Edukira joan

Albitzuri Haundi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Albitzuri Haundi
Kirola harri-jasotzea
Antolatzailea Amezketako udala
Sorrera 1947
Eremua  Euskal Herria
Tokia Amezketa
Lana 10 minutuko lana
Errekorra 15 jasoaldi
("Goenatxo II.a", 1996)
Garaipen gehien hainbat (2)
Txapelduna Gorka Etxeberria (2023)

Albitzuri Haundi Amezketa herrian izen bereko 166 kilo inguruko harri irregularrarekin jokatzen den harri-jasotze proba da. 10 minutuko saioa izaten dute parte-hartzaileek. Txapelketa ez da urtero jokatzen.

Harria lehenengo aldiz jaso zuena Jose Mari Zuriarrain izan zen 1875. urtean. Hainbat urtean ezin izan zuen inork altxa, harik eta 1947. urtean Azpeitiko Santos Iriarte "Errekartetxo"k berriz ere altxatu zuen arte. Urte bereko urriaren hemeretzian, azpeitiarrak jaso baino lehen, Euskal Herriko "hamar indartsuak" saiatu ziren harria altxatzen. Saiakera hartan inork lortu ez arren, lau mila ikusle inguru bildu ziren Amezketan[1]. Hurrengo urtean Urtainek (aitak) lau aldiz altxatu zuen. 1951. urtean marka hautsi zen eta Luis Atxega oriotarrak 11 jasoaldi eman zizkion. Hurrengo urteetan interesa galdu eta bi hamarkadetan ez zen harria altxatzeko saiakera berririk izan. Joxe Mari Otermin herriko semeak idatzia du Amezketa herri kirolzale baten memoriak liburua, eta, pilota nagusi den herri horretan, Albizuri Handi harriak badu pisua: “Harri batek, handia izateko, kiloez gain, elezahar asko eta kontu bitxiak behar ditu bere inguruan, eta Amezketakoak badu hori”. Amezketako harri berezi hori, berez, Nafarroako Intza herritik eramandakoa dela azaldu du Oterminek, nahiz eta elezaharren batek Amezketako errekatik hartua izan zela ere badioen: “Ez gaude seguru, baina nik errezeloa daukat lehendabiziko gerra karlista amaitu zenean-edo etorritakoa dela harri hori, 1880 inguruan. Paperetan horrela azaltzen da”. Herri pilotazalea da Amezketa. “Eta harri hau pilotarekin lotuta dago berez. Gustatuko litzaidake Amezketara joaten direnek harriari ondo begiratzea. Ohartuko dira alde bat borobildua duela, eta bestea, berriz, erabat laua dela. Sakea ateratzeko modukoa da”. Oterminek ziurtzat ematen du Intzako herritarrek harri horrekin luzean edo laxoan jokatuko zutela garai hartan. “Sakea ateratzeko harria da Albizuri Harria. Boteharria edo sakarria ere esaten zaio”. “Intzako jendeak hala esaten omen zuen: ‘Ez da munduan amaren semerik harri hau jasoko duenik'”. Horiek artzainen arteko kontuak izango direla kontatu du Oterminek, eta amezketar batzuk joan egin zirela harria ikustera. Batzuek ez dutela jasoko esatea nahikoa da apusturako bidea sortzeko. “Eta sare horretan erori ziren nafarrak. Apustua egin zuten: jasotzen baldin badu, harria bera etxera eraman ahal izango du, eta, horrez gain, baita urrezko hontza bat ere”. Apustuaren eguna iristean, nafarrek harria lokatzarekin zikinduta jarri zioten amezketarrari. Harria heltzeko modu txarrean jarri bazioten ere, arazo handirik gabe jaso zuen Joxe Mari Zuriarrainek, Albizuri Handi ezizenez ezaguna zenak. Harria Amezketara horregatik eraman zutela azaldu du Oterminek. “Historia sinesgarria da”, azpimarratzen du. Albizuri baserrira eraman zuen harria Zuriarrainek, eta han egon zen 1947ra arte. Harri honen altxaldi errekorra Goenatxo II.ak du, 1996. urtean harria 15 aldiz jaso zuenetik[2].

Hemen Albitzuri Haundi harriarekin jokatu diren aldiak[3]:

Urtea Harri-jasotzailea Jasoaldiak Oharrak
1947 urriaren 19an 10 lagun saiatu ziren altxatzen; baina, inork ez zuen lortu.
1947 Santos Iriarte "Errekartetxo" 1
1948 Urtain (aita) 4
1951 Santos Iriarte "Errekartetxo" 5 abuztuaren 26an.
1951 Luis Atxega 11 azaroaren 4an. Bigarren Ignazio Oliden, 7 jasoaldirekin.
1976 inork ez zuen altxatu.
1977 Iñaki Perurena 13
1978 Iñaki Perurena 10
1990 Iñaki Otaegi "Gibitegi" 11
1996[2] Juan Jose Unanue "Goenatxo II.a'' 15
2000 Juan Jose Unanue "Goenatxo II.a" 6 hiru minutuan.
2002 Aimar Irigoien 4 hiru minutuan.
2007 Joseba Ostolaza "Ostolaza II.a" 11
2010 Joseba Ostolaza "Ostolaza II.a" 8
2015[4] Urtzi Telleria 6 azaroaren 15ean.
2019[5] Jokin Eizmendi 11 azaroaren 16an, arratsaldeko 5etan.
2023[6] Gorka Etxeberria 9 azaroaren 25ean, arratsaldeko 5:30ean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ««Kirolariena baino, herriaren kirol memoriak bildu nahi izan ditut» - Amezketa» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2019-09-01).
  2. a b «UNANUE ARANBARRI, Juan José - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-12).
  3. «Albizuri Handi harria: biharkoa ez da azkeneko aldia izango plazan» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-11-12).
  4. SA, Baigorri Argitaletxea. (2015-11-26). «Urtzi Telleriak orain arteko txapelik distiratsuena lortu du» GARA (Noiz kontsultatua: 2018-11-12).
  5. «Jokin Eizmendik irabazi du Albitzuri Handi txapelketa - Amezketa» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2019-11-17).
  6. «Gorka Etxeberriak irabazi du Albitzuri Handi Harria Txapelketa - Amezketa» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]