Edukira joan

René Descartes

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Rene Descartes» orritik birbideratua)

René Descartes
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Descartesen bizitza eta pentsamenduari buruzko bideoa.
Irudi gehiago
katedradun

Bizitza
JaiotzaDescartes1596ko martxoaren 31
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaStockholm eta Stockholm City (en) Itzuli1650eko otsailaren 11 (53 urte)
Hobiratze lekuaSaint-Germain-des-Présko abadetxea
Adolf Fredrik Church (en) Itzuli
Abbey of St Genevieve (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: pneumonia
Familia
AitaJoachim Descartes
AmaCamilo Davies Leimdorfer
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
Heziketacollège Henri-IV de La Flèche (en) Itzuli
Utrechteko Unibertsitatea
Leidengo Unibertsitatea
Prytanée National Militaire (en) Itzuli
TesiaDescartes' 1616 Law Thesis (en) Itzuli
Tesi zuzendariaIsaac Beeckman
Jacobus Golius (en) Itzuli
Hizkuntzaklatina
frantsesa
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, matematikaria, musikologoa, fisikaria, astronomoa, musikaren teorikoa, gutun idazlea, mechanical automaton engineer (en) Itzuli, militarra eta idazlea
Lantokia(k)La Flèche
Poitiers eta Stockholm
Lan nabarmenak
InfluentziakPlaton, Aristoteles, Anselmo Canterburykoa, Tomas Akinokoa, Gilen Ockhamgoa, Francisco Suárez eta Marin Mersenne
KidetzaFrantziako Zientzien Akademia
Mugimenduaarrazionalismoa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

IMDB: nm1548818 Allocine: 37035
Musicbrainz: 05099e0b-bbb1-4aca-97b8-7eca9fbae68a Discogs: 3594153 IMSLP: Category:Descartes,_René Find a Grave: 8404 Edit the value on Wikidata

René Descartes (latinez: Renatus Cartesius; La Haye en Touraine —herriak 1802az geroztik, Renéren omenez, Descartes izena du—, Frantziako Erresuma, 1596ko martxoaren 31aStockholm, Suedia, 1650eko otsailaren 11a) filosofoa, matematikaria eta zientzialaria izan zen. Bai filosofian, bai matematikan, aitzindaritzat dugu gaur egun.

Haurtzaroa eta gaztaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
René Descartes, Jan Baptist Weenixen erretratua

René Descartes 1596ko martxoaren 31n jaio zen La Haye en Tourainen, Poitierstik gertu. 1967an, izena aldatu zioten herri honi eta Descartes deitu.

Aita Joachim Descartes legegizona izan zen eta ama, berriz, Jeanne Brochard. Renék jaiotzean umezurtz geratu zela uste bazuen ere, Jeanne ama urtebete geroago hil zen, anaia gazteagoa jaiotzean (hau ere hil egin zen).

Amonak hezi zituen René eta bi anaiak, aita aholkularia baitzen Bretainiako Legebiltzarrean eta denbora luzea eman ohi zuen kanpoan. Beste emazte bat hartu zuenean, Joachim Descartes erabat aldendu zen.

Lehenengo urteetan La Flèche ikastetxe jesuitan ikasi zuen. Kultura klasiko sakona eman zion horrek, latina eta greziera ikasiz eta Zizeron, Horazio, Virgilio, Homero, Pindaro edo Platon irakurriz. Era berean, Aristotelesen testu filosofikoak aztertzen zituzten eta Suárez, Fonseca edo Toledo bezalako Jesusen Lagundiko kide batzuenak ere bai. Aristoteles zen garaiko erreferentzia, bai fisikan baita biologian ere. Ikasketa planak Matematikarako sarrera bat egiten zuen eta Astronomia, Musika edo Arkitektura ere ez ziren falta. Eztabaidak garrantzi handia hartzen zuen garaiko metodologian.

Bada ere Ignazio Loiolakoaren gogo-jardunekin lotura ikusten duenik, eskoletan Aste Santuan zehar egiten zirelako ezagutuko lituzke, praktikan bederen, Descartesek eta, teorikoki ere, Ignazioren bestelako irakaspenak ezagutuko lituzke, zuzenean edo zeharka. Bien bizitzaren mugarri nagusien artean alderaketak ere egin izan dira. Erlijoaren esparruan Ignazio Loiolakoak egin zituenak filosofiaren alorrean egitea izango zen Descartesen jarduna. Barne-bidaia bat dago biengan, zentzumenen eta gorputzaren aldentze bat edota Jainkoaren eta egiaren ezagutza bat[1].

Unibertsitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
René Descartes Suediako Kristina erreginarekin

18 urte zituela, René gaztea Poitierseko unibertsitatera joan zen zuzenbideko ikasketak egitera. Medikuntzan ere aritu zen apur bat eta, 1616rako, batxiler eta lizentziatua zen. Ikasle aparta, irakasleek asko estimatzen zuten eta unibertsitateko laborategiak maiz bisitatzeko aukera izan zuen.

Descartes ikertzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1619an, Bredan, Isaac Beeckman ezagutu zuen; matematikan oinarritzen zen fisikako teoria garatu nahian zebilen hau eta Descartesen jakin-mina piztu zuen gai horietan.

Bidaia ugari egin zuen, baina ez zuen sekula bere formazioa baztertu. 1620an, Johann Faulhaber ezagutu zuen Ulmen. Kalkuluaren maisuak, Beeckmanek bezala, zientzia eder bat garatzeko aukeran amets egitea bultzatu zuen eta, horrelaxe Eulerren poliedroen teorema aurkitu zuen.

Zer pentsatu asko izan zuen gai hauen inguruan, baina ez zuen ezer argitaratu. Parisen luze egon zen batean, Marin Mersenne edo Guez de Balzac bezalako intelektualekin egon zen eta Libertinoak esaten zieten giroan ere mugitu zen. Ospea hartzen joan zen eta bere etxea bilera leku izan zen ideia eta eztabaida gustuko zutenentzat.

Badirudi gorabeherak izan zituela bere bizitzan, 1628an, duelu baten hartu baitzuen parte.

  • Ez dut egiak baino edertasun gehiago duen emakumerik ezagutu- esan zuen.

Hurrengo urtean, Herbehereetara joan zen, han ikasketara bete-betean dedikatzeko asmoz. Bizitza lasaia eta umila izan zuen han, behin baino gehiagotan lekualdatuz, bere egonlekua ezkutuan mantendu nahian eta, Danimarkara edo Frantziarako bidaiak egin bazituen ere, 1649 arte hantxe biziko da.

Holanda gustuko zuen oso, Frantzian arreta galtzeko aukera gehiago baitzegoen; merkataritzak loratzen zituen hango hiri baketsuak eta burgesek zientziak sustatzen zituzten, 1632an, Amsterdamgo akademia sortu zutelarik. Bitartean, Europa Hogeita Hamar Urteko Gerra latzean zebilen eta ez zen 1648 arte baretuko. Argiaren errefrakzio eta erreflexio legeak enuntziatu zituen eta geometria analitikoa sortu zuen.

René Descartes

1649ko irailean, Suediako Kristina erreginak deitu zion Stockholmera. Hantxe hil zuen pneumoniak 1650eko otsailaren 11n, 53 urte zituenean.

Orain gutxi arte horrela uste izan bada ere, gaur egun, zalantza dago heriotzaren arrazoiarekin. 1980an, Eike Pies historialari eta mediku alemaniarrak Johan Van Wullener holandarrari zuzendutako gutun sekretua aurkitu zuen Leidengo Unibertsitatean. Descartes zaindu zuen Gorteko sendagileak idatzia zen eta bere agonia deskribatzen zuen. Sintoma haiek ez zetozen neumoniarenekin bat. Beste patologo batzuekin hitz egin ondoren, Piesek Descartes artsenikoa erabiliz eraila izan zela uste du.

1676an, hilobitik atera zituzten Descartesen gorpuzkiak. Kobrezko hilkutxa Parisera eraman zuten eta Sainte-Geneviève-du-Monteko elizan ehortzi.

Frantziako Iraultzaren garaian, berriro lekualdatu zituzten eta Panteoira eraman, Frantziako itzal handiko pertsonak deskantsatzen duten gunera.

1819an, azken deskantsua izan zuen Saint-Germain-des-Présko elizan eta hantxe dago oraindik.

1935ean, Descartes izena jarri zioten ilargiko krater bati.

Lehenengo lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Meditationes de prima philosophia

Gaztaroko zenbait apunte kontserbatu bada ere, bere lehen lana Espirituaren zuzendaritzarako arauak izan zela esan dezakegu. 1628an idatzi zuen eta 1701ean argitaratu, bera hil eta gero.

Gero etorri ziren Argia, Munduaren tratatua eta Gizakia. Inprentatik kendu zituen 1633an, Inkisizioak Galileo kondenatu zuela jakitean, eta beranduago argitaratu ziren.

1637an Arrazoia ondo zuzendu eta zientzietan egia aurkitu ahal izateko Metodoaren diskurtsoa argitaratu zuen. Gero, Dioptrika, Geometria eta Meteoroak saiakerak idatzi zituen eta, hasieran, anonimoa izaten saiatu bazen ere, berehala egin zuten ospetsu.

1641ean, Meditazio metafisikoak argitaratu ziren eta 1642an berriro egin zuen hori, aurrekoa luzatuz eta osatuz.

1642koa izan daiteke Egiaren bila, arrazoi naturala erabiliz elkarrizketa (hil ondoren argitaratuko zuten).

1647an, Filosofiaren printzipioak agertu ziren.

1648an, Frans Burman, teologiako ikasleari eskaini zion elkarrizketa bat. Ikasleak testu filosofikoari buruzko galdera interesgarriak egin zizkion eta Descartesek emandako erantzunak apuntatu.

1649an, azken tratatua argitaratu zuten, Arimaren grinak.

Kristina Suediakoarentzako Elkarte Zientifiko baten araudia ere egin zuen, artikulu bakar batek osatzen duelarik: hitza txandaka izango dute, ordena arbitrario eta finkoan.

Descartesen korrespondentzia ere, asko bere lagun Mersenneri zuzendutakoa, gordeta dugu.

Filosofia kartesiarrean hasteko, aurrez aipatutako Meditazio Metafisikoaetan oinarritu behar zen, edo baita Metodoaren diskurtsoan ere. Ezertan hasi baino lehen, Descartesek ikerketa independente bat garatzera eraman duen arrazoia agertzen du. Jakintzari balio praktiko handia ematen dio eta bizitzarako ezinbestekoa dela uste du -zuzen ekiteko, nahikoa da zuzen pentsatzea-, baina eskolak frustrazioa eragin dio.

Antzinako testuen irakurketak espirituaren formazioan laguntzen duela uste du, baina zuhurtziaz irakurri behar direla; matematikaren garrantzia azpimarratzen du, bere aplikazio mekanikoen bidez, gizakiaren lana leunduz, eta zehaztasuna miresten du, behar hainbateko garapena oraindik ez bada ere lortu. Moralista paganoen idatzietan, bertutea lortzeko ikasketa franko dagoela uste du, baina ez dute egiazko bertutea zein den identifikatzen laguntzen. Filosofiak gauza guztiez hitz egiteko baliabideak ematen dituela dio eta gutxiago dakitenek miresten dutela hori; gainontzeko zientziek filosofian aurkitu beharko lituzkete oinarriak, baina jakintsuak ezin dira ados jarri. Eskolaren esperientziak ezjakintasun handia erakutsi dio eta ikerketa ezinbestekoa dela frogatu.

Filosofia modernoaren aita

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matematika eta Fisikan ekarpen garrantzitsuak egin bazituen ere, Descartes Filosofia modernoaren aita kontsideratzen dugu. Justifikazioa jasotako egiei uko egiteko erabakian datza, eskolastika eta beste joerak baztertuz. Gainera, Descartesek morala, medikuntza edo mekanika bezalako gaietan argia ikusi ahal izateko, ezaupidea bera ikertu behar dela uste du. Bere jarraitzaileak ere arazo epistemologikoei emandako garrantzia horrekin ados agertzen dira.

Ezagutzaren garaian al gaude benetan? Datuak eta ezagutza gauza bera al dira?

Arimaren grinak

Ondoren etorri ziren filosofoek, Pascal, Spinoza, Leibniz, Malebranche, Locke, Hume edo Kant, interes handiz ikertu zituzten Descartesen teoriak, batzuetan alde eta beste batzuetan kontra. Baina ez dugu ahaztu behar filosofo klasikoekin, Platon edo Aristotelesekin, duen lotura. Descartesek zerbait sendoa ezarri nahi du zientzietan. Alde batetik, helburu errealistak markatu eta haiek lortzearren ekin behar dugula uste du, baina, egunerokoan, ingurura egokitzen jakin beharko duela ez du ahazten, eta ikerketarako baldintzak mehatxatzen ditu horrek. Bestalde, bere egoera galdutako ibiltari batekin alderatzen du eta, burutzen ari den ikerketan, norabide zehatz baten beharra ikusten du. Ezinbestekoa izango da metodoa, eta arrazoi ahulek ez dute alborarazi behar.

Metodoaren arauak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Logikak baliozko arau asko ditu, baina gehienek ez dute ezertarako balio, arrazonatzeko gaitasuna oinarrizkoa baita eta inork ezin digu hori irakatsi. Metodoaren arauak hurrengoak dira:

  1. Ebidentzia: ezer ez da egiatzat hartuko, ez badago ebidentziarik. Kezkarik ez dagoenean, onartu behar da, ez bestela.
  2. Analisia: zailtasunak zatitu, konpontzeko aukera izateko.
  3. Sintesia: ordena ezarri behar da gure pentsamenduetan, eta gai errazenak ebaztean oinarritu. Horrela, arazo zailenak eskura jartzen joango gara.
  4. Kontrola: berrikuspen orokorrak egin behar dira, ezer ez dugula ahaztu garbi izateko.

Descartesek metodo hori erabiliko du Jaungoikoa eta arimaren existentzia frogatzeko, baina hori arazo handia izango da.

Idazteko eraren helburua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazkera kartesiarrak asmakizunaren antza du; klabe ugari ematen digu eta bere obra ulertu nahi bada, irakurleak parte aktiboa izan behar du. Zenbaitetan, gauzak ez dira testuan ordena naturalean agertzen; adibidez, Descartesek arau bat hartzeko komenientzia esplikatu aurretik metodoa esplikatzen duenean. Ez du sekula argitzen zergatik aukeratu zuen bere metodoa, baina bai esaten du hobea dela edozein metodo hartzea metodorik gabe aritzea baino.

Kezka metodikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Descartes kezkaren filosofoa da, ikerketan, arrazoiak kezka planteatzen duen gauza oro ukatu behar baita. Horrela ezarri zituen kezkaren 3 mailak:

  1. Pertzepzioak egin ohi dituen akatsak. Hainbat pertzepzio sentsorial kuestionatzen du, urrutiko objektuak edo baldintza txarretan gertatzen direnak...
  2. Esna edo lotan egoteko uneak konparatzen ditu eta bereiziko dituen irizpide zehatzik ez dagoela azpimarratu; kezka orokorra ezartzen da pertzepzio enpirikoetan, agian, loari esleitu dakizkiokeenak.
  3. Agian, bada ente goren bat, jeinu gaizto eta ahalguztiduna, gure sineskerak manipulatzeko gai dena. Jeinu gaizto hori metafora bat besterik ez da: eta intelektualki akastunak bagara? egiaren jabe garela uste dugunean ere, okerrean egon gaitezke, intelektuaren akats hori medio. Bere argudio eszeptiko ospetsuena da hau eta kontrako ausaren hipotesia ere luzatzen du, errore orokor batera bultzatuz.


Argudio eszeptiko hauen helburua ez da eguneroko bizitzan arrisku sentsazioa sorraraztea. Posibilitate abstraktuak dira, laborategian eginiko ikerketaren moduan.

Descartesek Platon eta Aristoteles ikusten ditu jakintzaren oinarrien existentzian ikertzen. Ez du espresatzen, baina bi filosofoek galderari erantzungo dion argumentazio bakarra dialektika edo kontrobertsia dela uste dute.

Horrelako zerbait ikus dezakegu lehen arau metodikoan: ideiak ebidentzia izango dira, kezkarik ez badago. Baina, egia esan, ebidentzia handienetan ere, beti ager daiteke kezka; agian, ideia ebidenteenak ere, faltsuak dira.

Bestalde, Descartesek 3 arrazoi onartzen ditu kezka handiena planteatzeko: jeinu gaiztoa, zorigaiztoko ausa eta kontrako kausalitate naturala. Agian, Descartesen helburua ez da Jaungoikoaren existentzia frogatzea; agian, antagonistari dialektikoki irabazi nahi dio kontrobertsian. Jaungoikoaren existentzia onartzeko arrazoiak kezka erradikalak planteatzeko baino sendoagoak dira. Maisuak bere helburua lortuko balu, kezkak fundamenturik gabe geratuko lirateke eta ikertzaileak proposizio balidoak izango lituzke, ezbairik gabekoak...

Descartesek beste ebidentzia bat ere defendatzen du: askatasuna. Bera libre dago eta bere askatasuna praktikan jar dezake; ikerketa boluntarioa da eta askea. Ezagutzen multzoa arbolarekin alderatzen du eta sustraiak metafisikoak dira, zurtoina fisika eta adar garrantzitsuenak arte martzialak -garrantzi handikoak, gizakiaren lana gutxitzen lagunduko dutelako-, medikuntza eta morala.

Metafisika ezinbestekoa da, baina zuhaitzaren fruituak ez dira sustraietatik hartzen, adarretatik baizik.

Bi substantzien teoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egunko erronka eta arazo sozial, ekonomiko eta tekologikoei aurre egiteko teknologia al da konponbidea? Teknologia izan behar al da erantzuna beti?

Geometria

Substantzia existitzeko gaitasun propioa duena da. Cogiton oinarritzen da (pentsamendua) eta substantzia pentsakorra dela esaten du, inork ezin baitu existentzia ukatu (uko egitea ere pentsamendua izango litzateke); gorputzak bai uzten du kezkarako aukera. Hala ere, arrazoitzeko era hau susmagarria da, cogito bera ere eztabaidagarria izan baitaiteke; kezka hau ikerketa onartua izan den kezkaren arrazoi erradikalenak atzera botatakoan gaindituko litzateke. Hori gutxi balitz, arrazoi hauek dira ideia elementalenak eztabaidagarri egiten dituztenak eta ideia sinple hauek, hedadura, irudia eta horrelakoak dira.

Dena den, bi substantzien teoriak mundu dualista bat erakusten digu. Errealitate batetik bestera joan ahal izateko, gorputzetik arimara (zentzumenen pertzepzioa) edo alderantziz (borondatezko mugimendua), Descartesen ustez, gurin pineala dugu zerebroan eta hortxe elkartzen dira bi substantziak. Descartesek ez zuen sekula baieztapen hori frogatu.

Gainera, bi substantzia mota daude: infinitua eta finitua. Infinitua Jaungoikoa da, izaki perfektua edo infinitua (Descartesentzat gauza bera da). Ohikoa da Descartesek Jaungoikoa egia bermatzeko sartu zuela bere metafisikan pentsatzea, baina horrek zirkuluaren arazora garamatza.

Zirkuluaren arazoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nola jakin Jaungoikoa existitzen den ala ez? Ateoarentzat, testu sakratuak alferrikakoak dira eta, ebidentziaz ere kezka duenarentzat, alegatu ebidenteena ere ez litzateke nahikoa izango. Bi oinarrizko erantzun daude: edo ez dakigu edo proba dialektiko bat da.

Descartes ez zen Jaungoikoaren existentzia frogatzen saiatu eta kezkaren oinarriari egin zion so. Nola?

  1. Jeinuaren hipotesiarekin bat etorri ezinean dagoen argudio bat hipotesia eszeptikoak baino sendoagoa da.
  2. Ez argudioak, ezta kontrako alegatuarekin bateraezina eta nagusia kontsideratu duen iritziak, ez dute zirkulartasuna merezi.


Jeinuaren hipotesiaren errefusapena zirkularra izateko, errefusatzeko erabilitako argudioan, eszeptikoak zera erabili ahal izan beharko luke: Agian, jeinuak berak iradoki dio alegatua Descartesi. Jeinua existitzen ez deneko froga gainditu nahi duen kezka horren aurrean eroriko litzateke, baina metodo kartesiarrean, hau ezinezkoa da, eszeptikoak errefusatu ahal izan daitekeen ideia batean oinarritu behar baitu eta kezka sortzeko arrazoiak baititugu.

Eszeptikoak proposatutako kezka eta ikertzen ari garena unibertsala da, baina bi galdera planteatzen ditu:

  1. Kezka orokorra, ideia ebindenteei ere eragiten diena, baina unibertsala ez dena, plantea ote daiteke?
  2. Gure porrota seinalatzeaz aparte, kezka unibertsala baztertzeko arrazoirik ba al dago?
Principia philosophiae, 1685
  • Parnassus
  • Democritica
  • Préambules (Praeambula. Initium sapientae Timor Domini)
  • Experimenta
  • Olympica
  • Aquae comprimentis in vase ratio reddita a D. Descartes
  • De Solidorum elementis
  • Excerpta mathematica (dont Ovales opticae quatuor)
  • Thaumantis Regia
  • Studium bonae mentis
  • Traité de la divinité
  • Traité d'escrime: 1613 inguruan idatzitakoa eta Adrien Bailletek aipatutakoa. Eskuizkribu bakarra izango zen ziurrenik eta galduta dago.
  • Règles pour la direction de l'esprit, latineraz, bukatu gabekoa, 1628 ingurukoa.
  • Traité du monde et de la lumière, 1632-1633
  • Explication des engins par l'aide desquels on peut avec une petite force lever un fardeau fort pesant (1637)
  • Le Discours de la méthode pour bien conduire sa raison et chercher la vérité dans les sciences (1637)
  • la Dioptrique
  • les Météores
  • la Géométrie
  • Méditations métaphysiques (traduction littérale du latin : Méditations sur la philosophie première, 1641, avec six séries d'Objections)
  • Correspondance avec Elisabeth, 1643 à 1649
  • Les Principes de la philosophie, 1644, édition latine, 1647, traduction française, revue par Descartes, avec Lettre-Préface à l'édition française
  • Les Passions de l'âme, 1649
  • Recherche de la vérité par les lumières naturelles, bukatu gabe, publié pour la première fois dans les Opuscula posthuma, 1701

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: René Descartes
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: René Descartes Aldatu lotura Wikidatan
  1. (Gaztelaniaz) Sánchez Ramón, Ramón. (2014). «Las raíces ignacianas de Descartes. Estado de la cuestión» Pensamiento. Revista De Investigación E Información Filosófica (Comillas) 66 (250): 981-1002. ISSN 0031-4749..