Edukira joan

Irlandar errepublikanismo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Irlandar errepublikanismoa irlandar nazionalismoaren barneko mugimendu edo ideologia bat da. Bere jatorria XVIII. mendean kokatu ohi da.

Irlandar nazionalismoa eta errepublikanismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarritan eta batez ere Irlandatik kanpora irlandar nazionalismoarekin nahastu ohi da, bien arteko esberdintasunik egin gabe. Irlandar nazionalismoak Irlanda nazio bat dela baieztatzen duen kultura, hizkuntza, politika eta gizarte mugimendu bat da, historian zehar bere barnean pentsamolde eta ideologia ugari egon direlarik: independentismoa, subiranismoa, erregionalismoa edota autonomismoa.

Aldiz, nahiz eta herrialde hartako nazionalismoaren barnean egon, irlandar errepublikanismoa beti independentismoa eta errepublikanismoaren aldekoa izan da, Erresuma Batuko koroa eta monarkiaren aurkari sutsua. Hots, Irlanda uharte osoaren independentzia eta errepublika baten aldekoa izan da.

1918ko Sinn Féin alderdiaren irlandar errepublikanismoa eta independentismoaren aldeko iragarkia: Irlanda Ingalaterraren zati al da?

Bere jatorria XVIII. mendean kokatu ohi da, Society of United Irishmen erakundea ideologia honen iturria izan zen eta bere sortzaile gisa Theobald Wolfe Tone, James Napper Tandy eta Thomas Russell izan ziren. Ironikoki, denak ere protestanteak eta Irlanda errepublika independiente batean bilakatzeko alde zeudenak.

1922. urtean Irlandako Estatu Askeak independentzia lortzean baina Ipar Irlanda Erresuma Batuaren barnean gelditzean errepublikanismo historikoak eta Sinn Fein alderdiak banaketa bat pairatu zuen:

  • Itun anglo-irlandarraren aurkakoak (Eamon de Valera eta Cathal Brugha buru zituztela), hauek ez zuten akordioa ezta Irlandako Estatu Askea inolaz ere onartu. Nahiago zuten independentziarik ez izatea, Irlanda banatu bat izatea baino. Denborarekin alde honetakoek errepublikanismoaren izendapenaz bereganatu egin ziren euren buruei "errepublikarrak" deituz, beste aldekoei izendapen hori ukatuz. Estatu Askearen aldekoek aldiz "irregularrak" deitzen zieten (Estatu Askearen ezarpena onartu ez zutelako).

Azkenean bi alde hauen artean liskarra sortu eta Irlandako Gerra Zibila piztu zen. Bertan bi aldetako jende ugari hil zen, adibidez Michael Collins eta Cathal Brugha berak. Aipatzekoa da Gerra Zibilean aurreko Anglo-Irlandar Gerran baino askoz ere jende gehiago hil zela. Azkenean Estatu Askearen aldekoek gerra irabazi zuten, batez ere Erresuma Batuaren laguntza eta ongi antolatutako gudaroste bat zutelako, aldiz Itunaren aurkakoak gaizki antolatutako talde bakanez osatuak zeuden.

Gerora, errepublikar edo Akordioaren aurkako aldean ere banaketa sortu zen: Eamon de Valerak legezkanpo egonta eta Irlandako Estatu Askeko hauteskundeetan parte hartu gabe ezer gutxi lortu zezakela onartu zuen, hortaz Fianna Fáil alderdia sortu, hasierako muturreko pentsamoldeak pragmatismoaren alde laga eta gauzak nahiko ongi joan zitzaizkion: hamarkada luzez Eamon de Valera hasieran Irlandako Estatu Askeko eta ondoren Irlandako Errepublikako estatuburua izateaz gain, XX. mende osoko irlandar politikari garrantsitsuenetakoena eta iraunkorrena bilakatu baitzen.

Gainbehera: desagertzeko zorian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldiz, errepublikanismoan gertatutako azken banaketa honetatik ateratako muturreko errepublikarrak piskanaka jendea eta gizartearen babesa galduz joan zen. Sinn Fein alderdia eta Irlandako Armada Errepublikarra (1922-1969) desagertzeko zorian egon ziren, jada ezker muturreko talde txiki bat besterik ez baitzen, Irlandako Estatu Askea eta gerora Irlandako Errepublikako gudarosteak eta Garda poliziak burututako atxiloketa eta presio izugarriaren ondorioz.

Ipar Irlandako berpizkundea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerora, 1970eko hamarkadan eta batez ere Igande Odoltsuari esker Ipar Irlandan Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikarra sortu eta Sinn Fein alderdiak desagertzear egotetik, Ipar Irlandan sekulako berpizkundea jasan zuen (noski, Irlandako Errepublikan babes edo bozkei dagokienez inolako garrantzirik ez zuen alderdi bat izaten jarraitu zuen).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]