Kiri Te Kanawa
Kiri Te Kanawa (Gisborne, Auckland, Zeelanda Berria, 1944ko martxoaren 6a) sopranoa da.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kantu-ikasketak mezzosoprano gisa hasi zituen, Zeelanda Berrian; baina, Ingalaterran ikasi ondoren, soprano gisa hasi zen. Lehenengo lanak Ingalaterrako opera konpainietan egin zituen: Idamante pertsonaia Mozarten Idomeneo operan, Ellen Gioachinno Rossiniren La donna del lagon, edo Bizeten Carmen operan. Arrakasta handiena eman zion lana Almaviva kondesaren papera izan zen, Mozarten Figaroren ezteiak lanean. Errepertorio horrez gainera, Kiri Te Kanawak italiar verismoaren tradizioko interpretazioak egin ditu, Giuseppe Verdirekin hasi eta Giacomo Puccinirainokoak: Pucciniren La Bohème operako Mimi, musikagile beraren Tosca operako protagonista, edo Verdiren Otelloko Desdemona. Bestalde, frantses eta aleman errepertorioko paperetan espezializatu zen; besteak beste, Gounoden Fausto operako Margaritan, edo Johann Straussen lanetan agertzen diren hainbat pertsonaiatan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.