Edukira joan

Zaldi

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau Abere motari buruz buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zaldi (argipena)».
Zaldi
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaPerissodactyla
FamiliaEquidae
GeneroaEquus
EspezieaEquus ferus
Azpiespeziea Equus ferus caballus
Linnaeus, 1758
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakzurda, zaldi-haragi, horse manure (en) Itzuli, horse leather (en) Itzuli, equine chorionic gonadotropin (en) Itzuli eta mare milk (en) Itzuli
Bihotz-frekuentzia38 taupada minutuko — 34 taupada minutuko — 46,5 taupada minutuko
Gaixotasunaallergy to horses (en) Itzuli

Zaldia (arra) eta behorra (emea) ugaztun ungulatu bat da (Equus ferus caballus),[1][2] gaur egun bizirik diren Equus generoko 10 espezieetako bat. Tamaina handiko hatz bakarreko (zaldi-kaskoak) belarjalea da, eta  zurda luzez ornitutako lepo luzea du.[1][2] Korrika egiteko egokituta daude, eta horrek harrapariengandik azkar ihes egitea ahalbidetzen die, eta, gainera, orekaren zentzu ona dute, eta borrokarako edo iheserako erantzun sendoa. Behorrek 11 hilabeteko haurdunaldiak dituzte, eta zaldi gazteei moxal izenarekin ezagutzen zaie. Zaldi etxekotu gehienak bi eta lau urte bitartean hasten dira zelaian entrenatzen. Helduek garapen osoa lortzen dute bost urterekin, eta 25 eta 30 urte bitarteko batez besteko bizitza izaten dute.

Zaldia azken 45 eta 55 milioi urteetan zehar eboluzionatu egin du, Eohippus-etik gertu dagoen zenbait behatzetako izaki txiki batetik, gaur egungo animalia handi eta behatz bakarrekora. Zaldiaren etxekotzeak garrantzi handia izan du ekonomian. Izan ere, produktu askok zaldietatik datoz: haragia, esnea, larrua, ilea, hezurrak; eta behor ernalduen gernutik ateratako produktu farmazeutikoak barne. Islandian, esaterako, Islandiar ponia bertako baldintzetan bizitzeko gai den azienda gutxietarikoa da, eta horregatik zaldi haragiaren inguruko ohitura handia dago hango sukaldaritzan.

Zaldi bat bere zaldunarekin trostan.

Gainera, zaldi eta gizakiak hainbat kirol-lehiaketatan eta lehiarik gabeko jolas-jardueratan aritzen dira, baita polizia-lanean, nekazaritzan, entretenimenduan eta terapian ere. Halaber, XX. mendera arte, gizakiok gudetan erabili ditugu garraio gisa. Gaur egun, 300 zaldi arraza baino gehiago ezagutzen dira, erabilera askotarako garatuak. Zaldi-arrazak hiru kategoriatan banatzen dira, izaeran oinarrituta: "odol beroak", bizkortasunez eta erresistentzia handikoak; "odol hotzak", hala nola, lan astun eta geldoetarako egokiak; eta "odol epelak", odol beroen eta odol hotzaren arteko gurutzaketetatik garatuak. Gainera, Euskal Herrian bada berezko zaldi arraza bat: pottoka. Zaldi arraza autoktonoa “odol hotzeko” kategoriaren barne kokatzen da, antzinean abere bezala erabiltzen baitzen baserri lanetan lagunduz. Beste aldetik, egoera basatian zaldi arraza bakarra geratzen da, hots,  Przewalskiren zaldia. Arraza berezi hau Mongoliako lautada zabaletan biziraun du mendeetan zehar.

Euskaltzaindiaren Euskal Hiztegi Historiko-etimologikoaren arabera, izen hau zal-di zatitu beharko litzateke. Bigarren osagaia (-di) ahardi, ardi, idi gisakoetan dago, eta argudiatzen da *edin aditzetik datorrela.[3] Lehen zatia  *zal dela pentsatzen da; izan ere, zail eta azal ere erro berekotzat jo izan dira (Lakarra 2003: 362; 2011: 111).[3]

Esanahiari dagokionez, badirudi zail-ekin (eta are azal-ekin ere) daukala lotura: «zaildutako azala da zaldi ‘kailu’, funtsean, eta, ‘harilkatzerakoan sortzen den korapiloa’ adieraren nondik norakoa ulertzeko, pentsa daiteke hariz osatutako mataza zaildua, gogortua dela; zail-en ‘sendor, irmo, irauneko’ adiera bera ongi lot daiteke zaldiaren izaerarekin» (Euskaltzaindia).[3] Hitza mailegutzat ere jo izan da; hala ere, zalantzak daude.

  • Zaldia espezie honetako arrari esaten zaio; emeari, behorra.
  • Moxal deritze zaldikumeei, oro har. Urte betetik gorako zaldi edo behor gazteek izen berezia ere hartzen dute: zaldiko, moxal arrek; behoka, moxal emeek.

Lineok 1758an etxeko zaldiak sailkatu zituen, Equus caballus espeziean. Zaldiak perisodaktiloen (hatz bakoitidun ungulatuak) ordenaren barruan sailkatzen dira. Ordena hau Miozenoko ugaztun lehortarren artean talde dominantea izan zen, baina orain dela 20 milioi urte, belarraren sorrera zela eta, Artiodaktilo ordenakoek eboluzio hobea izan zuten. Errinozeroak eta tapirrak ere perosidaktiloak dira. Beste aldetik, ekidoen familiakoak dira, orain dela 50 milioi urte sorturikoak.[4] Familia horretakoak dira astoak (Equus africanus), onagroa (Equus hemionus), kiang-a (Equus kiang) eta zebrak. Beraz, ekido hauek guztial ahaidetasun estua duten, bizirik geratzen diren azkenengoak baitira.

Erlazionatutako ekinidoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldiek hainbat gertuko ahaide dituzte, genero berekoak baina ez direnak espezie bereko kideak.

Zaldien eboluzioa

Zaldiaren eboluzioa Eohippus-aren fosil-erregistroaren bidez jarrai daiteke. Eohippus, Eozeno garaian, hau da, duela berrogeita hamabost milioi urte, Ipar Amerikan bizi izan zen ugaztun belarjale txiki bat izan zen. Berez, ekido guztiak fosil horretatik datoz, Equus generoa barne.

Hyracotherium, txakur txiki baten antzekoa, perisodaktilo mota bat zen, bai ekidoekin bai brontoteridoekin ahaidetua.[5] Gero, Hyracotherium-ek eboluzionatu egin zuen: handitu zen eta hatzak galdu zituen, monodaktilo bihurtu arte, hau da, hatz bakarrarekin.[6] Apurka-apurka, bere hatz bakarra mutazioen bidez gogortu egin zen, harrapariengandik ihes egiteko moduko apatxak garatu arte. Garai horretan, Ipar Amerikan eta Eurasian, aldi berean, espezie eta genero erlazionatuak agertu ziren. Dirudienez, espezie euroasiarrak desagertu egin ziren; hala ere, Amerikako espezieak jatorri izanez, Mesohippus generoa agertu zen Oligozenoan, gazela baten tamainakoa, aurreko hanketan hiru hatz zituena eta jada kasko-formako oinak.[7]

Geroago, Miozenoan, Mesohippus-i Hypohippus eta Anchitherium etorri zitzaizkion; uste denez, bi espezie horiek Eurasia kolonizatu zuten Ipar Amerikatik. Mesohippus-en beste ondorengo batzuk Miohippus eta Merychippus izan ziren. Azken genero honek koroa altuko hortzak garatu zituen, zuhaitz eta zuhaixken hostoak eta kimuak adarkatzea ahalbidetu ziona. Merychippus-en ondorengoen artean, Hipparion zegoen, Pliozeno garaian Ipar Amerikatik Eurasiaraino joan eta hedatu zena.[8] Merychippus-en beste ondorengo batzuk  Pliohippus (hatz bakarreko lehen arbasoa) eta Plesippusen dira.[8] Azken genero honen oinordekoaren aurrekoa, zaldi modernoa da, hau da, Equus generoa, duela bost milioi urte agertu zen.[8] Azaldutakoez gain, Equus-en askoz ere arbaso gehiago daude: Propalaeotherium, Orohippus, Parahippus eta Hippidion.

Uste denez, Pleistozenoan, duela hamabost mila urte inguru, Equus generoak Ipar Amerikatik Eurasiara eta Afrikara hedatu zen Beringiako zubiaren bitartez, gaur egun existitzen diren 10 espezie arte.[6] Bitxikeria giza, azeri baten tamainako zaldiak izan dira Pleistozeno-ra arte (~1,8 milioi urte).

Zaldien altuera, gainerako lau-oinekoetan bezala, soin gurutzeraino neurtzen da, han eskapulak aurkitzen baitira. Puntu hori lepoa zaldiaren bizkarrarekin lotzen den gunea da, eta erreferentzia gisa aukeratzen da, burua edo lepoa bezala igo edo jaitsi ezin daitekeen altuera egonkorra delako. Zaldien tamaina asko aldatzen da arrazen artean, eta nutrizioaren eragina ere badu. Zaldi arrazak hiru taldetan banatu ohi dira tamainari dagokionez:

  • Astunak edo tirokoak;
  • Arinak;
  • Poniak eta miniatura-arrazak.

Zaldi arinen altuera 142 eta 163 cm artekoa izaten da, eta pisua 380 eta 550 kg artekoa.[9] Zaldi arin handienek 157 cm-tik gorako altuera dute, eta 173 cm-ra iristen dira, 500 eta 600 kg arteko pisuekin.[9] Tiro-arrazak edo astunak 163 eta 183 cm bitartekoak izaten dira, eta 700 eta 1000 kg artekoak izan daitezke.[9]

Historian erregistratutako zaldirik handiena Mammoth zen, ziurrenik shire bat, 1848an jaio zena. 220 cm neurtzen zuen, eta 1500 kg pisatzera iritsi zela estimatzen da.[10] Gaur egun, aldiz, garaiera txikieneko marka duen zaldiak Thumbelina du izena, behor miniatura heldua da, eta enanismoa pairatzen du. 43 cm-ko altuera dauka eta 27 kg-ko pisua.[11]

Hezur-egitura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldi batek berrehun eta bost hezur ditu.[12] Bere bizkarrezurra berrogeita hamaika ornoz dago osatuta. Zaldiaren eskeletoaren eta gizakiarenaren arteko desberdintasun garrantzitsu bat da zaldiak ez duela klabikularik. Hori dela eta, goiko gorputz-adarrak bizkarrezurrari lotzen zaizkio eskapulak eusten dizkien muskulu, tendoi eta lotailu indartsuen bidez. Zaldien hankak eta kaskoak ere egitura paregabeak dira. Bere hanketako hezurren antolaketa eta proportzioak gizakienekin konparatuta oso ezberdinak dira. Esate baterako, zaldietan "belauna" deritzon gorputzaren zatia karpo hezurrak osatzen du. Gizakietan hezur hau eskumuturretan dago. Iztazainak, berriz, giza orkatilaren antzeko hezurrak ditu. Zaldiaren hankaren beheko hezurrak giza eskuaren edo oinaren hezurrei dagozkie, eta zaldiaren hatz-koskorrak, ordea, giza hatz-koskorren arteko hezur sesamoideak dira. Aurreko gorputz-adarretan, kubitua eta erradioa fusionatu egin dira, eta hezur bakarra sortu da, berna-hezurrarekin eta peronearekin gertatu den bezala. Horrek eragotzi egiten du eskuak eta oinak albo batera biratzea. Gainera, zaldi batek ez du giharrik bere hanketan belaunen eta iztazainen azpitik, larruazala, tendoiak, lotailuak, kartilagoa eta hezurrak baino ez ditu.[13] Apatxak kornea-ehun espezializatu batek osatzen ditu eta inpaktuak xurgatzeko funtzioa du. Desberdintasun horiek guztiak, gorputz-adarren adaptazioak dira lasterketarako, eta gorputz-adarretako hatz kopurua bakar batera murriztea adaptaziorik garrantzitsuena da.

Zaldiaren buruko hezurrak luzeak dira, eta aurpegikoek garezurrekoek duten luzera bikoitza dute. Masailezurra ere luzea da, eta azalera zabala eta lautua du atzeko aldearen behealdean.

Zaldi apatxak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apatxak funtsezko egiturak dira zaldien hanken egiturarako.[13] Zaldien apatxek barruan kartilagoz eta odolean aberatsak diren ehunak dituzte. Apatxen kanpoaldea gizakien azazkalen antzeko keratina ehunez osatuta dago.[14] Apatxak etengabe hazten dira, eta egoera naturalean bakarrik higatzen dira, baina zaldi etxekotuetan bos pasei astean behin moztu behar dira.[14]

Zaldiek hortzak belarra bazkatzeko egokituta daude. Zaldiek, gutxienez, hogeita hamasei hortz dituzte (hamabi ebakortz eta hogeita lau molar). Arra helduek lau hortz gehigarri dituzte, "letaginak" izeneko ebakortzak, eta lau edo bost urte izan arte ez zaizkie ateratzen. Zaldi batzuek, arrek zein emeek, arrasto oso txikiak izan ditzakete haginen aurrean, eta, oro har, kendu egiten zaizkie, mokadua oztopatu dezaketelako.

Zaldien hortzek bizitza osoan zehar hazten jarraitzen dute bizitza, behar bezala bazkatu ahal izateko. Ebakitzaileek hazkuntza- eta higadura-eredu desberdinak dituzte zaldien adinaren arabera,eta, beraz, zaldiaren adina gutxi gorabehera neurtzeko erabili daitezke.[13]

Digestio-aparatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldiak belarjaleak dira, eta horretarako belarra eta bestelako landare-materia jateko egokituta dagoen digestio aparatua daukate.[15] Gizakiekin alderatuta, nahiko urdaila txikiagoa dute, baina hesteak askoz luzeagoak dira, eta mantenugaien etengabeko fluxua ahalbidetzen dute. 450 kg-ko zaldi batek 7 eta 11 kg janari jaten ditu egunero, eta baldintza normaletan 38-45 litro ur edaten ditu. Zaldiak ez dira hausnarkariak. Beraz, barrunbe bakarra dute sabelean, behiek edo ardiek ez bezala, lau barrunbe baitituzte. Belarraren zelulosa digeritu dezakete itsu oso garatua dutelako, eta hortik pasatzen da janaria heste lodira iritsi aurretik. Gizakiek ez bezala, zaldiek ezin dute botaka egin, eta, horregatik, digestio-arazoek heriotza eragin diezaiekete.[14]

Biologia eta portaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Naturan, zaldiak harrapakinak dira, eta, horregatik, ihes egiteko eta defendatzeko instintu sendoa dute. Mehatxu baten aurrean haien lehenengo erreakzioa beldurtzea eta ihes egitea da, baina, ihes egin ezin dutenean edo kumeak arriskuan daudenean defendatzeko gai dira.

Zaldiak talde hierarkizatuetan bizi dira eta hierarkia horretan animalia menderatzaile bat dago, gehienetan  behor bat. Beraz, animalia sozialak dira, beren espezieko banakoekin, beste animalia batzuekin eta gizakiekin loturak ezartzen dituztelako. Hainbat modutan komunikatu daitezke, tonu desberdinetako ahoskatze eta irrintziekin, elkarren arteko apainketaren eta gorputz-hizkuntzaren bidez. Zaldiek defentsa-jokabide bitxia dute atzetik hurbiltzen diren harraparien, gizakien eta beste zaldi etsai batzuen aurrean. Hain zuzen ere, bi hankekin atzera ostikada bat jotzen dute.

Animalia hau belarjalea da, belarra, sastraka, sagarrak, azenarioak,... jaten ditu. Jakina, elikadura asko aldatzen da zaldia bizi den ingurunearen arabera zein mendiko abere edo ukuilukoa zein den. Esate baterako, ukuiluko abereek pentsu bereziak jaten dituzte, bereziki hipikan erabilitakoak.

Batez beste, 25-40 urte bizi dira itxian, eta askatasunean 25 inguru. Ebakortzen makurdura eta higadura areagotu egiten da denborarekin, eta zaldiaren adina zehazteko balio du.

Zaldia lau urteekin heldutasun sexualera heltzen da. Ernaldi-aldia 11 hilabete irauten ditu eta ernaldi bakoitzeko zamalko bakarra jaiotzen da. Etxe-abere zaldiak egokitze sexualen zailtasun handiagoak dituzte eta horregatik, batzuetan, beharrezkoa da pertsona baten laguntza zaldiaren zakila emearen baginaraino gidatzeko.

Zaldi bat bere zaldunarekin trostan.

Zaldiaren etxekotzearen inguruko lehenengo aztarnak Asia zentraletik etorri dira, eta K. a. 4000. urtetik datoz. Hala ere, urteetan zehar, zaldi basatiak (Equus ferus) edo tarpanak egon dira zaldi etxekotuekin bizitzen.

Hainbat Equus ferus azpiespezie desagertu izan dira historian zehar. Hala ere, gaur egun, Przewalski zaldia (Equus ferus przewalskii) Asiako erdialdean, taki Mongolian, eta kirtag Kirgizistanen ugariak dira.

Odol garbiaren kontzeptua eta arraza kontrolatuen erregistro idatzia bereziki esanguratsua eta garrantzitsua izan da aro modernoan. Arraza baten barne pedigria zehazturik daukan zaldiari "Odol puru" bezala sailkatzen da.[16] Zaldi-arrazak ezaugarri bereizgarriak dituzten zaldi-taldeak dira, ondorengoei transmititzen zaizkienak, hala nola, egitura, kolorea, errendimendu-gaitasuna edo jarrera. Zaldiak selektiboki hazi dira etxekotu zirenetik. Beduinoak izan ziren zaldi-hazkuntza selektiboa egin zutenen gizarteen adibide goiztiar bat, horiek arabiar zaldien pedigri landuak garatzen zituzten.[17]

Badaude lan jakin bat egiteko ezaugarri jakin batzuk lantzeko garatu diren arrazak.[18] Horrela, andaluziarra bezalako arraza ahaltsu baina finu bat, zaldiketa disziplina bereziak lantzeko aproposa.[18] Beste aldetik, zaldi arraza astuneko zaldiak baserriko lanak egiteko eta gurdi astunak eramatearen beharretik sortu ziren.[18] Beste zaldi-arraza batzuk, berriz, nekazaritza-lan arinetarako, gurdi- eta errepide-lanetarako, hainbat kirol-diziplinatarako edo, besterik gabe, abere gisa izateko garatu ziren.[18] Arraza batzuk mendeetan zehar garatu ziren beste arraza batzuk gurutzatuz, eta beste batzuk, berriz, oinarri bakar batetik sortu ziren, horrenbeste 300 zaldi arraza desberdin ezagutzen dira.

Euskal herriko zaldi arrazak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian zaldi arraza desberdinak ezagutzen dira, mendeetan zehar beren betebeharraren arabera gurutzatu eta hazi direnak. Horrenbestez, zaldi arraza hauek Euskal Herriko berezkoak dira, eta ez dira ohikoak euskal herritik kanpo aurkitzea. Beraz, zaldi arraza ezagunak hurrengoak dira:

  • Aurizko zaldia: Auriz bertako zaldi arraza da.[19] Azken mendeetan zehar bere erabilera haragirako izan da, baina jatorrian baserritan lan astunetan laguntzen zuen. Oro har, Nafarroan aurkitzen dira gehienbat.[19]
  • Euskal Herriko mendiko zaldia: Euskal Herriko mendietan aurkitzen da zaldi arraza hau. Jatorrian nekazaritza lanetan erabiltzen zen, baina gaur egun haragitarako hazten da. Izaeraz gihartsuak, tamaina ertaineakoak eta landatarrak dira.
  • Lautzako zaldia: Gaztelako ipar ekialdeko zein Euskal Herriko mendebal ertzeko bertako zaldi arraza bat da.[20][21] Tamaina eta ezaugarriak direla eta, pony sailkapenean sartzen da. Lehen baserri lanetan erabiltzen zen, eta gaur egun haragitarako eta zaldiketarako aproposa da.
  • Nafar Behoka: Euskal Herriko bertako zaldia da. Beren tamaina eta ezaugarrien arabera pony bezala sailkatzen da. Desagertzeko arriskuen egon zen 1999 urtean.[22]
  • Pottoka: Euskal Herrian bertako beste hainbat zaldi arraza egon arren, gehienek neurri batean edo bestean pottoka arbasotzat dute. Beren tamainaren arabera pony bezala sailkatzen da.
  • Zaldi montxinoa: Kantabria, Burgosko ipar aldea zein Euskal Herriko bertako zaldi arraza bat da.[21] Tamaina eta ezaugarrien arabera pony bezala sailkatzen da.

Euskal Herritik desagertutako zaldi arrazak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herritik desagertutako bertako zaldi eta asto arrazak honakoak dira:

  • Nafar zaldia (basatia ez den bakarra).
  • Tarpan. Egungo bertako arrazetan eragin handiena izan zen zaldia da.
  • Przewalski zaldia.
  • Equus ferus przewalski. Zaldi espezie hau uste da egungo przewalski zaldiaren arbasoa zela, Euskal Herrian nahiko hedatua eta labar-pinturetan agertzen dena.
  • Enzebra. Izaera erabat ezaguna ez duen desagertutako ekidoak.

Egungo bertako zaldi arrazetan, pottokak, montxinoak, eragina izan zuela (tarpana baino txikiagoa) uste da.[23]

Zaldiaren historia Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aurizko zaldia Ormaiztegiko bertako arrazen erakusketa batean

Bertako arraza askoren kasuen legez, adituak ez dira ados jartzen bertako euskal zaldi arrazen jatorriari buruzko zenbait puntuetan.

Dena den, argi dago bertako zaldi arrazek hainbat arbaso komunak dauzkatela. Hau dela eta, neurri handi batean, lautzako zaldiaren zein zaldi montxinoaren jatorria pottokaren jatorriarekin zer ikusirik handia daukala. Beraien jatorria, seguruenik, azken izotzaldia eta gero, bertan geratutako zaldiak dira. Nafar behoka eta Auritzeko zaldiek antzineko pottoken eta kanpako zaldi arrazen eragina dute, txikiagoa nafar behokaren kasuan.

Zaldia Euskal mitologian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaldia euskal mitologiako irelu edo jeinua ere bazen.

  • Atharratzen kontatzen zuten, Laxarrigibele izeneko harpean, Ahuskiko magalean, Alzaitik gertu, zaldi zuri bat bizi omen zela. Behin eskualde hartako mutil bat bahitu zuen. Mutila ez zegoen ondo integratuta bere inguruan.
  • Berastegiko Etsoinberri baserriko neskame bat ere, era berean bahitu zuen Obantzungo lezean bizi zen beste zaldi batek. Baserrikoek behor bat zuten. Aberea egunero bidaltzen zuten mendira eta iluntzean jaso. Etxeko morroi-neskameak egunero egiten zuten lan hori. Ohitura zuten aurrenekoa behorra ikusten zuena, bere gainean etxera itzultzeko. Egun bat neskamea izan zen lehengoa behorra ikusten eta halaxe esan zuen: Horra hor gure behor beltza, eta korrika abiatu eta aberearen gainera igo zen. Igo orduko behorra arrapaladan abiatu zen Obantzungo leizera eta bertan sartu zen bere zaldizkoarekin.

Morroia luze egon zen leize barnera begira bere lagunaren bila, baina ez zuen ezer topatu.

Baserriko bidean galdetzen zuen bere buruari: "ze behor klase zen hori" , orduna ikusi omen zuen Etsoinberriko benetako behorra sakon batean lasai lasai larretzen. Handik denboraldi batera, Etsonberrikoek arropa garbitzera joan ziren Itturrarango iturrira, eta bertan topatu zituzten bahitutako neskamearen belarritakoak eta eraztuna.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Mammal species of the world: a taxonomic and geographic reference. (3. Aufl. argitaraldia) John Hopkins University Press 2005 ISBN 978-0-8018-8221-0. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
  2. a b Altaba, C R. (1998). «On the proposed conservation of usage of 15 mammal specific names based on wild species which are antedated by or contemporary with those based on domestic animals» The Bulletin of zoological nomenclature. 55: 119–120.  doi:10.5962/bhl.part.163. ISSN 0007-5167. (Noiz kontsultatua: 2024-11-07).
  3. a b c «Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200)» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  4. (Ingelesez) Myers, Phil. «Perissodactyla (horses, rhinoceroses, and tapirs)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  5. (Ingelesez) «Hyracotherium» Fossil Horses (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  6. a b (Ingelesez) Weinstock, Jaco; Willerslev, Eske; Sher, Andrei; Tong, Wenfei; Ho, Simon Y.W; Rubenstein, Dan; Storer, John; Burns, James et al.. (2005-06-28). Hillis, David ed. «Evolution, Systematics, and Phylogeography of Pleistocene Horses in the New World: A Molecular Perspective» PLoS Biology 3 (8): e241.  doi:10.1371/journal.pbio.0030241. ISSN 1545-7885. PMID 15974804. PMC PMC1159165. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  7. (Ingelesez) «Mesohippus» Fossil Horses (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  8. a b c (Ingelesez) «Equus» Fossil Horses (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  9. a b c Txantiloi:Engita Bongianni, Maurizio. (1988). Simon & Schuster's guide to horses & ponies of the world. Simon & Schuster ISBN 978-0-671-66067-3. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  10. Whitaker, J., & Whitelaw, I. (2007). The horse: a miscellany of equine knowledge. Macmillan.
  11. «Meet Thumbelina, the world's smallest horse» Mail Online (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  12. Evans, James W., ed. (1977). The horse. Freeman ISBN 978-0-7167-0491-1. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  13. a b c Ensminger, M. E. (1973). Horses and horsemanship.
  14. a b c Giffin, James M.; Gore, Tom. (1989). Horse owner's veterinary handbook. (1st ed. argitaraldia) Howell Book House ISBN 978-0-87605-880-0. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  15. (Gaztelaniaz) Daniel. (2018-05-18). «¿Qué Comen Los Caballos? - LEE ésto y lo sabrás!» www.quecomenn.com (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  16. Ensminger, M. Eugene; Ensminger, M. Eugene. (1990). Horses and horsemanship. (6th ed. argitaraldia) Interstate Publishers] ISBN 978-0-8134-2883-3. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  17. Edwards, Gladys Brown (1973). The Arabian: War Horse to Show Horse (Revised Collectors ed.). Rich Publishing. pp. 22–23.
  18. a b c d Olsen, Sandra L., ed. (2003). Horses through time. Roberts Rinehart ISBN 978-1-57098-382-5. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  19. a b «ITG Ganadero» web.archive.org 2016-03-26 (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  20. (Ingelesez) Equinest, The. (2010-08-10). «Losino Horse» Horse Breeds (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  21. a b Orozco Piñan, Fernando. (2009). Guia de campo de las Razas Autóctonas Españolas. Caballo losino.. Bilbo: Ministerio de Medio Ambiente y Medio Rural y Marino, 479-481 or. ISSN 978- 84-491-0946-1 : 978- 84-491-0946-1
  22. «ITG Ganadero» web.archive.org 2011-07-13 (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  23. Jose M. Gomez-Taberna, La caza en la prehistoria. Asturias, Cantabria, Euskal Herria. Colegio universitario de Ediciones Istmo, 1980.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: zaldi .