Jerax
Jerax | |
---|---|
hiria | |
Administrazioa | |
Herrialdea | Jordania |
Probintzia | Jerax Gobernazioa |
Izen ofiziala | جرش |
Geografia | |
Koordenatuak | 32°16′20″N 35°53′29″E / 32.272280555556°N 35.891397222222°E |
Azalera | 410 km² |
Altuera | 600 |
Demografia | |
Biztanleria | 50.745 (2015) |
Dentsitatea | 124 bizt/km² |
Informazio gehigarria | |
Sorrera | K.a. 2000 |
Ordu eremua | UTC+02:00 |
Hiri senidetuak | Orăștie (en) |
jerash.gov.jo |
Jerax[1] (arabieraz جرش) Jordania ipar-mendebaldeko hiria da, izen bereko gobernazioko hiriburua dena.
Garai greko-erromatarrean Gerasa ( antzinako grezieraz, Γέρασα) zuen izena eta Dekapoliseko antzinako hiria izan zen. Bere hondakinak Ekialde Hurbileko erromatar garaiko garrantzitsuenetakoak eta hobekien kontserbatuetakoak dira[2]. 2004tik UNESCOren Gizateriaren Ondareen behin behineko zerrendan dago[3].
Arabiar herrixka moderno bat antzinako Gerasaren ekialdean ezarri zen 1878an[4]. Jerax hiri modernoa, beraz, Gerasa hiri zaharraren ondoan dago[1].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Neolito aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2015eko abuztuan, Jordaniako Unibertsitateko indusketa arkeologikoko talde batek Neolito garaiko (K.a. 7500 – 5500) bi giza burezur aurkitu zituen Jeraxeko toki arkeologikoan[5]. Aurkikuntza hauek garai hartan Jordaniako bizigarritasunaren froga sendoak ematen dituzte, batez ere Ammaneko Ein Ghazal asentamendu neolitoan 1980ko hamarkadan antzeko aurkikuntza bat gertatu zela kontuan hartuz. Aurkikuntzaren garrantzia burezurren bitxitasunean datza, arkeologoen ustez, mundu osoan, gehienez ere, hamabi lekuk antzeko giza hondakinak baitituzte.
Brontze aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berriki eginiko indusketek Jerax Brontze Aroan eta Burdin Aroan jada populatua zegoela erakusten dute (K. a. 3200-K. a. 1200).
Jeraxen kolonizaziorik antzinakoena Burdin Aroaren lehen zatian datatua dago, leku honetan ammondarren herrixka bat izan zenean[6].
Aro helenistikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K. a. IV. mendearen amaieran, Ekialde Hurbila Alexandro Handia errege mazedoniarraren inperioan sartu zen eta, hau hil ondoren K. a. 323an, bere jeneralen artean banatu zen inperioa. Sasoi honetatik hasita, teoria ezberdinak daude hiriaren fundazioaren gainean.
Greziar elezahar batek Alexandro Handiari berari ematen dio lekuaren fundazioaren gidaritza. Gerasa toponimoa bere lehen biztanleak Alexandroren kanpainetako beteranoak, gerasmenos, izan zirelako omen da, persiarren aurka borrokatu ondoren lur-sail bat jaso zutenak sari gisa K.a. 331an. Beste iturri batzuren arabera, berriz, mazedoniar nobleen ondorengoak ziren Ptolomeotar dinastiak eta Seleukotar Inperioak lurraldeagatik norgehiagoka aritu ziren garai helenistikoan; K. a. III. mendean, Egiptoko Ptolomeotarrek kontrolatu zuten lurraldea. Ondoren, Siriako seleuzidar dinastiako Antioko IV.ak berriz fundatu zuen hiria, eta Chrysorrohas ibaiaren ertzeko Antiokia deitu, Chrysorrhoas izena zeraman Jakob ibaiaren afluentearen ertzean egoteagatik[6].
Berrehun urtetan zehar, greziar kultura, eskualdean zehar hedatu zen, semitar tradizioekin eta aramear hizkuntzarekin nahastuz, eta garai distiratsu baten hasiera bultzatuz: helenismoa. Honela, antzinako erresuma ammondar eta moabitek izaera komertzialeko eta kultura helenistikoko hiri-estatu oparo sorta bati lekua utzi zioten, inguru hartako zorigaiztoko geografiara eta karabana-fluxu gero eta handiagora hobeto egokitzen zen formula bat. Hiri horietako bat Gerasa izan zen[7].
K. a. 82 inguruan, Alexandro Janeo gobernadore makabeoak Gerasa hartu zuen eta bere estatu juduari gehitu zion. Hala ere, Ponpeio erromatar jeneralak Palestinako arazoetan esku hartu zuen, Gerasa eta inguruko lurraldeak Siriako erromatar probintziari erantsi zitzaizkion, eta, beranduago, Dekapolisko hirien ligari.
Erromatar aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ponpeiok eskualde osoa politikoki berrantolatu zuen, K. a. 63an. Erregeen Bidearen iparraldeko muturreko hiriak Siria probintziaren menpeko Dekapolis izena jaso zuen. Hiri hauek prefektu baten administraziopean zeuden.
Oktavio Augustok heredatu duen Siriako probintzia, gutxi gorabehera, Ponpeioren probintzia zen. Herrialdearen iparraldea eta erdialdea hartzen zituen, hau da, seleukotar fundazioko hiriak eta feniziarrak aldi berean hartzen zituen zatirik urbanizatuena. Baina, Dekapoliseko hiriak ere hartzen zituen, gehienak ipar-mendebaldean zeuden hamar hirik osatutako talde bat (Gerasa, Gadara, Pela, Hipos, Dion, Filadelfia, Kanata), baita Eszitopolis ere, Jordanetik mendebaldera zegoen bakarra, Damasko, argi eta garbi iparralderago zegoena, eta Rafanea, Jabal al-Ansariyah edo Alaui mendietatik hegoaldera zegoena eta Plinioren zerrendan[8] oraindik ere enigma bat dena[9]. Bitxia bada ere, Plinio Zaharrak bere Historia Naturalean ohartarazten zuen ez zegoela adostasunik ez kopuruari buruz, ez liga osatzen zuten hiriei buruz. Damaskon hasi eta Filadelfian amaitzen zela erabaki zuen, Ptolomeo Filadelfo egiptoar erregearen omenez honela deitua, Eszitopolis (Jordandik mendebaldera), Gadara, Hipo, Dion, Pela, Kanata, Rabana eta, jakina, Gerasa bezalako hiriak gehituz[8].
Flavio Josefo historialariak dio hirian, nagusiki, siriarrak bizi zirela, eta baita judu komunitate txiki bat ere[10].
Hurrengo mendeetan nabateoekiko merkataritza loratu zen eta hiriak oparotasun aldia izan zuen. Nekazaritzak eta Ajlun eskualdeko burni meatzaritzak lagundu zuten eremuaren aberastasunera. K.o. I. mendean, hiriaren trazadurak aldaketa garrantzitsu bat izan zuen, nabarmenena kolomadun kale nagusia bi kale perpendikularrekin elkartzen zena.
Trajano enperadoreak Nabatear erresuma abertsa anexionatu zuenean,106 inguruan, Gerasa Arabia Petraea erromatar probintzian sartu zen, Filadelfia (gaur egungo Amman), Petra eta Bostra hiriak barne hartzen zituena. Garai honetan oraindik gehiago aberastu zen Gerasa. Trajanok galtzadak eraiki zituen probintzia osoan, besteak beste Via Traiana Nova (Trajanoren Bidea) 112-114 bitartean eraikia, Siriatik Aqaba hiriraino hedatu zena; Petra, Palmira eta Ekialde Urruneko lurraldeekin merkataritza gehiagotu zuen[11]. Granitoa Aswan urrunetik (Egipto) ekarri eta hiria berreraiki zen[12]; tenplu harrigarri, antzoki eta egitura publikoekin apaindua izan zen, azken modu arkitektonikoen arabera.
Hiriak beste gorakada bat izan zuen Hadriano enperadoreak Gerasa bisitatu zuenean 129-130an eta latinez idatzitako idazkun batek bertan negua igaro zuten guardia inperialeko kideek egindako eskaintza erlijiosoa erregistratzen du. Gerasako garaipen arkua (edo Hadrianoren Arkua) bere bisita ospatzeko eraiki zen hiriaren hegoaldean.
II. mendearen hasieran, kolonia mailara igo zen, Colonia Aurelia Antoniniana[13] izenarekin, Gerasaren oparotasunaren erakusgarri karabanen merkataritzari esker; bere distirarik handiena Antonino Pioren garaian lortu zuen.
II. mendearen erdian, oroimen historikoaren erakustaldi bat izan zen, ohoreen aldeko borrokan hirien arteko lehia gupidagabearen ondorioz. Greziako Dekapoliseko hiriek, zeinen helenismoa antzinagokoa baitzen Arabiako hiri berriekin (Bostra, Petra...) alderatuz, beren tituluen edo izenen bidez eskualdeko hiririk loriatsuenak zirela gogorarazten zuten. Hadrianoren agintalditik aurrera, baina batez ere Antonino Pio eta Marko Aurelioren agindupean, Dekapoliseko zenbait hirik, horien artean Gerasak, euren txanponetan aurretik erabiltzen ez zuten seleukotar dinastiaren izendapen bat (Gerasa-Krisorroasen Antiokia, 115etik aurrerakoak guztiak[14]) gogorarazten aritu ziren, edo antzinako fundazio edo birfundazio bat gogorarazten zuen epiteto bat, edo, baita ere, argi eta garbi adierazi zuten Alexandro Handiaren fundazio bat zirela, Gerasaren kasuan bezala[15].
Kultura arloan, hiri helenistikoetan hain bereizgarriak diren lehiaketen garapena ematen da, 105-114 urteen inguruan ezarritako literatura eta musika lehiaketa edo jokoak ezagutzen baitira, eta, baita ere, joko atletikoak, garaileen zerrendak gordetzen direlako[16].
III. mendean Gerasaren gainbehera nabaritzen hasi zen, pixkanaka-pixkanaka, karabana-merkataritzaren garrantzia galduz joan zelako eta, limes inperialaren aurkako eraso gero eta larriagoengatik, K. o. 273an Palmiran gertatu zen bezala, barne ibilbideen segurtasun eza hasi zelako. Itsas-merkataritzaren garapenak ere eragina izan zuen.
Susperraldi une bakarra Dioklezianoren agintaldian izan zen, 300 urtearen inguruan, eraikuntzak indarra hartu zuenean.
Gerasa Nikomako Gerasakoa (antzinako grezieraz: Νικόμαχος) matematikariaren jaioterria izan zen (K. o. 60 – 120).
Bizantziar aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banaketa inperialaren ondoren, Gerasa, Ekialdeko Erromatar Inperioaren zati izan zen. V. mendearen hasieran, erlijio kristatua zen garrantzitsuena eta, denbora laburrean, eliza ugari eraiki ziren. Justinianoren agindupean (527-565) zoladuran mosaiko aberatsak zituzten eliza ugari eraiki ziren, gehienak aurreko tenplu eta santutegietako harriak berrerabiliz. Gerasan 530ean eraiki zen bizantziar eliza baten oinarrien azpian mosaiko bat aurkitu zen, antzinako greziar eta hebrear-aramear inskripzioekin. Hebrear-aramear idazkien presentziak, garai batean, sinagoga bat zela pentsatzera eraman ditu ikerleak, eliza bihurtu aurretik. Hala ere, 611an elizen eraikuntza geratu zen.
614 urtean persiar sasandarrek Gerasa inbaditu zuten. Urte batzuk geroago, Bizantziar armada Yarmuk ibaiko guduan (636) garaitu zuten indar musulman inbaditzaileek, eta lurralde hauek Omeiatar kalifa-herriaren zati bihurtu ziren.
Garai musulman goiztiarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiria Omeiatar kalifa-herriaren garaian loratu zen. Denda asko zeuden eta txanponak "Jerash" izenarekin arabieraz. Zeramika fabrikatzeko zentroa ere bazen; zeramikazko lanparek inskripzio arabiarrak zituzten, buztinlariaren izena eta Gerasa industri lekua adierazten zutenak. Meskita handiak eta zenbait elizak, gurtza leku gisa erabiltzen jarraitu zutenak, adierazi zuten Omeiatarren garaian Gerasak komunitate musulman handi bat zuela kristauekin batera[17]. 749an, lurrikara batek Gerasa eta bere inguruak suntsitu zituen. Hiria bertan behera geratu zen, gurutzatuen goarnizio baten XII. mendeko okupazio-aldi labur bat izan ezik.
Gurutzaden garaiko gotorlekua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XII. mendearen hasieran gurutzatuek gotorleku bat eraiki zutenean, Damaskoko atabeg zen Zahir ad-Din Toghtekek gidatuta, biztanlerik gabea bezala deskribatu zuten. Baldwin II.a Jerusalemgo erregeak 1121-1122an gotorlekua harrapatu eta erre zuen. Gotorlekuaren kokapena Artemisaren tenpluaren hondakinekin identifikatu den arren, ez dago frogarik XII. mendean tenpluan gotorleku bat sortu zela esateko. Gotorleku honen kokapena hiriko harresien punturik altuenean egongo zen, muinoen ipar-mendebaldean.
Garai musulmaneko asentamendu txikiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basamortuko hareek, ahanztura eta antzinako hiriaren babesa ekarri zuten.
Asentamendu txikiek iraun zuten Gerasan Mamelukoen Sultanerrian eta Otomandar garaietan. Hau, bereziki, Iparmendebaldeko auzoan eta Zeusen tenpluaren inguruan gertatu zen, non, gaur egun, Erdi islamiar/Mameluko garaiko zenbait etxe-egitura induskatu diren.
1596an, Otomandar garaian, Gerasa Jaras bezala ezagutua izan zen defter izeneko erregistroan, Bani Ilwango nahiyan, Ajlouneko liwa eremuan. 12 familia musulman zituen. Hainbat nekazaritza-produkturen %25 zerga-tasa finkoa ordaintzen zuten, besteak beste, garia, garagarra, olibondoak/fruta-arbolak, ahuntzak eta erlauntzak, baita noizean behingo errentak eta oliba olio/mahats-almibarra egiteko prentsa bat ere; guztira 6.000 akçe.
1878an Erdialdeko Asiatik zetozen zirkasiarrak kokatu ziren lurraldean[18].
Berraurkikuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1806an, Ulrich Jasper Seetzen bidaiari alemaniarra[19] ingurura iritsi eta hondakinen zati txiki bat ezagutu zuen eta berraurkikuntza egin. 1838an Gerasa hondakin gisa ezaguna zen.
Leku arkeologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerasaren indusketa sistematikoa eta hondakinen azterketa 1920an hasi zen eta enpresa kooperatibo bat izan zen. 1925ean hasi zen John Garstang, garai hartan Palestinako Gobernuko Antzinatasun Departamentuko zuzendaria eta Arkeologia Eskola Britainiarreko zuzendaria Jerusalemen, Antzinate Departamentuko George Horsfieldekin elkartuta, Arkeologia Eskola Britainiarreko J. W. Crowfoot, Yale Unibertsitateko C. S. Fisher eta Ekialdeko Ikerketa Eskolako Chester C. McCown. Lanak Yaleko Unibertsitatearen eta Jerusalemgo Arkeologia Eskola Britainiarraren babespean jarraitu zuen 1928tik 1930era. Yaleko Unibertsitateak eta Ekialdeko Ikerketarako Amerikako Eskolek zuzendu zuten lana 1930-31 eta 1933-34 denboraldietan. Amerikar Eskolako zuzendari eta laguntzaileek gainbegiratu zituzten indusketak liburuki batean laburbildu ziren, C. H. Kraelingik argitaratua 1938an, Gerasa, City of Decapolis [11].
Greko-erromatar garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerasa Italiatik kanpo dagoen erromatar arkitekturako gunerik handi eta hoberen kontserbatuenetariko bat da[20], eta, batzuetan, Ekialde Hurbileko edo Asiako Ponpeia bezala aipatua izan da, bere tamaina, indusketa zabalera eta kontserbazio maila kontuan hartuz.
Gerasa greko-erromatarretik geratzen dira:
- Foro obalatu paregabea, kolomadi joniar fin batez inguratua.
- Bi santutegi handi Artemisari eta Zeusi eskainiak, ondo kontserbatutako tenpluekin: Artemisaren tenplua eta Zeusen tenplua.
- Bi antzoki (Hegoaldeko Antzokia eta Iparraldeko Antzokia)
- Kale luze kolomaduna, kardo eta alboko kaleak edo dekumanoak. Cardo maximusa 100 urtean egin zen, Hadrianoren garaian[21].
- Gerasako bi tetrapilo, bata iparralderago, decumanus eta cardo maximusen elkargunean, eta bestea hegoaldeko decumanus eta cardo maximusen elkargunean[22].
- Hadrianoren arkua
- Zirkua/Hipodromoa.
- Bi terma nagusi (bainu komunitarioen konplexuak)
- Ninfeo handi bat akueduktu batek elikatua.
- Macellum edo arkupedun merkatu eder bat.
- Plaza trapezoidal bat, exedra irekiko bi eraikinez osatua.
- Hiri-harresien zirkuitu ia osoa. Iparraldeko atea 115ean eraiki zen, Hadrianoren garaian[21].
- Bi zubi handi, ondoko ibaian zehar.
- Santutegi bat, igerileku handiekin eta antzoki txiki batekin.
Monumentu horietatik gehienak hiriko hiritar aberatsen dohaintzekin eraiki zituzten. Hegoaldeko antzokiak gune bat du orchestraren erdian, eszenatokiaren aurrean, harri berezi batez markatua, eta bertatik normal hitz egiten erraz entzuten da auditorio osoan. 2018an, gutxienez 14 marmolezko eskultura aurkitu ziren Gerasako ekialdeko termen indusketan, baita Afrodita eta Zeusen irudiak ere[23].
Gerasako erromatar hiriaren irudizko berraikitzea[24] National Geographic Archaeology bildumarako egina.
Garai erromatarra eta bizantziar garaikoa.
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Komunitate kristau handi bat bizi zen Gerasan. Hirian katedral handi bat eraiki zen IV. mendean, IV. eta VII. mendeen artean eraikitako 14 elizetatik, gutxienez, lehena; horietako asko mosaikozko zoru bikainekin. Gerasaren ustezko zerrategia ongi deskribatuta dago Bisitarien Zentroan. Zura edo harria zerratzeko uraren erabilera oso ezaguna da erromatar munduan: asmakizuna K. a. III. mendean gertatu zen. Errotaren mugimendu errotarioa mugimendu lineal bihurtu zuten biribarkia erabiliz, eta Hierapolis eta Efesotik ere ezagutzen dira adibide onak.
Garai musulman goiztiarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Omeiatarren garaiko etxeak
Gerasa, kokaleku arkeologikoaren ikuspegia hegoekialdetik.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Cardo maximus
-
Oval Forum
-
Temple of Artemis
-
Temple of Artemis
-
Temple of Zeus
-
Church
-
Mosaic
-
South Theater
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia (164. araua). "Gaur egungo arabierazko izenetik egin da transkripzioa, eta izen historikoa ez da onargarritzat jo gaur egungo lekua adierazteko. Adibidez, Jordaniako Jerax (eta ez Gerasa antzinako izena)".
- ↑ (Ingelesez) Lichtenberger, Achim; Raja, Rubina; Stott, David. (2019/02). «Mapping Gerasa: a new and open data map of the site» Antiquity 93 (367) doi: . ISSN 0003-598X. (Noiz kontsultatua: 2021-02-24).
- ↑ (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Jordan» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2021-02-24).
- ↑ Txantiloi:Es-PE GERASA – Diccionario Enciclopédico de Biblia y Teología. (Noiz kontsultatua: 2021-02-24).
- ↑ Two human skulls dating back to Neolithic... :: UJ Newsletter. (Noiz kontsultatua: 2021-02-24).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b GERASA – Diccionario Enciclopédico de Biblia y Teología. .
- ↑ (Gaztelaniaz) «Gerasa, la joya de la provincia romana de Siria» historia.nationalgeographic.com.es 2018-10-27 (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
- ↑ a b «Pliny the Elder: Natural History, Book V, 74» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
- ↑ Sartre, Maurice. (1994). El oriente romano : provincias y sociedades provinciales del Mediterráneo oriental, de Augusto a los Severos : (31 a. de C.-235 d. de C.). Akal, 340 or. ISBN 84-460-0412-7. PMC 34206749. (Noiz kontsultatua: 2021-02-26).
- ↑ Flavio Josefo, De Bello Judaico II, 457 (2.18.1) eta De Bello Judaico II, 477 (2.18.5)
- ↑ a b Txantiloi:Es-PE GERASA – Diccionario Enciclopédico de Biblia y Teología. (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
- ↑ «Jordan - Touristic Sites - North and West of Amman» www.kinghussein.gov.jo (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
- ↑ «Jerash» Ancient History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
- ↑ Sartre, Maurice. (1994). El oriente romano : provincias y sociedades provinciales del Mediterráneo oriental, de Augusto a los Severos : (31 a. de C.-235 d. de C.). Akal, 361 or. ISBN 84-460-0412-7. PMC 34206749. (Noiz kontsultatua: 2021-02-27).
- ↑ Sartre, Maurice. (1994). El oriente romano : provincias y sociedades provinciales del Mediterráneo oriental, de Augusto a los Severos : (31 a. de C.-235 d. de C.). Akal, 207-208 or. ISBN 84-460-0412-7. PMC 34206749. (Noiz kontsultatua: 2021-02-26).
- ↑ Sartre, Maurice. (). El oriente romano : provincias y sociedades provinciales del Mediterráneo oriental, de Augusto a los Severos : (31 a. de C.-235 d. de C.). Akal, 369 or. ISBN 84-460-0412-7. PMC 34206749. (Noiz kontsultatua: 2021-02-27).
- ↑ «Discover Islamic Art - Virtual Museum - monument_ISL_jo_Mon01_14_en» islamicart.museumwnf.org (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
- ↑ «The Circassians in Jordan» web.archive.org 2004-08-20 (Noiz kontsultatua: 2021-02-24).
- ↑ Seetzen, Ulrich Jasper. (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).
- ↑ «Jordan - Touristic Sites - North and West of Amman» www.kinghussein.gov.jo (Noiz kontsultatua: 2021-02-20).
- ↑ a b Sartre, Maurice. (1994). El oriente romano : provincias y sociedades provinciales del Mediterráneo oriental, de Augusto a los Severos : (31 a. de C.-235 d. de C.). Akal, 372 or. ISBN 84-460-0412-7. PMC 34206749. (Noiz kontsultatua: 2021-02-27).
- ↑ «Jerash Tetrapyla - Madain Project (en)» madainproject.com (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
- ↑ «Roman Statues Unearthed in Jordan - Archaeology Magazine» www.archaeology.org (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
- ↑ (Ingelesez) Behance. «Gerasa 2nd century AD for National Geographic» Behance (Noiz kontsultatua: 2021-02-22).