Timeo Danaos et dona ferentes
Timeo Danaos et dona ferentes latinezko esapide bat da, eta hitzez hitz esan nahi du «Danaoarren beldur naiz, opariak dakartzatenean ere». Esaldi hau erabiltzen da adierazteko ez garela norbaitetaz fidatzen bere intentzioak onak badirudite ere.
Jatorria Virgilioren Eneidaren pasarte batean du (II, 49)[1]. Eneas kontatzen ari da, Troiako gerraren amaieran, akearrek zurezko zaldi bat oparitu dietela troiarrei borroka utzi aurretik, hauen adiskidetasuna eskuratzearen itxurak egiten. Troiarrek ikusi dutenean akearrak joan direla zaldia utziz, hiri barrura sartu nahi dute. Laokoon apaizak, ordea, amarrua susmatu, erabaki horren aurka azaldu, akearren traizioaz ohartarazi eta esaldi hau esaten du danaoek (grekoek) egindako opariaren aurrean. Denborak azaldu zuen apaizak arrazoia zuela, zaldiaren barnean akear soldaduak baitzeuden eta, behin hiri barruan, atera eta Troia hartu zuten. Hortik dator donum Graecum («opari grekoa») esamoldea ere, oparia jasotzen duenari arazoak edo suntsiketa ere ekartzen dion opariari esaten zaio.