Edukira joan

Nafarroako Kateak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nafarroako Kateak
Honen parteNafarroako armarria

Nafarroako Kateak Nafarroako armarriaren eta banderaren ikur eta osagarri nagusia dira. Objektu historiko seguruenik mitiko bat dira kateok, baina haren erlikia edo ustezko parteak gordetzen dira zenbait tokitan Nafarroan, katebegi pusketa gisa.

Nafarroako armarriaren jatorri ikonografikoa Tibalt I. Nafarroako erregearen zigiluan dago, zeinean karbunko bat agertzen zen, puntu zentral bat duen ikurra, inguruetara zabaltzen dena luzakin batzuekin. Forma horrek kate baten itxurara ebolizonatu zuen, honelaxe:

Eboluzioa horren bi urrats funtsezkoetan, lehena 15. mendean izan zen, non sinboloa berrinterpretatu zen kate froman, katebegiak puntu biribilak bilakautuz. Karlos III.aren gortean hasi ziren armarriaren inguruan kateak aipatzen,[1] eta 17. mendean, berriz, Navas de Tolosako guduaren kondairaren arabera definitiboki berridatzi zen berriro armarriko katearena, José Moret (1615-1687) jesuitaren idazkien bidez.[2] [3]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gudu horretan, 1212an, Iberiar penintsularen Errekonkista garaietan, Nafarroa, Gaztela eta Aragoiko erregeek gerlari musulmanak garaitu zituztenean Navas de Tolosako parajeetan, oraingo Jaengo probintzian. Garaitzaren unean Antso VII.a Azkarraren gerrako ospil izan ziren kateak.

Katea Miramamolin Berdea (Muhammad An-Nasir) errege mairuaren denda inguratzen zutenak omen dira, Antso Azkarrak berak hautsi baitzituen bere ezpatarekin. Erdian dagoen esmeraldak errege mairuak turbantean zeramana irudikatzen du. Antso Azkarrak irudi hori aukeratu zuen bereizgarri heraldikotzat, ordu arte erabiltzen zuen Arrano Beltzaren ordez.

Dena den, berriki Tomás Urzainki nafar historialariak azaldu du dokumentatuta dagoela kateen armarria bazela Nafarroan lehenagotik, adibidez: Lizarrako Done Mikel elizan (1160), Iruñeko Biblian (1189) eta Chartresko katedralean.[4]

Kondairaren berrirakurketa kritikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kateen sinbolismoa armarrira iritsitakoan, antzina hori kritikatu zuenik ere izan zen. Adibidez, Arnaut Oihenartek idatzi zuen Notitia Ultriusque Vasconiae lanean, armarrian ez zela katerik, baizik eta karbunkoa.[4]

Hala ere, 20. mende hasieran kateen historiaren benetakotasuna ez zegoen zalantzan. 1910ean egungo armarriaren forma kanonikoa erabaki zutenean, proposatzaileek "kate egiazkoen" itxurari erreparatzea eskatu zuten, diseinua erabakitzeko.[5] Aurrerago, batez ere Faustino Menéndez Pidal heraldika aditu nafarrak demostratu zuen Navasko kateena kondaira zela, eta itxura grafikoak karbunkoan zuela jatorria.[1]

Tuterako katedralean ikus daitekeen Nafarroako Kateen zatia.

Nafarroako Kateen ustezko katebegi zatiak gordetzen dira Nafarroako zenbait puntutan, erlikia historiko gisa. Orreagako kolegiatan bi pusketa gordetzen dira batera, Antso VII.aren panteoian. Beste zati bat Tuterako katedralean dago, erretaula nagusiaren ezkerraldeko azpiko aldean dago. Mendabiako Legardako baselizan ere gordetzen dira katebegi batzuk.[6]

Nafarroako Diputazioaren jauregian ere bada zati bat, Iruñean. Katebegi hauek Iratxeko monastegitik eraman zituzten bertara 19. mendean. Katebegi zehatz hauen forma hartu zen eredutzat 1910ean egungo Nafarroako armarriaren itxura zehatza erabaki zenean.[5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) «Fallece Faustino Menéndez Pidal, Príncipe de Viana 2011» Diario de Noticias de Navarra 2019-08-23 (Noiz kontsultatua: 2024-04-11).
  2. Baraibar Etxeberria, Álvaro. (2009). «Historia y memoria de las cadenas de Navarra» Hermes: pentsamendu eta historia aldizkaria = revista de pensamiento e historia (31): 34–42. ISSN 1578-0058. (Noiz kontsultatua: 2024-04-10).
  3. (Gaztelaniaz) «La presencia de caballeros navarros y el escudo de Navarra» Nuestro Tiempo 671.
  4. a b Burgi, Mikel. El escudo de Navarra. Nabarralde, 2016-09-05, nabarralde.eus (Noiz kontsultatua: 2020-2-25).
  5. a b (Gaztelaniaz) Martínez de Aguirre, Javier. (2015-11-28). «Navarra - Así llegaron las 'cadenas' al escudo y la bandera de Navarra» diariodenavarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-04-09).
  6. Asunción, Julio. «Arte, Historia y curiosidades: LAS CADENAS DE NAVARRA: ¿Dónde están?» Arte, Historia y curiosidades (Noiz kontsultatua: 2024-04-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]