Kartografia

Kartografo» orritik birbideratua)

Kartografia (grezieratik, chartis = mapa eta graphein = idatzi) mapa geografikoak egitearen zientzia eta praktikari deritzo. Zientzia, estetika eta teknika konbinatuz, kartografiaren oinarrizko ideia da errealitatea moldatu egin daitekeela informazio espaziala modu eraginkorragoan komunikatzeko.

Mediterranear itsasoaren karta nautiko bat, XIV. mendekoa

Kartografiak hurrengo arazoei egin behar die aurre:

  • Mapan islatuko diren objektuen ezaugarriak zehaztu behar ditu. Elementu fisikoak izan daitezke, esaterako errepideak eta ibaiak, edo abstraktuak, esaterako toponimoak edo muga politikoak.
  • Esferikoa den Lurreko objektuak bitarteko lau batean ordezkatzea. Arazo honi aurre egiteko proiekzio kartografikoak erabiltzen dira.
  • Maparen helburua betetzeko garrantzitsuak ez diren ezaugarriak saihestu eta ezaugarri konplexuak sinplifikatu mapa sortzean. Orokortze kartografikoa da hau.
  • Mapako elementuak behar den moduan antolatu, mezu-hartzailearen arabera, mezua ahalik eta garbien irits dakien. Hemen maparen diseinua sartzen da jokoan.

Historia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Kartografiaren historia»

Ezagutzen den maparik zaharrena eztabaidagai da oraindik ere, alde batetik "mapa" bat zer den ez dagoelako argi eta bestetik gaur egun mapatzat hartzen diren zenbait objektu beste zerbait izan daitezkeelako.

Gaur egun oraindik existitzen den maparik zaharrena Euskal Herrian aurkitutako bat izan daiteke. Hain zuzen, Abauntzen (Arraitz, Nafarroa) K.a. 13.600 urtekoa dela datatu den mapa bat identifikatu zen[1] Mapa hau Madeleine aldikoa litzateke eta hura aurkitu zen leizeko inguruneak irudikatzen omen ditu.

Anatoliako etxe bateko horma batean aurkitutako margoa antzinako Çatalhöyük anatoliar hiriaren irudikapen bat izan baitaiteke[2][3]. Irudi hau Kristo aurreko 7. milurtekokoa omen da. Antzinako beste mapa batzuen adibide dira K.a. 1600. urteko zibilizazio minoikoko hormirudi bat, itsasertzeko herri bat erakusten duena perspektiba oblikuo batetik hartuta eta Babiloniako Nippur hiriaren mapa bat, K.a. XVI. eta XII. mende artekoa[4].

Antzinako Grezian eta Erromatar Inperioan mapak sortu zituzten K.a. VI. mendetik hasita, Anaximandro izanik lehena. Kristo aurreko II. mendean Ptolomeok kartografiaren inguruko tratatu ospetsua, Geographia izenekoa, idatzi zuen[5]. Lan honetan agertu zen Ptolomeoren munduko mapa, garai haietan ezagutzen zen mundu ezagunaren mapa alegia. Kristo ondoko 700. urtean arabiarrek geografo greziarren lanak arabierara itzultzeari ekin zioten.

Antzinako Txinan, geografiari lotutako literatura K.a. V. mendean hasi zen. Mapa txinatar zaharrenak Qin estatuan sortutakoak dira. Xin Yi Xiang Fa Yao liburuan Su Song zientzialari txinatarrak izarren lehen mapa argitaratu zuen 1092. urtean. Hau da, hain zuzen, inprimatuta existitzen den izarren maparik zaharrena.

Indiako kartografia-formarik goiztiarrenak legendazko margoak dira, Indiako olerkigintza epikoan, esaterako Ramayana lanean, deskribatutako kokapenen mapak.

Europan Erdi Aroan mappa mundi terminoa erabiltzen den munduko mapei izena emateko. Gaur egun arte 1.100 mappae mundi inguruk iraun dute.

 
Muhammad al-Idrisik 1154. urtean marraztutako Tabula Rogeriana

Erdi Aroko mundu arabiarrari dagokionez, Muhammad al-Idrisi geografoak Tabula Rogeriana atlasa sortu zuen 1154. urtean. Lehen aldiz Afrika, Indiako ozeanoa eta Ekialde Urruna irudikatu zituen, ordurako arabiar merkatari eta esploratzaileek ezagutzen baitzituzten, eta geografo klasikoetatik jasotako informazioa erantsita, sasoi hartako munduko maparik zehatzena osatu zuen. Mapa hura maparik onena izan zen hiru mendez.

 
Europa regina Sebastian Münsterren "Cosmographia" argitalpenean, 1570.

Esplorazioen Aroan, XV. mendetik XVII. mendera, Europako kartografoek aurretik existitzen ziren mapak kopiatu zituzten eta beren behaketetan eta ikusketa-teknika berrietan oinarritutako mapa berriak marraztu zituzten. Ordurako iparrorratz magnetikoa, teleskopioa eta sestantea asmatu izanak zehaztasuna handitu zuen.

Johannes Werner-ek Werner-en proiekzio kartografikoa asmatu zuen. 1507an Martin Waldseemüller-ek munduaren mapa globular bat eta 12 panelez osatutako hormako mapa bat (Universalis Cosmographia) sortu zituen, lehen aldiz "Amerika" izena erabiliz. Diego Ribero kartografo portugaldarrak Ekuatore graduatua zuen lehen planisferioa eratu zuen.

Aldaketa teknologikoak

aldatu
 
1571ko Mercator aurreko mapa nautiko bat, Fernão Vaz Dourado (c. 1520-c.1580) kartografo portugaldarrarena. Mapa plano motakoa da, hau da, behatutako latitudeak eta norabide magnetikoak zuzenean planoan marraztu dira, eskala konstantearekin, Lurra planoa balitz bezala.

Kartografian, teknologia aldatuz joan da denboran zehar mapa-egile eta mapa-erabiltzaileen belaunaldi berrien eskakizunak betetzeko. Lehen mapak eskuz egin ziren pintzelekin pergamino gainean; horren ondorioz, kalitate askotakoak ziren eta haien hedapena mugatua zen. Tresna magnetikoen sorrerak, esaterako iparrorratza, mapa zehatzagoak sortzea ahalbidetu zuen.

Tresna mekanikoetan egindako aurrerapenek, esaterako inprenta, koadrantea eta vernierra asmatu izanak, mapak modu masiboan sortzea eta erreprodukzio zehatzak egitea ahalbidetu zuten. Teknologia optikoari esker (teleskopioa, sestantea, etab.) Lurra zehaztasun handiagoz behatzeko balio izan zuten eta mapa-egileek eta nabigatzaileek beren kokapenaren latitudea errazago jakin ahal izan zuten Ipar-izarrarekiko eta Eguzkiarekiko zuten angelua neurtuz.

Teknologia kimikoan egin diren aurrerapenen ondorioz, esaterako litografia eta argazkigintza, xehetasun gehiago dituzten eta hezetasuna eta eguraldia hobeto jasaten duten mapak sortu ahal izan dira. Mapak grabaketa bidez sortu beharra saihestu ahal izan da, eta horrela mapak egiteko behar den denbora laburtu.

XX. mendean teknologia elektronikoan egon ziren aldaketek beste iraultza bat ekarri zuten kartografiara. Ordenagailuak eta hari lotutako hardwareak (monitoreak, plotterrak, inprimagailuak, eskanerrak) eta softwareak asko hedatu dute mapen sorrera. Kokapen espazialaren arabera aldatzen diren aldagaiak mapen gainean jartzeko ahalmenari esker, erabilera berriak eta industria berriak sortu dira potentzial hauek arakatu eta ustiatzeko.

Gaur egun kalitate handiko mapa komertzialak hiru mota hauetako softwarearekin egiten dira: geografia-informazioko sistemekin (GIS) batez ere, baina baita ordenagailuz lagundutako diseinu (CAD) motako aplikazioekin eta ilustraziorako softwarearekin ere. Informazio espaziala datu-baseetan gordetzen da. Tresna hauek mapa dinamiko eta interaktiboak sortzea ahalbidetzen dute.

Mapa motak

aldatu
 
Euskal Herriaren erliebearen mapa.

Kartografia orokorra eta gaikakoa

aldatu

Oinarrizko mapak aztertzean, kartografiaren esparrua bi kategoria handitan bana daiteke: kartografia orokorra eta gaikako kartografia edo kartografia tematikoa. Kartografia orokorrak hainbat elementu biltzen ditu eta jende orok ulertu ahal izateko pentsatuak daude.

Gaikako kartografiak, berriz, gai jakinak islatzen ditu mapetan, eta ikuslego espezifikoek ikustera zuzenduta daude. Esaterako, euskalkien mapak hizkuntzalariei zuzenduta daude, edo biztanle-dentsitateen mapak ulertzeko zenbakiak eta ehunekoak mapa baten gainean nola kokatzen diren jakin behar da. Azken mendean datu geografikoen bolumena asko handitu da, eta gaikako kartografia gero eta erabiliagoa da eta beharrezko bihurtu da datu espazial, kultural eta sozialak ulertzeko.

 
Gasteizko autobus-sarearen mapa topologikoa.

Topografia eta topologia

aldatu

Mapa topografiko batek toki baten topografia erakusten du, batez ere sestra-kurbak, altitude-puntuak eta itzalak. Topologiak, berriz, elementu geografikoen arteko erlazioak adierazten ditu: zein elementu dagoen elkarren alboan, elementuak elkarri lotuta dauden ala ez, etab. Mapa topologikoetan askotan eskala eta xehetasunak albo batera uzten dira, garrantzi handiagoa ematen baitzaio informazioa komunikatzeari. Mota honetako maparik ezagunena Londresko metroarena da: ez du eskala kontuan hartzen, bihurguneak zuzenduta ditu eta norabideak aldatuak ditu, baina informazio argia ematen du lineei buruz, geltokiei buruz eta elkarren arteko erlazioei buruz[6][7].

Mapen diseinua

aldatu

Sinbologia

aldatu
 
Irlandaren hegomendebaldeko kostaldearen mapa bat, XVIII. mendearen hasieran sortutakoa.

Mapa baten diseinuaren kalitateak eragin zuzena dauka irakurleak informazioa ulertzeko izango duen ahalmenean. Kartografiarako sinbologia espezifikoa garatu da mundua ahalik eta modurik zehatzenean irudikatzeko eta informazio modu egokian iristarazteko irakurleari. Legenda gehitu ohi zaio mapari bertako ikurren esanahia argitzeko. Izenburua ematen zaio, mapak dakarren edukiaren eta bere esparru geografikoaren nondik norakoak ezagutzeko. Eskala grafikoa eta zebakizko eskala ere eransten zaizkio, mapan ageri den esparruaren hedadura adierazteko. Maparen elementu bakoitzak zeregin bat dauka, eta elementu asko erabil daitezke, baina gehienetan gutxi batzuk dira derrigorrezkoak. Oro har, hurrengo elementuak erabiltzen dira: maparen edukia mugatzen duen ertz bat, batzuetan koordinatuz hornitua; haize-arrosa edota ipar-gezia; eskala grafikoa edota zenbakizkoa; mapa-proiekzioa; eta informazioaren jatorriari, zehaztasunari eta argitaratzeari buruzko informazio gehigarria.

Kolorearen erabilerak berebiziko garrantzia dauka mapa batean. Kolore batzuk edo beste batzuk erabiltzeak asko aldatzen du ikusleak nola hautematen duen informazioa. Koropleta-mapek koloreen eta haien argitasunaren bidez adierazten dituzte biztanle-dentsitatea bezalako aldagaien aldakuntzak. Duela gutxi arte, espazioan zehar etengabe aldatzen ziren aldagaiak adierazteko modu ohikoa ziren koropletak, bai eta isolineak ere, esaterako, garaiera-mapak sestra-kurba bidez marrazten ziren. Gaur egun, berriz, posible da, tresna informatikoei esker, aldagai horrek maparen puntu bakoitzean hartzen duen balioa kolore batez adieraztea, informazio osatuagoa emanez. Bestalde, sinbolo kuantitatiboek ikusizko neurria ematen dute mapak irudikatutako aldagai batek toki bakoitzean duen garrantziari/tamainari/kopuruari buruz.

Mapen orokortzea

aldatu

Mapa on batek ahalik eta informazio gehien eman behar du, baina beti informazioa irakurterraza izan dadin lortuz. Askotan beharrezkoa izaten da informazioa orokortzea, eta mapa-egileak erabaki behar du zein informazio sartu eta zein kanpoan utzi. Eskalaren arabera, mapan sartuko dena aldatu egingo da; eskala txikiagotan elementu gutxiago erakuts daitezke. Era berean, zenabaitetan garrantzitsuagoa izan daiteke mapa barruko elementuak zer diren adierazten dituzten anotazioak txertatzea eta beste elementu batzuk kanpoan uztea.

Erreferentziak

aldatu
  1. P. Utrilla, C. Mazoa, M.C. Sopenaa, M. Martínez-Beaa and R. Domingo. A palaeolithic map from 13,660 calBP: engraved stone blocks from the Late Magdalenian in Abauntz Cave (Navarra, Spain)[Betiko hautsitako esteka], Journal of Human Evolution Volume 57, Issue 2, 2009ko abuztua, 99-111 orr.
  2. Robert Kunzig. A Tale of two obsessed archeologists, one ancient city, and nagging doubts about whether science can ever hope to reveal the past, Discover Magazine, 1999ko maiatza.
  3. Stephanie Meece. A bird’s eye view - of a leopard’s spots. The Çatalhöyük ‘map’ and the development of cartographic representation in prehistory, Anatolian Studies, 56:1-16, 2006.
  4. https://web.archive.org/web/20080905231144/http://www-oi.uchicago.edu/OI/PROJ/NIP/PUB93/NSC/NSCFIG7.html The Nippur Expedition
  5. J. L. Berggren, Alexander Jones. Ptolemy's Geography By Ptolemy, Princeton University Press, 2001 ISBN 0-691-09259-1
  6. Ovenden, Mark. Transit Maps of the World. New York, New York: Penguin Books, 2007. Page 22.
  7. Devlin, Keith. The Millennium Problems. New York, New York: Basic Books, 2002. Pages 162-163.

Bibliografia

aldatu
  • Cebrián de Miguel, J.A. & García Ferrández, M. (1984). Cartografía temática y representación gráfica mediante ordenador. Instituto Geográfico Nacional.
  • Cauvin, C., Escobar, F., & Serradj, A. (2007). Cartographie themátique. Hermes.
  • Dent, B.D., Torgusson, J.S. & Hodler, T.W. (2008). Cartography: Thematic map design. WCB/McGraw-Hill.
  • Le Fur, A. (2000). Pratiques de la cartographie. A. Colin.
  • Martín López, H. (1997). Cartografía temática. Universidad Politécnica de Madrid, Escuela Universitaria de Ingeniería Técnica Topográfica.
  • Robinson, A.H. (1987). Elementos de cartografía. Omega.
  • Taylor, D.R.F. (1991). Geographic information systems: the microcomputer and modern cartography. In Modern Cartography Series, (1), 1-20.
  • Terry A Slocum. (1999). Thematic cartography and visualization. Upper Saddle River, N.J.
  • Velasco Tirado, A., Pastor Martín, C., Sevilla Sánchez, C., Rodríguez Cano,C.I. & Sánchez Fanjul, J. (2018). Visualizadores de cartografía temática colaborativa del Instituto Geográfico Nacional. Revista MAPPING, (27), 192.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu