, aurreneko estatutuak onartu. Helburu hauek zituen elkarteak: txistularien bizi baldintza ekonomikoak babestea (behartsuak aipatzen dira bereziki), maila artistikoan aurreratzea, errepertorioa zabaltzea, txistularien jardueraren hedapena eta hezkuntza eta udal txistularien plazak sendotzea.
Euskal Herriko Txistulari Elkartearen ekimenen artean aurreneko aipatu beharrekoa Txistulari aldizkaria da[3]. Elkartea abiatu eta berehala, 1928ko apirilean argitaratu zen lehenengo alea, artikulu eta idatzietan gehienbat txistularitzaren inguruko gaiak jorratuko zituena, eta horiekin batean alero-alero txisturako musika partiturak ekarriko zituena. Gaur egun ere hala argitaratzen da Txistulari, espainiar estatuan argitaratzen diren musika aldizkarien artean zaharrenetarikoa, zaharrena ez bada, eta herri soinu-tresna bati eskainitakoen artean, Europako aurrenekoa. 10.000 orritik gora argitaratuak ditu jada, txisturako partituratan bakarrik.
1928 eta 1936 bitartean loraldia bizi izan zuen txistularitzak, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen inguruan bildurik eta beste hainbat gertaerekin bat eginda: txistua jotzen ikasteko lehen metodoak argitaratu ziren (Aita Hilario Olazaran eta Manuel Landaluzerenak); euskal folklorearen historian zutarri izango ziren dantza taldeak eratu ziren (Saski-Naski Donostian eta Euzko Pizkundea Bilbon, esaterako), txistulari txapelketa ugari ospatu zen, baita txisturako konposizio lehiaketak ere (lehenengoa 1931an antolatu zuen txistularien elkarteak berak), eta txistularien jarduera musikalean erabakigarria izatera zetorren eratzeko molde berria sortu zen indarrez: txistularien alardea.
Aurretik ere bilduak izango ziren han-hemenka, baina badirudi 1927ko iraileko Arrateko batzarra izan zela propio hainbeste txistulari elkarrekin jotzen jarri zituen lehenengo aldia. Kalejiran eta prozesioan aurrena eta eliz atariko kontzertuan ondoren, ehun txistulari eta atabalari inguruk jo zuten hiru ahotsetara, Gorosarrik horretarako prestatutako errepertorio laburra: alkate soinua eta egileak Arrate izenburu jarri zien orripekoa, arin-arina eta biribilketa. Arrakasta izugarria izan zuela diote orduko kronikek[20], eta ez dago zalantza handirik, geroztik gertatuari erreparatuz gero: hurrengo urteetan ospatu ziren batzarretan ohikoa bihurtu zen talde handitan kontzertuak eta kalejirak egitea, eta hiri batzuetan laster hasiko ziren urtero halakoak antolatzen, txistularien alarde deituraz.
-
Donostia (1965)
-
Donostia (1930)
-
Donostia (1930)
-
Donostia (1930)
-
Donostia (1930)
-
Isidro̙ Ansorena (1970)
Lehenbiziko txistu eskola ofizialak ere garai hartan sortu ziren, Donostiako txistu eta dantzen udal akademia kasu, 1929an sortua, Isidro Ansorena txistu irakaskuntzaren arduradun zuela. Eta txistulari taldeak osatu eta indartzen ere jarraitu zuten: 1929an bertan Bermeoko txistulari banda osoa adibidez, edo Arabako Foru Aldundiaren Txistulari Banda 1935ean. 1936an Euskal Herriko Txistulari Elkartearen zuzendaritza Iruñean zen, Maria Paz Ciganda andrea lehendakari zuela eta, beste zeregin batzuen artean, Nafarroako hiriburuko udal txistulari taldea sortzeko lanetan eta arte eskolatan txistua sartzeko premia aztertzen ari ziren. Baina uztailean dena zapuztuko zuen Iruñean bertan militarrek emandako estatu kolpeak. Gerrak eta ondorengo diktadurak eragin gogorra izan zuen txistularitzan: hildako txistularien adibide Errenteriako Alejandro Lizaso ekar dezakegu gogora, edo erbestera ihes joan behar izan zutenen artean Sandalio Tejada, errepresioa jasan behar izan zuten asko eta askoren adibide, besterik ez bada. Txistularien elkartea legez kanpo utzi zuten berehala, eta behartutako isiltasunean murgildu urte luzetan. Oraindik idazteko dagoen historia bada ere, Lizarran 1936ko irailean gobernadore militar berriak atera eta betearazitako bandoa, zetozen garai ilunen adierazgarri izan daiteke. Altaffaylla argitaletxeak 1986an argitaratutako Navarra 1936. De la esperanza al terror liburukoa da pasarte hau:
“En ciertas regiones de las provincias vascongadas y en nuestra querida Navarra se usan el txistu y los correspondientes instrumentos para el baile. En las vascongadas muy bien que sigan con sus patriarcales costumbres; en Estella eso es planta exótica desconocida e importada por los que todos sabemos. Se acabó el “gora Euzkadi”, estamos en tiempos de VIVA ESPAÑA, por consiguiente, quien los posea entregará todos esos instrumentos en el plazo de 48 horas.”[21]
Gerran, alde batekoetan zein bestekoetan ziren txistulariak, eta badirudi frentean bertan ere jo izan zutela, gudariek batean, nazionalek bestean, eta hurrengo urteetan ere ez zen erabat isilduko Euskal Herri osoan, baina gizartearen eta bizitzaren beste alorretan bezala, etena bortitza izan zen txistuaren kasuan ere.
Gerrak izan zuen, ordea, espero gabeko beste eragina ere txistuaren inguruan. Asko izan ziren erbestera jo behar izan zuten txistulari eta dantzariak, eta 1937an bertan, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, Eresoinka taldea sortu zen Gabriel Olaizolaren zuzendaritzapean (txistulari familiakoa bera ere), eta Gasteiz jaioterria utzita zegoen Narkis Diez de Ibarrondo ere tartean zela (Narkis laster Oldarra taldearen bultzatzaileetako bat izango zen, eta Lapurdin txistularitza gazteen artean zabaltzen lan handia egingo zuen). Aurretik hegoaldetik Bidasoaren beste aldera joandako txistulari bakan batzuk izan baziren ere, esan daiteke 1936an sartu zela txistua Iparraldean. Aita Hilario Olazaran Uztaritzen izan zen boladan bertako gazte batzuei ere irakatsi omen zien txistua jotzen, eta haietako bat hartzen da Lapurdiko lehenengo txistularitzat: Mixel Labeguerie abeslari ezaguna.
1937 eta 1955 bitartean, Hegoaldean ahal izan zuten txistulariek jarraitu zuten jotzen nolanahi ere. Donostian adibidez, nazionalek hiria menderatu eta berehala, txistulari banda lanean jarri zuten agintari berriek: horretarako erreketeekin gerrako frontera joana zen Secundino Martínez de Lecea etxera etorrarazi zuten, eta Evaristo Goñi brigada gorriekin joana zenez, bere aita Martin deitu zuten haren ordez. Iruñean 1944an sortu zen, azkenean, udalaren txistulari taldea. Eta Donostian 1946an berriro txistulari alarde bat egin ahal izan zen.
1952an lortu zuten txistulariek Arraten kontzertu bat emateko baimena. Txistularien elkartearen 25. urteurrena zela eta hantxe egin zuten, ia ustekabean, elkartea birsortzeko lehenengo bilera. 1927an Tejada eta Bilbo inguruko txistulariak izan baziren bultzatzaile, oraingoan Isidro Ansorena eta Donostiakoek hartu zuten testigua: Ansorena bera, Lucas Ganuza, Fernando Vidal, Manuel Galdona… Ez zen erraza izan egoera politiko hartan agintariek onartuko zituzten estatutuak idaztea bera ere, baina lortu zuten 1955ean Euskal Herriko Txistulari Elkartea berriro legeztatu eta abian jartzea. Luis Urteaga lehendakari izendatuta, aurrekoaren egitura bertsua eman zioten eta 450 bazkiderekin hasi zuen ibilbide berria, bi urtez behin zuzendaritza hiriburuz aldatuz (Donostia 1955-1956, Bilbo, 1957-1958, Gasteiz 1959-1960, Iruñea 1961-1962…). 1956ko Bilboko batzarrean jada 600 bazkide zituen, 1960an 1.460, eta 1969an 3.185 izatera iritsiko zen.
Txistularien elkartearekin Txistulari aldizkaria ere itzuli zen eta, zailtasunak zailtasun, gerra aurreko txistularien jarduerak berreskuratzeari ekin zitzaion: 1957an Basaurin lehenengo txistulari taldeen lehiaketa ospatu zen eta geroztik urtero antolatu zen txapelketaren bat, aipatzekoak direlarik 1965ean Zarautzen ospatzen hasi ziren haur txistularienak. Konposizioen lehiaketak berriz, 1961an hasi ziren ostera. Eta alardeak berehala ugaritu ziren: Txistulari aldizkaritik jasotako datuen arabera, 1957an gutxienez 5 alarde antolatu ziren, 1958an 10, eta 1959an jada 22 ziren (horietako bat, Iruñeko sanferminetako aurrenekoa), horietako asko Bilbo inguruan eta Ezkerraldean bereziki.
Hezkuntzari dagokionez, aipatzekoa da Donostian gertatua. Ordura arte etxean hartzen zituen Isidro Ansorenak ikasleak txistua jotzen ikasteko, baina 1950ean ofizialki izendatu zuen Ansorena Donostiako Udalak haren meneko kontserbatorioan txistu eskolak emateko[22]. Honekin, lehen aldiz sartzen zen herri soinu-tresna baten irakaskuntza kontserbatorio batean estatu osoan eta, dirudienez, mendebaldeko Europan behintzat. Gero, txistularitzaren gorakada berriarekin, txistu eskola eta akademiak ugaritzen joango ziren: 1957an sortu zen Bilboko txistu akademia eta 1958an Iruñekoa. 1961ean txistua Iruñeko Kontserbatorioan ere sartu zen eta Baionakoa sortu; Gasteizen ere garai berean. Isidro Ansorena, Boni Fernandez, Polikarpo Garay eta Felix Ascasso sonatuak izan ziren hegoaldeko hiriburuetako eskola haien gidariak, eta Baionan Iñaki Urtizberea gazteak hartuko zuen lan hura. 1960ko hamarkadaren hondarretan eta 1970ekoan, herri askotan ere txistu eskolak egonkortzen hasi ziren. Eskola berritu haien metodo nagusia, Isidro Ansorenaren Txistu ots gozoa, nola…?[23] berria izango zen.
Isidro Ansorenak 1962an hartu zuen erretiroa, 70 urte zituela, baina jotzen jarraitu zuen 1972 arte. 1975ean hil zen, txistularitzari zetozkion garai berrietarako oinarriak ongi jarrita.
-
Boni Fernandez (Bilbo. 1992)
-
Amaia Aroma (Durango, 2020)
-
Elena Perez (Ermua, 2016)
-
Maurizio Elizalde (Elizondo, 1990)
Txistua, XX. eta XXI. mendeen zubian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txistua Euskal Herrian gaur zertan den ulertzeko haren historia guztia aintzat hartzekoa bada ere, 1975etik honako mende erdia joko dugu garaikidetzat, bereziki 1980koan gertatuek zerikusi zuzena izan baitzuten gaur egungo egoerarekin.
Espainiar diktadura amaitzearekin, mugimendu politiko eta sozial handiko garaia zabaldu zen Hego Euskal Herrian. XX. mende hasieran gertatu bezala, txistua erdi-erdian harrapatu zuen aldaketa garaiak, pentsaera bateko zein bestekoen eztabaidaren erdian, eta sinbolotzat erabilia zen heinean, batzuetan goraipatua eta besteetan deitoratua izatea gertatu zitzaion. Honek, eta beste aldagai askok, eragin zuten aurreko hamarkadan bizi izaten ari zen gorakada gelditzen edo egonkortzen hastea. Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, bazkide asko mantendu arren (2.000 inguru 1980ko hamarkadan), kopuru errealagoetara jaitsi zen eta laster, funtzionatzeko era berriak bilatu beharrean aurkitu zen: egoitza administratiboa Donostian ezarri zuen 1982an eta 1988tik Errenterian dauka.
Alor askotan beherakada ere izan zen, herri-musikan bereziki. XX. mende hasieratik akordeoiak eta musika bandak ari ziren hartzen lehen danbolinteroek festan betetzen zuten tokia eta, mendearen bukaeran, diskoak eta musikaren anplifikazio sistema berriek areagotu egin zuten beherakada hura. Herri batzuetan eutsi zion txistuak tradizioz zuen dantzarako funtzioari, baina gero eta gutxiagotan, eta danbolintero herrikoiaren irudia ia desagertzera helduko zen XXI. menderako: Anjel Alduntzin Leitzan, Maurizio Elizalde Baztanen, Migel Makuso Malerrekan… Askoren irudiko, herri danbolinteroen azken belaunaldia haiekin amaitzen ari zen. Beste muturrean, udal txistulari talde asko ere desagertu egin ziren, gaur egun hegoaldeko lau hiriburuetakoez gain, Arabako Foru Aldundiarena, Barakaldokoa, Tolosakoa eta Errenteriakoa baino asko gehiago geratzen ez direlarik.
Hiri eta herri handietan, ordea, arrakastaz eutsi zitzaion txistularien jarduerari: alardeetan, eskoletan, dantza taldeetan eta, bereziki, 1970eko hartatik ugaritzen hasi ziren herri mailako txistulari taldeetan (asko dantza taldeen baitan sortuak). Haietako bakan batzuk aipatze arren: Lartaun (Oiartzunen 1961-1964 bitartean sortua), Ereintza (Errenteria, 1963), Ibai-Lorak (Zalla, 1965), Antxinako Ama (Zumarraga, 1967), Burlatako Txistulariak (1969), Oberena (Iruñea, 1971), Olagain (Andoain, 1979), Danbolin (Basauri, 1985), Goiz-Deia (Legazpi, 1998), Jarraitzen Dugu (Muskiz, 1998), Jaizale (Durangaldea, 2005), Txirriskla (Astigarraga, 2006), Orai Bat eta Jo Txistua (Baiona), Getxa Goi (Urduña), Txalkor (Azkoitia), Lankaietako Lagunak (Laudio), Txola (Zangoza)… Txistulari talde hauek hartu zituzten askotan lehen danbolintero herrikoien nahiz udal txistularien funtzioak zirenak, eta hala, herri askotan, gaur egun oraindik txistulariek gidatzen dituzte dantzak, jai egunetan dianak jotzen dituzte, edo kontzertu eta alardeak antolatzen. Herri txikiagoetan, batzuetan danbolinteroa desagertu egin bada ere, beste batzuetan bailara mailan antolatuta edo talde txikiagoak eginda, lortu dute txistuari eustea, eta inoiz danbolintero bakarlaria edo atabalaria lagun duena ere bizirik mantendu da, Baztan inguruan larraldetarrek egiten duten eran, edo urte luzetan Nafarroako hainbat herrixkatan barrena dabilen Mintxo Garaikoetxeak.
Txistulari taldeen eta elkartearen lanaz gainera, gaur egungo txistuaren egoeraren zutarria maila akademikoan egon da, eta horretan, Donostiako eskola deitu izan dena izan da abiaburua. Isidro Ansorena erretiratutakoan, Javier Hernández Arsuagak hartu zuen Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendaritza eta 1971an, Francisco Escudero maisua lagun, Grupo Experimental de Txistu taldea aurkeztu zuen: Donostiako udal txistulariek eta Kontserbatorioko ikasleek osatutako taldean, errepertorio eta soinu-tresna berriak arakatu eta lantzeari ekin zioten. Talde hartako kide zen Jose Ignazio Ansorena ere, Isidro zenaren iloba, eta 1978 inguruan hark hartuko zuen Donostiako txistulari taldearen gidaritza eta kontserbatorioko txistu eskolena. Urte gutxian, 1985erako, aldaketa garrantzitsuak eragin zituzten: Batetik, Donostiako Udal Kontserbatorioan erdi eta goi mailako txistu ikasketak ezartzea lortu zuten, Jose Ignazio Ansorena bera izendatuko zutelarik lehen txistuaren katedradun.
Bestetik, eta horren ondorioz edo ekarri zituen beharrengatik, txistu metodo eta errepertorio berriak sortu, moldatu edo bultzatu zituzten. Hirugarrenik, tresnagintzan sakondu zuten, ondorio nabarmenena, txistu baxua eta txilibitua sortzea baino gehiago, txistuaren beraren neurriak afinazio estandarretara gerturatzea izan zelarik: Ansorenak berak zuzenduta eta Jesus Segurola zumarragarra txistugile lanetan, fa eta fa# tonalitateetan jar zitekeen txistua aurkeztu zuten 1980an, txistua bera erdibitu eta eskuko zatia aldatuta. Fa tonalitateko txistuek bereziki, asko errazten zuten bestelako soinu-tresnekin batera jotzea, eta berehala zabaldu ziren.
Txistulari taldean ere aldaketa garrantzitsua burutu zen garai hartan: lau lagunek osatzen zuten banda (garai hartan Jose Ignazio Ansorena, Joxan Altuna, Olegario Izagirre eta Agustin Laskurain), zortzi lagunekoa izatera pasatzea lortu zuten 1982an: Kepa de Miguel, Juantxo Vega, Juan Ramon López de Ullibarri eta Javier Lera gazteak sartu ziren, bi lehenengo ahots, bi bigarren, bi silbote eta bi atabalez osatzeko banda berria. Guzti honekin txistulari taldearen soinua bera ere aldatzen ari zen, eta Donostiako eskola indartzen.
Urte gutxian, Euskal Herri guztitik hasi ziren Donostiako kontserbatoriora txistulariak hurbiltzen, eta laster hiriburu guztietan martxan jarri zituzten Erdi Mailako Kontserbatorioetan ere erabiltzen hasi ziren metodo eta tresna berriak.
Errepertorioan bertan gertatzen ari ziren aldaketa eta aurrerapenen eredu nabarmenena, txistua eta orkestra sinfonikorako konposatu izan den lehen obra da ziurrenik, Tomás Aragüésen Concierto para txistu y orquesta, 1984an estreinatu zena.
Jose Ignazio Ansorenak 1990eko hamarkadan utziko zuen Donostiako Kontserbatorioa, buru belarri udal txistulari taldean jarduteko (beste lan askoren artean), baina ordurako Donostiako eskolak jarritako hazia fruituak ematen hasia zen, eta lan ildo horietan sakontzen joan dira txistulariak XXI. mendearen bigarren hamarkadara iritsi arte.
2001ean Eusko Jaurlaritzak Donostia, Bilbo eta Gasteizko Goi Mailako Kontserbatorioak batean bildu eta Musikene abiarazi zuenetik, Aitor Amilibia da txistu irakaslea bertan. Lehenago urteak zeramatzan Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan, eta 1998tik aurrena Berziztu eta gero Silboberri izena hartuko zuen elkartearen bultzatzaileetako bat da, txisturako musika garaikidearen errepertorioa eratu eta zabaltzen lan handia egin duena ordutik hona.
Txistu eskoletara ez ezik, txistu kontzertu eta emanaldietara iritsi dira aldaketa hauek denak. Alarde eta kontzertu masiboak ugaritu baino, findu egin dira gehiago: errepertorioak egokitu, tresnen afinazioa zaindu eta, bereziki, beste soinu-tresnekin jarduteko aukerak landu dira, ohikoak bilakatu direlarik abesbatza, organoa, pianoa, metal bostekoa, marinba, eta beste instrumentu eta taldekatze ezberdinekin egindako kontzertuak. Garikoitz Mendizabalek, adibidez, txistu eta orkestrarako errepertorioa zabaltzeko ahaleginetan dirau 2021ean Euskadiko Orkestrarekin grabatu duen azkeneko disko bikoitzean.
Ikonografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko elizetan esku bakarreko flauta jole ugari aurki daitezke. Hona hemen adibide batzuk:
- Zarrakazteluko XII. mendeko Olibako monasterioaren fatxada nagusian, atari gainean, erlaitzeko haga-burutxoetan, hainbat pertsonaia agertzen dira, tartean, esku bakarreko flauta eta danbolina jotzen dituen musikaria.
- Iruñeko Andre Mariaren katedrala XIV. mendean Iruñeko Alde Zaharrean eraikitako erikin gotikoa da. Bertako ikonografian hiru danbolinteroren irudiak daude. Eszenetako bat sokadantza bat da, non danbolinteroa eta arrabita jolea elkarrekin ageri diren.
- Baionako Santa Maria katedralean ere musikari ugari aurki ditzakegu. Bertan gordetzen dira XIII. mendeko Euskal Herriko musikarien eskultura bakarrak; barruko arkiboltan dagoen esku bateko flauta eta danbolina jotzen dituen musikaria, adibidez.
Txistulari ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Alejandro Alberdi
- Isidro Ansorena
- Jose Ignazio Ansorena
- Tomás Aragüés
- Luis Aranburu
- Amaia Aroma
- Aitor Arozena
- Juan Mari Beltran
- Pierre Bordazaharre
- Maurizio Elizalde
- Txelu Etxebarria
- Bonifacio Fernandez
- Tomas Garbizu
- Ion Garmendia
- Polentzi Gezala
- José Maria Gonzalez Bastida
- Garikoitz Mendizabal
- Hilario Olazaran
- Iñaki Palacios
- Elena Pérez
- Rodrigo Alfredo de Santiago
- Pablo Sorozabal
- Martxel Tillous
- Luis Urteaga
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Javier, Hernández Arsuaga,. El silbote. PMC 971711862. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Hernández Arsuaga, J.. (1977). La familia instrumental del txistu. Txistulari - La Editorial Vizcaina.
- ↑ Jesús., Alonso Moral,. (2000). Análisis acústico del txistu y ajuste de intervalos. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco ISBN 84-457-1574-7. PMC 851326390. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Auteur., Barrenetxea, José Mariano (19..-....).. (1984). Apuntes de txistu. Gráficas Lizarra, 21-22 or. ISBN 84-398-2920-5. PMC 492252768. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ a b Auteur., Aranburu Urtasun, Mikel (1955-).. (DL2008). Niebla y cristal : una historia del txistu y de los txistularis. Pamiela, 89 or. ISBN 978-84-7681-563-2. PMC 690568049. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ (1855-1904), Arzak, Antonio,. (1995). Idazlan-sorta. Sendoa, 114 or. ISBN 84-89080-33-X. PMC 863179165. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ a b 1963-, Sánchez Ekiza, Karlos. (2005). Txuntxuneroak : narrativas, identidades e ideologías en la historia de los txistularis. Altaffaylla, 32 or. ISBN 84-933352-9-0. PMC 433338178. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Cap.), José Antonio de Donostia (O.F.M. Cap.), 1886-1956. Jorge de Riezu (O.F.M. Cap.) Beltrán, Juan Mari, 1947- Zudaire Huarte, Claudio (O.F.M.. (1994). Cancionero vasco.. Eusko Ikaskuntza, 1535 or. ISBN 84-87471-70-6. PMC 850898748. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Auteur., Iztueta, Juan Ignacio de (1767-1845).. (1968). Viejas danzas de Guipúzcoa = Gipuzkoa'ko dantza gogoangarriak. Editorial La Gran Enciclopedia Vasca PMC 492322651. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Jesús, Ramos,. Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el siglo XVIII.. PMC 971714456. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Flauta zeihar. Wikipedia.
- ↑ Olazaran de Estella, P. Hilario. (1970). Txistu. Tratado de flauta vasca. Estudios Grafor. (jatorrizkoa; 1951).
- ↑ Donostia. (Aita). Instrumentos musicales del pueblo vasco. Bartzelona, z.g., 68-69 or..
- ↑ https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/txistua-musika-tresna-jotzeagatik-lau-pertsonari-isuna-jarri-zieten-sestaon
- ↑ Carmen., Rodríguez Suso,. (1999). Los txistularis de la villa de Bilbao. Bilbao Bizkaia Kutxa, 24 or. ISBN 84-8056-184-X. PMC 433595524. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Carlos., Sánchez Equiza,. (1999). Del danbolin al silbo : txistu, tamboril y danza vasca en la época de la Ilustración. Euskal Herriko Txistulari Elkartea ISBN 84-605-8518-2. PMC 1055165548. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Ansorena, J. I.. (2014). Txistu y tamboril vascos: origen y pequeña historia. Txistulari aldizkaria, 240. Euskal Herriko Txistulari Elkartea, 9-12 or..
- ↑ Patxi., Apezetxea Agirre,. (1992). Hernani eta txistua : bere txistulariak = sus txistularis. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones ISBN 84-7173-206-8. PMC 32871924. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Dueñas, E. X.. (2008). «Eusko Ikaskuntza y sus txistus o el reparto del silbo artesano en serie» Txistulari, 255-256 (Euskal Herriko Txistulari Elkartea): 62-69..
- ↑ Garibay. (1928). «La asamblea de Arrate. Breve reseña de la histórica fiesta que los Txistularis del país celebraron en Arrate el día 20 de Septiembre de 1927» Txistulari, 1 (Asociación de Txistularis del País Vasco): 5-8..
- ↑ 1963-, Sánchez Ekiza, Karlos. (2005). Txuntxuneroak : narrativas, identidades e ideologías en la historia de los txistularis. Altaffaylla, 246-247 or. ISBN 84-933352-9-0. PMC 433338178. (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
- ↑ Txistua eta txistulariak = El txistu y los txistularis. Kutxa Fundazioa = Fundación Kutxa 1996, 112 or. ISBN 84-7173-288-2. PMC 851041904. (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
- ↑ Ansorena, Isidro. (d.g., 1955). Txistu ots gozoa, nola...?. .
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Isidro Ansorena
- Jose Ignazio Ansorena
- Maurizio Elizalde
- Txelu Etxebarria Goiri
- Boni Fernandez
- Elena Pérez
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskal Herriko Txistulari Elkartearen webgunea
- Txistuak Herri Musikaren Txokoaren bisita birtualean
- Silboberri elkartea