Thor Heyerdahl
Thor Heyerdahl (Larvik, 1914ko urriaren 6a - Colla Micheri, Italia, 2002ko apirilaren 18a) norvegiar esploratzailea, etnografoa eta abenturazalea izan zen. Horretaz gain, zoologia, geografia eta antropologiako ezagutza sakonak ere bazituen. Batez ere, antzinako zenbait herriren migrazio ereduei buruzko teoriengatik ezaguna da.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osloko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1947an Kon-Tiki espedizioa egin zuenean famatu zen. Bidaia horrekin frogatu nahi zuen Hego Amerikako indiarrek Ozeano Bareko uharteetara emigratu ahal izan zutela. El Callaotik (Peru) abiatuta, Tuamotu uharteetaraino (Polinesia) 5000 miliako (8000 km) bidaia egin zuen, laguntzaile talde txiki batekin, 101 egunean, Peruko indiarrek antzina erabiltzen zituztenak bezalako baltsa batean (Kon-Tiki deitua). Hego Amerikako enbor, landare eta material naturalez egindako almadia edo baltsa hartako eskifaia sei gizonek osatu zuten: Heyerdahl, Knut Haugland, Bengt Danielsson, Erick Hesselberg, Torstein Raaby eta Herman Watzinger.
Bere migrazio teoria frogatzeko beste saio batean, espedizio arkeologikoak egin zituen Galapago uharteetara (1954), Pazko uhartera, eta Ozeano Bareko ekialdera (1955-1956).
Geroago, antzinako egiptoarrek, duela lau mila urte, Hego Ameriketara iritsita azteka eta inka zibilizazioak sortu ahal izan zituztela frogatu nahirik, Ozeano Atlantikoa zeharkatzen ahalegindu zen papirozko ontzi batean, Afrika iparraldetik abiatuta (Ra I, 1969an; Ra II, 1970ean). Lehen ahaleginak huts egin zuen, 4.500 kilometro egin ondoren. Bigarrenak, ordea, Bridgetownen lehorreratzea lortu zuen, Barbados uhartean, 57 bidaia egunen ondoren.
1970eko hamarraldiaren bukaeran, 9.980 kilometroko bidaia hasi zuen kanaberazko ontzi batean (Tigris), sumertarrek duela bost mila urte Iraketik Indiako ozeanora joateko erabili ahal izan zuten migrazio bide bat bazela frogatzeko. Bidaia hura bertan behera utzi behar izan zuen, ordea, Etiopiako gerrarengatik.
Haren espedizio ospetsuenari buruzko Kon-Tiki Museoa Norvegiako Oslo hiriburuan dago.
Lan nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kon-Tikiren espedizioa, Aku-Aku, Pazko uhartearen sekretua (1958)
- Raren espedizioak (1970)
- Ameriketako indiarrak Ozeano barean (1958)
- Tigrisko espedizioa (1973).
Kon-Tiki bidaiaren filmazioak Oscar saria irabazi zuen 1951n.
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Thor Heyerdahl |
- Kon-Tiki museoaren webgunea (Ingelesez) (Norvegieraz [bokmål])