Edukira joan

Egun

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Egun
Azpiklaseaaste
Neurtzen duiraupena
SI sistemarako konbertsioa86.400 s
Unitate estandarretan1.440 min, 24 h eta 1 d
Ikurrad, сут, сут., d, j, , ي, d, t, d, dagas eta d
Lurraren errotazioa
Paris egunez (Ile de la Cité eta Ile Saint-Louis).

Eguna 24 ordu dituen denbora unitatea da, hau da, Lurrak bere ardatzaren inguruan bira oso bat emateko behar duen denbora[1]. Eguna gauaren aurkakoa ere bada, hau da, egunsentitik ilunabarrera arteko denbora tartea, eguzkiak argitzen duen denbora[1].

"Eguna" neurri-unitatea (ikurra d da) 86.400 SI segundo da. Segundoa Nazioarteko Unitate Sistemako oinarrizko denbora-unitatea da. Lehen, Lurraren 1900eko mugimendu orbitalaren arabera definitzen zen, baina 1967tik segundoa, eta hortaz eguna, trantsizio elektronikoak definitzen ditu[2].

1 d = 24 h = 1.440 min = 86.400 s

Egunak asteetan biltzen dira. Hona euskarazko izenak: astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna, ostirala, larunbata eta igandea.

Egun sekuentzialen bilduma egutegietan antolatzen da data gisa, ia beti aste, hilabete eta urteetan. Egutegi gehienen data-antolamenduak Eguzkia darabil bere lau urtaroekin (eguzki egutegia) edo Ilargiaren aldiekin (ilargi egutegia). Egun baten hasieratzat gauerdia hartu ohi da, 00:00ak edo 12:00ak idatzia 24 edo 12 orduko erlojuetan, hurrenez hurren. Gauerdiko ordutegia tokiaren arabera aldatzen denez, ordutegi estandar uniforme baten erabilera errazteko, ordu-eremuak ezartzen dira. Gauerdia ez da egun berri baten hasiera erabakitzeko erabiltzen den hitzarmen bakarra. Historian zehar, beste une zehatz batzuk ere erabili izan dira, eta batzuk gaur ere erabiltzen dira, hala nola egutegi erlijioso judua: hor, egunak ilunabarretik ilunabarrera kontatzen dira; beraz, larunbat judua ostiral ilunabarrean hasten da. Astronomoek ere badute beren eguna eguerdi garaian hasten den hitzarmen bat. Horrela, gau bakar batean zehar egindako behaketa guztiak egun berean gertatzen direla erregistratzen da. Metodo horrek egutegiko egun batean gertatzen den behaketa jakin baten anbiguotasuna ezabatzen du, zein gauetan gertatu zen gehiago zehaztu beharra ezabatuz. Izan ere, gauerdia egunaren hasieratzat erabiltzen denean, egutegiko egun bakoitza gaueko bi aldi berezirekin lotzen da.

Aplikazio espezifikoetan, egun baten definizioa zertxobait aldatzen da, hala nola Kantitateen Nazioarteko Sistema (ISQ) egunean (86.400 segundo zehazki), ordenagailuak eta denboraren estandarrak gordetzeko erabiltzen dena, Lurraren eguzki-egun baten fluktuazio naturala denbora ertainean kontabilizatzen duena eta izar-eguna eta egun siderala (zeru-esfera erabiliz) astronomiarako erabiltzen dena. Tropikotik kanpoko herrialde gehienetan, udako ordutegia egiten da eta, urtero, 23 orduko egun zibil bat eta 25 orduko egun zibil bat daude. Lurraren errotazioaren aldakuntza txikien ondorioz, oso gutxitan sartzen da bigarren segundo gehigarri bat Denbora Unibertsal Koordinatu (UTC) egun baten amaieran eta, beraz, ia egun guztiek 86.400 segundo dirauten arren, egun bateko 86.401 segundoko salbuespenezko kasu horiek daude (mende erdian, 1972tik 2022ra bitartean, 27 segundo gehigarri izan dira guztira, hau da, bina urtero gutxi gorabehera).

Egun hitz orokorra da, garai eta eremu guztietakoa, bai gauaren aurkakoa, bai gau-egunak batera hartzen dituena adierazteko[3]. Badirudi jatorrizko esanahia (zeru)argia zela. Egun hitzaren gainean eraikiak daude, besteak beste, honakoak: eguraldi (egun-aldi), ekain (*egu-gain), ekaitz (*egu-gaitz) eta eguzki (*egu-z-ki)[3]. Gaur balioarekin ere orokorra izana da[3].

Egun-argiaren hasiera egunsentia da eta amaiera, ilunabarra. Une horietako argi ahulari krepuskulu deritzo (edo egunsenti-argi / ilunabar-argi).

Egunaren zatiak

Eguneko animalia gehienentzat, eguna egunsentian hasten da berez eta ilunabarrean amaitu. Gizakiek, beren arau kultural eta ezagutza zientifikoekin, eguneko hainbat muga erabili dituzte historian zehar. Antzinako Egipton eta Mesopotamian, eguna egunsentitik kontatzen hasten zen. Antzinako Grezian, abiapuntua iluntzean zen. Antzinako Erroman, gauerdian hasten zen[4], orain bezala[5]. Judu eguna ilunabarrean hasten da (bigarren magnitudeko hiru izar agertzen direnean).

K.a. IV. mendean aurkitu zuten eguna / gaua zergatik gertatzen ziren; eklipseen arrazioa aurkitu eta horri esker ulertu ahal izan zuten zergatik iluntzen zen eguna. Egunak zein iraupen duen jakiteko, Lurrak argizagi baten inguruan bira emateko behar duen denbora neurtu behar da. Beraz, erreferentzia gisa zein argizagi hartzen den, halakoa izango da egunaren iraupena, puntu beretik bi aldiz igarotzeko ez baitute guztiek denbora bera behar.

Lurraren historian zehar, egunak ez du berdin iraun, gutxika errotazioa motelduz joan baita. Garai geologikoetan egunak izan duen bilakaera esperimentalki egiaztatu da koral fosilen hazkunde-eraztunak kontuan hartuz. Koralek eguneko argiztapenari lotutako hazkuntza dute: eguna luzeagoa edo laburragoa den arabera, ildoa zabalagoa edo txikiagoa da, eta maiztasuna urtero izaten denez, geologi garaietan urteko zenbat egun izaten diren zehaztu daiteke:

Data Periodo geologikoa Egun kopurua
urteko
[6]
Egunaren iraupena
Orain - 365 24 ordu
- 100 milioi urte Kretazeoa 380 23 ordu eta 20 minutu
- 200 milioi urte Triasikoa 390 22 ordu eta 40 minutu
- 300 milioi urte Karboniferoa 400 22 ordu
- 400 milioi urte Devoniarra 410 21 ordu eta 20 minutu
- 500 milioi urte Kanbriarra 425 20 ordu eta 40 minutu

Eguna (sinboloa d da) ez da Nazioarteko Unitate Sistemako unitatea, baina bere erabilera onartua dago bertan[7]. Denboraren oinarrizko unitatea segundoa da (sinboloa s) eta, horrela, egunak 86.400 s ditu.

1967-68an, Pisuen eta Neurrien Nazioarteko Bulegoaren 13. biltzarrean segundoaren iraupena adostu zen: perturbatu gabeko zesio-133 atomoaren oinarrizko egoeraren maila hiperfin bien artean 9.192.631.770 trantsizio egiteko behar den denbora 0 K tenperaturan[8]. Horrela, egun batek 794.243.384.928.000 periodo ditu[9].

Denbora unibertsal koordinatua (UTC) izeneko denbora-eskalako egun batek segundo interkalar positibo edo negatibo bat izan dezake, eta, beraz, 86.399 edo 86.401 segundo izan.

Eguzkia eta Ilargia, Hartmann Schedel-en Nurembergeko kronika, 1493

Egun-argia[1], egunean zehar eguzki-argi zuzen eta zeharkako guztien konbinazioa da, hau da, eguzki-argi zuzena, eguzki-erradiazio barreiatua eta, maiz, Lurrak eta lurreko objektuek islatutako argia (hala nola mendiek eta eraikinek).

Egun-argiaren batez besteko iraupena 24 orduko egunaren erdia baino gehixeago da. Eguna gaua baino batez beste luzeagoa, bi efektuk eragiten dute. Eguzkia ez da puntu bat, baizik 32 arcmin den disko itxurako azalera bat. Gainera, atmosferak eguzki-argia errefraktatzen du, are eguzkia horizontearen azpitik 34 arcmin dagoenean ere. Orduan, lurrera iristen den lehen argia, Eguzkiaren erdialdea oraindik zerumugaren azpitik 50 arcmin dagoenean[10]. Beraz, eguna batez beste 12 ordu baino 7 minutu luzeagoa da[11].

Gauerdiko eguzkia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gauerdiko eguzkia (egun polarra) bizi den lekuetan, eguna 24 ordutik gora heda daiteke, are hilabeteetara ere.

Egun sideralaren eta eguzki- -egunaren arteko alderaketa:
1 puntuan dagoen planeta 2 puntura iristean, egun sideral bat igaro da eta
3 puntura iristean, eguzki-egun bat.
  • eguzki-eguna[12] (edo egun sinodikoa): argizagi baten bira bat egiteko periodoa da orbitatzen ari den izarrarekiko, eta eguzki denboraren oinarria da. Hau da, Lurretik ikusia, eguzkiak bi aldiz jarraian zeruan punturik gorena lortzen duenetik igarotzen den denbora da[13]. Eguzki-egunaren batez besteko iraupena 86.400 s da (segundoa bera horrela definitu baitzen, hau da, eguzki-egunaren batezbestekoaren 1/86.400). Baina eguzki egun baten iraupena urte osoan zehar aldatu egiten da, Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen orbita ez delako zirkularra, eliptikoa baizik. Horrela, irailaren 16an, eguzki-egun baten iraupena, gutxi gorabehera, 86.379 s da (23 h 59 min 39 s); abenduaren 22an, berriz, gehienez 86.430 s (24 h 0 min 30 s).
  • egun siderala: argizagi baten errotazio-periodoa da, hau da, izar finkoekiko 360 graduko bira egiteko behar duen denbora[12]. Lurraren errotazio-periodo siderala (egun siderala) 23 h 56 min 4 s da. Ez da nahasi behar eguerdi batetik hurrengora arteko denborarekin, Lurraren kasuan 24 ordukoa denarekin. Lurreko egunetan adierazten da planeten egun sideralaren iraupena (eta ez eguzki-egunaren iraupena):
Planeta Egunaren iraupena
Merkurio 58,65[14]
Artizarra 243,02[15]
Lurra 0,99
Marte 1,026
Jupiter 0,41[16]
Saturno 0,44-0,45[17]
Urano 0,72[16]
Neptuno 0,67[18]
  • laneguna: lan egiteko eguna[19].
  • jaieguna: lan egiten ez den eguna ofiziala delako, igandea barne[19].
  • egutegi-eguna, egun naturala edo egun zibila: urtea osatzen duten egunetako bakoitza, 00:00 ordutik 24:00etara artekoa; egun guztiak hartzen dira kontuan, inolako bereizketarik egin gabe[19].
  • egun balioduna: epaitegietako eta administrazioko jarduketak egiteko balio osoa duen eguna[19].
  • egun baliogabea: epaitegietako eta administrazioko jardunerako baliorik ez duen eguna[19].

Gizakien eta beste espezie askoren biologikoki zehaztutako bizi-ereduak (erritmo zirkadianoak) Lurreko eguzki-egunarekin eta gau-egun zikloarekin hertsiki lotuta daude.

Esaera ugari dago eguna adierazgarri duena, esaterako, hauek[22]:

  • Abenduko eguna, argitu orduko iluna.
  • Eguerdiko euria, egun guztiko euria.
  • Santa Luzi: gaua moztu eta eguna hazi.
  • Eguneroko izerdia, eguneroko ogia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c «Egun». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-11-21.)
  2. (Ingelesez) BIPM - Bureau International des Poids et des Mesures. (2006). Unit of time (second). .
  3. a b c Egun, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2021-11-22).
  4. (Ingelesez) Plutarko, Quaestiones Romanae, 84.
  5. (Gaztelaniaz) Jérôme Carcopino. (1988). Vida cotidiana en Roma en el apogeo del Imperio. Madrid: Ediciones Temas de hoy, S. A., 188 or. ISBN 84-7880-917-1..
  6. (Frantsesez) J.Kovalesky Bureau des Longitudes. (1969). 83 L'Astronomie, 411 or. Bibcode1969LAstr..83..411K. (Noiz kontsultatua: 2021-6-5).
  7. (Ingelesez) BIPM. (2014). Non-SI units accepted for use with the SI, and units based on fundamental constants. .
  8. SI Unit of Time (Second). Bureau International des Poids et Mesures (BIPM) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-01-10) (Noiz kontsultatua: 2015-10-17).
  9. (Ingelesez) The International System of Units (SI) BIMP, 8. edizioa 2006, 123-125 or.
  10. 32′2 + 34′ = 50′
  11. 50°/60 ÷ 360° × 2(egunsentia eta ilunabarra) × 24 ordu ≈ 7 min
  12. a b Euskalterm, Astronomia hiztegia (2021)
  13. (Ingelesez) Weisstein, Eric W.. (2007). Solar Day. (Noiz kontsultatua: 2011-05-31).
  14. (Ingelesez) Munsell, Kirk. (2009-5-8). «Mercury: Facts & Figures» Solar System Exploration (NASA).
  15. (Ingelesez) Karl K. Turekian. (2005). Meteorites, comets, and planets. Elsevier, 490 or. ISBN 9780080447209..
  16. a b (Ingelesez) Seidelmann, P. Kenneth; Archinal, B. A.. (2007). Report of the IAU/IAGWorking Group on cartographic coordinates and rotational elements: 2006. 90 Celestial Mech. Dyn. Astr., 155 - 180 or.  doi:10.1007/s10569-007-9072-y..
  17. (Ingelesez) Than, Ker. Length of Saturn's Day Revised. Space.com.
  18. (Ingelesez) Williams, David R.. (2004-9-1). Neptune Fact Sheet. NASA.
  19. a b c d e Euskalterm. Hiztegi terminologikoa (2007)
  20. (Ingelesez) United Nations Observances, International Days. Nazio Batuen Erakundea (Noiz kontsultatua: 2013-5-3).
  21. (Ingelesez) United Nations Dedications: A World Culture in the Making
  22. * "Atsotitzak", Gotzon Garate. Bilbao Bizkaia Kutxaren Fundazioa. 1998.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]