Sareta (ingeniaritza)
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Sareta (argipena)»

Sareta edo zertxa,[1] ingeniaritzan, erretikula formako egitura zurruna da, plano bakar batean horizontalean, bertikalean eta diagonalean jarritako hainbat barra zuzenez osaturik dagoena.[2]
Zertxa osatzen duten barrak metalezkoak edo zurezkoak izan daitezke, eta triangeluak eratuz ezarri ohi dira; triangeluek, sekuentzian antolatuta, materialaren erabilera optimizatzen duen plano egonkor bat sortzen dute.[3]
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leihoetako saretarekin duen antzagatik ematen zaio izen hori.
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sareta junturetan konektaturiko atal zuzenek osatzen dute. Atal horien elkarketak triangelu-erretikula bat eratu ohi du. Antolaketa triangeluarrari esker, jasandako kargak modu uniformean banatzen dira egitura osoan, makurdura minimizatuz eta erresistentzia maximizatuz. Atalak soldaduraz edo torlojuz lotu daitezke.[3]
Hormigoizkoa edo zurezkoa izan badaiteke ere, ohikoena arima arinduko altzairuzko sareta-habea da. Makurdura ebakitze-esfortzua baino garrantzitsuagoa denean erabiltzen da, hots, argi handiak eta karga ez oso handiak daudenean.[4]
Egiturari dagokionez, hauek dira sareta-haberik erabilienak:[3]
- Pratt habea: barra bertikal eta diagonalez osatutako sareta-habe "bermatua", hots, diagonalak habearen zentrotik bermaguneetarako noranzkoan paratuta dituena.[5] Modu uniformean banatutako kargak jasateko egokia da.
- Howe habea: barra bertikal eta diagonalez osatutako sareta-habe "esekia", hau da, diagonalak bermagunetik habearen zentrorako noranzkoan paratuta dituena.[6] Karga kontzentratuak jasateko egokia.
- Warren habea: barra diagonalez bakarrik, hau da, trakzioz lan egiten duten eta konpresioz lan egiten duten barrak txandakatuz osatutako sareta-habea.[7] Argi handiko eraikuntzetan erabiltzen da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1570ean argitaratu zen Andrea Palladioren I Quattro Libri dell'Architettura-k zurezko sareta-zubiak eraikitzeko jarraibideak ematen ditu.[9]
XIX. mendean ohikoa izan zen sareta-zubiak egitea, batez ere altzairuaren ingeniaritza garatu zelarik. Euskal Herrian Ormaiztegiko zubibidea (1863) eta Zangozako burdinazko zubia (1891) dira horren adibide.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Zertxa habe. Euskalterm, ivap.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-2-11).
- ↑ Truss. Encyclopedia Britannica, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2025-2-11).
- ↑ a b c ¿Qué es una Cercha?. ingetecho.com (Noiz kontsultatua: 2025-2-11).
- ↑ Zertxa. zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2025-2-11).
- ↑ Pratt habe. Euskalterm, ivap.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-2-12).
- ↑ Howe habe. Euskalterm, ivap.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-2-12).
- ↑ Warren habe. Euskalterm, ivap.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-2-12).
- ↑ Ormaiztegi: Monumentuak eta eskulturak. ormaiztegi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-2-11).
- ↑ Tampone, Gennaro, Funis, Francesca. Palladio's timber bridges. Proceedings of the First International Congress on Construction History, Madrid, 20th-24th January 2003, sedhc.es (Noiz kontsultatua: 2025-2-12).