Tintoleta
Tintoleta | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Chondrichthyes |
Ordena | Carcharhiniformes |
Familia | Carcharhinidae |
Generoa | Prionace (en) |
Espeziea | Prionace glauca (Linnaeus, 1758)
|
Banaketa mapa | |
Tintoleta (Prionace glauca) edo marrazo urdina ozeano guztietan hedatzen den ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Carcharhinidae familiakoa. Izen horrez gain, marrazo urdina ere esaten zaio, haren kolore urdinxkagatik.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marrazo espezie ertain eta indartsua da, oso jatuna, gorputza luzarana eta urdina duena.
Bere batezbesteko tamaina heldua 2,5 metro luzerakoa eta 80 kg pisu ingurukoa da, dena den 4 metro luze izatera irits daiteke, 100 kg pasata.
Begi handiak ditu eta Carcharhiniformes marrazo ordeneko espezie guztiek bezalaxe bere begiak babesten dituen mintz niktitante bat dute, borroka edo ehiza egiten dutenean begia estaltzeko darabilten betazal erdigarden antzeko bat. 5 zakatz-arku pare ditu, bizkar-hegats, bular-hegats, uzki-hegats pare bana eta isats-hegats bat. Bular-hegatsak luzeak eta bigunak dira eta isats-hegatsak goiko lobulu luzeagoa du.
Sabelaldea zuria dauka eta gainontzeko gorputz osoa metal-urdin kolorekoa da, honek kamuflaje gaitasun handia ematen dio itsasoaren hondotik zein itsas azaleratik begiratuta.
Hortzak zerra-formakoak eta triangeluarrak ditu, goiko aldekoak beheko hortzak baino zabalagoak.
Mutur luzeko marrazoa da baina honek ez dio eragozpenik sortzen hozka egiteko orduan, hozka egitean masailezurra aurreratzen du, burua altxatzeko beharrik gabe arazo barik hozka egiteko gai izanik.
- Gorputz nahiko luzarana eta fusiformea du.
- Mutur luze eta konikoa du.
- Lehenengo bizkar-hegatsa gorputzaren erdialdean dauka eta bigarrena zein uzki-hegatsa nahiko txikiak ditu.
- Bular-hegatsak luzeak, estuak eta apur bat igitai formakoak dira.
- 5 zakatz-arku pare ditu, azken parea bular-hegatsen gainean kokaturik duela.
- Kolore metal-urdinekoa da gorputz osoa sabelalde zuria izan ezik, hegatsen puntak ilunagoak dira.
- 4 metro luze izatera irits daiteke tamaina maximoan.
-
Goiko hortzak
-
Beheko hortzak
-
Masailezurra
-
Marrazo urdinaren begia
-
Gorputz luzarana eta mutur luzea
Abiadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marrazoetan hirugarren bizkorrena da, soilik marrazo muturluzearen eta marrazo muturmotzaren atzetik kokatzen delarik. 70 km/h-ko abiadura gaindi dezake tarte laburretan. Azelerazio eta desazelerazio azkarrak gauzatzeko gai da. Hau dena posible da bere gorputz hidrodonamikoari esker, torpedo mehe ala gezi itxurakoa da bere gorputza, abiadura hartzeko oso lagungarria.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrainak jaten ditu batez ere, besteak beste, berdela, sardinzarra, mero zuria, txitxarro ezberdinak, hegaluzea, gadido ezberdinak, txipiroi ezberdinak eta itsas hegaztiak.
Normalean bikotean edo talde txikian ehizatzen du arrain sardak banatu eta hobeto harrapatzeko. Distantzia handiak egiten ditu sarda arrainen atzetik, 5.500 km egin ditzake arazo barik sarda arrain onak harrapatu ahal izateko.
Marrazo bizkorra da eta bere harrapakinak abiadura bizian atzemateko gai da.
Zentzumenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]7 zentzumen zorrotzez baliatzen da. Nahiko orekatuta dago zentzumen guztietan, ez du inolako gabeziarik.
Ikusmena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Begi handiak ditu eta begiek garrantzi erabakiorra dute itsas zabalean balizko harrapakin bat antzeman eta harrapatzeko. Ikusmen onaz baliatzen diren marrazo guztiekin gertatzen den bezala, tintoletaren begiak ere ur azpian ahalik eta argi gehien hartzeko egokituak daude.
Usaimena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mutur luzeko marrazo honek usaimenaren zentzumena ederki baino hobeto erabiltzen du, odol edo bestelako jarioen molekula txikiak distantzia handira usaintzeko gai da.
Dastamena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zentzumen hau ere nahiko garatua dauka. Marrazo gehienek harrapakin bat hil aurretik dastapen hozkada bat ematen dute, hozkada horrekin erabitzen dute balizko harrapakina jangarria eta gozoa den ala ez.
Ukimena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azal sentikorra du, bai ukipen fisikoari dagokionez eta baita tenperaturan aldaketak antzemateari dagokionez ere.
Entzumena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Airean baino 4,5 bider azkarrago mugitzen den ur azpiko soinua erraz antzemateko entzumen ederra dauka.
Elektroerrezepzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marrazo guztiek bezalaxe, tintoletak ere elektroerrezepzio fina du. Zentzumen berezi hau muturrean dauzkan poro sentikor berezi batzuei esker lortzen du, Lorenzini babak izenarekin ezagutzen direnak.
Albo-lerroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uretan ematen den presio txikiena ere antzemateko gai da sahits alde osoan daukan lerro moduko organo berezi bati esker. Aditu batzuen arabera, presioaz gain, planeta beraren magnetismoa antzemateko gaitasuna ere ematen dio organo honek, migrazio edo mugimendu handienetan lagungarria izan litekena.
Banaketa eremua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie kosmopolita da, munduko ozeano bero eta epel guztietatik hedatzen da. Euskal Herriko uretan eta kantauri itsasoan espezie arrunta da.
Euskal Herria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko uretan marrazorik arruntenetakoa da, erraza da ikustea eta populazio egonkorrak ditu. Dena den, aipatu beharra dago bere populazioa gainbeheran dagoela mundu mailan, eta hori ere Euskal Herrian bertan igartzen da, azkeneko hamarkadekin alderatuta bere kopurua txikiagoa izanik.
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsasertzetik zein itsas zabaletik mugitzen den marrazo pelagikoa da. 7 eta 16 °C arteko itsasoetan mugitzen da, baina 21 °C tenperaturak ere arazo barik onartzen ditu. Taldean ala bakarrik mugi daiteke, taldeak sexu eta adinaren arabera osatzen dira.
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tintoleta marrazo epipelagiko eta mesopelagikoa da, noizbehinka 1.000 metro inguru edo sakonago jaitsi daitekeen marrazoa bada ere (Dokumentatutako maximoa 1.704 m), normalean itsas zabalean 0-350 metro arteko sakoneran ibiltzen da, zonalde eguzkitsu eta argitsuetan beraz. Han-hemenka itsasertzera ere hurbiltzen da bere harrapakinen atzetik, jaten dituen arrain espezie txiki asko kostaldetik gertu eta plataforma kontinentaletik zehar ibiltzen direlako.
Marrazo bidaiaria da, bere harrapakinen atzetik doanean distantzia oso luzeak egin ditzake, 5.000 km luzeko distantziak barne.
Marrazo guztiek bezala, paper ekologiko garrantzitsua du ozeanoen osasunean, bere harrapakinen populazioak eta zenbakiak kontrolatu eta orekatzen dituelako. Itsas zabaleko marrazoen artean, ugarienetakoa da.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tintoleta arrain bibiparoa da, emeen sexu heldutasuna 5-6 urteren artean ematen da, arren kasuan 4-5 urteren bueltan.
Emeak bi utero ditu bakarra izan beharrean, bertan 4 eta 35 biarteko kume garatzen dira. Sabelaldia 9 eta 12 hilabete bitartekoa izaten da eta 40 cm luze diren marrazotxo jaio berriak erabat independenteak dira jaiotzen diren unetik. Jaio orduko babeslekua edo gotorlekua bilatzen dute harrapariengandik (tartean beraien gurasoengandik) ezkutatzeko eta ehizatzen hasteko. Marrazo gehienetan ematen den bezala, emeak erdibitu aurretik gosea galtzen du, bere kumeak ez jateko estrategia ebolutiboa. Kumeak zaku bitelinoarekin jaiotzen dira eta denbora pasa ahala barruratzen joaten dira erabat desagertu arte.
Bizi-itxaropena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marrazo urdina askatasunean 16-20 urte bitartean bizi da batezbestez. Gatibutasunean ordea, ez da 8 urtetik gora bizi.
Etsai naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marrazo handien (marrazo zuri, tigre-marrazo, marrazo muturluze...) eta orken dietan sartzen da heldua denean. Kumeek askoz ere harrapari gegiago dute, tartean meroak, barrakudak eta baita ere dokumentatu dira itsas txakur eta itsas lehoien harrapakaritza.
Zenbait parasitoren ostalari ere bada.
Gizakiarekiko harremana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez da marrazo bereziki arriskutsua eta oldarkorra gizakiarekin. Marrazo eta animalia basati gehienekin gertatzen den moduan, noizbehinka eta gehienetan nahigabe edo mehatxatuak sentitzen badira eraso egin dezakete. Dauden erasoaldi eskasak hozkada batekin bukatzen dira, baina marrazo gehienek bezala, hortz handi eta zorrotzak direla eta honek ere zauri sakonak eragin ditzake.
Kontran, gizakiak kalte askoz ere handiagoa eragiten dio espezie honi era zuzen ala zeharkako batean. Gizakiak eragindako nahita ala nahigabeko arrantzak eta itsasoaren kutsatzeak arrisku eta kalte larria suposatzen dio marrazo honi.
Kontserbazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munduko marrazo guztiak desagertzeko mehatxatuak edo ia mehatxatuak daude egoera maila ezberdinetan.
Tintoleta "ia arriskuan" edo "ia mehatxatua" egoeran dago IUCN-ren arabera, baina ohartarazten dute bere egoera erreala adieraztea oso zaila dela espezie honen migrazio eta mugitze ohiturengatik, eta baita ere kopurua murrizten ari dela modu kezkagarri batean.
Bitxikeriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Marrazo jaioberriek, espezie gehienekin gertatzen den moduan, ezkutatzeko leku bat bilatzen dute jaio bezain pronto, bere harraparietatik (tartean bere gurasoetatik) ihes egiteko. Emeak erdibitu egiten duenean gosea neutralizatzen du instintiboki bere kumeak ez jateko.
- Bere muturra hain da luzea ezen ondo hozka egiteko masailezurra dexente aurreratzeko gaitasuna eman dion moldaketa ebolutiboa izan duen. Moldaketa honekin masailezurra aurreratu eta atzeratu dezake hozka egitean buruko mugimendu arrarorik egiteko beharrik ez izateko.
- Uhin elektromagnetikoak antzemateko gaitasun handiko marrazoa da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-1-10 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
1 - Ecología azul: Prionace glauca (Linnaeus, 1758) (gaztelaniaz)
2 - Oceana: Blue Shark (ingelesez)
3 - IUCN red list: Blue Shark (Prionace glauca) red list animals IUCN (ingelesez)
4 - CUANTO VIVEN los TIBURONES? Esperanza de vida promedio y más!. Infomarina.net (gaztelaniaz)
5 - Tiburón Azul. Wikitiburones (gaztelaniaz)
6 - Tiburón Azul. Tiburonpedia (gaztelaniaz)
7- Sepkoski, Jack (2002). "A compendium of fossil marine animal genera (Chondrichthyes entry)". Bulletins of American Paleontology. 364: 560. ISBN 9780877104506. 2008-01-09 datan kontsultatua.
8- Compagno, Leonard J. V. (1984). Sharks of the World: An annotated and illustrated catalogue of shark species known to date (PDF). Food and Agriculture Organization of the United Nations. pp. 521–524, 555–61, 590.
9- Sea Angling in Ireland – Blue Shark. Sea-angling-ireland.org (2006-10-21). 2012-12-19 datan kontsultatua.
10- Summary of Large Blue Sharks Prioncae glauca (Linnaeus, 1758). elasmollet.org (March 2008)
11- Froese, Rainer and Pauly, Daniel, eds. (2006). "Prionace glauca" FishBase-ean. 9 2006 bertsioa.
12- Compagno, L.; M. Dando & S. Fowler (2004). Sharks of the World. HarperCollins. pp. 316–317. ISBN 0-00-713610-2.
13- Monique, Fallows (29 January 2013). "Blue Sharks Feeding on Anchovy Baitball". Apex Predators Blog. 2013-ko otsailak 6-an kontsultatua.
14- Fertl, D.; Acevedo-Gutierrez, A.; Darby, F. L. (1996). "A report of killer whales (Orcinus orca) feeding on a carcharhinid shark in Costa Rica" (PDF). Marine Mammal Science. 12 (4): 606–611. doi:10.1111/j.1748-7692.1996.tb00075.x. 2016-11-17 datan kontsultatua.
15- Scholz, Tomáš; Euzet, Louis; Moravec, František (1998). "Taxonomic status of Pelichnibothrium speciosum Monticelli, 1889 (Cestoda: Tetraphyllidea), a mysterious parasite of Alepisaurus feroxLowe (Teleostei: Alepisauridae) and Prionace glauca (L.) (Euselachii: Carcharinidae)". Systematic Parasitology. 41 (1): 1–8. doi:10.1023/A:1006091102174. S2CID 33831101.
16- Keith, E. O.; Condit, R. S.; Le Boeuf, B. J. (1984). "California Sea Lions Breeding at Ano Nuevo Island, California". Journal of Mammalogy. 65 (4): 695. doi:10.2307/1380857. JSTOR 1380857
17- Lopez, S.; Abarca, N.; Meléndez, R. (2014). "Heavy Metal Concentrations of two highly migratory sharks (Prionace glauca andIsurus oxyrinchus) in the south-eastern Pacific waters: comments on public health and conservation" (PDF). Tropical Conservation Science. 6 (1): 126–137. doi:10.1177/194008291300600103.
18- Species Implicated in Attacks :: Florida Museum of Natural History. Flmnh.ufl.edu. 2016-11-17 datan kontsultatua.
19- Baylina; Pereira; Batista; João Correia (2017). Smith; Warmolts; Thoney; Hueter; Murray; Ezcurra (eds.). Collection, transport and husbandry of the blue shark, Prionace glauca. Elasmobranch Husbandry Manual II. Special Publication of the Ohio Biological Survey. pp. 43–52. ISBN 978-0-86727-166-9.
20- Blue Shark (Prionace glauca) in Captivity. elasmollet.org (2007)
21- <うみの杜水族館>ヨシキリザメ飼育 新記録". 河北新報. 2016-06-24. 2021-ko apirilak 30 datan kontsultatua.
22- "ヨシキリザメ死亡について" (PDF). 2020/12/17. 2020/12/17 datan kontsultatua.
23- "ヨシキリザメ№25について 仙台うみの杜水族館公式サイト". 2021/01/24. 2021/05/01 datan kontsultatua.
24- Marrazo Urdina. Depeces.com
25- "Tintorera bate el récord de profundidad". 2013/06/18 - Tiburonesengalicia.blogspot.com
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Prionace glauca". Integrated Taxonomic Information System. 2005/11/15 datan kontsultatua.
- Blue shark, Prionace glauca. Marinebio.org
- "Blue shark, Prionace glauca". Encyclopedia of Life
- ARKive – Images and movies of the blue shark (Prionace glauca)
- Canadian Shark research laboratory
- BBCNews – 'Jaws' comes to a US beach 2010/08/03.
- BBCNews – Footage of shark which closed New Quay (Wales) beach 2012/08/08.
- Species Description of Prionace glauca. www.shark-references.com
- Tintoletaren argazki batzuk. iStock by Getty Images
- Marrazo urdina Bizkaiko Golkoan (Bideoa). TBX.eus