Lumentzako grabatua
Lumentzako grabatua | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | c. 12.500 kya - Madeleine aldia |
Aurkikuntza lekua | Lumentza (leizea) |
Aurkikuntza data | 1929 |
Aurkitzailea edo asmatzailea | Jose Migel Barandiaran, Telesforo Aranzadi eta Enrique Eguren |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | hematitea |
Kokapena | |
Bilduma | Arkeologi Museoa |
Lumentzako[1] edo Lumentxako grabatua[2] Euskal Herriko labar-arteari lotutako arte higigarri adibide bat da. 1927an aurkitu zen, Lumentzan, Lekeitio eta Ispaster artean. Labar-artea egiteko erabiltzen zen okrezko plaka bat da, bi aldeetatik grabatua. Alde batean bi zaldi ditu eta, bestean, zaldi baten burua. Madeleine aldian datatu da.
Aztarnategia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lumentzako edo Lumentxako aztarnategi arkeologikoa Lea-Artibaiko kostaldeko eskualdean dago, Lea ibaia itsasoratzen den udalerrian, Lekeition. Hala ere, kobazuloa Ispasterko lurretan barneratzen da. Lumentza mendian dago, Urgoniar motako kareharrizko mendi bat, eta batzuetan beste izen batzuk ere eman zaizkio, nabarmen Calvario gaztelaniazko izena, bertatik igarotzen den gurutze-bidearen ondorioz. Garratxako koba izena ere badu[3]. Itsas-mailatik 84 metrora dago, Isuntza alderantz. Kobazuloaren egungo sarreraren tamaina 2,5 x 3,5 metrokoa da. Bertatik, arkeologi indusketak egin ziren areto nahiko handi batera igarotzen da eta hemendik aldiz alboetan dauden beste galeria estu batzuetara joaten da.
Bizkaian oso ezaguna den kobazuloa da, bai bere arkeologiagatik, zein dituen beste margoengatik[4], tartean Elisaben II.a Borboikoa Lekeition uda igarotzen egon zenean[5] egindako sinadura bat[6]. Bigarren Karlistaldian egindako beste grafiti batzuk ere aurki daitezke[3]. Jose Migel Barandiaranek, Telesforo Aranzadik eta Enrique Egigurenek Bizkaiko kobazulo batean egindako lehen esku-hartze zientifikoetako bat egin zuten bertan. 1921 urteko abuztuaren 12an, Barandiaranek kobazulo hau bisitatu eta izugarrizko arkeologi garrantzia zuela egiaztatu zuen. Indusketak 1926an hasi ziren eta 1929ra arte luzatu ziren bere lehen aldian[3].
Esku-hartze honi esker, Paleolito bukaera, Azil aldiko eta Neolito garaiko zazpi bizi-epe maila desberdin eta Metalen aroko giza ehorzketak identifikatu ahal izan ziren. Lurrazalean erromatar garaiko zeramikak ere agertu ziren[7][8]. José Miguel de Barandianek berriro induskatu zuen aztarnategia 1963tik 1964ra. Geroxeago, 1984tik 1993ra, José Luis Arribas Pastorrek ikerketa berriak zuzendu zituen[9]. XXI. mendean, hainbat grafiti modernoren azpian, bisonteen margoak aurkitu dituzte Diego Garate Maidagan, Joseba Rios Garaizar eta Aitor Ruiz Redondo arkeologoek[3]. Grafiti modernoetako batzuetan labar-artearen imitazioak egiten saiatu ziren, eta horrek zailtzen du gehiago ote dagoen jakitea[3].
Grabatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Grabatua 1927ko udan agertu zen[10] , ohiko arpoiak ezaugarri dituen Madeleine aldiko geruza miatzean, 1,2 metroko sakontasunean. Leundutako aldeak dituen hematite gorridun plaketa bat da. Hiru zatitan banatuta agertu zen: bi zati irailaren 5ean eta hirugarren bat hurrengo egunean. Hiru zatiak maila berberean aurkitu ziren, baina sakabanatuta. Horregatik uste da pieza jada antzina apurtu zela. Piezaren aurkikuntza mailari C deitzen zaio eta Goi Madeleine bukaerakoa da, orain dela 12.500 urte inguru[11][12].
Hematite gorridun (okre) plaketa honek euskarri zapala dauka eta bere bi aldean apainduta ditu. Alde batean zaldi xume bi grabatu dira. Horietako bat plaketaren muturrean ezarrita dago bizkarra eta ilea adieraziz. Beste aldean zaldiaren burua grabatu da. Lumentzako zaldiak buruaren tamaina handiagatik nabarmentzen dira, dagokiena baino askoz handiagoa daukatelako. Hau ez da artistaren akats bat izan, nahita eginda legoke. Kasu bera ematen da Kantabriako kobazuloetan, Pirinioetan eta Frantziako Dordoinan Paleolito bukaera garaian orain dela 12.500 bat urte.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Apaolaza, Urko. (2014-05-23). «Lumentzako labarren sekretu guztiak» Angelu itsua (Noiz kontsultatua: 2024-11-05).
- ↑ «LUMENTXA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-05).
- ↑ a b c d e Garate Maidagan, Diego; Rios Garaizar, Joseba; Ruiz Redondo, Aitor. (2013). «El arte parietal Paleolítico de la Cueva de Lumentxa (Lekeitio, Bizkaia)» Kobie (32) ISSN 0214-7971..
- ↑ Apaolaza, Urko. (2014-05-23). «Lumentzako labarren sekretu guztiak» Angelu itsua (Noiz kontsultatua: 2024-11-05).
- ↑ Vilar García, María José. (2012). «El primer exilio de Isabel II visto desde la prensa vasco-francesa (Pau, septiembre-noviembre 1868)» Historia Contemporánea doi: ..
- ↑ Lumentxa y el Sol. (Noiz kontsultatua: 2024-11-05).
- ↑ Arribas Pastor, José Luis. (1997). «Materiales de época romana de la Cueva de Lumentxa (Lekeitio, Bizkaia)» Isturitz: Cuadernos de prehistoria - arqueología (9): 643–656. ISSN 1137-4489. (Noiz kontsultatua: 2024-11-05).
- ↑ Basas Faure, Carlos; Unzueta Portilla, Miguel. (1992). «Terra sigilata tardía lisa en el País Vasco: producción, formas y distribución» Kobie. Paleoantropología (20): 123–135. ISSN 0214-7971. (Noiz kontsultatua: 2024-11-05).
- ↑ Arribas Pastor, José Luis; Berganza Gochi, Eduardo. (2018). «Excavaciones en la cueva de Lumentxa (Lekeitio, Bizkaia). Campañas de 1984 a 1993» Kobie. Paleoantropología (36): 31–55. ISSN 0214-7971. (Noiz kontsultatua: 2024-11-05).
- ↑ Aranzadi, Telesforo; Barandiaran, Joxe Migel. (1934). «Contribución del estudio del arte mobiliar magdaleniense del País Vasco (Santimamiñe, Lumentxa, Bolinkoba, Urtiaga)» Anuario de Eusko Folklore.
- ↑ Gárate Maidagán, Diego. (2012). Neanderthalak eta cromagnonak: Bizkaiko lehen biztanleak = Neandertales y cromañones: Primeros habitantes de Bizkaia. BizkaiKOA, Bizkaiko Foru aldundia ISBN 978-84-7752-514-1. (Noiz kontsultatua: 2024-11-05).
- ↑ Castaños Ugarte, Pedro María. (1985). «Estudio del material dentario de caballo procedente del pleistoceno terminal del norte de la Península Ibérica» Kobie. Paleoantropología (15): 87–181. ISSN 0214-7971. (Noiz kontsultatua: 2024-11-05).