Matsuo Bashō
Matsuo Bashō | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | 金作 |
Jaiotza | Bashō's birth house (en) , 1644 |
Herrialdea | Japonia |
Bizilekua | Sekiguchi Bashōan (en) Genjū-an (en) Bashō's birth house (en) |
Lehen hizkuntza | japoniera |
Heriotza | Midōsuji (en) , 1694ko azaroaren 28a (49/50 urte) |
Hobiratze lekua | Gichū-ji (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | japoniera |
Irakaslea(k) | Kitamura Kigin (en) |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta eta idazlea |
Lantokia(k) | Edo |
Enplegatzailea(k) | Sengin (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Mugimendua | Shōfū haikai (en) |
Izengoitia(k) | 甚七郎, 甚四郎 eta 俳聖 |
Genero artistikoa | haikai (en) |
Matsuo Bashō —japonieraz 松尾 芭蕉—, jaiotza izenaz Matsuo Kinsaku —松尾 金作— (Tsuge, Honshu, Japonia, 1644- Osaka, Honshu, Japonia, 1694ko azaroaren 28a) japonierazko idazlea, Edo garaiko poetarik ospetsuena izan zen.
Haikai no renga (俳諧の連歌), egungo Haiku[1] olerki estiloaren sortzailea, poema-molde horren lau maisu handienetako bat da, Yosa Buson, Kobayashi Issa eta Masaoka Shikirekin batera. Bashōk haikua landu eta sendotu zuen estilo sinple eta osagai espiritual batez. Bertso bikainak idatzi zituen, izadian aurkitzen zuen lasaitasuna eta bakardadea goraipatuz.[2] Bere poesiak nazioarteko ospea lortu zuen eta Japonian bere olerki asko monumentu eta leku tradizionaletan azaltzen dira.
Pertsonalitatea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bashō gaztetan hasi zen poesiaren artea praktikatzen, eta geroago Edoko (gaur egun Tokio) agertoki intelektualean sartu zen, ondoren, Japonia osoan ospetsu bilakatzeko.
Poeten maisu izan arren, une jakin batzuetan literatur zirkuluen bizitza sozialari uko egin zion. Nahiago izan zuen herrialde osoa oinez zeharkatzea, uhartearen iparraldera ere bidaiatuz nahiz eta oso populazio gutxiko lurralde izan. Ibilbide horiekin bere idazkietarako inspirazio-iturriak aurkitu nahi ziuten.
Bashōk ez du tradizioarekin hausten, baizik eta ustekabeko moduan jarraitzen du. Berak zioen bezala: "Ez dut antzinakoen bidea jarraitzen, haiek bilatutakoaren bila nabil baizik". Bashōk poesia klasiko handiaren sentimendu kontzentratua bitarteko berriekin adierazi nahi du.[3]
Matsuo Bashōren poemak hitz lauzko testuen artean ageri dira, egunkari edo bidaia kontakizunetan bereziki, eta une hautatuak, hunkipenak, gogoetak islatzen dituzte. Lanik ospetsuena Oku no Hosomichi ("Okurako bide estua") du, 1689an argitaratua. Bashō hil ondoren, haren dizipulu anitzek maisuaren poema ugari bildu zuten: Bashōren eskolako zazpi bilduma (1774).[4]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1644 urtean jaio zen Ueno inguruan, Iga probintzian, Matsuo Kinsaku izenarekin. Ondoren, hainbat aldiz aldatu zuen izena artista japoniarren ohiturari jarraiki, behin betikoa aurkitu arte. Todo familia boteretsuaren zerbitzura eta baliabide gutxi zuen behe mailako samurai baten semea zen. Bere aitak Bashōk armadan karrera egin zezan nahi izan zuen. Anaia zaharrago bat eta lau ahizpa izan zituen.
Biografo batzuek diotenez, sukaldaria izan zen lanbidez.[5] Umetan, ordea, Todo familiaren Yoshitada (藤堂良忠) zerbitzurako morroi bihurtu zen. Yoshitada Todo familiaren oinordekoa zen, Matsuo baino bi urte zaharragoa. Yoshitadaren babesarekin, Bashōk Kitamura Kigin (1624-1705) irakaslearekin haikai konposizioak egiten ikasi zuen. Kitamura Teitoku eskolaren kritikari eta poeta zen. Beraz, Bashōk haikai maite zuela eta, tokiko jauntxoarekin batera hasi zen poesia mota hori lantzen eta lehen argitalpenak egiten: 1662an Bashōren lehen poema argitaratu zen; 1664an bere hokku biren bilduma bat inprimatu zen, eta 1665ean Bashok eta Yoshitadak ehun bat renkus bertso konposatu zituzten. Baina jauntxoa hil egin zen, ordea: 1666an, Yoshitadaren bat-bateko heriotzak, gizarte feudal tradizional baten giroan, Bashōren morroi bizitza lasaiaren amaiera ekarri zuen. Samurai bihurtzeko itxaropena baztertu eta herritik alde egin zuen.[6]
Ospea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1667, 1669 eta 1671 urteetan antologietan argitaratuko zituen bere poemak sortzen jarraitu zuen. 1672an berak eta Teitoku eskolako beste egile batzuek egindako lanen bilduma argitaratu zuen, Kai ōi (貝おほひ). Urte hartako udaberrian Edora (gaurko Tôkyôra) joan zen poesian aurrera egiteko.[7] Nihonbashiren zirkulu literarioek berehala ezagutu zuten Bashoren poesiaren balioa, bere estilo sinple eta naturalagatik. Laster bere izena ezaguna egin zen eta poesia eskola txiki bat ireki zuen, haren jarraitzaileek eskaini zioten etxola batean. Etxolaren ondoan bananondo arrunta zegoen, eta hortik hartu zuen behin betiko izena, Baxō.[8]
Hala ere, ez zen gustura bizi hirian. Hori gutxi izango balitz, gainera, ama hil zitzaion eta etxola erre egin zen, eta ondorioz zen meditazioa egiten hasi zen, eta Edo utzi zuen; hurrengo urteak bidaiatzen igaro zituen neurri handi batean. Lau bidaia luzetan toki berriak ikusi, miresleak topatu, urtaroen joan-etorria behatu zituen garai hartan. Eta, halaber, idazten jarraitu zuen. 1689-91 artean 2.400 km inguruko bidaia egin zuen Japoniako ipar-mendebalderantz. Bidaia liburu horietako bat, Oku no hosomitxi (奥の細道), japonierazko literaturako lan nagusienetako bat da. Lanaren izenburua bi eratara uler daiteke: Oku-ra, hots, barnealdera, hau da, ipar-mendebaldera daraman bidezidorra, edo barnealdera, hau da, norberarengana daraman bidezidorra. Lanak prosan eta bertsotan idatzitako zatiak jasotzen ditu. Bidaien garai hori amaitu zuenean, Edon geratu zen etxola berri batean. Lekua artisten bilgune bihurtu zen berehala. Egoera hori, ordea, nekagarri zitzaion, hau da, etxean zuen joan-etorri hura; ondorioz, etxean giltzapetzen zen edo bidaiatxoak egiten zituen. Horietako batean hil zen, 1694 urtean, haren jarraitzailez inguratuta.[8]
Eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen mendetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Japonian gaur egun ere ezagunak diren kigoaren (季語) formuletara mugatu beharrean, Bashok bere ingurua eta benetako emozioak bere hokkuan islatu nahi zituen.[9] Bere bizitzan zehar ere, bere poesiaren ahalegina eta estiloa oso preziatuak izan ziren; hil ondoren, bere balorazioak ere gora egin zuen. Bere ikasle batzuek bere poesiari buruzko aipamenak bildu zituzten, batez ere Mukai Kyorai eta Hattori Dohō.[10] XVIII. mendean, Bashōren olerkiekiko estimuak gora egin zuen, eta Ishiko Sekisui eta Moro Nanimaru kritikariek ahalegin handiak egin zituzten bere hokkuan gertakari historikoei, Erdi Aroko liburuei eta beste poema batzuei buruzko erreferentziak aurkitzeko. Komentarista horiek sarritan goraipatzen zituzten Bashōren erreferentzia ilunak. 1793an, Bashō, burokrazia sintoistak jainkotua izan zen, eta denbora batez bere poesia kritikatzea, literalki, birao bat izan zen.[10]
XIX. mendearen amaieran amaitu zen Bashōren olerkiekiko aho bateko pasio garai hau. Masaoka Shikik (1867-1902), beharbada Bashōko kritikorik ospetsuenak, ortodoxia eraitsi zuen Bashōren estiloari objekzio ausartak jarriz.[10] Dena dela, Shikik Bashōren poesia ingelesez zabaltzeko aukera ireki zuen, horrela, mundu intelektualaren esku jarriz;[11] halaber baita japoniar publikoarentzat ere. Shikik Haiku terminoa asmatu zuen, Hokku hitza ordezkatzeko, definizio honekin: 5, 7 eta 5 silabako hiru lerroz osatua den olerki mota. Shikik ere esaldi gogor hau idatzi zuen: "haren ekoizpenaren ehuneko laurogei erdipurdikoa da".[12]
Lanen zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Kaio" (1672)
- "Minashiguri" (1683)
- "Nozarashi Kiko" (1684)
- "Fuyu no Hi" (1684)
- "Haru no Hi" (1686)
- "Kashima Kiko" (1687)
- "Oi no Kobumi", edo"Utatsu Kiko" (1687)
- "Kiko Sarashina" (1688)
- "Arano" (1689)
- "Hisago" (1689)
- "Sarumino" (1691)
- "Saga Nikki" (1691)
- "Basho no Utsusu kotoba" (1691)
- "Heiko no Setsu" (1692)
- "Sumidawara" (1694)
- "Betsuzashiki" (1694)
- "Oku no Hosomichi"
- "Zoku Sarumino" (1698)
Bashō euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Haiku japoniarrak. Lau maisu: Baxō. Buson, Issa eta Xiki", Ibon Uribarri itzultzailea, Senez, 32.zk., 2007.[13]
- Lau bidaia, Joseba Urteaga itzultzailea, Igela, 1990.[14]
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Le Voyage de Bashô, 2018, Richard Dindo dokumentala.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Jatorriz Japoniakoa den olerki mota, 5, 7 eta 5 silabako hiru lerroz osatua dena.
- ↑ https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/articulo/c1702/eu_d1702015/1702015.html
- ↑ Octavio Paz. "Vida de Matsuo Basho". A Matsuo Basho: "Sendas de oku", Bartzelona: Seix Barral, 1981, 36.or.. ISBN 84-322-3845-7
- ↑ https://www.nippon.com/es/japan-topics/b07224/
- ↑ https://www.elgallodeoroediciones.com/libros/poesia/poesia-completamatsuo-basho
- ↑ Octavio Paz. "Vida de Matsuo Basho". A Matsuo Basho: "Sendas de oku", Bartzelona: Seix Barral, 1981, 33.or. ISBN 84-322-3845-7
- ↑ Ueda, Makoto. The Master Haiku Poet, Matsuo Bashō. Tokyo: Kodansha International, 1982. ISBN 0-87011-553-7, 29.or.
- ↑ a b «Haiku japoniarrak. Lau maisu: Baxô. Buson, Issa eta Xiki» Senez 2007-03-21 (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
- ↑ Ueda, Makoto (1970). Matsuo Bashō. Tokio: Twayne Publishers.
- ↑ a b c (Ingelesez) Ueda, Makoto. (1992). Bashō and His Interpreters: Selected Hokku with Commentary. Stanford University Press.
- ↑ Burleigh, David (Summer 2004). "Book Review: Now, to Be! Shiki's Haiku Moments for Us Today". Modern Haiku. 35 (2): 127. ISSN 0026-7821.
- ↑ Cabezas García, Antonio. Jaikus inmortales. Madril: Hiperión, 1983. ISBN 84-7517-109-5.
- ↑ https://eizie.eus/eu/argitalpenak/senez/20080201/haiku
- ↑ http://www.igela.com/?product=lau-bidaia
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Antonio Casado da Rocha, Zigor Perales Hernandez: "Basho-ren basora bazoaz... (renkuaz eta haikuaz)", Uztaro, 51.zk, 2004, 83-97 or.
- (Gaztelaniaz)(Japonieraz): Bosque de Bambú, camino del haiku - Bashô - Oku no Hosomichi.
- (Gaztelaniaz)(Japonieraz):Poemen antologia.
- (Ingelesez):Bashō Gutenberg Proiektuan.
- (Ingelesez):"Bashō%2C%20Matsuo"%20OR%20subject%3A"Matsuo%20Bashō"%20OR%20creator%3A"Bashō%2C%20Matsuo"%20OR%20creator%3A"Matsuo%20Bashō"%20OR%20creator%3A"Bashō%2C%20M%2E"%20OR%20title%3A"Matsuo%20Bashō"%20OR%20description%3A"Bashō%2C%20Matsuo"%20OR%20description%3A"Matsuo%20Bashō"%20OR%20%28Matsuo+Bash%2A%29%29%20OR%20%28"1644-1694"%20AND%20%28"Bashō"%20OR%20Basho%29%29%29%20AND%20%28-mediatype:software%29 Bashō Internet Archivesen.
- (Ingelesez):Bashō LibriVox webgunean, doako liburuak.
- (Japonieraz)(Ingelesez):Matsuo Bashō (松尾芭蕉), poemak bi hizkuntzetan.