Edukira joan

Prerrafaelismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Proserpine, Dante Gabriel Rossettiren margolana

Prerrafaelismoa Ingalaterran, XIX. mendearen erdialdean, sorturiko mugimendu piktoriko eta poesia-eskola izan zen. Mugimenduko kideek, Anaidi Prerrafaelita delako elkartean bildurik, Errege Akademiako margolaritza historikoaren irudimen urriaren eta artifizialtasunaren aurreko erreakzio gisa, margolaritzaren bidez moral berri bat eta egiatasuna aldarrikatzen zuten.

1848an pintore gazte batzuek Pre-Raphaelite Brotherhood anaidia sortu zuten, Rafaelen aurreko pintura italiarraren xalotasuna berpiztu nahirik. Mugimendu horren sortzaile nabarmenenak William Hunt, John Millais eta, batez ere, Dante Rossetti ziren.

Akademizismoaren eta garai hartako konbentzionalismoaren pseudoklasizismoaren aurka, izadian zuzenki oinarrituriko artea berreskuratu nahi zuten. Zehaztasuna eta teknika-argia erabiltzen zuten beren koadroetan, doitasunaren eta seriotasun moralaren zerbitzutan. Prerrafaelisten obren gaiak askotarikoak ziren: erlijiozkoak, Erdi Arokoak eta burgesiaren etxe barneko eszenak. Hasieran, jendeak eta kritikak ez zuen onartu prerrafaelisten obra eta Charles Dickensek gogor kritikatu zituen. John Ruskinek, ordea, haien alde idatzi zuen.

Prerrafaelismoaren aitzindarien taldea higikundea sortu eta berehala desegin zen, 1854 inguruan hain zuzen. Tarte horretan, dena den, "The Germ" aldizkaria argitaratu ahal izan zuten 1850ean. Prerrafaelismoak, baina, beste zenbait artistengan eragin nabaria izan zuen, hala nola William Dyce eta Ford Madox Brownengan. Mugimenduko azken kidea Edward Burne-Jones izan zen, Rossettiren dizipulua. Lehen belaunaldiaren ezaugarri aipagarrienak bizitasuna eta freskotasuna izan baziren, bigarren belaunaldiak sentsualitatera eta erromantizismo mistikora jo zuen gehiago.

Prerrafaelismoak eragin handia izan zuen XIX. mendearen bukaerako arte-mugimenduetan, modernismotik sinbolismora, William Morris, Walter Crane eta Aubrey Beardsley pintoreak, besteak beste, hartan oinarritu baitziren.

Prerrafaelistek kultura ofizialaren akademizismotik, victorianismoaren garbizalekeriatik eta gizarte industrialaren gaitzetatik ihes egiteko bide bat aurkitu nahi izan zuten, eta Rafael margolari italiarraren aurreko pintura estiloen xalotasuna berreskuratzea eta bat-batekotasuna ikusi zituzten, hain zuzen, beren helburua lortzeko bide egokitzat. Baina Rafaelen estiloa itsu-itsuan imitatzea baino, Rafaelen eta haren aurreko margolarien naturaltasunarekin bat egitea zen prerrafaelisten nahia, eta horrela, naturaltasun hori lortzeko ahaleginean errealismo xehera jo zuten. Beraz, joera anbiguoa zuten, nolabait esateko, eta hala erakusten dute beren obretan erabilitako gaiek ere. Izan ere, batzuetan burgesiaren gustuko gaiak erabili zituzten, herrikoiak besteetan, gai historikoak batzuetan eta baita erlijiosoak ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]