Olibako monasterioa
Olibako monasterioa | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Kokapena | |
Herrialdea | ![]() |
Probintzia | ![]() |
Udalerria | Zarrakaztelu |
Koordenatuak | 42°22′19″N 1°28′01″W / 42.37181°N 1.46694°W |
![]() | |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1134 |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Iruñea eta Tuterako artxidiozesia |
Suntsipena | 1835 |
Arkitektura | |
Estiloa | Cistercian architecture (en) ![]() |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0000026 |
Webgune ofiziala | |
Oliba XII. mendeko monasterio zistertarra da. Zarrakazteluko udalerriaren eremuetan dago, Bardeatik hurbil (Tuterako Merindadea). Eraikinak XII-XIV. mendekoak dira, arkitektura erromanikokoak, eta Nafarroako garrantzitsuenetakoak. Aktibo segitzen du gaur egun.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1134an hasi ziren monasterioa eraikitzen, eta 1198an amaitu zuten. Gartzia V.a Ramiritz Berrezarlea Nafarroako erregearen aginduz sortu zuten, Marimond eta Escaladieu monasterioen «alaba» gisa.
Oliba Gartzia Ramiritz “Berrezarleari”-ak sortu zuela onartzen da gaur egun. Lehenengo urteetan, elizak eta lur sailak jaso zituen monasterioak, eta ondoren, hainbat Aita Santuk pribilegioak eman zizkioten eta aurretik monasterioak jaso zituen ondasunak ontzat eman zituzten.
Lehenengo eraikina San Jesukristo deritzon elizatxo bat izan zen, eta, zenbaiten ustez, 1140ean eraiki bide zen. Baina, monasterioak jaso zuen emakida nagusia Zarrakazteluko elizarena izan zen, hango lur-saila eman baizitzaion 1164an (“ut possint ibi ecclesiam aedificare”), Iruñean Antso VI.a (Jakituna) errege zelarik. Eraikina, 1198an, Antso VII.aren (Azkarraren) garaian eman zen bukatutzat. Urte horretako uztailean egin zen eskaintza (burualdea, bertan aldarea baino ez zegoela, ziur asko), urte luzeetako lana izango baitzen kapitulu‑gela, klaustroa, logelak, jantokia eta sukaldea bukatzea.[1]
XVI. mendearen hasiera arte, etengabeko garapena eta oparotasuna izan zuen abade-etxeak. Herri ugari zeuden monasterioaren mende: Figarol, Zarrakaztelu, Aragoiko Cinco Villas, Mélida, Muruzabal, Murillo el Fruto, Murillo el Cuende, Lodosa, Ibiriku, Caparroso, Zizur eta abar.
XVII. mendearen bukaeran, Aragoiko Kongregazio Zistertarraren barne geratu zen Oliba. Inprimategi batez hornitu zuten, eta Nicolas Bravoren bi obra eman zituzten argitara 1647an eta 1948an: Tractatus monasticus eta Notae literales Regulae Smi. P. N. Benedicti abbatis.
XVIII. mendearen hasieran, Olibako ekonomiaren gainbehera hasi zen, eta Murelu-Konde saldu behar izan zuten lehenik. Konbentzioaren Gerraren garaian, erietxe bihurtu zen (1.200 gaixo biltzen ziren hara).
XIX. mendearen hasieran, bi aldiz egon ziren itxita monasterioko ateak. 1825etik 1835era, nolabaiteko berpizkundea izan zuen, Arizmendi eta Lizarraga abadeen zuzendaritzapean eta absolutismoaren onespenaz. Alabaina, militarrek hartu zuten 1835ean, eta hango ondasun guztiak saldu zituzten. 1927. urtera arte, ez zen zaharberritu monasterioa, eta 1948an bihurtu zen, berriro ere, abade-etxe.
Ezaugarri arkitektonikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elizaren planta gurutze latinokoa da. Hiru habearte ditu, transeptua eta kapera erdizirkularreko burualdea. Klaustro erromaniko (XII. m.) baten gainean eraikia da planta lauangeluarreko klaustro gotiko zoragarria (XIV-XV. mendeetan egina). XII. mendekoa da, halaber, Kabildoko Areto zistertarra, sakristia zaharra eta Jesukristoren kapera bezala.
Eliza zister arkitektura jatorrekoa da: gurutze latindarra du oinplanoa, hiru habearte eta sei tarte, kanpoaldera horma‑bular handi eta zabalak dituztenak, transeptua, lau absidiolo zuzen eta zirkuluerdi-formako burualdea, Frantziako Clairvauxko abadiaren modura.
Erdiko habearteak 74 m‑ko luzera du eta transeptuak berriz, 39 m-koa. Funtsezko egitura erromanikoa da, baina estalkiarentzat egitura gotiko baten bila ibili zirela ikusten da, zeren eta, arku zorrotzak gurutze-gangarentzat prestatuak dituzte. Gurutze-itxurako harroinek, aurrealde bakoitzean, ezarritako zutabe bikoitzak dituzte zeharkako arku eta formeroak biltzeko. Arku zorrotzak barrualde osoan nagusi badira ere, gurutzeriaren gertuko bi arku formeroak, erdi-puntukoak dira, honen bidez ikusten delarik XII. mendeko eraikuntza-lanak alde horretatik eta burualdetik hasi zirela.
Apaingarri eskultorikoak guztiz neurrizkoak dira: kapitelak, bi irudi figuratiboez kanpo (sirenak eta groteskoak), gainerakoak landare gaiak dira, betiere kapitel beraren kopari neurriz egokituriko gaiekin. Zaharrenak liratekeen kapiteletan, burualde eta absidiolo aldeko kaperetakoak dira landare aberatsen eta ugarienak dituztenak. Lepazuriak ere oso finki landuak daude, arroba, hosto mutur eta zintzilikako pinaburuak dituztela... gai kontutan eskulturagileak zisterraren lehen soiltasunarekiko begirunea azaldu nahi balu bezala, baina, formen edertasunekiko iaiotasuna eta sentiberatasuna ezkutatu nahi ez balitu bezala. Elizako kapitel guztiak daude hiru baketa handiko molduraz osatuak, non inposta jarraiki bat dirudien.

Transeptuak bost tarte ditu, eta beren angeluetatik bereizita dauden zutabe fin eta garaiek ojiban zehar doazen arku formeroak biltzen dituzte. Arku toralak zorrotzak dira, eta diagonalak, hiru baketaz osatutako molduraz inguratzen dute plementeria. Barrualdean gangak kupula baten zirrara eragiten du, kanpoaldera berriz, kanpandorreko oktogonozko zinborio dotore bat irteten da.
Gurutzadurako kaperak alde bakoitzeko bi dira. Oinplano karratua dute eta gurutzeriazko tarteak dituzte. Erdiko kapera, antzinako “San Jesu Kristoren kaperaren” kopia zehatza dena, jarraian doan bi tartetako kanoi‑erdiko ganga zorrotzez eta, lurretik irteten diren ezarritako zutabe gainetan, elkartzen diren lau nerbioduraz, zatitzen den esfera laurdeneko ganga batez estaltzen da.
Burualde osoa txaranbeldu sakonekoa da eta isurtze luzea eta jatorrizko hutsartea hirukoizten duen bost erdi-puntuko hutsarte edo bao eder eta urratuek argiztaturik agertzen da, eta eguzki jaio berriaren argia abside gainean astiro irristatzen utziz. Saihetsetako habearteak baino pixka bat gorago altxatzen denez erdikoa, bere leihateek ezin dezakete garaiera handirik izan.
Monasterioaren alderdi batzuk, esate baterako, elizako atariak –harburutxoak, jarraian doazen kapitelak, eta abar– erromaniko espiritua baldin badu ere, baditu XIV. mendekoak diruditen edergarriak.[2]
Olibako klaustro ederraren diseinuak, zistertarren estilo ortodoxoa urruti uzten du. XIV. eta XV. mendeetan burututako lanak dira, eta Iruñeko klaustroaren garaikideak direnez, beranduago aipatu beharko ditugu, nahiz eta bere lau hormartetako gangak –6 tartetakoa bakoitza– horma erromaniko zaharretan eta kanpoaldeko ostikoetan kontrajarriak dauden.
Argazki galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Olibako Santa Maria monasterioaren eliza
-
Gela kapitularraren sarrera
-
Gela kapitularra
-
Klaustroa
-
Klaustroa
-
Kanpandorrea
-
Atearen xehetasuna
-
Klaustroko xehetasuna
-
Klaustroko xehetasuna
-
Kanpoaldeko ikuspegi orokorra
-
Itsas-lamina, zentauroa eta pertsonai bat klaustroko erliebetan.
-
Antso VII.a Nafarroakoaren enblema giltzarri batean
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Arte gotikoa Euskal Herrian - hiru» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-30).
- ↑ J. JIMENO JURIO, Monasterio de la Oliva . T. C. P. 66. znb. (eta berak aitatzen dituen idazleak); H. Mª. MARIN, Abadia cisterciense de la Oliva. Historia y arte. T. C. P. 242. znb. (Iruña d/g).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Webgune ofiziala