Edukira joan

Payola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nork erabakitzen du zein musika entzungo den irrati kateetan? Zein irizpideen arabera?

Payola ingelesezko pay (ordaindu) aditzaren eta Victrola marka komertzialaren eransketa da, azkena RCA Victor konpainiaren fonografo ospetsua aipatuz, XX. mende hasierakoa. Pay to play («zure musika igortzeko: ordaindu») izenez ere ezagutzen da. Terminoak adierazten du ordaintzea irrati-kontzesioen jabeei, irratiko edo telebistako musika-programen programatzaileei edo irratietako musika-ekoizleei musika entzunarazteko beren irrati-emisoretan edo telebista programetan. Ordaintzen dutenak disko-konpainiak, abeslariak edo musika-taldeak izaten dira. Payola hitzak eroskeria mota bat adierazten du, musika jakin bat ezagutarazteko ordaintzea, eta, horrela, ordaintzen dutenek nahi duten musika-ibilbidea bultzatzeko. Ordainketaren zenbatekoa edo estortsioa aldatu egiten da telebista programa edo irratiaren audientzia-mailaren arabera. Gaizki ikusitako aktibitatea izanik, leku askotan legez kanpokoa, praktikatzen denean ezkutuka ibiltzen dira ordaintzen dutenak eta dirua jasotzen dutenak.

Praktika horren oinarria izan daiteke artistek eta musika-taldeek irratian edo telebistan entzunarazi behar dituztela beren musika-gaiak, horrela, beren musika zabaldu, ezagutzera eman, eta kontratu garrantzitsuak lortzeko. Ezagutzen ez den musika nekez salduko da. Era berean, irratian abesti bat emititzeko denborak eragina izan dezake haren salmenta handitzean. Eliot Spitzer New Yorkeko estatuko fiskal nagusiaren hitzetan, 2005ean, munduko lau diskoetxe garrantzitsuenetako hiruri isuna jarri ondoren, «gertatutakoak erakusten du, entzuleen itxaropenen aurka, artisten emisio-denbora irrati-estazioei eta haien exekutiboei egindako ordainketek baldintzatzen dutela, eta ez meritu artistikoek».