Iñaki Zubeldia
Iñaki Zubeldia | |
---|---|
(2003) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Ikaztegieta, 1945eko apirilaren 18a (79 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Iñaki Zubeldia Otegi (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1945eko apirilaren 18a - ) euskal idazlea da.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arantzazuko Seminarioan egin zituen bere ikasketak, Teologia bukatu arte[1]. Garai hartan, halabeharrez, Arrikruzko koban haitzuloetako lehoi baten hezurdura osoa aurkitu zuen. Europa osoan horrelako hiru baino ez dira aurkitu.
Seminarioa utzi ondoren, Irakasle ikasketetako diplomatura eta Filosofia eta Letretako lizentziatura lortu zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Hizkuntzaren Pedagogian espezializazioa hartu zuela. Hamar urtez irakasle izan zen ikastola munduan. Ikastoletako Irakasleen Elkartearen sortze-lanetan buru-belarri aritu zen eta hainbat urtetan ikastaroak eta pedagogia-jardunaldiak antolatzen parte hartu zuen. Halaber, Hizkuntzaren irakaskuntzaz hainbat ikastaro eman zituen[2].
1983. urteaz geroztik euskarazko testuliburuen sorkuntzan eta edizioan lan egin zuen, Hizkuntza arloan bereziki, eta Irakurketa-Idazketa eta Ingurumen arloan ere bai noizbait. Bere ekimenez eta ikastoletako hainbat irakasleren laguntzarekin, batez ere Urretxuko ikastolako irakasleenarekin, sortu ziren Zipristin, Hizkuntza, Sirimiri euskara lantzeko metodoak eta Kuxkux ingurumena lantzeko metodoa[2].
Baina egile hau ez da liburu didaktikoen sorkuntzan bakarrik geratu, haur eta gazteentzako ipuin eta narrazio literario ugariren egile ere bada. 1976an ospe handiko Irun Hiria Sariairabazi zuen Unai agintaria obrarekin, gerora Euskaldun bat Marten izenburuarekin argitaratu zena[2].
Haur eta Gazte Literaturan abentura eta umorea duten kontakizunak dira nagusi Zubeldiaren obran[3]. Baina abentura eta umoreaz gain Zubeldiaren lanetan gai serioak ere ukitzen dira. Ama! (Giltza, 2006) liburuan, esaterako, neskato bat dugu narratzaile eta kontatuko digu berak sei urte zituenean ama nola minbizia zela eta nola gaixotu eta ondoren hil egin zen; geroago, baina, bi urte beranduago amaren eskutitz bat irakurri ondoren Beatrizek haren presentzia nabarituko du, eta adorea izango du aurrera egiteko. Basoa sutan (Erein, 2008) ipuinean, aldiz, ekologiarekiko kezka agertzen zaigu; eta Katalina kontalari (Pamiela, 2010) albumean, istorioak beste era batera narratzeko modua agertzen zaigu, Argia aldizkarian Xabier Etxanizek argitaraturiko erreseina batean ageri den bezala:[4]
« | Irakurleak, beraz, hiru istorio ezberdin jasoko ditu baten barruan. Animalia ezberdinenak (mantangorriak, tximeletak, matxinsaltoak) baina guztiak zomorro txikien entretenigarri, guztiak ezberdinak baina aldi berean parekoak. Irudimena eta goxotasuna erabili dira istorioak sortzeko eta irudimena eta bizitasuna irudiak egiteko. (...) "Katalina kontalari" liburu honek tradiziotik du (alegien tradiziotik, istorio baten barruan beste hainbat kateatzeko tradiziotik, fantasiatik...) baina baita modernitatetik; baina, batez ere, goxotasuna eta irudimenetik; entzuleari kontatzeko eta irakurleak gozatzeko liburua; begiekin eta belarriekin disfrutatzeko lana. | » |
—Etxaniz Erle, Xabier – “Goxotasuna eta irudimena”, Argia 2238, 2010[4] |
Bere lan batzuk gaztelaniaz ere argitaratu dira geroago, eta bakarren bat galizieraz eta esperantoz ere bai (El Olentzero en apuros, ¡Mamá!, Nagadu, Un niño en Marte, La fiesta de las luciérnagas edo Las historias de la abuela Catalina; As historias da avoa Catarina; Knabo en Marso).
Sorkuntza lanaz gain, Iñaki Zubeldiak hainbat komunikabidetan kolaboratu du: Anaitasuna, Jakin, Hegats, Berria, Galtzaundi, Karramarro, Argia, Ataria... eta Egan aldizkarian Haur eta Gazte Literaturari buruzko azterketa eta artikuluekin. Artikulu horien hautaketa bat argitaratu du hiru liburutan: Haur literatura aztergai (Egan, 2006), Haur literatura aztergai 2 (Egan, 2012) eta Haur literatura aztergai 3 (ebook formatuan) (Erein, 2017)[3].
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iñaki Zubeldiaren obra bost ataletan bana daiteke: Literatura sorkuntza (haur eta gazte literaturan), literaturaren inguruko saiakerak, moldaketa literarioa, testuliburuen sorkuntza eta itzulpenak euskarara.
Literatura sorkuntza haur eta gazte literaturan:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskaldun bat Marten (1982, Elkar)
- Josu Azalaren harribenturak (1986, Elkar)
- Tximu bat klinikan (1991, Elkar)
- Ipuin eroa (1994, Elkar)
- Txerrama errudun (1994, Elkar)
- Maddi oporretan (1995, Elkar)
- Miru eta Mara (Joxan Ormazabalekin batera) (1995, Elkar)
- Nire aita ezin izan nuen salbatu (1997, Ibaizabal)
- Pako belea (1998, Ibaizabal)
- Pako belearen bihurrikeriak (1999, Ibaizabal)
- Bizitzaren oihanean galdurik (1999, Ibaizabal)
- Mirari hegalari (2001, Ibaizabal)
- Josu Azalaren abenturak (osatua) (2001, Ibaizabal)
- Iratxoen mundu zoragarria (2002, Ibaizabal)
- Pako belea basoan (2002, Ibaizabal)
- Loro bat eskolan (2003, Ibaizabal)
- Txikiak baina bixkorrak (2003, Ibaizabal)
- Olentzero larri (2005, Gero/Mensajero)
- Ama! (2006, Giltza)
- Oparirik ederrena (2006, Desclée)
- Lauburu. Prinioetako kontakizunak (beste egile batzuekin) (2006, EIE)
- Nagadu (2007, Gero/Mensajero)
- Xirripin fantasmatxoa (2007, Ibaizabal)
- Basoa sutan (2008, Erein)
- Txerrikumeen abenturak (2008, Ibaizabal)
- Salimarentzat oparia (2008, Ibaizabal)
- Katalina kontalari (2010, Pamiela)
- Txerrikumeen abentura berriak (2011, Ibaizabal)
- Ipurtargien festa (2012, Cenlit/Denonartean)
- Eskola sorgindua (2013, Ibaizabal)
- Kanguruak zootik ihesi (2014, Ibaizabal)
- Lau lagun (2014, Ibaizabal)
- Martetarrak Zarautzen (2015, Ibaizabal)
- Leize-zuloko misterioa (2015, Ibaizabal)
- Zestoako loroa (2016, Erein)
- Tenplarioen altxorra (2017, Desclée)
- Arrikrutz / Arrikruzko lehoia (beste egile batzuekin batera) (2018, Aranzadi Zientzia Elkartea)
- Zertara datoz martetarrak (2019, Ibaizabal)
- Siberiako neskatila ausarta (2020, Ibaizabal)
Literaturaren inguruko saiakerak:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Haur literatura aztergai (2006, EGAN)
- Haur literatura aztergai 2 (2012, Erroteta)
- Haur literatura aztergai 3 (ebook formatuan) (2017, Erein)
Moldaketa literarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hogeitik gora liburu moldatu ditu, denak haur eta gazte literaturakoak[5].
Testuliburuen sorkuntza:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat metodo, testuliburu, lan-koaderno, oporretako koaderno eta eskolako materialetan parte hartu du, gutxienez 15etan.[6]
Itzulpenak euskarara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berrogei eta hamar baino gehiago dira itzuli dituen liburuak, denak haur eta gazte literaturakoak[7].
Haitzuloetako lehoiaren aztarnak Arrikruzen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1966an, Arantzazun ikasle zenean, Zubeldia eta Jesus Manuel Maroto Arrikruzko koban sartu ziren, beste hainbat alditan bezala, leizearen bukaeraraino joateko asmotan. Toki zoragarriak ikusi eta pasabide estuak zeharkatu eta leizearen lekurik sakonenean piztia handi baten hezurdura aurkitu zuten bazter ezkutu batean: Haitzuloetako lehoi baten hezurdura osoa zen, Iberiar Penintsulan aurkitutako lehenengoa eta bakarra eta Europan hirugarrena. Baina ondoren ez zuten asmatu leize-zulotik irteten. Barru-barruan geratu ziren ez aurrera ez atzera. Arantzazuko fraideek eta seminarioko haien ikaskideek atera behar izan zituzten, hamabi ordu estu eta larri pasatu ondoren. Leize barruan haluzinazio akustikoak, izu-ikara eta beldurra pasatu zituzten, uste baitzuten luizi edo harri erorketaren bat egon zela galeriaren batean. Geroztik sarritan sartu izan da Arrikruzko leizean eta zulo estu bat irekitzea lortu zuten lehoia zegoen gelatik hurbil. Jesus Altunarekin parte hartu zuen felido handiaren hezurrak ateratzen[3].
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ipuinetarako hainbat sari ditu:[8]
- 1976an, Irun Hiria Saria, Unai agintaria ipuinari, geroztik Euskaldun bat Marten izenburuarekin argitaratuko zena.
- 1985ean, Isaak Lopez Mendizabal Saria, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emana, Zipristin 1 liburuari; Joxan Ormazabalek eta Iñaki Zubeldiak elkarlanean idatzia.
- 1988an, Larramendi Saria, Andoaingo ikastolak antolatua, Katibuaren herrimina narrazioari.
- 1993an, Augustin Zubikarai Bigarren Saria, Ondarroa, Korosti obrari.
- 1999an, JUUL Saria, Nafarroako ikastolek antolatua eta 6-9 urte bitarteko umeen botoz erabakia, Miru eta Mara liburuari.
- 2001ean, Augustin Zubikarai Bigarren Saria, Ondarroa, Katalepsiatik paradisura obrari.
- 2003an, JUUL Saria, Nafarroako ikastolek antolatua eta 6-9 urte bitarteko umeen botoz erabakia, Pako belearen bihurrikeriak liburuari.
- 2008an, JUUL Saria, Nafarroako ikastolek antolatua eta 6-9 urte bitarteko umeen botoz erabakia, Euskaldun bat Marten liburuari.
- 2009an, JUUL Hirugarren Saria, Nafarroako ikastolek antolatua eta 6-9 urte bitarteko umeen botoz erabakia, Xirripin fantasmatxoa liburuari.
- 2009an, Etxepare Lehiaketan Album Onenaren Saria, Katalina kontalari obrari, Estibalitz Jalonek ilustratua eta Iñaki Zubeldiak idatzia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Asociación de Amigos del Libro Infantil y Juvenil. (1998). Guía de autores. , 490 or..
- ↑ a b c Calleja, Seve. (1994). CALLEJA, Seve.- Haur. Labayru ikastegia, 339-340 or..
- ↑ a b c Etxaniz, Xabier.- Auñamendi Eusko Entziklopedia: [1]
- ↑ a b Etxaniz Erle, Xabier. (2010-07-11). «Goxotasuna eta irudimena» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-10-02).
- ↑ EIE – Euskal Idaleen Elkartea: https://web.archive.org/web/20201024161324/https://www.idazleak.eus/euskara/idazleak/inaki-zubeldia-otegui/bibliografia?h=Z&p=2
- ↑ Biblioteca Nacional de España: http://catalogo.bne.es/uhtbin/cgisirsi/?ps=KzR70y3uWM/BNMADRID/127050903/123
- ↑ NorDaNor / EIZIE: http://nordanor.eus/nor?id=743&tmp=1597745136673
- ↑ Galtzagorri Elkartea: https://www.galtzagorri.eus/eu/profesionalak/idazleak/inaki-zubeldia-otegi
Kanpo-estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Iñaki Zubeldia literaturaren zubitegian
- Iñaki Zubeldia Inguma datu-basean
- EIE – Euskal Idazleen Elkartea
- Galtzagorri
- NorDaNor EIZIE
- Idazle Eskola – Bergara
- Iñaki Zubeldia LinkedIn sare sozial profesionalean
- Dialnet – UNIRIOJA
- Auñamendi Eusko Entziklopedia
- Anika entre libros
- WorldCat Identities
- ARGIA egileak
- 111Akademia