Edukira joan

Usteltze

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ustelketa» orritik birbideratua)
Katu baten gorpua usteltze prozesuan

Usteltzea edo usteldura[1] aztertzen duen zientzia grezierazko taphos hitzetik datorren tafonomiari dagokio, oro har, ehorzketa esan nahi baitu. Deskonposizioa prozesu arrunta da biologian eta kimikan.

Biologian, organismo bizi baten gorputza materia forma sinpleagoetara murrizteari egiten dio erreferentzia deskonposizio terminoak. Prozesua funtsezkoa da bioma batean dagoen materia finitua birziklatzeko. Ez dago modu berean deskonposatzen den organismorik, baina guztiek dituzte deskonposizio-etapa sekuentzial berberak. Deskonposizio abiotiko eta biotikoa (biodegradazioa) bereiz daitezke. Lehenengoak «substantzia bat prozesu fisiko edo kimikoaren bidez degradatzea» esan nahi du; adibidez: hidrolisia. Bigarrenak, aldiz, «organismo biziek burututako materialen haustura metabolikoa osagai sinpleagoetara degradatzea».

Gai organikoak deskonposatzen direnean, dituzten proteinak mikrobio anaerobio batzuek degradatzen dituzte. Proteinak aminoazidoetan hidrolizatzen dira lehen, eta aipaturiko mikrobio horiek aminoazidoak deskarboxilatzen dituzte eta, horren ondorioz, aminak sortzen dira. Amina horiek (kadaberina, putreszina, eskatola...) usain txarreko molekulak dira, eta usteltze prozesuen ohiko kiratsa eragiten dute.

Aminoazidoa → Amina + CO 2

Bakterio anaerobioak dira ustelketa prozesuetan parte hartzen dutenak (Clostridium generokoak, batik bat).

Kimikan, berriz, molekulez edo ioiez osatutako substantzien hausturari esaten zaio deskonposizioa. Prozesu horren ondorioz, molekula txikiagoz edo oinarrizko substantziaz osatutako beste substantzia batzuk eratzen dira (atomo mota bakar batez osatutakoak, esaterako, oxigenoa). Hainbat faktorek eragin dezakete deskonposizioa, hala nola, tenperaturak (termoanalisia), elektrizitateak (elektrolisia), erradiazio elektromagnetikoak (fotolisia) edo beste substantzia kimiko batzuek (azidoak, oxidatzaileak eta abar), eta, kasu batzuetan, katalizatzaile baten presentziak erreakzioa azkartu dezake.

Deskonposizioaren eragileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikroskopikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakterioak eta mikroorganismo eraginkorrak deritzen beste mikroorganismo batzuk dira deskonposizioaren eragile nagusiak. Horietaz gain, onddoak, bakterioak eta aktinobakterioak ere deskonposizioaren beste eragile garrantzitsu batzuk dira[2].

Makroskopikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maila makroskopikoan lur-zizareak, inurriak, barraskiloak, bareak zein milazangoak aurkitu ditzakegu materia organikoa kontsumitu eta degradatzen[3].

Deskonposizio prozesua gertatzen den ingurunean organismo deskonposatzaileak aurkitzeaz gain, organismo horietaz elikatzen diren beste hainbat bizidun ere aurkitu daitezke.

Deskonposizio motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia deskonposizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalien deskonposizioa gizakiarenaren antzekoa da, baina espezie-sorta handia dela eta, espezie bakoitzak bere ezaugarrien arabera deskonposizio mota desberdin bat du. Historikoki, organismo bizi baten deskonposizio-prozesua lau etapatan deskribatu izan da: autolisia, usteltzea, ahultzea eta lehortzea (diagenesia).

Deskonposizioa heriotzaren unean hasten da, bi faktorek eraginda: autolisia, norberaren gorputzeko entzimekin ehunen haustura, eta, usteltzea, ehunen haustura bakterioen bidez. Deskonposizio hori bi zatitan sinplifika daiteke: lehena, gasen ekoizpena da, eta bigarrena, fluidoen sorrera eta hildako animaliaren deskonposizioa. Prozesu horiek gasak askatzen dituzte.

Deskonposatzaile gehienak bakterioak eta onddoak dira, baina sarraskijaleek ere zeregin garrantzitsua dute deskonposizioan. Prozesuan parte hartzen duten intsektu garrantzitsuenak Sarcophagidae eta Calliphoridae euliak dira. Horietaz gain, sarraskijale handiagoak, besteak beste, koioteak, txakurrak, otsoak, azeriak, arratoiak eta saguak ere deskonposizioan parte hartzen dute, eta animalia horietako batzuek hezurrak mugitu eta sakabanatzen dituzte.

Deskonposatzaileek hildako gorpura iristeko duten gaitasunaren araberakoa da deskonposizio-abiadura. Izan ere, oztopo fisikoak daudenean (urperatutako, lurperatutako edo konfinatutako gorpuak, esaterako), deskonposizioa nabarmen mantsotu daiteke. Urpeko gorpuei dagokienez, beraien bizi zikloa burutzeko ingurune akuatikoa behar duten intsektu heldugabeek kolonizatzen dituzte (adibidez, Chironomidae)[4].

Landare deskonposizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare baten deskonposizioa hurrengo etapetan bereizten da. Hasieran, ura galtzen hasten da eta prozesu horretan askatzen da karbono disolbagarri kantitate handiena. Horretaz aparte, landarearen haustura fisikoa edo zatiketa gertatzen da, mikrobioen kolonizazioa dela eta. Ondoren, landarearen hondarrak (zelulosa, hemizelulosa, produktu mikrobiarrak eta lignina) mikrobioen mende egongo dira, eta horietako osagai mota bakoitza eremu desberdin batean deskonposatuko da, egitura kimikoaren arabera.

Beroak zehazten du landarearen usteltzearen azkartasuna, eta deskonposizioa nabarmen handitzen da; esate baterako, landare bat giro tenperaturan balego, denbora laburrean deskonposatuko litzateke.

Deskonposizioaren etapa desberdinak erabilgarriak izan daitezke jarduera desberdinetarako. Horietako bat konposta da.

Konpostajearen ondorioz sortutako ongarria da konposta, materia organikoaren deskonposizio maila ertaina. Materia organikoa ere ongarri ona da, berez; humusa, berriz, deskonposizio mailarik gorena da.

Materia organikoa deskonposizio aerobioz eta deskonposizio anaerobioz bihur daiteke konpost, baina ziklo aerobioz deskonposatzen den materia organikoari bakarrik esaten diogu konpostajea. Deskonposizio aerobioa gertatzeko, airean oxigeno asko egon behar da; deskonposizio anaerobioa gertatzeko (metanizazio ere esaten zaio), aldiz, oso oxigeno gutxi edo batere ez.

Konposta egiteko materia organikoa ez da usteldu behar. Horretarako, uraren urritasuna bermatu behar da; izan ere, urak materia oxigenatzen uzten ez duenez, bakteria anaerobioak ugaldu egiten dira. Ondorioz, hondakin organikoa usteldu eta kirastu egiten da. Hala ere, zenbait prozesu industrialek usteltze prozesua erabiltzen dute konposta lortzeko.

Konposta nekazaritzan eta lorezaintzan erabiltzen da, ongarri modura. Gainera, beste zenbait gauzatarako ere erabiltzen da, besteak beste, paisaia-pinturetarako, erosioa kontrolatzeko edo erretako lurrak berreskuratzeko.

Probetxu handikoa izateaz gain, konposta bide ona da hiri handiek eta nekazaritza eta abeltzaintza esplotazioek sortzen duten hondakin organikoen arazoa konpontzeko. Egokia da, beste tratamendu teknologiko batzuekin alderatuta; izan ere, tratamendu horiek askotan ez dituzte zaintzen baliabide naturalak eta ingurunea eta, gainera, oso garestiak izaten dira.

Konpostaren osagaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora pasa ahala, edozein material biodegradagarri bihur daiteke konpost. Hala ere, material guztiak ez dira egokiak eskala txikiko konpostajea egiteko. Materialaz gain, konposta egiterako orduan kontuan izan beharreko beste aldagai bat tenperatura da. Izan ere, materialek ez badute patogenoak hiltzeko tenperatura egokia hartzen, izurriteak etor daitezke. Horregatik, simaurra, zaborra eta animalien gorputzak eraginkortasun handiko instalazio berezi batzuetan tratatu behar dira. Instalazio berezi horiek sistema aurreratuak dituzte material organiko konplexuak tratatzeko. Metodo bera erabiltzen da petrolioaren hidrokarburoak eta beste material toxiko batzuk degradatzeko eta birziklatzeko. Erabilera horiei bioerremediazio ematen zaien izena.

Konpostaje azkarra baldintza berezi batzuetan gertatzen da. Materia lehortzen ari den bitartean, karbonoaren eta nitrogenoaren arteko erlazioa 25/1ekoa edo 30/1ekoa izan behar da; hau da, gutxi gorabehera 25 edo 30 aldiz karbono gehiago egon behar du nitrogeno baino. Era berean, beharrezkoa da zelulosa egotea, bakterioek energia lortzeko, eta, gainera, proteinak egotea bakterioak garatzeko. Gantz asko duten jakiak, berriz, hau da, haragia, arrautzak, esnekiak eta abar, ez dira onak etxeko konposta egiteko, intsektuak eta beste animalia batzuk erakartzen baitituzte. Hala ere, arrautza oskola kaltzio iturri ona da lurrerako, baina egosita ez badago, urtebete baino gehiago egon daiteke deskonposatu arte.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Usteltze («usteltze». Euskaltzaindiaren Hiztegia. ) eta usteldura («usteldura». Euskaltzaindiaren Hiztegia. ) ageri dira Euskal Hiztegian. Ustelketa ez da ageri.
  2. Comando Suluda, António Inácio. Optimación del compostaje de residuos sólidos urbanos en proceso de serie anaerobio-aerobio. Universidad Politecnica de Madrid - University Library (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  3. Los aliados del compostaje. Red de huertos escolares sostenibles.
  4. (Ingelesez) González Medina, Alejandro; Soriano Hernando, Óscar; Jiménez Ríos, Gilberto. (2015-05). «The Use of the Developmental Rate of the Aquatic Midge Chironomus riparius (Diptera, Chironomidae) in the Assessment of the Postsubmersion Interval» Journal of Forensic Sciences 60 (3): 822–826.  doi:10.1111/1556-4029.12707. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]