Edukira joan

Tortolosak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tortolosak

Tortolosak, kurkuluxak, txokoak edo tabak arkumeen hanketako tortolos hezur txikiekin egiten den Euskal Herriko haur-jolas tradizional bat da, munduan zehar ere zabaldua, hezurrak bota eta suertatzen diren aldeak zein diren, jaurtitzaileak irabazi edo galdu egiten duena. Aldaera batzuetan tortolosak orden jakin batean jasotzea, edo gero eta kopuru handiagoak biltzea da helburua.[1]

Aldaera anitz dituen jolasa da eta Euskal Herrian ere herriz herri izendapen ezberdinak ditu: kaloka Donostian, sakaponak Zestoan eta asakaponak Zumaian[2]. Hezurraren lau aldeek ere izen bana dute[3]:

Tortolosen lau aldeak. Azpian lepo eta zulo aldeak. Gainean, belarri eta koxk aldeak.
  • Lepo: kanporantz biribildua den aldea.
  • Zulo: sakonune nabaria duen aldea.
  • Belarri: belarri itxura duena.
  • Koxk: alde leunena.

Tokika, bestelako izenak ere badaude. Bestalde, gaztelaniatik eratorritako pone, sake, karne, kulo ere erabiltzen dira.

Antzinako Grezian, astragaloi izenaz, eta Erroman, tali izenaz, sarri jolasten zen tortolosetan eta dadoen aurrekariak izan ziren. Tortolosetan, ordea, aldeek suertatzeko probabilitate ezberdinak dituzte, aldeko eta aurkako konbinazioak sortuz horrela. Adibidez, Erroman Venus izeneko konbinazioak lau tali edo tortolos alde ezberdinak suertatzea adierazten zuen.

Tortolos jolasa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jolas hau Juan Garmendia Larrañaga etnografoak Berrobin (Gipuzkoan) jaso zuen jokoaren inguruko informazioa.[4] Lau tortolox edo kurkulux erabiltzen ziren eta batez ere neskak ibiltzen ziren jolas horretan. Mahai gainera bota eta bere horretan uzten ziren. Banaka egin beharreko jolasa zen. Hezurren lau alderdiei izen hauek ematen zitzaizkien: saka, pon, kulo, karne. Esku batez pilota airera bota eta esku berberaz hartu aurretik, saka gora begira jarri behar zen. Gauza bera egiten zen beste hiru tortoloxekin, saka gainaldera zutela berdin utzi arte. Ondoren lau tortoloxak berriro hartu eta mahai gainera botatzen zituzten; eta gauza bera eginez laurak banan-banan pon gora begira zutela jartzen zituzten. Jolasari jarraipena emanez, berdin jokatzen zen kulo eta karne aldeekin. Gero, lau tortoloxak mahai gainean uzten zituzten; pilota lau aldiz airera bota, eta berriro esku batez jaso aurretik, aldiko tortolox artean hatz bat jarri eta kendu behar zen, honako hau esanez: La partida bien cumplida, gracias a Dios y a la Virgen Maria ("Partida ongi betea, eskerrak Jainkoa eta Andre Maria"). Hitz horiek esan ostean, berriz pilota airera bota eta jaso aurretik lau tortoloxak baztertu egiten zituzten. Egin beharrekoetan hutsik eginez gero, jokalaria jokoz kanpo geratzen zen eta beste bati ematen zitzaion txanda.[5]

Herrien arabera, hainbat izen topatu zituen Juan Garmendia Larrañagak:[6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Angulo Martin, Patxi. (1997). «Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala» www.elhuyar.eus (Elhuyar) ISBN 978-84-92457-60-1. (Noiz kontsultatua: 2021-12-19).
  2. «Zumaiako hitz bereziak: Asakapon -» Baleike.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-25).
  3. «Tortolosetan; tortolosaren aldeak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-08).
  4. Juan Garmendia Larrañaga - Xabier Mendiguren Bereziartu: Juan Garmendia Larrañagaren hiztegi etnografikoa. Donostia: Ikastolen Elkartea, 2003. 177.or.
  5. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/fr/tortolox/ar-151654/
  6. Ibidem.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]