Joxantonio Ormazabal
Joxantonio Ormazabal | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Joxantonio Ormazabal Berasategi |
Jaiotza | Zegama, 1948ko uztailaren 21a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Zegama, 2010eko maiatzaren 2a (61 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, itzultzailea eta haur literaturaren idazlea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Izengoitia(k) | Joxan |
Joxantonio Ormazabal Berasategi, ezizenez Joxan (Zegama, Gipuzkoa, 1948ko uztailaren 21a - 2010eko maiatzaren 2a), euskal idazlea eta itzultzailea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]12 urte zituela Saturrarango apaizgaitegian sartu zen, eta geroago Donostiakoan. 17-18 urterekin utzi zuen apaizgaitegia.[1]
Maisu ikasketak egiten hasi, eta bukatu baino lehen Ikastolen Elkartetik deitu eta Zarautzen hasi zen lanean, Salbatore Mitxelena ikastolan, Anjel Lertxundi bertako zuzendari zela. Bost urte egin zituen han, eta gero Beasaingo Alkartasuna lizeora etorri zen. Han beste 4-5 urte egin zituen. Eszedentzia eskatu eta bi urterako Elkar argitaletxera joan zen. Geroztik, ordea, ez zion argitaletxe horretan lan egiteari utziko, harik eta 2008an, 60 urte zituela, erretiroa hartu zuen arte.[1]
2010eko maiatzaren 2an, hilda aurkitu zuten Zegamako mendialdean, putzu batean behera 200 metro erorita. Egun batzuk lehenago, apirilaren 29an, bere bizipenetatik ateratako hausnarketa motz baina sakonak zekartzan liburua atera zuen argitara: Ehun ipuin hitz gutxitan. Guztira ehun ipuin, umorez zipriztinduak batzuk, umorez blaituak besteak.
Ormazabal «euskal haur literatura modernoaren zutabe nagusia» zela idatzi zuen Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editoreak, zegamarrak erretiroa hartu zuenean.[2] Izan ere, haurrentzako ipuin, abesti eta kontakizun ugari sortu zuen, Euskal Herriko hainbat ipuin tradizional gaur egungo haurrentzat egokitu, eta editore gisa beste hainbat idazleren kontakizunak argitaratu; bai eta egileei hainbat aholku eman ere.
Testugintzaren arloan, idazle eta argitaratzaile ez ezik, itzultzaile ere bazen:[1] haurrentzako ehundik gora ipuin euskaratu zituen (Teo pertsonaiaren 30 bat liburu, besteak beste).[3]
Gizon umoretsua izaki, Belearen Entierroa (ehorzketa) asmatu zutenetarikoa izan zen, eta berak egindako panpinarekin ospatu zen lehendabiziko aldiz, 1986an. Geroztik Zegamako jaien bukaerako ekitaldia izan da Belearen Entierroa.[4]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ormazabalek, bere testuetan, gaur egungo gizartearekin lotura estua duten gaiak landu zituen, hala nola askatasuna —esaterako, Kaiolatik mendira liburuan (1986)—, pobrezia eta bazterkeria —ijito bat protagonista duen Kittano (1995) ipuinean, konparazio batera—, aiton-amonen eta iloben arteko harremana —Aitona parapentean (2004)—, ekologismoa —Txoria zezenaren adar gainean (1999)—, eta abar.[3]
Haur eta gazte literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorkuntza lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ehun ipuin hitz gutxitan (2010, Elkar)
- Amona eta aitona udalekuetan (2008, Elkar)
- Ilunorduak eta argilaurdenak (2007, Elkar)
- Aitona parapentean (2004, Elkar)
- Antonio Bolas (2002, Elkar)
- Hiztegi jolastia (2002, Elkar)
- Bihotza zubi (2001, Elkar)
- Josebiñe (2001, Elkar)
- Irri eta barre (2001, Elkar), Elkar
- Kotti (2001, Elkar)
- Amona Bizikletan (2000, Elkar)
- Bi indar txiki inauterietan (2000, Elkar)
- Koxmeren gezurrak (2000, Elkar)
- Helikopteroa ikastolan (2000, Elkar)
- Gorritxo eta Beltxiko (2000, Elkar)
- Amona bizikletan (2000, Elkar)
- Txoria zezenaren adar gainean (1999, Elkar)
- Saturna (1999, Elkar)
- Patxibusa (1998, Elkar)
- Azenario erraldoia (1998, Elkar)
- Nola ibili munduan, ohetik jaiki gabe (1998, Elkar)
- Txoko txiki txukuna (1998, Elkar)
- Olentzeroren oparia (1998, Elkar)
- Haizemari (1998, Elkar)
- Zipriztin (1996, Elkar)
- Gure mundua (1995, Elkar)
- Lazkao Txiki (1995, Elkar)
- Kittano (1995, Elkar)
- Hitzak jostailu (1994, Elkar)
- Pernando Amezketarra (1994, Elkar)
- Esaera zaharrak eta txiste berriak (1994, Elkar)
- Maripertxenta (1993, Elkar)
- Esaera zaharrak (1990, Elkar)
- Txisteak (1990, Elkar)
- Igarkizunak (1990, Elkar)
- Kiriko eta bere sendia (1989, Elkar)
- Honela bizi naiz ni (1986, Elkar)
- Auto, asto tren (1986, Elkar)
- Kaiolatik mendira (1986, Elkar)
- Margolin (1983, Elkar)
Itzulpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Joxantonio Ormazabalek haurrentzako ehundik gora ipuin euskaratu zituen (Teo pertsonaiaren 30 bat liburu, besteak beste).[3]
- Tante Storie Per Giocare (idazlea: Gianni Rodari)
- Ilargia edan zuen astoa (idazlea: Renata Mathieu)
- Tono, haria eta armiarma (idazlea: Antoni Cuadrench)
- Koloreak (idazlea: Enric Larreula)
- Izei txikia (idazlea: M. Eulàlia Valeri)
- Mister Daffodil eta bere denda (idazlea: Asun Balzola)
Egokitzapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aspaldidaniko Euskal Herriko ipuin herrikoiak haurrentzat egokitu zituen Joxantonio Ormazabalek. Joxe Migel Barandiaranek ahozko tradizioa gordetzen zuten azkenetako hiztunei zuzenean jasotako kontakizunak dira, eta Tartalo eta Elkar argitaletxeek argiratu zituzten 2001ean. Egokitzapen lan horretan, Joxantoniok lankide izan zuen Sagrario Yarnoz.
- Barbantxo
- Bigantxaren ordaina
- Euskal ipuinak DVD-a
- Gizon harrigarriak
- Gizon harrigarriak CD-ROMa
- Lau anaia umezurtzak
- Makilakixki
- Makilakixki CD-ROMa
- Marizikin
- Martixio asmatzailea
- Patxi errementaria
- Patxi errementaria CD-ROMa
- Sorgin gaiztoa
- Tartalo
- Tartalo CD-ROMa
- Zapatari txiki
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Calleja, Seve. (1994). Haur Literatura euskaraz. Labayru Ikastegia. Bilbao Bizkaia Kutxa ISBN 8486833779..
- ↑ Xabier Mendiguren Elizegi: «Joxan Ormazabal», Argia aldizkaria, 2167. zenbakia (2009-01-11).
- ↑ a b c Joxantonio Ormazabali buruzko orria, Basque Literature atarian.
- ↑ Felix Ibargutxi: «Hau fauna».