Edukira joan

Artritis erreaktibo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Artritis erreaktibo
Deskribapena
Motaartritisa, rare rheumatologic disease (en) Itzuli, infectious arthropathy (en) Itzuli, autoimmune disease of musculoskeletal system (en) Itzuli
eritasuna
EspezialitateaErreumatologia
Honen izena daramaHans Reiter (mul) Itzuli
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikaketanercept (en) Itzuli eta adalimumab (en) Itzuli
Identifikatzaileak
GNS-10-MKM02.30, M02.10, M02.3, M02.1 eta M02.8
GNS-9-MK099.3, 711.30, 711.3 eta 711.40
DiseasesDB29524
MedlinePlus000440
eMedicine000440
MeSHD016918
Disease Ontology IDDOID:6196

Artritis erreaktiboa gaixotasun erreumatikoa da, espondiloartropatia mota bat (espondiloartropatia seronegatiboa), jatorrian osagai genetikoak (esaterako, HLA-B27 antigenoa) eta ingurugirokoak (infekzio bakteriarra) dituena. Infekzio bakteriar batek (traktu gastrointestinalean eta urogenitalean, batik bat), joera genetikoa duten gizabanakoengan, aparteko erantzun immunea sortzen du, gaitzaren sintoma erreumatikoak agertuz (mina eta hantura hainbat artikulaziotan, batez ere belaunetan, orkatilan eta aldakan) [1]. Gaitzak konjuntibitisa eta larruazaleko lesioak ere eragin ditzake.

Hans Reiter sendagile alemanak deskribatu zuen estreinakoz (1916an) artritis mota hau [2], eta bere omenez "Reiter sindromea" ere deitu zitzaion. Gaur egun, aldiz, artritis erreaktibo izendapena lehenesten da.

Infekzio gastrointestinalak eta urogenitalak egon ohi dira gaitz honen jatorrian. Artritis erreaktiboa hainbat bakteriok sor dezakete: Chlamydia trachomatis, Ureaplasma urealyticum, Shigella, Salmonella, Yersinia enterocolitica, Escherichia coli, Streptococcus, Staphylococcus, Campylobacter, Clostridium difficile edo Leptospira interrogans, besteak beste. Uste da aipatutako bakterioen infekzioek, joera genetikoa duten pertsonengan, erantzun immune aldrebesa sortuko luketeela, erreakzio gurutzatua eraginez artikulazio-ehunen eta bakteriar antigenoen artean (mimetismo antigenikoaren fenomenoaren bidez).

Chlamydia trachomatis bakterioak harreman sexualetan sortzen duen infekzio genitala eta Shigellak sortutako infekzio gastrointestinala dira AEBetan artritis erreaktiboaren kausa nagusiak [3]

Artritis erreaktiboa ez da sintoma erreumatikoak dituen eta infekzio baten ondorioz pizten den gaitz bakarra. Sukar erreumatikoa eta Lyme gaitza, batik bat, infekzio batek sortutako gaixotasun erreumatikoak ere badira. Azken hauetan, ordea, bakterio bakar batek (Streptococcus pyogenes sukar erreumatikoaren kasuan, eta Borrelia burgdorferi Lyme gaitzean) gaixotasuna eragiten duen bitartean, artritis erreaktiboaren kasuan anitzak izan daitezke gaitza pizten duten mikrobioak.

Sintoma klinikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Infekzio urogenitala edo gastrointestinala agertu eta 1-5 asteetara hasi ohi dira artritis erreaktiboaren sintomak. Sintoma horiek luzaro iraun dezakete, 12 hilabeteetaraino, baina kasu gehienetan epe aldakor baten ondoren desagertzen bukatzen dute.

Sintoma erreumatikoen artean, hauek dira ohikoenak:

  • hantura eta mina belaunetan, orkatiletan zein oinetan (gaitzak beheko gorputz-adarrak jotzen ditu batik bat)
  • lunbalgia ez da ez-ohikoa

Sintoma ez-erreumatikoen artean, hauek dira aipagarrienak:

  • konjuntibitisa
  • larruazaleko lesioak: negala oinazpietan eta esku-azpietan, batez ere
  • kasu gutxi batzuetan asaldura neurologikoak, kardiobaskularrak eta biriketakoak ager daitezke

Kasurik ohikoena, gizonezkoengan, hiru sintoma kliniko hauekin azaltzen da: artritisa, uretritisa eta konjuntibitisa. Hau da Hans Reiter sendagileak 1916an estreinakoz deskribatu zuen sindromea.

Gaitza ez-ohikoa da umeengan, eta 20-40 urte bitarteko helduei eragin ohi die. Gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago jotzen ditu [4]

Laborategiko datuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chlamydia trachomatis edo Shigellaren infekzioa baldin bada, antibiotikoak erabiltzen dira (tetraziklinak eta trimetoprima eta sulfametoxazol, hurrenez hurren)

Sintoma artritikoen aurka antiinflamatorio ez esteroideak erabiltzen dira. Hauekin nahiko ez denean edo kasurik errebeldeetan kortikosteroideak edo metotrexato edo TNFaren aurkako botika immunosupresoreak erabil daitezke [5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Cuadrado Lozano, M.J. Artritis reactiva Clinica Universitaria de Navarra
  2. Good, AE Hans Reiter Arthritis Rheum, 1970ko maiatza-ekaina; 13 (3), pp: 296-297
  3. Hill Gaston JS, Lillicrap MS (2003) Arthritis associated with enteric infection . Best Pract Ice & Research. Clinical Rheumatology. 17 (2): 219–239
  4. Yaseen, K Artritis reactiva Manual MSD (Versión profesional). Merck Sharp & Dohme Corp, 2022; Nov (rev), 5. orrialdea
  5. Cuadrado Lozano, M.J. Artritis reactivas Clínica Universidad de Navarra

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]