Edukira joan

Naskh

Wikipedia, Entziklopedia askea
Al-Fatiharen testua Hattat Aziz Efendi (1871–1934) kaligrafo otomandarrak kaligrafiatutako Koran batetik hartua.

Naskh (arabieraz: نسخ‎nasḫ) naskhi edo neskhi ere deitua («naskh-ari dagokiona»),[1] arabiar alfabetoa erabiltzen duten hizkuntzetarako idazkera estilo arruntena da. Eskolan ikasten den estiloa da, eta kaligrafian nahiz idazkera arruntean erabiltzen da, eskuz idazteko edo inprimatzeko.

Naskh idazkera, hau da, kopiatzeko balio duena, thuluth arabieraren kaligrafiako estilo kanonikoetatik eratorria da.[2] Batez ere arabiar munduan eta Persian zabaldu zen XV. mendetik aurrera, thuluth estilo apainduago, zabalago eta irakurtzeko askoz zailagoa apaingarri gisa erabiltzeko utziz.

Naskh estiloan oinarri hartuta sortu zen, hain zuzen ere, nastaliq estiloa, idazkera dotoreagokoa, gehienbat Irandik Pakistanera hedatua dagoena, baina arabiarrek arkaikotzat jotzen dutena.

Letra gehienek, orobat, thuluth letra moldearen forma bera dute, baina bi idazkera mota hauen artean nabarmentzen den alderik handiena da lodiera: naskh karaktereak thuluth estilokoak baino hiru aldiz txikiagoa izan behar dira.[2]

Persiarrek, naskh idazten dutenean, forma pixka bat mehe eta makurra ematen diote, eta turkiarrek, aldiz, modu lodi eta astunean idazten dute. Idazkera hau alfabeto latinoaren idazkera bastardarekin konpara daiteke.[2]

Mamelukoek serifarik (tarwīs) gabe egiten zuten naskh idazkera, aldiz artikuluaren lām gaineko serif batez idazten zuten otomandarrek (batez ere eskuinean) eta persiarrek (batez ere ezkerrerantz).[3]

Naskh idazkera batez ere gorteko liburu eta dokumentu administratiboen idazkerarako erabili izan zen.[4]

Naskh estiloarekin, diseinu malguago eta biribilagoko dekorazio elementuak egiten ahal dira, idazkera kufikoaren lau angeluko dekorazio zurrunetik urrun. Naskh idazkera X. mendean hasi zen erabiltzen arkitekturan eta herrialde musulman askotara hedatu zen XI. menderako.[4]

Berrikiago, naskh idazkeraren adierazpen digital erabilerrazak sortu dituzte diseinu grafikoan eta tipografia digitalean erabiltzeko, besteak beste Amiri tipografiak[5] edo Monotype Imaging etxeak sortutako Bustani letra tipoak.[6]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gacek 2012, 140. orr. .
  2. a b c Herbin 1803, 234. orr. .
  3. Gacek 2012, 140-141. orr. .
  4. a b (Ingelesez) Khatibi, Abdelkebir; Sijelmassi, Mohamed. (1996). The splendor of Islamic calligraphy. New York: Thames and Hudson ISBN 978-0500016756. OCLC .34275017.
  5. «مشروع الخط الأمیری :: Amiri Font Project» web.archive.org 2024-07-29 (Noiz kontsultatua: 2024-09-15).
  6. (Ingelesez) Blair, Sheila; Bloom, Jonathan. (2017). By the pen and what they write: writing in Islamic art and culture. New Haven: Yale University Press ISBN 978-0300228243. OCLC .971615736.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]