Edukira joan

Alejandro Aranburu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alejandro Aranburu

Bizitza
JaiotzaErmua1885eko uztailaren 8a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaErmua1956ko uztailaren 11 (71 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpilotaria eta ekintzailea
Izengoitia(k)Droget

Alejandro Aranburu Ormaetxea (Ermua, Bizkaia, 1885eko uztailaren 8a[1] – Ermua, Bizkaia, 1956ko uztailaren 11a), Droget goitizenetik ezaguna, esku-huskako pilotari, errepublikazale eta iraultzailea izan zen, Mexikon Pancho Villaren ondoan borrokatutakoa.[2][3]

Ermuko Zubiaurre kaleko Ostatukua etxean jaio zen, Laureano eta Modestaren seme gaztena izango zena. Aita armagina zen mutikoa jaio zenean eta herriko bake-epaile gisa ere aritzen zen, urteak beranduago Ostatuaren kargua hartuko zuen arren.[3]

Zirikatzaile eta bromazale petoa zelako, erabateko drogosoa, herrian Droget goitizenetik ezagutzen zuten.[2][3]

Alejandro esku-huskako pilotaria izan zen. Behin Logroño aldera partida bat jokatzera joan, Mexikora alde eta ez zen 10 urtetan itzuli. Han Pancho Villaren iraultza aldarrikapenekin bat egin eta nekazariei ohostutako lurrak berreskuratzeko borrokan hartu zuen parte. Bertan ikasi zuen gaztelania eta betirako mantenduko zuen hango mexikar azentua.[2][3][4]

Ermura itzulita, Urbano Mantxobas arkitekto herrikideak 1923an eraiki zion etxeari “Rantxua” izena jarri zion, Mexikoko nekazal etxalde tipiko horien gomutaz. Tailer bat sortu zuen beste birekin bazkidetzan, A.G.I. (Aranburu, Garate, Ildefonso): arropa lisatzeko plantxak, jatordua egiteko su txikiak... gerokoan elektrogailuen Ufesa enpresan garatu zena.[2]

Ibilbide politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublikazalea zen pentsamoldez eta 1931ko apirilaren 14an Eibarren Bigarren Errepublika aldarrikatu egun bezperan, Ermutik Eibarrera kalejiran joandako haien tartekoa izan zen, “biba!” eta “gora!” artean, hiru koloreko banderak astinduz eta klarinete doinuen erritmora. Eibarren arratsalderako manifestazioa egitea pentsatzen ari zirela, Alfontso XIII erregea oraindik Madrilen zegoela zabaldu zen eta han ez zutela zer ospatu. Lotu banderak eta isil-isilik Ermura berriro. Hurrengo goizaldeko 6 t´ erdietan eibartarrek Errepublika aldarrikatu zuten, Estatu osoan inon baino goiztiarrago.

Droget eta bere alderdi-lagunen Eibarrera arteko kalejira haren gomutaz, apirilaren 14ero, urteroko Errepublikaren ospakizunen hasiera Ermutik Eibarrera arteko kalejira batek ematen dio, “biba! eta “gora!” artean, hiru koloreko banderak astinduz.[2][5][6]

Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, Aranburu Frantzian esiliatu egin behar izan zen. Espainiatik ihesiz hanka egindako errepublikazaleen babesgunean bihurtutako Gurseko kontzentrazio-esparruan egon zen, horrela jasotzen baitute hangoen berri ematen duten izen zerrendek.[7] Hendaia inguruan bizi zela, Claudia Gorosabel emaztea hilean behin joaten zitzaion bertaraino jateko eta arropa garbiz betetako otzara bat aldean zuela.[2][3]

Ermuko bere Rantxuan hil zen, 1956ko uztailaren 11an, bularreko angina baten ondorioz.[2][3]

Drogeten iturria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930eko hamarkada hasieran, Ermutik Errekaldera bitartean bide bazterrean dagoen iturria egin zuen. Mendian behera zetozen urak bideratu eta txorrota jarri zien. Harrezkeroztik Drogeten itxurrixa deitzen zaio iturriari eta baita inguruko parajeari.[2]

Erreka eta zelaia zituen ondoan; gerra ondorengo urteetan herriko gazteen jolas eta igerileku, nagusiagoen atsedenleku eta askoren arrantza-habi bihurtu zirenak: sarboak, ezkailuak, amuarrainak, loinak, barboak, aingirak, kangrejoak… Drogeten iturri kontra doan Urko erreka arrantza-toki estimatua izango zen, herriko aberatsenetakoa.[8]

1989ko azaroan, Euskal Birusa Elkarte Kulturalak, Ermua eta Mallabiko herri aldizkaria argitaratu zuen estreinako aldiz. Drogetenitturri izenarekin kaleratu zen, Alejandro Aranbururen izena eta izana gordetzeko eta hark eraikitako iturriaren leku-izena ez galtzeko asmoz.

Ermuko Drogeten iturria, Errrekaldera bidean. 2020.

Aldatuz joan da iturriaren itxura azken urteetan, Alejandrok egindakoaren berreraiketa Ermuko udalaren esku egonik. 2003an, aldizkariaren 100. zenbakiaren ospakizunen harira, Esther Astarloak esmaltatutako azuleju zeramikoekin apaindu zen . 2021 urtean, 300. zenbakia kaleratzearekin batera, iturria txukundu eta sarbidea erraztu eta seinaleztatzeaz arduratu zen berriro Ermuko udala.

Drogetenitturri Ermua eta Mallabiko herri aldizkariaren ale baten azala.
  • Ermua eta Mallabiko herri aldizkariak bere omenezko Drogetenitturri izena darama
  • 1999an Gara egunkarian eta Aitzindariak izenburupeko kolaborazioan Asisko Urmenetak Drogeten bizitza laburtzen zuen 4 binetako komikia argitaratu zuen
  • 2001ean Asisko Urmenetak argitaratutako Mantxut Mantxut? lokuzio liburuan, “Drogan ibili, drogosoa izan” esapideak Alejandro Aranburu du ilustrazio-iturri[9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Búsquedas Sacramentales» dokuklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-16).
  2. a b c d e f g h González, Estibalitz. (1996). Droget (Alejandro Aranburu, 1885-1956). Drogetenitturri, 2 or. ISSN 1133-973X..
  3. a b c d e f González, Estibalitz. (2003). Droget, izena emoten doskun gizona. Drogetenitturri, 10 or. ISSN 1133-973X..
  4. Elkartea, Euskal Birusa. «Drogetenitturri, 300 zenbakia (2021eko maiatza) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2022-01-22).
  5. (Gaztelaniaz) SER, Cadena. (2018-04-13). «Eibar y Ermua recuerdan el 14 de abril de 1931» cadena SER (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  6. (Gaztelaniaz) «Eibar celebra la tradicional marcha republicana» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  7. (Gaztelaniaz) Intxusta, Josu Chueca. (2007). Gurs: el campo vasco. Txalaparta ISBN 978-84-8136-490-3. (Noiz kontsultatua: 2022-01-16).
  8. Diez, Raul. (1997). Ermua, arrantza paradisua. Drogetenitturri, 2 or. ISSN 1133-973X..
  9. Urmeneta, Asisko. (2001). Mantxut Mantxut?. Zazpiak Batman, 34-35 or. ISBN 84-930729-7-4..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]