Carmelo Larrea
Carmelo Larrea | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Deustu, 1908ko uztailaren 7a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Madril, 1980ko otsailaren 2a (71 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: miokardio infartu akutua |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Irakaslea(k) | Jesus Guridi |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, piano-jotzailea, kantugilea, organista eta saxofoi-jotzailea |
Genero artistikoa | andaluziar kopla boleroa |
Musika instrumentua | saxofoia organoa pianoa |
Carmelo Larrea Karrikarte (Deustu, 1908ko uztailaren 7a - Madril, 1980ko otsailaren 2a) bizkaitar musikagile eta piano-jotzailea izan zen. Antonio Machín abeslariarentzat lan egin zuen eta, besteak beste, Camino Verde, Dos Cruces eta Puente de Piedra abesti ezagunak ondu zituen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Carmelo Larrea Deustun jaio zen, 1908ko uztailaren 7an. Merkataritza ikasi zuen Eskolapioetan, eta Musika Bilboko Elkarte Filarmonikoan. Azken horretan, Jesus Guridi izan zuen kantu eta organo irakasle. Bizikleta saltzaile eta aisialdian zezenketan ibili ostean, zirkuaren munduan aritu zen bost urtez, piano, biolin eta kontzertina emanaldiak eskainiz. Donostian egin zuen lehenengo agerraldia, Carrey anaien zirkuan, eta, horren ondoren, pista ibiltari handitan lan egitera iritsi zen, esate baterako, Corzana y Feijoo izenekoan.[1]
Piano-jotzaile birtuosoa izateaz gain, jazzaren jarraitzaile sutsua ere zen. Hori zela eta, Sevillako Santa Cruz auzoko zenbait lokaletan saxofoi emanaldiak eskaini zituen 1930eko hamarkadan.[2] Orkestrako lankide batek musika sortzeko eskaturik, abesti ugari egiten hasi zen.[1] Bere lehenbiziko arrakasta Noche triste izan zen, Antonio Machínek 1941ean grabatu zuena.[2]
1940ko hamarkadaren hasieran, Madrilera aldatu zen, Alazán orkestrarekin lan egitera. Espainiako gerraosteko urteetan, gaitzeko zabalpena izan zuten haren abestiek, bai irratietan, bai herriko jaietako eta igandeetako dantzaldietan.[1] Aipagarrienetako bat Dos Cruces da, 1952an idatzi zuena;[3] bolero horrek 80 bertsio baino gehiago izan zituen eta, besteak beste, María Dolores Praderak, Antonio Molinak, José Felicianok eta Milton Nascimentok abestu zuten.[4] Suspiros de Triana filmerako idatzi zuen Camino verde kantak ere arrakasta handia izan zuen.[2]
Ameriketan bederatzi urteko kontzertu-itzuli luzea egin zuen eta, horren bueltan, Ipar Europan zehar gurutzaldiak egiten zituen Israelgo Nili itsasontziko orkestran sartu zen. 1965ean Madrilera itzulirik, bertan hil 1980ko otsailaren 2an.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Carmelo Larrea konpositore eta musikaria omenduko dabe Bilbon. Bizkaie!, 2011ko otsailak 18, CC BY-SA, bizkaie.biz (Noiz kontsultatua: 2021-06-14).
- ↑ a b c Murió en Madrid el compositor Carmelo Larrea. El Pais, 1980ko otsailak 3, elpais.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-14).
- ↑ Dos cruces: bolero. datos.bne.es (Noiz kontsultatua: 2021-06-14).
- ↑ Romero Älvarez, Andrés. “Dos cruces”. El bolero. de-valverde.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-14).