Atmosfera
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Atmosfera (argipena)»
Atmosfera objektu astronomiko baten grabitateak bere inguruan mantentzen duen gas geruza da. Probabilitate gehiago dago atmosferari eusteko, baldin grabitatea handia bada eta atmosferaren tenperatura txikia bada.
Lurraren atmosfera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurraren atmosfera edo eguratsa Lurra inguratzen duen gas geruza da. Osagai nagusiak hauek dira: nitrogenoa (% 78), oxigenoa (% 21,12), argona (% 0,93), karbono dioxidoa (% 0,04) eta ur lurruna (aldakorra, % 2 izatera iritsi daiteke). Gainerakoa beste gas batzuen aztarnak dira.
Atmosferak lur kanpoko erradiazioetatik babesten du, izpi ultramoreak xurgatuz (ozono geruzak egiten du lan hori). Ez du muga zehatzik, gainazaletik aldendu ahala bere dentsitatea jarraian jaisten baita. Askotan, atmosfera eta espazioaren arteko muga bezala Karman muga aipatzen da, 100 km-ko garaieran.
Presioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Presio atmosferikoa lurzoruan atmosferak atmosfera barruan dauden gorputzen gainean egiten duen presioa da.[1]
Lurreko atmosferak batez besteko 1013,25 hektopascal, hPa (baztertua milibar, mb) presioa du itsas mailan, 45º latitudean. Hala ere, Nazioarteko Unitate Sistemaren unitatea metro karratutako newton (N/m2) edo pascal (Pa) izanda, itsas mailan batez besteko presioa 101 325 N/m2 edo Pa da. Aire hotza bada, jaisten da, presioa igoz eta antizikloi termikoak eraginez. Aldiz, beroa bada, igotzen da eta zikloi edo depresio termikoak eragiten ditu. Era berean, aire hotza eta aire beroa nahasten ez direnez, bata besteari jaitsarazten du antizikloi eta depresio dinamikoak sortuz.
Atmosferaren geruzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurrazaletik gora, bost geruza nagusi ditu atmosferak: troposfera, estratosfera (ozono geruza duena), mesosfera, termosfera eta exosfera.