Edukira joan

Santa Rita komentua (Aretxabaleta)

Koordenatuak: 43°02′06″N 2°30′20″W / 43.0350482°N 2.5055165°W / 43.0350482; -2.5055165
Wikipedia, Entziklopedia askea
Santa Rita komentua (Aretxabaleta)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAretxabaleta
Koordenatuak43°02′06″N 2°30′20″W / 43.0350482°N 2.5055165°W / 43.0350482; -2.5055165
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1904

Santa Rita komentua Aretxabaleta (Gipuzkoa) erdigunean egon zen komentu bat da, 2016. urtean Aretxabaletako udalak erosi zuena. Monja agustindarrak bertan izan ziren 111 urtez eta eskola ere izan zuen.

Monja agustindarren kongregazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrasaten XVI. mendearen hasieran erlijioa bizi zuten emakumezkoen talde bat osatu zen. Ez ziren monjak, hala ere katekesia egiten zuten, behartsuei laguntzen zieten eta ospital lanak ere egingo zituztela pentsatzen da. Elizak erlijio ordena baten babesean jarri eta eraikin bat altxa zezaten eskatu zien. Horrela beraz 1545ean Zarugaldeko arrabalean monasterio bat eraiki zuten[1]. Monja taldea 1550. urtean eratu zen ofizialki, Agustindarren ordenean[2].

XIX. mendean Napoleondar Gerren barnean soldadu frantziarrek monjak kanporatu zituzten monasteriotik eta zalditeria gordetzeko erabili zuten eraikina. Monjak Araba aldera joan ziren eta batzuk beren familietara itzuli ziren. Frantsesek alde egin zutenean monja agustindarrak itzuli egin ziren baina eraikina egoera tamalgarrian aurkitu zuten. Egoitza berri baten bila hasi ziren inguruetan eta Otalora lorategia bainuetxea aurkitu zuten[2].

Otalora lorategia bainuetxea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Aretxabaletako bainuetxeak»

Aretxabaleta erdigunean dagoen Otalora jauregiaren lorategian bainuetxea eraiki zen 1866. urtean, lorategietan zegoen Manantial de la Heredad izeneko iturburu sulfurosoko urak aprobetxatuz. Bainuetxe honetako bezero gehienak madrildarrak ziren, nobleak edo maila altukoak bereziki. 1896. urtean itxi zituen ateak[3].

Santa Rita komentua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1904an Arrasateko monja agustindarrek Otalorako bainuetxeko eraikina erosi zuten eta Aretxabaletara aldatu ziren. Otsailaren 9ko 6:30tan abiatu ziren eraikin berrira 20 monjatako taldea bi zalgurditan. Jose Iriarte kapilaua eta Tiburzio Zatarainekin zetozen eta Aretxabaletan Jose Arin parrokoak eta Seberino Olaran medikuak egin zien ongietorria[2].

Komentu berriko kapera.

Komunitate behartsua zen eta monjak punto lanak egiten hasi ziren. 1950. hamarkadan Elizak eskola irekitzeko aukera eman zien monasterio eta komentuei eta Aretxabaletako monjek ere sortu zuten eskola 1959. urtean. Kristau eskolak zituen ardatz eta hasiera batean neskak bakarrik hartu zituen ikasle baina ondoren garai berrietara moldatuz joan zen. 16 urte arteko ikasleei eskolak ematera iritsi zen baina azkenaldian haur hezkuntzako eskola bihurtu zen. 2006an itxi zenean 80 ikasle zituen.

Aretxabaleta handituz zihoan eta etxebizitza premia zegoenez 1979. urtean udalak komentua zegoen eremua erosi zuen. Komentu zaharra eraitsi eta Errekabarreneko etxebizitzak eta zaharren egoitza eraiki zituen. Alboko lurretan udalak komentu berria egin zien monjei. Kontsolazioaren Andre Mariaren komentua (gaztelaniaz: convento de Nuestra Señora de la Consolación) izena jarri bazitzaion ere herritarrek Santa Rita komentua esaten jarraitu zuten[2]. Komentu berriak arkitektura modernoagoa zuen eta lorategi handi bat ere bai.

2015ean bost monja baino ez ziren gelditzen eta Errenterian ordenak duen komentura joatea erabaki zuten. Garai batean monja agustindarrek Gipuzkoan izan zuten lau komentuetatik Errenteriakoa da jardunean dirauen bakarra. Urriaren 25ean itxi zituen beraz ateak eta 2016an udalak eraikina erosi zuen gizarte ekintzetarako erabiltzeko helburuaz[1].

Komentua eta lorategia goitik ikusita.

Eraikin zaharra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Rita komentua bi solairutako eraikin handia zen. Oinplanoak "L" itxura zuen eta beso laburrean zegoen kokaturik kapera. Gainaldean bi kanpaidun kanpai-horma zuen, gainean burdinezko gurutze bat zuena.

Eraikin berria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin zaharraren alboan altxatu zen hura eraitsi zenean. Bi solairutako eraikina da lorategi zabal bat duena. Guztira 3.000 km²-ko azalera du, horietatik 900 eraikinari berari dagozkio[4]. Kapera bat, eskola eta monjen gelak daude eraikinean.

Gaur egungo erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Rita komentuko lorategietan hainbat kultur ekintza egiten dira, kontzertuak, adinekoentzako erromeriak, haurrentzako emanaldiak...[5][6][7] Eraikinean aldiz adinekoendako gizarte zentroa ezartzeko egitasmoa dago[8]. Lehenengo solairuan adinekoentzako ostatua egongo da eta beheko solairuan Basotxo erretiratuen egoitza, eguneko arreta zerbitzua eta erabilera anitzeko gela kokatuko dituzte[4]. Erabilera anitzeko aretoan hitzaldiak, dokumental emanaldiak eta formatu txikiko kontzertuak egiten dira dagoeneko[9][10].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «El Consistorio de Aretxabaleta compra el convento» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  2. a b c d (Gaztelaniaz) «El convento de Aretxabaleta cierra tras 111 años» El Diario Vasco 2015-10-24 (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  3. (Ingelesez) «OTALORA, Jardín de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  4. a b «Adinekoentzako gizarte zentroaren proiektua aurkeztu dute Aretxabaletan - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  5. «Kultur ekitaldiak itzuliko dira bihar kalera, umeendako antzerkiarekin - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  6. «Bandaren kontzertua - Aretxabaleta - 2020-02-28» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  7. «Erromeria erretiratuendako - Aretxabaleta - 2019-09-08» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  8. «Aretxabaletako adinekoendako gizarte zentroa, hurbilago - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  9. «Aitor Sarasua gogoan eguerdiko ekitaldia, mojen komentuan - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  10. «Paco Etxeberriaren hitzaldia martxoaren 1ean, komentuan - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]