Nafarroako Diputazioa
Nafarroako Diputazioa 1501ean eratu zen. Aristokraziako, elizako eta merindadeetako ordezkariek osatzen zuten. Nafarroako diputatu edo ahaldunak zergak biltzen zituzten errege-gizonak ziren jatorriz (XV. mendea). Diputazioaren helburua foruak begiratzea eta errege-gobernuaren antolamendu berria bideratzea zen.
Gaztelako koroaren mendean geratu ondoren, Nafarroa Garaiko Gorteek diputazioa, edo ahaldunez (bina ordezkari) osaturiko erakundea, sortzea erabaki zuten: Nafarroako Erresumako Diputazioa (1576). 1642an, zazpi diputatu izatea erabaki zuten: bat elizarena, bi militar, bi Iruñeak jarriak eta beste bi merindadeek, txandaka, aukeratutakoak. 1678an, herriek merindadeetako ordezkariak hiriburuetako ordezkari zuzenak ez izatea erdietsi zuten, eta honela osatu zen Diputazioa: diputatu bat elizaren aldetik (ordenetako abadeak ziren, txandaka, eta boto bat zuten); aitoren semeetako bi diputatu militar (bi boto); bi diputatu herrien aldetik (boto bat); eta bi diputatu Iruñeak aukeratuak (boto bat).
Nafarroako Diputazioak foruak eta legeak zaintzen zituen, herritartasuna eman ziezaiekeen atzerritarrei, justizia-arazoak bere gain zituen, mendi, bide eta herri lanak eta hezkuntza zituen ardurapeko, eta Espainiako erregearen edozein agindu onartzeko nahiz gaitzesteko ahalmena zuen. Diputazioak Gorteen aurrean azaldu behar zituen beti hartutako erabakiak eta asmo guztiak.
1841eko Foruak Eraldatzeko Legea delakoaren ondorioz, galdu egin ziren betiko Nafarroako Gorteak, Erresumako Diputazioa eta epaitegi bereziak, eta Nafarroa Probintziako Diputazioa sortu zen. Erabaki horren ondoren, arras murriztu ziren Nafarroak zituen eskubideak. Egungo Nafarroako Gobernua, 1982 arte Diputazioa, 1841eko aipatu legea oinarritzat hartzen duen Foruaren Hobekuntzarako Legearen arabera egituratua dago.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.