Sintetizadore
Sintetizadorea musika tresna elektroniko bat da, artifizialki soinua sortzeko gai dena hainbat teknikaz baliatuz, hala nola sintesi gehigarria, sintesi kengarria, maiztasun modulazioa edo fase modulazioa.
Sintetizadoreak korronte elektrikoen manipulazio zuzenaren bidez (sintesi analogikoa), FM uhin digitalen manipulazioaren bidez (sintesi digitala), ordenagailu batean balio diskretuen manipulazioaren bidez (softwarean oinarrituriko sintetizadoreak) edota teknika hauen nahasketa baten bidez sor dezake soinua.
Sintetizadorearen azken fasean, korronte elektrikoa bozgorailu edo aurikularren bidez bibrazioak sortzeko erabiltzen da.
Soinu sintetiko hau soinu naturalen grabazioekiko ezberdina da, bigarren kasu honetan seinale mekaniko bat hartzen baita azkenean beste seinale mekaniko bat lortzeko.
Hizkeraren sintetizadorea terminoa ahotsaren prozesamendu elektronikoaren arloan ere erabiltzen da, askotan ahots dekodifikagailuekin erlazionaturik.
Sintetizadoreen historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]60ko hamarkada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen sintetizadoreak 1920ko hamarkadan sortu ziren arren, 60ko hamarkadara arte ez ziren askorik hedatu. Beraien garapena nagusiki Estatu Batuetako elektronika laborategietan eman zen. Bertan, Bob Moog bezalako aitzindari batzuek sintetizadore prototipoak sortu eta erakustaldiak egin zituzten. Hasieran, sintetizadorea instrumentu esperimental eta elitistatzat hartu zen, segur aski abangoardiako artista batzuk bakarrik ausartu zirelako instrumentu honentzat musika konposatzen. Baina, 1968. urtean, Wendy Carlos izeneko estatubatuar konposatzaile batek, Bob Moogekin batera, Johann Sebastian Bachen hainbat lan grabatu ziten Switched-On Bach izeneko lanean. Honetarako, Moog sintetizadore modular bat eta 4 pistako grabagailu bat erabili zituzten. Albumak ohiz kanpoko arreta sortu zuen, izan ere Grammy sari bat irabazten zuen lehen musika klasikoko albuma izan zen, milioi bat aletik gora saltzen zuen mota honetako lehen diskoa ere bihurtuz eta honi esker sintetizadorea ohiko musikara molda zitekeela frogatuz.
Merkatu berri honen sorrerarekin, fabrikatzaileek modelo txikiagoak sortu zituzten (adibidez, Minimoog sintetizadorea), eta gainera Yamaha edo Roland japoniar enpresak ere sintetizadoreak eraikitzen hasi ziren.
70eko hamarkada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1970eko estilo musikal berriek, hala nola rock psikodelikoak, soinu berrien beharra zuten eta instrumentu honek bete zuen funtzio hau. Garai hartako sintetizadore-jotzaile garrantzitsu batzuk Emerson, Lake & Palmer taldeko Keith Emerson eta Yes taldeko Rick Wakeman izan ziren. Momentu honetara arte, sintetizadoreak existitzen ziren instrumentuei soinu berriak gehitzeko erabiltzen ziren. Baina teknologia digitalaren etorrerarekin, instrumentu tradizionalak imitatzeko ere gai izaten hasi ziren.
Garai honetan sortu zen musika elektronikoa, Düsseldorfeko (Alemania) Kraftwerk bezalako taldeekin. Musika elektronikoa hainbat estilotan banatu zen (synthpop, tecnopop), talde ezagunenaetako batzuk Depeche Mode, Ultravox, The Human League eta Gary Numan zirelarik.
80ko hamarkada
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1983. urtean berrikuntza garrantzitsu bat aurkeztu zen, MIDI protokoloa delakoa. Teknologia hau erabiltzen zuten interfazeei esker marka ezberdinetako sintetizadoreak elkarrekin komunika zitezkeen eta sekuentziagailu izeneko aparatu bati esker nota sekuentziak jo eta gorde zitezkeen, ondoren nahi bezainbeste aldiz errepikatzeko. Berrikuntza honek musika sortzeko eran iraultza bat suposatu zuen, edozeinek programa zitzakeelako nota sekuentziak nahiz eta instrumentua jotzeko trebetasunik izan ez. Garai honetako sintetizadore adierazgarrienak Yamaha DX7 (FM sintesiaren arrakastaren erantzulea) eta Roland D-50 izan ziren.
Bestalde, 80ko hamarkadaren hasieran sampler izeneko instrumentua ere garatu zen. Samplerrak soinu errealak era digitalean grabatzeko eta erreproduzitzeko ahalmena eman zien musikariei, modu honetan existitzen den ia edozein soinu sortzeko aukera emanez. Sintetizadore batzuek sampler bat ere integra dezakete.
Sintetizadoreen ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Uhin forma kopurua: zenbat eta handiagoa izan, orduan eta soinu ezberdin gehiago sortu ahalko dira.
- Uhin formei dagokien memoria: Sintetizadoreak soinuei eskaintzen dien memoria kopurua da.
- Arpegiatzailea: Akorde bat osatzen duten notak sekuentzia moduan errepikatzen dituen dispositibo bat da.
- Knob-ak: sintetizadorearen parametro ezberdinen balioa aldatzeko balio duten potentziometroak dira.
- Slider-ak: Knob-en funtzio bera betetzen dute baina normalean beste parametro batzuekin, adibidez enbolbente-sortzaileenekin.
- Barne-memoria: Uhin forma ezberdinak, grabatutako soinuak, konfigurazioa... gordetzen dira hemen.
- Kanpo-memoria: Eskuarki SD txartel formatuan saltzen da eta sintetizadorearen soinu propioak zabaltzeko aukera ematen du.
Eskuarki, sintetizadoreek pianoaren moduko teklatu bat izaten dute integraturik, baina kanpotik konektatutako teklatu baten bidez, sekuentziagailu baten bidez eta beste hainbat eratara era kontrola daitezke.
Sintetizadoreen osagaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sintetizadore gehienek, digitalak, analogikoak edo birtualak izan, ondorengo osagai hauen bidez sortzen eta moldatzen dute soinua:
- Osziladore elektronikoak: Oinarrizko soinua sortzen dute, uhin formaren araberakoa delarik. Boltaje bidez kontrolaturikoak (VCO) edo digitalak izan daitezke. Oinarrizko lau uhin formak sinusoidala (sine), karratua (square), triangelua (triangle) eta zerra-hortz formakoa (sawtooth) dira. Beste uhin forma batzuk lortzeko uhin-taula digitalak ere erabil daitezke. Osziladore bat baino gehiago duten sintetizadoreek osziladore bakoitzaren tonua, anplitudea eta uhin forma kontrolatzeko aukera eman ohi dute.
- Boltaje bidez kontrolatutako iragazkia (VCF): Osziladorren soinu gordina eraldatzen dute, maiztasun jakin batzuk kenduz edo gehituz. Iragazki mota ohikoenak goi-pasukoak (HP) eta behe-pasukoak (LP) dira, lehenengoek maiztasun baxuak eta bigarrenek maiztasun altuak kentzen dituztelarik. VCF-en bi parametro garrantzitsuenak cutoff-a (iragazkiak eragiten dituen maiztasunak zehazten dituena) eta erresonantzia edo Q faktorea (cutoff-aren balioaren inguruan iragazkiak duen itxura zehazten duena)
- Boltaje bidez kontrolaturiko amplifikagailua (VCA): Osagai honek iragazkitik datorren soinua anplifikatzen du.
- ADSR enbolbente-sortzaileak: Denboran zehar hainbat osagairen portaera kontrolatzeko balio dute, nagusiki VCF eta VCA-rena. A attack parametroari dagokio, D decay parametroari, S sustain-i era R release-ri.
- Maiztasun baxuko osziladorea (LFO): Maiztasun aldagarriko osziladore bat da, baina soinua sortu ordez osagai ezberdinen parametroak kontrolatzeko balio du (bereziki osziladoreen tonua, iragazkiaren cutoff eta erresonantzia balioak eta anplitudea), bere uhin formaren itxura jarraituz.
- Beste osagai batzuk: soinua prozesatzeko beste elementu batzuk ere aurki daitezke, hala nola eraztun-modulatzaileak eta chorus edo reverb efektuak.
Sintesi motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nagusiki bi sintesi mota bereiz daitezke: analogikoa eta digitala. Gainera, uhin-sintesi teknika ezberdinak existitzen dira, bai sintetizadore analogiko eta bai digitaletan erabil daitezkeenak. Hona hemen ezagunenetako batzuk:
- Sintesi kengarria
- Sintesi gehigarria
- Sintesi granularra
- Uhin-taula bidezko sintesia
- Maiztasun-modulazio bidezko sintesia
- Anplitude-modulazio bidezko sintesia (AM)
- Fase-distortsio bidezko sintesia (PD)
- Eraztun-modulazio bidezko sintesia (RM)
Sintetizadoreak fabrikatzen dituzten konpainia nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ARP Instruments, Inc.
- Arturia
- Casio
- Clavia
- Doepfer
- Dave Smith Instruments
- Electronic Music Studios (EMS)
- Fairlight
- Korg
- Moog music
- Nord
- Oberheim
- Roland Corporation
- Yamaha
Sintetizadore klasikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zerrenda honetan sintetizadore klasiko eta garrantzitsuenak agertzen dira, beraiekin harremana izan duten estilo eta musikariekin batera.
- Modular Moog (Emerson, Lake and Palmer, Wendy Carlos, The Beatles... )
- Arp 2600 (Stevie Wonder, Herbie Hancock...)
- Minimoog (Yes, Parliament, Funkadelic, Gary Numan, Kraftwerk... historiako sintetizadorerik ezagunena da segur aski, eta gaur egun ere oso erabilia da)
- EMS VCS3 (Brian Eno, King Crimson, Pink Floyd...)
- Sequential Circuits Prophet 5 (Devo, New Order, Roxy Music...)
- Roland Jupiter-8 (ABBA, Michael Jackson, Jean Michel Jarre...)
- PPG Wave (Uhin-taula sintesia erabiltzen duen sintetizadore garrantzitsuenetako bat)
- Roland TB-303 (acid house generoaren oinarria den instrumentua, Detroiteko technoan ere erabilia)
- Yamaha DX7 (FM sintesia ezagutarazi zuen sintetizadorea, 80ko hamarkadako sintetizadore garrantzitsuena)
- Korg MS-20 (Aphex Twin, Portishead, Daft Punk...)
- Korg M1 (The Cure, Mike Oldfield, Vangelis... historiako sintetizadore digitalik salduena)
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Synthtopia.com Sintetizadoreen inguruko berriak (ingelesez)
- Vintagesynth.com Sintetizadore klasikoen artxiboa (ingelesez)