Trinidad Urtasun
Trinidad Urtasun | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Irurita, 1894ko apirilaren 24a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Mezkiritz, 1978ko uztailaren 29a (84 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Perpetua Saragueta |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | okina eta bertsolaria |
Trinidad Urtasun Martoret, izengoitiz Trini (Irurita, 1894ko apirilaren 24a - Mezkiritz, 1978ko uztailaren 29a) nafar bertsolari eta okina izan zen, Perpetua Saragueta idazlearen senarra.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Trinidad Urtasun Baztanen jaio zen, Irurita herriko Beltranea etxean hain zuzen, 1894ko apirilaren 24an. Okina lanbidez, labean egiten zuen lanaz gain, herri eta baserrietan ogia banatzen ere aritzen zen. Mutilzahar bihurtzeko bidean zelarik, Perpetua Saragueta euskal idazlea ezagutu zuen; Perpetua mezkiriztarra zen, baina Arizkungo Bozatera joana zen lanera, ostatu modukoa zuen izeba baten etxera. Perpetuak berak idatzirik utzi zuenaren arabera, deusek ez zuen pentsarazten elkartuko zirenik:[2]
« | Ez nue batre aderretsi lemexien; etze deusere nere gogokoa. Amar egunen buruan etorri ze ogiaikin eta erran zire izan nai zuela nik izen bear nituen ume guzien aita eta alako gauza anitz. Irri egin eta utzi nue. Oraño ez zue deus erdietsi. Ola juan zen eta ilabete bat, gutiz gora bera, egontze etortzeko eta ni ez nitze oroitu beraz deus ere. Beti gauza berekin eta ni ain otz.[1] | » |
Trinik, ordea, ez zuen amore eman, eta elkarrekin ateratzen hasi ziren. Perpetuaren amari Txirritaren bertso hauen bidez adierazi zion haren alabarekin ezkondu nahi zuela:[2]
« |
Bagindazin, bagindazin |
» |
Beraz, 1931ko uztailaren 22an esposatu ziren, Mezkiritzen. Ezkondu eta gero, Perpetua senarraren familiako okindegian hasi zen lanean, ogia banatzen. Biak abertzaleak, Gerra Zibilean Trinik arazoak izan zituen. Honela kontatu zuen haren emazteak:[2]
« | Bein batez Erratzun aigine ogi saltzen. Iru gizonek gelditu zigute, eta galdetu zakote nere senarrai: "Zu zera Trinidad Urtasun?" Bai jauna, ala naiz. "Zu zera nazionalista?" (dena erdaraz). "Bai jauna, ala naiz". "Eta zuk zer uste duzu orrekin?" "Joño! Amar al nación!".[1] | » |
Beste aldi batez, Mezkiritzen zegoelarik, Eugiko guardia zibilak etorri zitzaizkion bila, herriko falangista bat buru zutela. Sekulako zafraldia eman ondoren, kanpora atera zuten autoan eramateko. Trinidadek apaiza galdegin zuen, eta hark galarazi zuen inora eraman zezaten. Egun hartan Iruñean zegoen Perpetuak erbaldurik aurkitu zuen gizona etxera itzuli zelarik, baina pozik, hala ere, bizirik zegoelako. Harrezkero, Trini ez zen erabat oneratu, lanerako gauza ez zela gelditu zen. 1944an Iruñera joan ziren bizitzera, eta han hazi zituzten beren sei alabak.[3]
1978ko uztailaren 29an hil zen Trinidad Urtasun, emaztearen sorterrian, laurogeita lau urte zituela. Hondar urteetan, nekaturik egon arren, ez omen zuen umore ona galdu. Honela galde egiten zioten: "Zer ari zera Trini?", eta berak erantzun: "Hemen, ezin bizi eta ezin fini".[2]
Bertsolaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Trini etorri handiko eta zirikada zorrotzeko bertsolaria izan zen gaztetan, emaztearen arabera behin hirurogeita lau bertso bota baitzituen segidan. Dena den, ekoiztu zuen gehiena galdu dela dirudi. Izan ere, Jose Mari Satrustegi euskaltzainaren erranetan, emazteak hainbat lan suntsitu zituen, neska batzuen aldera begirune gutxi agertzen zutelakoan. Perpetuak berak bere oroitzapenetan datu hau oroitarazi zuen: "Nahi zinuke zure alabendako norbaitek ori egitea? Erre egin nitiie. Nik ez nue maite alako gauzaik eta ez nue utzi ere olakoik egitera. "[2][1]
Antonio Zavalak haren sei bertso-sorta jaso zituen Bidasoa aldeko bost bertsolari liburuan:[4]
- Kantu-lanian edo bertsotan...
- Atsoteneko bertsoak
- Apezaren usoak
- Etxe bateko kontuak
- Neskazar bati
- Ez bele ta ez miru
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Saragueta, Perpetua. Trinidad Urtasun, Bertsolaria (1894-1978). Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, ISSN 0046-435X, 11. urtea, 32. zenbakia, 1979, 333-338. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2020-8-22).
- ↑ a b c d e Urtasun, Erlantz. Idazlearen eta okinaren besarkada Arizkunen. Argia astekaria, 1999ko urriak 3, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-23).
- ↑ Satrustegi, Jose Mari. Perpetua Saragueta (1905-1986). Bidegileak, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, euskomedia.org (Noiz kontsultatua: 2020-8-23).
- ↑ Zavala, Antonio. Bidasoa aldeko bost bertsolari. Auspoa liburutegia, 97, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-23).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Trinidad Urtasun Martoret, BDB Bertsolaritzaren datu-basea, bdb.bertsozale.eus