Erroma

Italiako hiriburua

Artikulu hau Italiako hiriburuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Erroma (argipena)».

Erroma (italieraz: Roma; latinez: Rōma) Italiako hiriburua da, bai eta Erromako probintziakoa eta Lazio eskualdekoa ere. Italiar penintsularen erdialdean dago, Tiber ibaiaren ertzean, Tirreniar itsasotik 25 kilometrora. Italiako hiririk jendetsuena da; 2.864.676 biztanle zituen 2015eko irailean,[1] 1.287 kilometro koadroko eremuan.

Erroma
Roma
Italiako udalerria
Administrazioa
Herrialdea Italia
Eskualdea Lazio
Italiako hiri metropolitarraErromako hiri metropolitarra
AlkateaRoberto Gualtieri
Izen ofizialaRoma
Colonia Lucia Annia Commodiana
Jatorrizko izenaRoma
Posta kodea00118–00199
ISTAT kodea058091
Geografia
Koordenatuak41°53′35″N 12°28′58″E / 41.8931°N 12.4828°E / 41.8931; 12.4828
Map
Azalera1.287,36 km²
Altuera21 m
MugakideakAnguillara Sabazia, Ardea, Castel Gandolfo, Ciampino, Colonna, Fiumicino, Fonte Nuova, Formello, Grottaferrata, Mentana, Monte Porzio Catone, Monte Compatri, Monterotondo, Poli, Pomezia, Sacrofano, Trevignano Romano, Zagarolo, Albano Laziale, Campagnano di Roma, Castel San Pietro Romano, Frascati, Gallicano nel Lazio, Marino, Palestrina, Riano, Tivoli, Guidonia Montecelio eta San Gregorio da Sassola
Demografia
Biztanleria2.748.109 (2023ko urtarrilaren 1a)
2.618.109 (K.a. 550)/(K.a. 509)/(K.a. 150)/(2023)/(2018)/(2017)/(2015)/(2014)/(2011)/(2001)/(1991)/(1981)/(1971)/(1961)/(1951)/(1936)/(1931)/(1921)/(1911)/(1901)/(1881)/(1871)/(1861)/(1377 (egutegi gregorianoa))
Dentsitatea2.135 bizt/km²
Informazio gehigarria
SorreraK.a. 753ko apirilaren 21a eta K.a. 753ko apirilaren 21a
Telefono aurrizkia06
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuakParis, Krakovia, Johannesburg, Cincinnati, Duala, Marbella, Achacachi Municipality (en) Itzuli, Tokio, Sevilla, Benevento, Seul, Contrada della Lupa (en) Itzuli, Plovdiv, Kiev, Washington, Brasilia, Pekin eta Mexiko Hiria
Katastro kodeaH501
Sailkapen sismikoa2A3A3B  
MatrikulaRM
Hizkuntza ofizialaitaliera
comune.roma.it

Antzinako Erromaren garaian munduko boteregune nagusietakoa izana, ordutik dator hiriaren lema: Senatus Populusque Romanus (SPQR), hau da, Senatua eta Erromako Herritarrak. Erromaren barruan, Vatikano Hiria dago —ez da Italiako parte—, Erromatar Eliza Katolikoaren egoitza eta Aita santuaren bizilekua.

Historia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Erromako historia»

Antzinaroa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Erroma»

Elezaharraren arabera, Erroma Romulo eta Remo bikiek fundatu zuten, K.a. 753ko apirilaren 21ean, Tiber ibaia inguratzen duten zazpi muinoren arteko zabalgune batean. Zenbait arkeologoren arabera, berriz, K.a. VIII. mendean, hiria Palatino muinoan finkatutako abeltzain kolonietatik garatu zen.[2]

Hiriaren benetako antolamendua, ordea, etruriarren eskutik etorri zen K.a. VI. mendearen bigarren erdialdean. Etruriarrek egin zituzten Cloaca Maxima, Kapitolinoko tenplua eta zazpi muinoak inguratzen zituen harresia. Etruriarren luxuaren ondoren, estilo soilagoak nagusitu ziren Erromako arteetan eta ohituretan, Errepublikaren garaian (K.a. V. mendeaK.a. II. mendea). Patrizioen etxeak Palatinoko muinoan eraiki ziren eta Aventinora bildu ziren plebeioak. Kapitolioko muinoa zen hiriko gune nagusia; haren oinetan zabaltzen zen Forum edo herrigune nagusia. Bertan zeuden Forum Boarium («idien merkatua») eta Forum Holiturium («barazkien merkatua») izeneko azokak. Circus Maximus izeneko zirkua zen jolastoki nagusia. Harresitik kanpora zabaltzen zen Marteren Zelaia (Campus Martius), bilkura militar eta zibiletarako lekunea.

 
Koliseoa

Errepublikaren bukaeran (K.a. I. mendea), aldaketa handiak bideratu ziren hirian: lehen harrizko teatroa eraikiarazi zuen Ponpeiok (K.a. 52), Forum-a berritu zuen Zesarrek eta Agripak, Augustoren garaian Erromako gobernari nagusia izan zena (K.a. 33), ur hornidurarako azpiegitura berritu, iturri berriak antolatu, bainutegiak ugaritu eta Panteoia eraiki zuen. Augustoren garaian abiarazi zen erlijio berritzea indartzearren, tenplu ugari eraiki eta berritu zen Erroman: Apoloren tenplua, Palatinoan; Bakearen aldarea (Ara pacis augustae) eta Augustoren Mausoleoa. Augustoren ondorengo enperadoreek eraikuntza handiak jaso eta egokitze lan garrantzitsuak egin zituzten (Tiberio, Kaligula, Neron eta Domizianoren jauregiak; Forum-eko atontze lanak; garaipenari opaturiko monumentuak Tito, Septimio Severo, Trajano; Panteoi berria, Hadrianoren garaikoa eta Erromako lehen eraikuntza gangaduna; aurrerago, Sant'Angelo gaztelua bihurtu zen Hadrianoren mausoleoa).

Erromako inperioko monumentu aipagarriak dira anfiteatroak edo jolastokiak (Koliseoa da ezagunena), eta termak edo bainu-etxeak (Neron, Trajano, Karakala, Diokleziano eta Konstantinorenak). Dohan zen bi eraikuntza mota hauetarako sarrera. Erroma Europako mendebaldeko eta Mediterraneoko hiriburua zen eta milioi bat biztanle zuen Hadrianoren garaian (270). Aurelianok barbaroen erasoetatik babesteko eraikiarazi zuen harresia etruriarrena halako hiru aldiz zabalagoa zen. Bestalde, Klaudioren eta Trajanoren garaian sendotu ziren Ostia eta Portusko portuek ziurtatzen zuten erromatarren itsas merkataritza.

Kristauak beren hasierako urteetan egon ziren Erroman: epistola bat bidali zien San Paulok Erromako kristauei eta, tradizio kristau baten arabera, Erroman hil zituzten San Petri, bertako lehen apezpikua, eta San Paulo. II. mendetik aurrera hasi ziren kristauak beren hilerriak (katakonbak) antolatzen. Esetsaldi guztiengatik ere (Neron, Dezio, Valeriano, Maximiano), Erromako bazter eta giro guztietara zabaldu ziren kristauak eta erlijio nagusi bihurtu zen kristautasuna Konstantinoren garaian (313). Hiri kristau bihurtu zuen Erroma Konstantinok, eliza handiak eraikiarazi zituen bertan (San Joan Laterangoa, San Petri), baina Konstantinopla hautatu zuen inperioko hiri nagusitzat 324. urtean. Handik aurrera hasi zen Erromaren gainbehera.

Erdi Aroa

aldatu

Alarikok hartu zuen hiria 410ean, Atilaren erasopean egon zen 452an, Genserikok eta Rizimerok bipildu zuten 455ean eta 472an, ostrogodoen esku geratu zen 476an, eta 553. urtean Narses-ek , Bizantzioko jeneralak, beretu zuenean, ia ezdeusean zegoen Erroma: 100.000 biztanle baizik ez zen geratzen, jendea Marteren Zelaian eta Tiber ibaitik bestaldean, Trasteveren eta Vatikanon jarria zen bizitzen; aurreko eraikuntzak utziak ziren askotan, basilika eta eliza berriak zeuden (San Pedro in Vincoli, Santa Maria Nagusia), eta aita santuak ziren bertako agintari zibil eta erlijiozko nagusiak.

 
Karlomagnoren koroatzea, San Petri basilika zaharrean, 800eko abenduaren 25ean

451. urtean, Erromako apezpikua kristau elizako lehena izatea erabaki zuen Kalzedoniako kontzilioak. Gregorio Handiak (590604), eliza eta estatu gizon trebe zenak Italiako lurralde indartsuena batu eta osatu zuen. Laster hautsi zituen Erromak Bizantziar Inperioarekiko loturak eta Ravennako exarkerria desagertu ondoren (752), Elizaren Estatuak antolatu zituen Erromako hierarkia kristauak (756), lombardiarrei nagusitu zitzaizkien frankoen laguntzaz. 800. urtean sortu zen lehen inperio kristaua, Karlomagno, frankoen erregea, Erroman enperadore izendatu ondoren. Handik aurrera, hiru aginte nagusi bildu ziren Erromara: aita santuak eta Elizako hierarkia, Erroma eta Germaniako enperadoreak eta Erromako bertako familia aberatsak (pornokraziako patrizioak, Crescenti, Tusculum, Frangipani, Savelli, Pierleoni, Conti familiak).

1145. urtean, Erromako herria aita santuen aurka altxatu eta senatu bat antolatu zuen, Arnaldo Bresciakoaren zuzendaritzapean. Frederiko Bizargorri enperadoreak galarazi zuen herri higikunde hau, Arnaldo Bresciakoa eta beste buruzagi batzuk hil ondoren. Hiru alderdi horien arteko borrokez gainera, aurre egin behar izan zien kanpoko erasoei Erromako hiriak: arabiarrak (846) eta normandiarrak (1084). Inozentzio III.a (11981216) eta Bonifazio VIII.a (12941303) aita santuen garaian hiri oparoa bihurtu zen Erroma. XIV. mendean, ordea, Avignongo aita santuen auziak (1309), Cola di Rienzok aristokraziaren aurka egindako saioak, alferrekoak izan zirenak (13431354) eta eliza katolikoko zismak (13781417) neurri handi batean ahuldu zuten Erroma berriro. 1420. urtean, 35.000 biztanle baizik ez zituen hiriak.

Aro Modernoa

aldatu
 
San Pietro in Montorioko Tempietto-a, Pizkundeko arkitekturaren eredu bikaina

XV. mendean berritu zen Erroma: hiria berrantolatzeko agindua jaso zuen Bernardo Rossellino arkitektoak eta Sixto IV.aren garaian (14711484 urteak; Kapera Sixtinoa ospetsua eginarazi zuen eta Restaurator Urbis deitu zioten) arlo guztietako artista handiak bildu ziren Erromara. Alexandro VI.aren eta, batez ere, Julio II.aren garaian (15031513), Italiako hiri nagusi bihurtu zen Erroma eta Florentziaren lekua hartu zuen, Errenazimentuko hiri nagusi gisa. Rafael, Michelangelo eta ondorengo ikasleen eskutik, artearen hiria izan zen Erroma. Vatikanoko San Petri basilika egin zen urteetan, Italiako arkitekto handienek egin zuten lan Erroman (Bramante, Peruzzi, Michelangelo, Sangallo) eta bertan eraiki ziren Errenazimentuko eraikuntza ederrenak (Farnese jauregia, Villa Borghese, La Farnesina, Kapitolioko plaza). Giacomo della Porta, Il Vignola, Carlo Maderno, Francesco Borromini, Gian Lorenzo Bernini eta Carlo Fontana arkitektoen eskutik etorri ziren Erromako eraikuntza barrokoak (Gesùren, Piazza Navona, San Petriren plaza, Tritone eta Treviko fontana edo iturriak, Barberini, Montecitorio eta Quirinalgo jauregiak). Bide handiak urratu eta zabaldu ziren (via Giulia, via del Balbuino, Corso) eta Sixto V.aren garaian (15851590), aro modernoa arte gorde duen egitura izan zuen Erromak.

XVII. eta XVIII. mendeetan, kontraerreformako katolikoen hiriburua izan zen Erroma, eta baita arte eta musika hiri nagusia ere. 100.000 biztanle zituen XVIII. mendean.

Aro Garaikidea

aldatu

1798an, Frantziako Iraultzaren ondoren, oste frantsesak sartu ziren Erroman, eta Pio VI.a aita santuak ihes egin behar izan zuen. Pio VII.ak 1804an Napoleon Bonaparte enperadore izendatu zuen eta 1808an beretzat hartu zituen Frantziako Inperioak Elizaren Estatuak. Napoleonen ondoren, aita santuen eta Italiako liberalen eta nazionalisten arteko gatazka giroa berritu zen. 1848. urtean, errepublika ezarri zuten Erroman, baina urtebete geroago oste frantsesek aita santuari agintea itzuli zioten.

 
Italiar soldaduak Erromara sartzen, 1870eko irailaren 20an.

1870ean, Frantziako Napoleon III.a aginpidetik kanpo utzi zutenean, Erromarantz abiatu ziren italiar nazionalistak. Viktor Emanuel II.aren tropek hiria hartu zuten, Vatikanoko I. kontzilioak aita santuak hutsezinak direla onartzen ari zen une berean. Italiarrek Erroma izendatu zuten Italiako Erresumaren hiriburu; 200.000 lagun bizi ziren bertan, baina ez zuen behar bezalako azpiegiturarik.

XIX. mendearen bukaeran hiri plangintza bereziak abiarazi ziren, eta 1922. urtean Erroma handi berri bat eraikitzen hasi zen Mussolini. 1929ko itunaren arabera (Letrango hitzarmena), Vatikanoko Hiriko Estatua sortu zen. Mussolinik gobernari berezi bat hautatu zuen Erromarako eta lan handiak egin zituen: Agro Romano edo Erromako etxaldeen egokitzapena; Stazione Termini geltokiaren eraikuntza; Esposizione Universale di Roma eta etorkinak jasoko zituen hainbat borgate edo aldiriren antolamendua. Era horretan, 1936an 1.150.589 biztanle izatera iritsi zen.

Bigarren Mundu Gerran Italiako jende askok hartu zuen babesa Erroman. 1943ko irailean, italiarrek eta Aliatuek armistizioa izenpetu ondoren, alemaniarrak sartu ziren Erroman eta aliatuen bonbardaketak jasan behar izan zituzten erromatarrek, 1944eko ekainean aliatuek hiria hartu zuten arte. Gerra amaituta, 1946an, erreferendum baten bidez, Italiako Errepublika aldarrikatu zen, Erroma hiriburua zela. Ondoko urteetan, ahalegin bereziak egin ziren hiri berreraikitzeko, eta Italiako mirari ekonomikoaren isla nagusietakoa izan zen. 1957an, bertan sinatu ziren Mendebaldeko Europako Ekonomia Elkarterako lehen erabakiak; 1960an, Olinpiar Jokoen egoitza izan zen, eta 1962-1965 bitartean, katoliko guztien hiriburu bihurtu zuen Vatikanoko II. kontzilioak. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, modan jarri zen, la dolce vita («bizitza goxoa») delakoaren garaia izan baitzen.

Biztanle gehien 1980ko hamarkadaren erdian izan zuen Erromak, 2.800.000ra iritsita. Hortik aurrera, populazioak emeki emeki aldendu zen hiriburutik aldameneko hirietara joateko. Izan ere, jendeak somatu zuen bizi-kalitateak behera egin zuela, eten gabeko trafiko-ilarak edo kutsadura zirela medio.

Geografia

aldatu

Erromako hiria zazpi muino ospetsuren babesean sortu eta hazi zen: Aventino, Eskilino, Kapitolino, Kirinal, Palatino, Viminal eta Zelio. Tiber ibaia igarotzen da mendebaldetik eta haren eskuinaldean hedatu zen nagusiki hirialdea.

Mugakideak

aldatu

Erromak honako udalerri hauekin egiten du muga:

Köppen klima sailkapenaren arabera, Erromak klima mediterraneoa du, Csa; negua hotza eta hezea izaten da, eta uda beroa eta lehorra.

      Datu klimatikoak (Erroma-Fiumicino aireportua, 1971–2000)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 11.9 13.0 15.2 17.7 22.8 26.9 30.3 30.6 26.5 21.4 15.9 12.6 20.4
Batez besteko tenperatura (ºC) 7.5 8.2 10.2 12.6 17.2 21.1 24.1 24.5 20.8 16.4 11.4 8.4 15.2
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 3.1 3.5 5.2 7.5 11.6 15.3 18.0 18.3 15.2 11.3 6.9 4.2 10.0
Pilatutako prezipitazioa (mm) 66.9 73.3 57.8 80.5 52.8 34.0 19.2 36.8 73.3 113.3 115.4 81.0 804.3
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 7.0 7.6 7.6 9.2 6.2 4.3 2.1 3.3 6.2 8.2 9.7 8.0 79.4
Eguzki orduak 120.9 132.8 167.4 201.0 263.5 285.0 331.7 297.6 237.0 195.3 129.0 111.6 2472.8
Iturria: Servizio Meteorologico,[3] eguzki orduen datuak[4]

Auzoak

aldatu
 
Municipio-en mapa
 
1. municipio-koRioni-en mapa

Erroma 15 municipiok osatzen dute. Lehenengo municipioan kokatzen da Erroma historikoa, 22 rione izeneko auzotan banatzen dena. Hionetaz gain badira hogeita hamabost quartieri (horietako hiru itsasertzean, Ostian eta Castel Fusanon), berriagoak; sei suburbi edo erabat urbanizatu gabe dauden aldiriak eta Agro Romano, Mussoliniren garaian paduretan antolatu zen Erromako baserri aldea.

Municipioak

aldatu

1972an hiriaren botere eremua deszentralizatu nahian 20 municipio eratu ziren. Bakoitzak bere gobernadorea eta lau kideko kontseilua ditu, bost urtean behin auzotarrek hauteskundetan aukeratuak. 1992an Fiumicino banatu egin zen, erreferendumean hala erabakita. Azken birrantolaketa 2013an izan zen, mugak aldatu eta 15 municipio eratu zirenean.

Rioniak

aldatu

Hona hemen I municipioa osatzen duten rionien zerrenda:

Zenbakia Izena
R. I Monti
R. II Trevi
R. III Colonna
R. IV Campo Marzio
R. V Ponte
R. VI Parione
R. VII Regola
R. VIII Sant'Eustachio
R. IX Pigna
R. X Campitelli
R. XI Sant'Angelo
R. XII Ripa
R. XIII Trastevere
R. XIV Borgo
R. XV Esquilino
R. XVI Ludovisi
R. XVII Sallustiano
R. XVIII Castro Pretorio
R. XIX Celio
R. XX Testaccio
R. XXI San Saba
R. XXII Prati

Ondarea

aldatu
 
Koliseoa eta Konstantinoren arkua.

Hirialde zaharra

aldatu
 
Kapitolioko plaza (Piazza di Campidoglio).
 
Sant'Angelo gaztelua.

Kapitolinoko hego eta hego-ekialdean antzinako hiria dago. Bertan foroak, Koliseoa, Trajanoren parkea, Urrezko etxea, Martzeloren antzokia, Palatinoko monumentuak, Zirku Nagusia eta Karakalaren bainu-etxeak daude. Kapitolinoan Erromako udaletxea dago eta bertatik abiatzen da Michelangelok marraztu zuen Kapitolioko plaza (Piazza di Campidoglio). Haren ondoren hedatzen da Veneziako plaza (Piazza Venezia), Erromako bideak egun biltzen dituen gune nagusia.

Kapitolinoaren mendebaldean dago, Tiber ibaiak inguraturik, Marteren Zelai zaharra (Campus Martius), antzinako Erroman eraiki ziren Panteoi eta tenpluak, eta Errenazimentu garaian jaso ziren eraikuntza ederrak (Farnesetarren jauregia, Medicien jauregia Senatua, Navona enparantza, Gesùren eliza). Kapitolinoaren iparraldean zabaltzen dira Errenazimentuaren ondorengo auzo burgesak (banketxe eta prentsa idatziaren auzoa gaur egun); ipar-mendebaldean, via Vittorio Veneto izeneko hiribidea dago, luxuzko hotelak eta saltokiak direla nagusi. Ekialdean, via Nazionale hiribidea dago eta haren inguruan hedatzen da administrazioaren auzoa (lehendakariaren jauregia, Quirinalen; Italiako Kontseilu Nagusiaren egoitza, ministerioen egoitzak). Via Nazionalearen bukaeran daude piazza Esedra, Dioklezianoren bainu-etxeak, Stazione Termini (Erromako geltoki nagusia) eta Santa Maria Nagusia basilika.

Kanporago dago Letrango auzoa (Done Joan Laterangoaren basilika, Erromako katedrala). Tiber ibaiaz bestaldera hedatzen da Trastevere auzoa, Erdi Aroko juduen eta atzerritarren auzoa. Iparraldean dago Borgo izeneko auzo zaharra (Sant'Angelo gaztelua dago bertan), eta handik abiatzen da via della Constelazione, San Petri basilika eta Vatikano Hiriraino doan hiribidea.

Erromako Borgoren iparraldean hedatzen da Prati izeneko auzo aberatsa. Honaino hedaturik zegoen antzinako Erroma, 1870 arte Aurelianoren garaiko harresiek inguratu zutena. Bertatik abiatzen ziren Erromatik kanporako bideak eta han ireki ziren katakonbak, lehen kristauen lurpeko hilerriak (Santa Priszilako katakonbak, via Salaria; Santa Ineseko katakonbak, via Nomentana; San Kalistoko katakonbak, via Appia antica).

Munduko hiriburu zahar guztien antzera, gero eta bizilagun gutxiago du Erromako hirigune zaharrak (22 rioni izeneko auzoek) eta administrazio, merkataritza eta zerbitzuetarako gune bihurtu da azkenaldi honetan.

Auzo berriak

aldatu
 
Villa Doria-Pamphili.

Gero eta biztanle gehiago bizi da Erromako quartieri edo auzo berrietan (2 milioi biztanletik gora). Bertara jo dute inguruko lurraldeetatik eta, batez ere, Italiako hegoaldetik joandako milaka etorkinek. Berdegune zabalak (Villa Borghese, Villa Savoia, Monte Mario), lorategiak (Janiculoko lorategiak, Villa Doria-Pamphili) eta kirolaldeak (Campo della Farnesina) daude hirialde horretan.

Guztiz aipagarria da, auzo berri horien artean, Esposizione Universale di Roma (E.U.R) delakoari dagokiona. 1938an hasi ziren eraikitzen, 1942an egin ez zen erakustaldi handi baterako. Administrazio mailako autonomia berezi batez hornitu zuen Mussolinik (gaurko egunean ere indarrean dirau autonomia erregimen horrek) eta, gerra ondoren bukatu eta gero, etxebizitza eta eraikuntza publikoez gainera, kultura (Erromako Zibilizazioaren Museoa), merkataritza (Erromako Feria), industria eta kirol (bertan egin ziren 1960. urtean 1960ko Udako Olinpiar Jokoak) eraikuntza handiak egin dira auzo horretan. Metro edo lurpeko burdinbide batek lotzen du E.U.R. auzoa Stazione Termini geltokiarekin.

Ekonomia

aldatu
 
E.U.R. finantzagunea.

Erroma antzinako munduko hiri nagusia eta mundu kristaueko hiriburu espirituala izan zen. Mendeetan zehar kanpotik ekarritakoez hornitu zen nagusiki. 1870. urtean, Italiako hiriburu bihurtu zenean, ez zuen industriarik. 2013an, 1,7 milioi bat langileetatik, % 84 zerbitzuen sektorean aritzen zen (% 19 – merkataritza eta ostalaritzan), % 8,5 – industrian (eraikuntza mekanikoa eta elektromekanikoa, papergintza, liburugintza, ehungintza, janari industria, kimika industria eta petrolio findegia), eta % 6,4 – eraikuntzan.[5]

Garrantzitsua da zinemaren inguruko industria (Cinecittá izeneko estudio eta laborategiak) eta munta handiko turismoa da Erromakoa (3 milioi bisitari urtean). FAO (Food and agriculture organization), Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzako Erakundearen egoitza hiria da Erroma, 1945. urteaz geroztik.

Kultura

aldatu

Arkeologiaz eta arte oroitarriez gainera, Erromako museo eta galerietan munduko arte bilduma garrantzitsuenetakoak daude erakusgai (Vatikanoko museoa, villa Borghese, Galeria nazionala, Erromako museo nazionala, villa Giulia, Kapitolioko museoa).

Liburutegi garrantzitsuak daude (Liburutegi nazionala eta Vatikanokoa), unibertsitate eta irakaskuntza erakundeak (Erromako Unibertsitatea, Unibertsitate Gregorianoa, Letrango Ateneoa) eta Teatro dell'Opera di Roma opera antzokia.

Kirolak

aldatu

Futbolean SS Lazio eta AS Roma taldeak nabarmentzen dira, eta Virtus Roma saskibaloian.

Hedabideak

aldatu

Garraioa

aldatu

Erromako metroak 60 km-ko luzera zuen 2015ean, hiru lineatan banaturik;[6] zabaltzeko lanak oso zailak dira, lurpean arkeologia aberastasun handiak baitaude. Erromako kanpoaldean, autobide batek (Asse atrezzato) hiri guztia inguratzen du, gune historikoa eroso saihestu ahal izateko. Burdinbide sarean, Stazione Termini geltoki nagusiak eta beste bigarren mailako sei geltokik Italia osorako zerbitzuak bideratzen dituzte. Bi aireportu ditu hiriak: Erroma-Fiumicino nazioartekoa eta Ciampino.

Erromatar ospetsuak

aldatu

Herri eta hiri senidetuak

aldatu

Erroma ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Erreferentziak

aldatu
  1. Bilancio demografico anno 2015 (dati provvisori).Comune: Roma. demo.istat.it (Noiz kontsultatua: 2016-01-09).
  2. Wilford, John Nobel. More Clues in the Legend (or Is It Fact?) of Romulus. New York Times, nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2016-01-26).
  3. Tabelle climatiche 1971–2000 della stazione meteorologica di Roma-Ciampino Ponente dall'Atlante Climatico 1971–2000 – Servizio Meteorologico dell'Aeronautica Militare
  4. Visualizzazione tabella CLINO della stazione / CLINO Averages Listed for the station Roma Ciampino. clima.meteoam.it (Noiz kontsultatua: 2011-06-13).
  5. Rapporto Annuale 2013-2014. provincia.roma.it (Noiz kontsultatua: 2016-01-28).
  6. Prossima fermata Lodi, la metro C di Roma si avvicina al centro. ilpendolaremagazine.it (Noiz kontsultatua: 2016-01-28).
  7. (Gaztelaniaz) Portal web del Ayuntamiento de Madrid. (Noiz kontsultatua: 2018-08-09).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu