La Argentina
La Argentina | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Antonia Mercè i Luque |
Jaiotza | Buenos Aires, 1890eko irailaren 4a |
Herrialdea | Espainia |
Bizilekua | Espainia |
Heriotza | Baiona, 1936ko uztailaren 18a (45 urte) |
Hobiratze lekua | Neuilly-sur-Seine |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | koreografoa eta dantzaria |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Elisabet Katolikoaren Ordena |
Antonia Mercé y Luque (Buenos Aires, 1890eko irailaren 4a— Baiona, 1936ko uztailaren 18a), La Argentina izen artistikoaz ezaguna, dantzari eta koreografo espainiar-argentinarra izan zen.
Neoklasizismo eta abangoardismoa erantzi zion dantza espainiarrari.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antonia Mercé eta Luque Buenos Airesen (Argentina) jaio zen. Ama Kordobako aristokrata zen Josefa Luque zen eta aita, berriz, Valladolideko Manuel Mercé, Madrilgo Errege Antzokiko lehen dantzaria eta maisu koreografoa. Bikotea urte batzuk iraungo zuen bira batean zebilen Argentinan, Antonia jaio zenean.
Espainiara itzultzean, Mercé-Luque bikotea Madrilen jarri zen bizitzen, Lavapiés auzoan eta dantza eskola ireki zuen han. Aldi berean, Operako dantza ere zuzentzen zuen.
Antoniak 10 urte zituenean, kontserbatorioan sartu zen, baina bere baldintzak ezarri zituen: abestu eta dantza egin, biak egin nahi zituen neskak. Madrilgo Errege Antzokian sartu zen, gazteen taldean, aitaren esanetara. Ez ziren ondo eramaten ikaslea eta irakaslea eta Antoniak maiz egiten zien aurre eskolaren arau zorrotzei. Urteak pasa eta gero, ikasketa haiek beharrezko jo zituen, baina aita-alabaren arteko liskar asko piztu zituzten.
Arrakastarako bidean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1903an, Manuel Mercé hil zen eta Antoniak kontserbatorioa utzi eta Apolo antzokiko telonero lanetan hasi zen. Antonia Mercé, La Argentina, esaten zuten kartelek eta neskatxak betegarriak sartzen zituen soineko azpian oraindik haur bat zela izkutatzeko xedean. Lehen zinematofrafo aretoetan egin zituen emanaldiak, zine saioetan kantu eta dantza tartekatzeko ohitura baitzegoen. Antzoki askotan egin zuen debuta (Romea, Príncipe Alfonso, Kursaal) eta handien ondoan ibili zen, La Fornarina, Pastora Imperio, Mata Hari edo Candelaria Medinarekin batera eta, intelektualen arreta erakarri zuen, Valle-Inclán kasu.
1906an, Antonia lehen aldiz atera zen Espainiatik Portugalen debutatzeko. Lisboatik Parisera joan zen eta Le Jardin de Parisen egin zuen bere emanaldia. Moulin Rouge izan zen hurrengo txanpa eta Quinito Valverderen L'amour en Espagne errebista estreinatu zuen. Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan Paris eta Londresen bizi zen eta birak egiten zituen Europan. 24 urterekin, Embrujo de Sevilla konpainiako lehen irudia zen eta Fayico, Antonio de Bilbao eta Realito zituen kide. Gerra hasi zenean, Errusian harrapatu zuen.
1915ean hasi zen Ameriketako abentura. 3 urte iraungo zuen eta bere ametsa gauzatu ahal izan zuen: espainiar dantza tablaotik eszenategira eramatea, gitarra edo piano baten laguntza soilarekin. Bira Buenos Airesen hasi zen eta Hego Amerikan zehar hedatu zen gero.
1916ko otsailaren 10ean, New Yorkeko Maxine Elliott's antzokian aurkeztu zen eta Enrique Granadosen Goyescas operaren estreinaldirako iragarri zuten bere izena. La Argentinak espainiar koreografiako 11 dantza aurkeztu zituen, Grieg, Massenet, Granados eta Valverderen musikaz lagunduta. New Yorkeko debuterako eta konpositorea hil aurretik, Granadosek Danza de los ojos verdes idatzi zion.
Espainiara itzuli eta Los jardines de Aranjuez egin zuen, Albéniz, Ravel, Fauré eta Chabrierren musikarekin.
Jatorriaren bila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]La Argentinak dantza folklorikoen balioa sumatu zuen eta haien bila joan beharra ere bai.
« | El baile popular español no es una diversión, sino un arte | » |
1925ean, El amor brujo berregin nahi izan zuen Parisen eta Granadako ijito erritu zaharrak ikertu zituen. Fallaren obraren eszenaratzea data erabakiorra izan zen espainiar koreografiarentzako. La Argentinak izugarrizko arrakasta lortu zuen Parisen, Vicente Escudero bikote artistikoa zuelarik, eta mundu osoan zehar errepikatu zen euforia hura. Vicente Escuderoren hitzak dira:
« | Yo creo que el secreto estaba en ella, y se lo llevó a la gloria para siempre, pues hasta el presente nadie ha logrado dar con él, ni lo conseguirá | » |
La Argentinaren desira zen espainiar ballet konpainia bat osatzea eta, 1922ko maiatzean, Parisko Opera Comique izan zen debutaren eszenategia. Albéniz, Granados, Falla, Turina, Esplá, Halffter eta Duranen lanak osatu zuten programa eta Bartolozzi edo Néstor eszenografoen lana izan ziren Juerga, El contrabandista, Sonatina, El fandango del candil edo Triana balletak.
Federico García Lorcak Elogio a Antonia Mercé, La Argentina dedikatu zion dantzariari:
« | Una bailarina española, o un cantaor, o un torero, inventan; no resucitan, crean. Crean un arte único que desaparece con cada uno y que nadie puede imitar | » |
1935eko ekainaren 22an izan zen La Argentinaren azken aktuazioa Madrilen, Español antzokian. Parisera iritsi zen Exaltación del arte flamenco dantzatzeko.
1936ko martxoaren 8an Parisko Komedian egin zen gala batean aktuatu zuen eta 2 egun geroago Operan eman zuen azken errezitala. Ekainaren 5ean Pleyel Aretoan egin zuen dantza, Parisko Orkesta Sinfonikoak lagunduta eta, 19tik 26ra, Operara itzuli zen El amor brujorekin.
Medikuek deskantsua aholkatu zioten eta La Argentina Baionara joan zen, Mirafloresen zuen etxera.
1936ko uztailaren 18an, Donostian zegoen, medikuaren baimenarekin, euskal dantza ekitaldi bat antolatu baitzuten han bere omenez. Arratsaldean, etxerantz joan zen eta, sartu bezain laster, uztailaren 18ko altxamendu militarraren berri eman zioten. Berehalaxe, erori zen:
« | ¿Qué me sucede? | » |
Mundu osoko komunikabideek eman zuten jakitera flamenkoaren Pavlovaren heriotza eta, 1977an, Kazuo Ōnok dedikatu zion Homenaje a La Argentina.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: La Argentina |