Edukira joan

Pneumatiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau ibilgailuen osagaiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Pneumatiko (argipena)».
Ganberarik gabeko pneumatiko baten egitura: 1. luzetara jarritako altzairuzko hariak 2. egitura erradiala 3. burdin haria 4. haguna 5. erroldatze-banda 6. saihetsa 7. orpoa

Pneumatiko bat kautxuzko pieza toroidala da eta hainbat ibilgailuren eta makinaren gurpilen hagunetan jartzen dira.[1]

Pneumatikoen eginkizuna zoladurarekin itsaspen eta marruskadura bidezko kontaktu egokia ahalbidetzea da; abiaraztea, balaztatzea eta gidatzea ahalbidetuz, bideak dituen irregulartasun txikien eragina xurgatuz.

Pneumatiko batzuek airez puzten den kautxu biguneko ‘ganbera’ (pneumatikoaren eta hagunaren artean doan hodi toroidala) bat dute.[2] Ibigailu moderno askok ganberarik gabeko pneumatikoak erabiltzen dituzte, horietan, presiopeko airea pneumatikoaren eta hagunaren artean dago.

Normalean, pneumatikoak sendotzeko hariak izaten dituzte. Pneumatikoak sailkatzeko, harien orientazioa erabiltzen da; diagonalak edo erradialak izan daitezke. Auto modernoetan gehien erabiltzen direnak, pneumatiko erradialak dira.[3]

Errepidearekin kontaktuan dagoen pneumatikoaren zatiari erroldatze-banda deritzo eta kontaktuan jartzen ez diren pneumatiko zatiak hurrengoak dira: saihetsak edo alboko paretak, orpoak (saihetsak hagunarekin lotzen dutenak) eta barne egitura (erradiala edo diagonala izan daitekeena).

XIX. mendearen hasieran erabili zen lehenengoz goma naturala zurezko edo altzairuzko gurpilak estaltzeko. Goma azkar gastatzen zenez, bere etorkizuna ez zen oso itxaropentsua. 1839an, Charles Goodyearrek bulkanizazioa aurkitu zuen eta gomen plastikotasuna eta erresistentzia hobetzea lortu zuen. Horrekin, goma trinkozko hagunak ospetsu egin ziren (bidaiak deserosoak izan arren).

1845. urtean, Robert William Thomson ingeniari eskoziarrak lehenengo hagun pneumatikoa (edo airez betetako lehenengo haguna) patentatu zuen. Baina, ez zuten arrakasta izan John Boyd Dunlop-ek bere semearen paseoa atseginago egiteko, pneumatikoak hobetu zituen arte.

1885ean, Goodrich fabrikazio-enpresak gurpil beltzak egitea erabaki zuen, ordura arte erabiltzen zen kolore zuria (Hevea Brasiliensis-i erauzitako kautxu naturalaren kolorea) bideetan ibiltzeko zikina baitzen. Kautxua tindatzerakoan, pneumatiko beltzek gehiago irauten zutela ikusi zuten, izan ere, tindagai beltzak, kautxuzko gomaren pitzadurak sortzen zituen izpi ultramoreak xurgatzen batzituen.

1888an, John Boyd Dunlop-ek, bere semearen triziklorako aire-ganberadun lehen pneumatikoa garatu zuen.

Pneumatiko motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru pneumatiko mota daude:[4]

  • Diagonalak: pneumatikoak eraikitzean, materialaren geruzak diagonalean jartzen dira bata bestearen gainean.
  • Erradialak edo erradiodunak: material-geruzak bata bestearen gainean jartzen dira lerro zuzenean zeihartasunik gabe. Sistema honek, pneumatikoari egonkortasun eta erresistentzia handiagoa ematen dio.
  • Autosostengatzailea: eraikuntza honetan, material-geruzak bata bestearen gainean jartzen dira lerro zuzenean, zeihartasunik gabe, baita saihetsetan ere. Zurrunagoa denez, erresistentzia handiagoa ematen zaio estalkiari, baina ez da hain erosoa. Lasterketa-kotxeetan erabiltzen dira eta abantaila bat dute: aire-presiorik gabe abiadura mugatuan forma galdu gabe ibil daitezke.


Ganberaren erabileraren arabera, hauek daude:

  • Tubetype pneumatikoak (TT): ganbera eta hagun berezi bat erabiltzen dute. Ezin dira ganberarik gabe muntatu. 4x4 batzuetan, motozikletetan eta nekazaritzako ibilgailuetan erabiltzen dira.
  • Tubeless (TL) edo ganberarik gabeko pneumatikoak: ez dute ganberarik erabiltzen. Airea gal ez dadin, pneumatikoaren barruan orpo izeneko zati bat dute, eta, barruan altzairuzko uztai batzuk dituenez, hagunetik ateratzea eragozten dute. Hagunak pneumatikoentzako berariazkoa izan behar du. Ia ibilgailu guztietan erabiltzen da.
  • Gurpil erdipneumatikoak eta ez-pneumatikoak: gomazko pneumatiko hutsak dira. Ibilgailu txikietan erabiltzen dira: karga-orga, eskorga...

Pneumatikoak erabil ditzaketen ibilgailuak:

Dimentsioak eta sinbologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pneumatikoen neurriak honela adierazten dira:[5]


Adibide honetan, oinarrizko markaketa hau izango litzateke: 295/35R20 105 Y.

  1. “295” pneumatikoaren ebakidura-zabalera milimetrotan da.
  2. “35” da pneumatikoaren profila ehunekotan. Milimetrotan kalkulatu nahi badugu, formula hau aplikatu behar dugu: sekzio-altuera mm = sekzio-zabalera mm x (Profila/100). Adibidean, sekzio-altuera: 295 x (35/100) = 103,25mm.
  3. “R” pneumatikoaren egiturari dagokio (karkasa eraikitzea). Bi eraikuntza-mota ditugu: Erradiala (R) eta Diagonala (-).
  4. “20” da pneumatiko baten barruko diametroa hazbetetan; hagunaren diametroarekin bat etorri behar du.
  5. “105” pneumatikoaren karga-indizeari dagokio. Erreferentzia-taula batean, zenbakizko indize hori pneumatikoak banaka jasan dezakeen karga maximoaren kantitatea da, kg-tan adierazia. Debekatuta dago ibilgailuaren fitxa teknikoan zehaztutakoa baino karga-indize txikiagoa duen pneumatiko bat muntatzea; aldiz, karga-indize handiagoa munta dezakezu.
  6. “Y” pneumatikoaren abiadura-kodea da, eta, erreferentzia-taula batean, pneumatikoak lor dezakeen abiadura maximoari dagokion kode alfabetikoa da. Debekatuta dago ibilgailuaren fitxa teknikoan adierazten den abiadura baino txikiagoa duten pneumatikoak muntatzea. Kasu honetan, 300 km/h lirateke.

Erroldatze-banda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karkasa estaltzen duen kanpoko kautxuzko banda da. Zuzenean lurrarekin marruskatzen da eta maniobragarritasuna, itsaspena, errodadurarekiko erresistentzia, etab. bermatzeaz arduratzen da.[3] Pneumatikoek diseinu eta konposatu desberdinak dituzte aplikazio bakoitzerako.

Errodadura-bandaren zatiak:

[A] ILDOAK. Ura husteko luzetarako bideak dira. Bertan daude higadura-markak eta horiek pneumatikoekin gidatzeko legezko gutxienekoa adierazten dute; Espainian 1.6mm-ko sakonera da muga hori.

[B] RIBS. Pneumatikoaren saihetsak dira, perimetro osoan luzetara jarriak.

[C] TAKOAK. Zirkulazioan dagoen pneumatikoaren trakzioa ona dela bermatzen dute.

[D] SIPES. Zehar-ebakiak dira, ura kanporatzen laguntzen dute eta pneumatikoak ibiltzean sortzen duen zarata murrizten dute.

Aire-ganbera eta balbula

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pneumatiko gehienak, aire-ganberekin erabiltzeko diseinatuta daude. Ganberak, aire-ihesak eragozteko material iragazgaitzez egindako globoak dira; pneumatikoaren barruan sartzen dira, eta balbula txertatuaren bidez puzten (presiopeko airez betetzen) dira.

Balbulak hainbat zati ditu:

Erraboila: ganbera edo gurpila lotzen duen behealdea da.

Hodia: alde luzanga, betetze ahoa gurpilaren barrualdearekin lotzen duena, eta hortik sartzen den airea pneumatikoa eta gurpila elkartzen dituen konpartimenturaino eramaten duena.

Obusa: Ahoaren ondoan dagoen pieza txiki bat da. Obusak malguki edo goma bat du eta topea irristatzeko aukera ematen du, betetzean airea sartu ahal izateko eta bete ondoren airea ez irteteko.

Tapoia: Obusean eta balbula betetzeko ahoan kalterik ez eragiteko jartzen den estalkia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «¿Qué es un neumático?» www.carlider.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  2. (Gaztelaniaz) «Características de los neumáticos» www.carlider.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  3. a b (Gaztelaniaz) «¿Qué partes tiene un neumático?» www.carlider.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  4. (Gaztelaniaz) «Estructura de los neumáticos» www.carlider.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  5. (Gaztelaniaz) «¿Sabes como leer un neumático?» www.carlider.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]