Lehengaiak energia edo beste edozein produktu ekoizteko naturatik ateratzen diren gai edo materialak dira.
Naturatik lehengaiak ateratzen dituzten jarduera ekonomikoak ekonomiaren lehen sektorean biltzen dira. Jarduera horiek, bereziki, nekazaritza, arrantza, basogintza eta meatzaritza dira. Lehengaiak oso loturik daude Bigarren sektorearekin ere, baina, kasu honetan, bigarren sektorean biltzen diren jarduerek lehengai horiek eraldatzen eta haietatik era guztietako produktuak ekoizten dituzte. Produktu horiek bi eratakoak izaten dira:
- Landuak: kontsumitzeko prest daudenak (arropa, altzariak, autoak, ordenagailuak...).
- Erdi-landuak: produktu landuak egiteko erabiltzen diren bitarteko produktuak (altzairua, aluminioa, plastikoa, erregaiak...).
Lehengai motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorriaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru lehengai mota bereiz ditzakegu, haien jatorriaren arabera:
- Animalietatik eratorriak: adibidez, larrua, esnea eta artilea.
- Landareetatik eratorriak: adibidez, egurra eta kotoia.
- Mineraletatik eratorriak: adibidez, petrolioa, harria eta ikatza.
Sortzeko moduaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berritzeko edo birsortzeko duten aukeraren arabera ere bereizten dira lehengaiak:
- Lehengai berriztagarriak: erabili arren, berriztatu egin daitezkeenak, behar bezala zainduz gero. Adibidez, zura lortzeko, baso bateko zuhaitzak ebakitzen dira. Zuhaitz berriak landatzen ez baditugu, uneren batean basoko zuhaitz guztiak agortuko zaizkigu; aldiz, zuhaitz berriak landatzen baditugu, zur gehiago lortu ahal izango dugu.
- Lehengai berriztaezinak: erabiltzen ditugun neurrian agortzen direnak eta berriztatu ezin daitezkeenak. Adibidez, munduan dagoen petrolio kopurua mugatua da eta ezin da petrolio berria sortu; egunen batean agortu egingo da betiko. Horregatik, lehia ekonomiko eta politiko handia dago horietaz jabetzeko eta ustiatzeko. Garrantzitsua da horrelako lehengaiak modu neurritsuan erabiltzea eta hurrengo belaunaldiengan ere pentsatzea.
Lehengai berrerabilgarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestalde, lehengai batzuetatik ateratzen ditugun produktu asko berrerabilgarriak ere izan daitezke, birziklatu egin daitezke. Adibidez, papera egiteko behar den lehengaia zura da; baina papera erabiltzen dugunean, kasu askotan paper hori berrerabili egin daiteke edota birziklatu lehengai modura paper berria egiteko, zura erabili beharrean. Gauza berbera egi daiteke beste hainbat produkturekin, hala nola, beira, metala, etab.