Edukira joan

Portasol (Aretxabaleta)

Koordenatuak: 43°01′46″N 2°30′22″W / 43.029472°N 2.506139°W / 43.029472; -2.506139
Wikipedia, Entziklopedia askea
Portasol
 Euskal Herria
Auzoan dagoen murala
  
Map
Kokapena
Herrialdea Gipuzkoa
UdalerriaAretxabaleta
Posta kodea20550
Geografia
Koordenatuak43°01′46″N 2°30′22″W / 43.029472°N 2.506139°W / 43.029472; -2.506139
Garaiera250

Portasol edo Portasol eta Loramendi Aretxabaleta (Gipuzkoa) herriguneko auzoa da, hegoaldean kokatzen dena, garai batean Ibarrako bainuetxea egon zen inguruan.

Gipuzkoa plaza.

Aretxabaletaren hegoaldean kokaturik dago eta Araba ibilbidea hartzen du ardatz. Portasol auzoa bi zatitan banatzen da; alde batetik Loramendi auzoa dago, Loramendi idazlearen monumentutik herrialdera zabaltzen dena, eta bestetik Portasol bera, herriaren hegoaldeko muturra. Hala ere guztia Portasol gisa izendatzen da normalean.

Atalak:

  • Loramendi auzoa bietan zabalena da. Gipuzkoa plazaren inguruan antolatzen da eta kaleek euskal probintzien izenak eta Euskal Herriko mendi nagusien izenak dituzte (Gorbeia, Aralar...). Copreci lantegiaren parean dago.
  • Portasol auzoak Araba ibilbidearen ertzeko etxeak, Bainuetxe kalea eta Ibarra futbol zelaiaren inguruak hartzen ditu. Eraikin berrienak futbol zelaiaren atzealdean eraiki direnak dira, Markole aldean.

XIX. mendeko bainuetxeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Aretxabaletako bainuetxeak»

Uretsa (ur sufreduna) ematen zuten iturriak zeudela aprobetxatuz bainuetxeak eraiki ziren Aretxabaletan. Ibarrako bainuetxea 1843. urtean eraiki zen Aretxabaletako herrigunetik kilometro bateko distantziara. Madrildik nobleak etortzen ziren bertan egonaldiak egitera. 88 gela zituen ostatuak eta herritarren etxeak ere alokatzen zituzten "bañista madrildarrek". Portasol ezizena hartu zuen eremu hark, Madrilgo Puerta del Sol plazari erreferentzia eginez[1]. Bainuetxea 1936an itxi zen[2].

Industriaren inguruan eraikitako auzoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Portasol auzoko etxeak.

1960. hamarkadan industriak indar handia hartu zuen Arrasateko kooperatiba mugimenduaren anparoan eta horrek Aretxabaletako elizateetako biztanleak herrigunera aldatzea ekarri zuen, bai eta Espainiako hainbat lurraldetatik inmigrazio handia iristea ere. 1963. urtean Copreci lantegia[3] eta Olazabal Fundizioa[4] ireki ziren eta inguruan langileentzako etxebizitzak eraiki ziren. 1960 eta 1970. hamarkaden artean eraiki zen Portasol auzoa.

Auzoa sortu zenean tarte huts nabarmena zegoen Aretxabaleta herrigunearen eta auzo berriaren artean, 100 metrotik gorako distantzian ez baitzegoen etxerik. Alde batean Beroa fundizioa zegoen eta bestean lur zabala zuen etxalde bat. Beranduago bitarte horretan etxeak eraiki ziren, Belorrietako eta Iralaberriko etxeak, eta gaur egun herri osoa bateraturik dago.

  • Aretxabaletako kirol instalazio nagusiak aurkitzen dira bertan, Ibarra futbol zelaia[5] eta Ibarra kiroldegia[6]. Alboan skate parka ere badago[7].
  • Industriari dagokionez Copreci eta Olazabal enpresak eta Bainuetxe industrialdea daude auzoan.
  • Aretxabaleta Institutua bertan dago, Lanbide heziketako ikastetxea da[8].
  • Eskoriatza eta Bergara arteko autobus linearen geltokia du[9].
Bixentak taldearen kontzertua Portasoleko jaietan

Portasoleko Jaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1990. hamarkadan sona handia izan zuten Portasoleko jaiek baina festak antolatzeari utzi egin zitzaion.

Hamarkada baten hutsunearen ondoren berriz ekin zitzaion jaiak antolatzeari. Uztailaren hirugarren asteburuan izaten dira San Lorenzo egunaren (uztailak 21) inguruan. Izena Portasol izanik eguzkia bihurtu da jaien ikono eta hortik San Lorenzo aukeratu izana jaiak antolatzeko. Ekintza ugari antolatzen dira; herri bazkaria, kontzertuak, haurren lasterketak...[10]

2020an eta 2021ean jairik ezin izan zen ospatu COVID-19 pandemiaren murrizketen erruz, baina muralen lehiaketak antolatu ziren eta ordutik auzoko horma asko marrazkiz apaindurik daude[11][12].

San Kanuto Eguna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XXI. mendea hastearekin batera "Azkena" tabernaren inguruan biltzen zen hainbat jendek San Kanuto Eguna antolatu zuen dozena bat urtez. Kalejia egiten zen herrian zehar, bazkaria izaten zen eta amaitzeko kontzertuak antolatzen ziren. Urtarrilaren 19aren inguruan ospatzen zen, egutegiko santoralean egun hori baita Kanuto Deunaren eguna[13].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ANTXIA LETURIA, Aitor. «Aretxabaletako Bainuetxeak: Ibarrako Bainuak edota Bainu Zaharrak» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
  2. «Aretxabaletako bainuetxea - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
  3. «Copreci - 50 urte» www.copreci.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  4. «Empresa» www.fundicionesolazabal.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  5. «Ibarra / Campo de fútbol» www.aupaathletic.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  6. Ibarra Kiroldegia Aretxabaleta – Aretxabaletako udal kiroldegia. (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  7. «Askotariko figurak egin dituzte Aretxabaletako Skate Festako 30 parte-hartzaileek - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  8. (Gaztelaniaz) «CIFP Aretxabaleta Lanbide Eskola LHII» Ikaslan Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  9. (Gaztelaniaz) bidaide.eus. «Bidaide.eus» www.bidaide.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  10. «Portasolgo jaiak - Aretxabaleta - 2019-07-20» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  11. «Horma irudi koloretsuak Aretxabaletako Portasolen - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  12. «Portasol auzoko kultura ekitaldiak - Aretxabaleta - 2021-07-18» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).
  13. «XI. San Kanuto Eguna ospatuko dute bihar, zapatua - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]