Beatriz I.a Herbehereetakoa
Beatriz I.a Herbehereetakoa (Beatrix Wilhelmina Armgard van Oranje-Nassau en Lippe-Biesterfeld; 1938ko urtarrilaren 31) Herbehereetako printzesa, Orange-Nassauko printzesa, Lippe-Biesterfeldeko printzesa, Herbehereetako erregina 1980ko apirilaren 30etik 2013ko apirilaren 30era.
2013ko apirilaren 30etik Herbehereetako Printzesa da.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beatriz I.a Juliana I.a Herbehereetakoaren eta Bernardo Lippe-Biesterfeldekoaren alaba da. Sofia Wittelsbachekoaren ondorengo zuzena da.
Bigarren Mundu Gerran Erresuma Batura, lehenengo, eta Ottawara (Kanada), ondoren, erbesteratu zen bere amarekin, bere aita Londresen geratzen zen bitartean.
Zuzenbidea ikasi zuen Leidengo Unibertsitatean, eta 1961ean litzentziatu zen.
Ezkontza eta seme-alabak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Claus von Amsbergekin ezkondu zen 1966ko ekainaren 10ean Amsterdameko katedralean. Claus von Amsberg Hitlerzale izandakoa zenez, Herbehereetan ez zen begi onez ikusi ezkontza, eta batzuek Beatriz printzesak bere karguari uko egitea eskatzen zuten.
Bikoteak hiru seme-alaba izan dituzte:
- Gilen Alexandro (nederlanderaz Willem-Alexander; 1967an jaioa), 2002an ezkondua Maxima Zorreguietarekin.
- Friso (nederlanderaz Johan Friso, (1968 – 2013), 2004tik Mabel Wisse Smitekin ezkondua.
- Konstantino Kristobal (nederlanderaz, Constantijn Christof; 1969an jaioa) 2001etik Laurentien Brinkhorstekin ezkondua.
Herbehereetako erregina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1980ko apirilaren 30ean Juliana I.a Herbehereetakoak abdikatu zuen 32 urteko erregealdiaren ondoren, eta Beatriz izendatu zuten erregina egun horretan bertan Amsterdamen.
Beatrizek bere ezkontzari etekina ateratzen jakin du, hasierako eztabaida alde batera utziz. Bere senarraren jatorria erabili du bi herrialdeen arteko adiskidetzea bermatzeko. Eta arrazoi horregatik, 1996. urtean Karlomagno Saria eman zioten Akisgranen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) eta (Nederlanderaz) Beatriz I.a Herbehereetakoaren webgune ofiziala