T Tauri izar
T Tauri izarrak, izar aldagarri ez erregular mota bat dira, euren izena, taldeko objektu prototipikoa den T Tauri izarretik jasotzen dutena. Oraindik sekuentzia nagusira iritsi ez diren izar gazteak dira (sekuentzia nagusiaren aurreko izarrak). Hodei molekularretatik gertu daude, eta bere izar aldagarritasunagatik eta bere kromosferan dituen lerro biziengatik identifikatzen dira.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]T Tauri izarrak, ikus daitezkeen izarrik gazteenak dira, F, G, K eta M espektro motakoak eta bi eguzki masa baino masa txikiagoarekin. Euren azaleko tenperatura, sekuentzia nagusian aurkitzen diren antzeko masadun izarrenen antzerakoa da, baina bere argitasuna askoz handiagoa da, bere erradioa handiagoa baita. Bere erdiko tenperaturak, ziur aski, erreakzio termonuklearrak hasteko baxuegiak dira. Honen ordez, bere energia iturria, grabitate energiaren askapenean oinarritua dago, izarra, sekuentzia nagusiko izar bat eratzeko uzkurtzen doan heinean, egoera honetara iristen, 10 eta 100 milioi urte eman ditzakeelarik. T Tauri izarrek, errotazio periodo laburrak dituzte (hamabi egun inguru, gure eguzkiak hilabete behar duen bitartean), eta oso aktibo eta aldagarriak dira.
X izpi eta irrati uhinen igorpen bizi eta aldagarriak dituzte, eta askok, eguzki haize oso indartsuak dituzte. Euren espektroek, gure eguzkiarena eta sekuentzia nagusiko beste izar batzuena baino litio ugaritasun handiagoa dute, elementu kimiko hau, 2.500.000 gradu kelvinetik gorako tenperaturetan suntsitu egiten baita.
Gutxi gora-behera, aztertutako T Tauri izarren erdiak, disko zirkumestelarrak dituzte, kasu honetan disko protoplanetario deituak, gure Eguzki-sistema bezalako planeta sistemen balizko sortzaileak baitira. T Tauri izar gehienak, sistema bitarretan daude.
T Tauri izarren antzeko objektuak, baina masa handiagokoak (2 eta 8 eguzki masa artekoak), Herbig Ae/Be izarrak deritzenak dira, oraindik sekuentzia nagusian sartu ez diren A eta B espektro motako izarrak direnak. Oraindik ez da ikusi 8 eguzki masa baino gehiagoko mota honetako objekturik, oso azkar eboluzionatzen baitute: ikus daitezkeenean, nukleoan jada hidrogenoaren fusioa gertatzen ari da, eta, beraz, sekuentzia nagusiko izarrak dira.